Rafa Berriok bai, Amazonek ez
Urtarrilaren hasieran, Amazonen webgunean hiru disko eskatu eta pagatu nituen. Jasotzeko zain nago oraindik. Bizpairu aldiz kexatu naiz, baina ez dirurik, ez diskorik. Rafa Berriori, aldiz, eskatu nizkion bere aurreko bi lanak eta azkar-azkar bidali dizkit. Gaur pagatu dizkiot. Handitasuna eta txikitasuna. Industria eta artisaua.
Oso haserre nago Amazonekin. Urtarrilaren 3an-edo eskatu nituen hiru disko, urte berria zela-eta nire buruari eginiko oparia. Kontsultatzen dut nire kontua eta, horren arabera, urtarrilaren 13-17 bitartean etxean behar nuen paketea.
Urtarrilaren bukaeran denbora pasa eta notiziarik ez nuela ikusirik, hau ohiki erabiltzen duen lagun bati galdetu nion ea atzerapena normala ote zen. Baiezkoa erantzun zidan, baina bidali nien nire frantses makarroidean mezu labur bat. Berehala kristoren txapa bota zidaten, nous sommes desoles hasiera duen mezu horietakoren bat.
Otsailaren bukaeran oraindik ez nuela ezer jaso ikusirik, berriro sartu nintzen webgunean eta bidali nien beste mezu bat. Kasu honetan gazteleraz eta luzeagoa.
Erantzunean hiruzpalau aldiz merci errepikatu ondoren, nire eskaera urtarrilaren 6an atera zela zioen. Hala ere, berresteko nire helbidea eta beste bat bidaliko zidatela.
Martxoaren bukaeran gaude. Ez dirurik ez paketerik.
Rafa Berrio musikariari, aldiz, eskatu nizkion aurreko bi diskoak bidaltzeko. Erantzun zidan bidaliko zizkidala eta gero bidaltzeko dirua. Asteartean jaso nituen bi diskoak. Aste Santuan entzungo ditut. Baretuko dute Amazonekin dudan letxe txarra.
Norbaitek esan diezadake zer egin dezakedan Amazonekin?