Txolarrea, hormatxoria, artatxoria,... Txori honen zenbait sinonimo eta euren hedadura.
"Txolarre" dakar gaur #GaurkoHitzak. Hiztegi eta testu-liburu nagusietan ere txolarreak agertuko zaizkigu nagusiki, baina hegazti gehienen moduan, txori honek hainbat sinonimo ditu, eta gehienak txolarre bera baino dexente hedatuagoak (Elhuyar hiztegiak txolarre hobesten duen arren, besteen aurretik).
Eskualde batzuetako datuak falta zaizkidan arren (ia Iparralde guztikoak), hona hemen azken urteotan jaso ditudan izenetako batzuk, eta gutxi gora-beherako hedadura. Kontuan izan, hain txori ezaguna izanda, arrunta dela herri bakoitzean bizpahiru izen izatea.
Besteren bat ezagutzen edo erabiltzen baduzu, gustura jasoko nuke!
Hemen, ba:
- Artatxori: Bizkaieraren ia eremu guztian (Durangaldean, Mungialdean, Busturialdean, Legution...) Eibar ingururaino. Hauxe da, hedaduraz, berbarik zabalena, baina eskualderik gehienetan beste sinonimoren batekin batera agertzen da.
- Burgoi, burrigoi, burgoitxori: Beasain.
- Elizatxori (eleitxori, eliztxori...): Arratian, Otxandion, Aretxabaletan, Getarian, Errezilen, Gizaburuaga-Ea-Aulesti inguruan, Lapurdin, Zuberoan (herririk gehienetan).
- Etxetxori: Nafarroa garaiko eskualde askotan (Leitza, Baztan, Oitz, Imotz,...), Gipuzkoako mugako herri batzuetan (Berastegi, Ataun...) eta Lapurdiko alderdi batzuetan.
- Etxolar: Andoain
- Galartxori: Etxarri-Aranatz.
- Garaitxori: Aezkoa.
- Gorrilloi, gorrillota: Bergara-Antzuola.
- Hormatxori: Ermua-Eibar-Elgeta-Soraluze... Azpeitia-Errezil-Aia...
- Kaletxori: Aretxabaleta-Eskoriatza... Zerain.
- Kurloi, kurrilloi: Lea-Artibai (Munitibar, Berriatua, Markina,...), Durangaldea (Elorrio, Abadiño, Berriz, Mallabia...), eta Debagoiena (Arrasate, Oñati, Antzuola...), eta eskualde horien alboko zenbait herritan (Muxika, Mendata, Azkoitia...).
- Lapurtxori (txorilapur): Beasain, Olaberri... Errezil.
- Larratxori: Mutriku.
- Mokomotz (txorimotz): Azpeitia, Beizama, Aia, Zestoa, Errezil, Beasain...
- Metatxori: Zuberoa.
- Murrutxori (murruxori, murruzori): Nafarroa Beherean.
- Pardel: Ondarroa.
- Paretatxori (paatzoi...): Oiartzun, Errenteria, Hondarribia, Bera...
- Patxizar: Deba, Zumaia, Aizarnazabal, Zestoa.
- Teilatxori: Ubidea.
- Torretxori, torrotxori: Mendexa, Amoroto, Ispaster, Ea, Lekeitio, Nabarniz... Zerain. Legutio.
- Txau, ttau, txantxau...: Pasaia, Hondarribia.
- Txolarre, txoarre, txuarre: Zarautz. Hernani-Arano.
- Txorrotxori: Orio.
- Txuerra: Elgoibar-Mendaro-Deba.
Horra, ba, orain arte jaso dudana. Horko batzuk, beharbada, bateratzeko aukera legoke (txolarre-txuerra; gorrilloi-kurloi-burrigoi;...), baina oraingoz beude horrela.
Horietaz gainera, beste izen batzuk ere jaso ditut, erreferentzia bibliografikoetatik edo lekukoren baten ahotik, baina ezin ditut ziurtatu, ez sinesgarritasuna, ez hedadura geografiko posiblea. Adibidez: abadetxori, ganbaratxori, garitxori, garraio, karatxori, karrato, kurroe, lastatxori, parratxori, txirlu, txorilarri.
Irudia: Wikimedia.
Euskara Interneten: ondo gabiltza
Horrela iruditzen zait, bai: proiektu zaharrak sendotzen, berriak jaiotzen, irudimena handitzen, esparru berriak jorratzen... Trenean goaz, ez daukat zalantzarik.
Duela aste batzuk aipatu nuen, esate baterako, oso albiste ona zela www.31eskutik.com blog kolektiboa. Euskarazko hamaika izen erreferentziazko, egunero gu guztiondako idazten. Bikain!
Beste produktu interesgarri eta berritzaile batzuk ere jaio/sendotu dira azkenaldian, eta ez bakarrik betiko euskal eredu solemne transzendentalean. Adibide garbiak dira, esate baterako, umorea ardatz duten www.izparringia.net edo www.barretartia.com: gehiago edo gutxiago gustatuko zaizkizu, baina berritzaileak dira, txistu eta danboriletik urruti. Euskarak edozein esparrutan aurkitu du bere txokoa. Politikaz eta euskalgintzaz hitz egiteko ez ezik, baita umorerako, edo horrelako gauza polit eta xumeak argitaratzeko, edo gaur ezagutu dudan beste proiektu hunkigarri hau bultzatzeko. Ez dago aitzakiarik.
Blogak berrindartuta
Blogak ere indartsu (edo berrindartuta) dabiltzala uste dut. Desagertu egin behar omen zirela... eta begira! Gorago aipatu dugu 31eskutik blog kolektiboa, baina beste hainbat sintoma ere badira (ber)indartze horren lekuko:
- Berriak ere antzeko kanala aurkeztu du: http://kanalak.berria.info/euskara/kolaboratzaileak/
- Argiako blogak berrindartu egin dituzte (blogari on eta egokiekin): http://www.argia.com/argia-blogak
- Goienako blogek ere aurpegia berritu dute eta garrantzia hartu: http://blogak.goiena.net/
- MU edo HUHEZI inguruan ere mugimendua ikusi dugu, Eneko Bidegainen edo Goio Aranaren blogak, besteak beste.
- Eta lokartutako zenbait blogari berriro itzuli dira bizitza publikora: Patxitrapero handia edo Xabier Mendiguren "Mendigreen", adibidez. Pello Urzelaik ere blog berria dauka (berria da, ezta?).
Kazetari eta abarrak ez ezik, hortxe ditugu hainbat euskal idazle, berriki blogari bihurtuta (edo 2. blog batekin):
- http://separata.wordpress.com/ (Beñat Sarasola)
- http://ibanzaldua.wordpress.com/ (Iban Zaldua)
- http://obabakotestiguak.wordpress.com/
- http://irudizetaeuskaraz.wordpress.com/ (Katixa Agirre)
- ...
Eta saretik kanpoko ekimenek ere, gero eta hobeto islatzen dute euren lana sarearen bidez, webgune eta blogetan. Adibide ezin hobeak izan dira, esate baterako, Badubada erakusketaren kronikak, AEDk eta Zumaiako Euskara Zerbitzuak Sustatun egin dutena, edo Bidea marraztera goaz ekimenarena. Sarea nola erabili, lau adibide sendo blogetan irudikatuta.
Alderdi negatiboren bat aipatzearren: zergatik joaten zaizkigu euskal blogari gehienak Wordpressera? Zergatik ez dituzte euskarazko plataformak erabiltzen? (makinatxo bat dituzte aukeran). Ezta, Turutarena?
Sare sozialetan ere bai
Sare sozialetan ere hor gabiltza euskaldunok, batean zein bestean, Facebook, Pinterest, Tumblr, Flick, edo dena-delakoan.
Zer esanik ez Twitterren; jarduna bero-bero, bizi-bizi. Eta umap.eu, hori guztiori batzen, euskarari bisibilitatea ematen, euskarazko komunitatea eta jarduna bistaratzen. Bizi garela!
1000 euskal intelektual Twitterrera, aldarrikatzen zuen duela urte batzuk @luistxo-k. Ez, ez du lortu, baina panorama oso urruti dago basamortu izatetik. Horren lekuko dira, Twitter Euskaraz kanpainaren arrakasta, #hitzokei eta #hitzmoloia traolak, edo Trinkotzaindia (bere #daitort, #datsegit eta #daflipat guztiekin). Euskara Twitterren dago; ergo, euskara bizirik dago. Denek ezin dute berdina esan.
Euskara bizirik dago, eta ez da gutxi
Eta tira, askoz gauza eta berrikuntza gehiago. Hemen gutxi batzuk besterik ez ditut aipatu. Proiektu asko, gehienak txukunak, eta munduko beste hizkuntza batzuekin homologagarri egiten gaituztenak. Zer esanik ez lehendik datozen "beterano" guztiak (blog plataforma honek beronek, esate baterako, 10 urte beteko ditu laster; marka da, gero!).
Wikipedian aurreneko 50 hizkuntzen artean omen gaude; Googlerentzat ere existitzen gara (Google translaten, adibidez, 45. hizkuntza izan ginen); Twitterrek ere aintzat hartu gaitu eta 40. hizkuntza gara. Tira, azken batean, Calvet barometroaren isla: munduko 50. hizkuntza "bizienen" artean gaudela.
Baietz; ondo gabiltzala Interneten. Hobeto egon nahiko genukeela? Nork ez. Baina trena hartu dugu: euskara bizirik dago Interneten, eta ez da gutxi.
Asko maitte dogu Korrika
Ondo gogoratzen dot lehenengo korrika. 10 urte inguru eukiko nittuan, eta hantxe ikusten dot nere burua, Arrateko bidian gora, tipi-tapa korrika.
Gero etorriko ziran gazte denporako Korrikak. Sasoian, luziago; Eibartik urten eta Elgoibar, Soraluze edo Mallabiraiñokuak. Batzuetan egunez, beste batzuetan gabaz; astebarruan, asteburuetan.
Azken urtiotan seme-alaben (eta euren lagunen) irriparria dakagu bidelagun. Ikastolako Korrika Txikixa arratsaldez, eta gero orduetako emoziñua, badatorrela, badatorrela!!
Aurten ordutegi egoki-egokixa euki dau (arratsaldeko 18.30etan Eibarren), eta ez da larregi atzeratu, gaiñera. Egualdixa be aparta. Jendian erantzuna ezin hobia. Sekula ez dot ikusi holako jendetzarik Eibarren. Zenbat lagun izango giñan atzo Korrikan antxitxiketan? Zer diño Udaltzainguak? Milatik gora bai, behintzat. Errez.
Jende ezagun asko; arpegi urduri eta alai asko. Elkartiak, erakundiak, gaztiak eta nagusixak. Hantxe Kontxa Laspiur, dozenaka urtez AEKko irakasle izandakua, bere larogetaka urtiekin, urtiotako kontuak kontatzen eta antxitxiketarako prest.
Haundi eta txiki, baltz eta zuri, ezker eta eskuma, aurrelari eta atzelari, realista eta athletista... danok zain. Urtiak juan eta urtiak etorri, euskerian alde korrika eitteko prest.
Asko maitte dogu #korrika!
#korrika #korrika18
Sardandeixa
Bai. Gaur egun, euskera estandarreko 'sagardotegi' berbia guztiz hedatu bada be, oin dala gitxira arte Eibarren ez zan larregi erabiltzen hori berbiori. Eibarren ez ezik, ezta inguruko hizkera eta eskualdietan be. Horren ordez, 'sardau' ('sagardao') erroko beste forma batzuk erabili izan dira, bestiak beste: sardandegi, sardautegi edo sardautoki.
Eibarko sareko hiztegittik hartuta, esate baterako:
- sardandegi (sardandei, sardaunde(g)i). Sidrería. Ik. sardautegi, sardautoki, txakolindegi, ardandegi.
- sardautegi (sardautei, sardaunte(g)i) [sagardotegi]. Sidrería. Egualdi txarra danian, egun guztia emoten dabe sardauteixan sartuta. / Olagarrua erreta jaten dabe sardaunteixetan.
- sardautoki. Sidrería. Guazen Buruneko sardautokira, barrika barrixa hasten ei dabe gaur eta.
Orotariko hiztegixak be jasota dakaz horrek guztiok (eta beste bakarren bat):
sagardotegi (V-gip, BN; Lar, H), sagarnotegi (H), sardandei (V-gip), sardantei (V-gip), sardautei (V-gip), sardaotei (V-gip), sagardotei, sagardoteri, sagardantegi, sagardoteki. Ref.: Lh; Etxba Eib (sardautei); Elexp Berg (sardandei); AntzHizk (sardantei, sardaotei).
Hiztegi arautzailietan, ostera, ez dago ez sardandegirik, ez sadautokirik (ez Elhuyarrek, ez Labayruk, ez Hiztegi Batuak berak be).
Eta ez bat eta ez bi. Makiñatxo bat sardandegi egon ziran Eibarren 1950. urtera arte. Handik aurrera, akabo. Oin sortalderuntz jo bihar izaten dogu sagardao bila; sagardotegi gero eta estandarraguetara.
Berba-multzo berekuak dira, gaiñera:
Jaitsi Twitterretik zure txio guztiak
Bai, Twitterrek Gabonen bezperan iragarri zuen bere feature berri hori: zure txio guztien fitxategia deskargatzeko aukera. Hala ere, Sustatun ondo azaldu zuten moduan, hasiera batean erabiltzaile gutxi batzuek bakarrik izango zuten aukera hori.
Gabonetan saiatu nintzen, baina oraindik ez neukan aukera hori aktibatuta. Atzo berriro saiatu nintzen (Microsiervosen aipu honek gogoa berpiztuta) eta ekilikua! Nire txio zahar guztien bilduma mahai-gainean daukat.
Oraindik ere ingelesezko konfigurazioa dutenei bakarrik azaltzen zaie, baina erraza da:
- Ezarpenetarako joan
- Hizkuntza aldatu eta Twitter ingelesez jarri.
- Ezarpenen orrian bertan aukera berria azalduko zaizu behe-behean: Your Twitter archive
- Bertan klik egin eta handik gutxira (nire kasuan minutu bat ere ez) zure artxibo osoa jasoko duzu postontzian, ZIP formatuan.
- Hortik aurrera berriro itzuli zaitezke Twitterreko euskarazko interfazera.
Hortik aurrera, ZIPa deskonprimitu, eta orain arte idatzi dituzun txio guztiak zure esku izango dituzu. Gainera, HTML orrialde bat ere bidaltzen dizute eta horri esker zure txio (eta bertxio) guztietan nabigatzeko aukera izango duzu: hilabeteka, #traolaren arabera, bilaketak eginez, eta abar. Eta jatorrizko txio hartarako lotura ere erabilgarri izango duzu. Bikain!
Berez, onena litzateke hori guztiori sarean izatea, Twitterren bertan eta beti eguneratuta, baina tira, hori heltzen den bitartean, gutxienez hortxe izango dugu gure historial guztia gure mahai-gainean.
Michael "Air" Jordan
Ez naiz sekula mitomanoa izan. Ez dut jarraitu, ez kirolaririk, ez musika-talderik,... ezta poetarik ere, pentsa! Baina beharbada bada salbuespen bat: Michael Jordan. Nire gelako ate ostean neukan, saskia birrintzen, poster handi batean.
Jordanek aste honetan bete ditu 50 urte, eta bere jokaldirik onenak errepikatu dizkigute han eta hemen. Telebistan eta Youtuben berriro entzun dugu Unbelivable, o my god, he did it again! Horrelakoa zen Jordan. Ez behin eta ez birritan, egunero txunditzen gintuena.
80ko hamarkadan gazte ginenok (eta saskibaloi-zale) zorte izugarria izan genuen: NBAk bizi izan duen garairik onentsuena bizi ahal izan genuen. Ordu txikietan, gaupasa eginda; Lakers eta Bulls, Celtics eta Pistons ikusten. Zenbat aldiz jarriko nuen alarma goizeko 3etan edo 4etan ez-dakit-zer partidu ikusteko.
Ez dut esango inoiz izan den belaunaldirik onena ezagutu genuenik (ez da urrun ibiliko), baina bai glamuroso eta magikoena, behintzat. Larry Bird, Hakeem Olajuwon, Julius Erving, Kareem Abdul-Jabbar, Isiah Thomas, Magic Johnson, Karl Malone, Pat Ewing, Moe Malone, david Robinson, Charles Barckley...Belaunaldi horrek Bartzelonako joko olinpikoetan jo zuen gailurra, Dream Team zoragarriarekin.
Eta izar konstelazio handi horren gainetik, izen bat eta bakarra: Michael Air Jordan. Izan ere, beste kirol askotan (gehienetan), gaitza izaten da historiako onena aukeratzea, baina saskibaloian ez dago zalantzarik. Jordanek ez du izan parekorik.
Arina eta dotorea, plastizitate hutsa; lehiakorra eta irabazlea, baina gehiegikeriarik gabe (ez gaur egungo gazte harroputsen estilora); bizkorra, atletikoa, teknikoa; jaurtitzaile paregabea eta ezinezko sarreren artista. Handiena.
Magic Johnsonen hitzak dira: "Jordanek egiten dituen gauzak guk ezin ditugu egin; are gehiago, lo gaudela ametsetan ere ezin ditugu irudikatu".
Beste planeta batekoa izan da. 50 urte bete ditu. Eta garai batean, gaueko ordu txikietan etxeko sofan erdi-lo geundela, Bullsekin jokatzen ikusi genuenok, jarraitzen dugu esaten: O my godness! Unbelivable, he did it again!
Ezetz? Ikusi hau, bestela:
Korrika Kulturala Eibarren
Martxoaren 2an, mendi irteera eskualdeko historia ezagutzeko
- 09:08etan Eibarko Ardantzako tren geltokian elkartuko gara (bestela, 09:45an Debako tren geltokian).
- Ibilbidea: Deba-Mutriku-Deba. Gidatua izango da. Garbiñe Aizpuruak, AEKko irakasle ohiak, Debako Casa Campori buruzko azalpenak emango ditu eta Mutrikun, fosilen museoan bisita gidatua 12:30etan.
- Kalbarixon atseden hartu eta mokadutxua jateko aprobetxatuko dugu.
- EIBARKO KLUB DEPORTIBOko mendi taldeak lagunduta.
- Izena eman behar da: Eibarko AEK, 943201379 edo eibar@aek.org.
Martxoaren 7an, Hitzaldia: Kuba eta Venezuela, kontatzen ez dizutena.
- Hizlariak: Salvador Gonzalez eta Lazaro Oramas.
- Arratsaldeko 19:00etan Portaleko areto nagusian.
- ETA KITTO euskara elkartearen laguntzarekin.
Martxoaren 10ean, Antzerkia: Lingua Nabajorum
- Eibarko Antzerki Jardunaldietan: Lingua Nabajorum
- Coliseoan, 20.30etan
- EIBARKO UDALA eta ANTZERKI JARDUNALDIen laguntzarekin
Martxoaren 14an, Bertso Saioa
- Tabernako Bertso Saioa: Miren Amuriza eta Beñat Gaztelurrutia
- 19:00etan Kultu tabernan
- Kultural Arratek antolatuta.
Martxoaren 16an, Bertso Bazkaria
- 14:30etan Arrate Kultur Elkartean.
- Kultural Arratek antolatuta
Martxoaren 20an, Korrika Eibarren
- Korrika Txikia: arratsaldeko 15:00etan. La Salle Isasiko sarreran hasita. Bukaera ekitaldia Eibarko Bizikleta Plazan.
- Korrika nagusia Eibarren: Arratsaldeko 18:00etan. Unibertsitatean lekukoa hartuko dugu. 17.30etatik musika kalean. www.korrika.org.
Martxoaren 24an
- KORRIKA BUKAERA: DENOK BAIONARA!!!
- Goizeko 09:00etan autobusa Ego-Gainetik
Animatu eta eman euskara elkarri!
2012an irakurri ditudan liburuak
Urtero bezala, aurten ere atzerapen pixkatekin, baina hementxe doa iazko liburu-uzta: 2012an zehar irakurritako liburuen zerrenda. Iaz esan nuen moduan, hauexek dira blog honetan idazten ditudan artikulurik intimoenak. Izan ere, gaueko ordu txikiak norekin pasatzen ditudan aitortzea... tira, uste dut sekretutxo asko uzten direla horrelako post batean. Benetan diot.
Aurreko urteetan ere nahiko gustura geratu naiz irakurritakoarekin (hementxe 2010ekoa eta 2011koa), baina esango nuke 2012koa hobea izan dela, kantitatean eta kalitatean. Telebista egongelatik kentzeak ere izan du eraginik, nola ez ba!
Irakurritakoen artean, betiko moduan, denetik apur bat, alde batetik bestera joatea gustatzen zaidalako, tematikan, estiloan, generoan, hizkuntzan... Hala ere, azken urteko salmenta eta kritikei jaramon handirik egin gabe, gehiago jo dut liburu zaharragoetara, "pendiente" nituen irakurketa haietara (kasuren batean, baita bigarrengoz irakurtzera ere), eta hantxe aurkitu ditut libururik gogokoenak.
Esan bezala, oro har, urte ona izan da. Bizpahiru izan ezik, beste guztiak gomendatuko nituzke. Eta besterik gabe, autsi, zerrenda. Gehien gustatu zaizkidan haiei (ez onenei) izartxo parea ipini diet:
- **La playa de los ahogados. Domingo Villar, 2009. Polizia-eleberri galiziarra.
- Biodiskografiak. Iban Zaldua. Erein, 2011. Musikazaleentzat bereziki, esango nuke.
- El perro de terracota. Andrea Camiller. Salamandra, 1999. Polizia-eleberri siziliarra. Hasieran pssse; gero gusturago. Tira, 7/10.
- Carreteras secundarias. Ignacio Sanchez Pisón.
- El callejón de los milagros. Naguib Mahfuz. 1947. Cairo 1945. Midaq karrikako pertsonaien bizimodua. Errealista, korala, klasikoa erabat (tuit).
- **Katu jendea. Eider Rodriguez. Elkar, 2010. Koxkaz eta ixilunez betetako 7 ipuin sarkor. Ondo (Tuit)
- Sagarrak Euzkadin. Inazio Mujika Iraola. Alberdania, 2007.
- Gerezi denbora. Inazio Mujika Iraola. Alberdania, 1999.
- **Azukrea belazeetan. Inazio Mujika Iraola. Erein, 1987. Bikaina. Blogean
- **Sargori. Pello Lizarralde. Pamiela, 1994. Bikaina. Blogean.
- **Zergatik panpox. Arantxa Urretabizkaia. Erein, 1985. Liburutxo txiki handia.
- **100 metro. Ramon Saizarbitoria. Kriseilu, 1976. Oharra blogean.
- Scanner. Leire Bilbao. Susa, 2011. Blogean
- Porto Pimeko dama. Antonio Tabucchi (1983). Fernando Reyk euskaratua (Literatura Unibertsala saila, 2007)
- Tigre ehizan. Aingeru Epaltza. Elkarlanean, 1996. Ez hotz ez bero.
- El Hombre que plantaba árboles. Jean Giono, 1954 (Círculo, 2000)
- **Antzararen bidea. Jokin Muñoz. Alberdania, 2007. Urteko aurkikuntza handienetarikoa. Izugarri gozatu dut; baina izugarri, gero!
- **Hamaseigarrenean, aidanez. Anjel Lertxundi. Erein, 1983. Blogean.
- Ojos de agua. Domingo Villar. Mondadori, 2007. Tira, La playa de los ahogados askoz hobea.
- **Rebelión en la granja. George Orwell. Destinolibro, 1985 (jatorrizkoa, 1945). Institutuan derrigor irakurrita, orain gusturago jardun dut, jakina.
- La vida, el universo y todo lo demás. Douglas Adams. Anagrama, 1985. Aspergarria. Beste hau hobea.
- Narrazio tailerra. Mikel Hernandez abaitua. Erein, 2011. Erabat gomendagarria irakurzaleentzat.
- Hiltzaileak. Martin Ugalde. Erein, 1985 (jat. Illtzailleak, Caracas, 1961). Gerratea ta ondorengo errepresioa hizpide, euskaraz idatzitako 1. ipuin-liburuan. Irakurgarria. (Tuit)
- **Bi anai. Bernardo Atxaga. Erein, 1985. Oso gustora murgildu naiz Atxagaren lirikotasun minberan.
- Cosecha roja. Dashiell Hammet. Alianza, 2011 (jatorrizkoa, 1929). Hammeten betiko elementuak eta garaia, elkarrizketa bizi eta onekin. Baina aspertu ere egin nau. Tarteka, gehiago dirudi telesail bat eleberri bat baino (hari larregi, justifikaziorik gabe eta ondo lotu barik).
- Al faro. Virginia Woolf. 1927. Edhasa, 2003. Virginia Woolfek erraz irabazi dit partida. "Al faro" ezin amaituta. Beharbada neguko arrats goibeletarako; uda eguzkitsuan ezinezko, behintzat . Barkatu @Anaisni.
- Jalgi hadi plazara. Itxaro Borda. Susa, 2007. Ganberrada bat. Blogean.
- Etiopia. Bernardo Atxaga. Pott, 1978. (Erein, 1988). Liburu handia; liburu ederra. Niretzat larregi. Gainditu egin nau.
- La trilogía de Nueva York. Paul Auster. Anagrama, 1996. Blogean.
- Obras completas (y otros cuentos). Augusto Monterroso. 1959. (Anagrama, 2006). Bai, jakina.
- En tierras bajas. Herta Müller. 1984. Goibela, zeharo. Blogean.
- Petirrojo. Jo Nesbo. RBA, 2009. Polizia-eleberri trinko eta arina. Gomendagarria zaleentzat.
- **Sostiene Pereira. Antonio Tabucchi. 1994. (Anagrama, 1999)
- Rossetti-ren obsesioa. Ramon Saizarbitoria. Erein, 2001. Esan dezaket pixkat aspertu egin nauela? Pixka bat, e?
- **Si te dicen que caí. Juan Marse. 1973. Ahalegintxoa eskatzen duen liburuan; baina ahalegin hori eta gehiago merezi duena! Zo-ra-ga-rri-a! Iruzkin batzuk: Bat, bi eta hiru.
- Historia de un crimen perfecto (Mikel Santiago) http://amzn.to/QtvwCz Amazoneko deskargatuena (horregatik probatu nuen). Polizia-eleberri llaburtxoa. Tira.
- Zamaontzia. Iñigo Aranbarri. Susa, 2011. 3 pertsona abandonatuta, noraezean. 3 belaunaldi; 3 mundu; 3 istorio ondo harilkatuta (tuit).
- Las batallas en el desierto. Jose Emilio Pacheco. 1981 (Tusquets, 2009).
- El gatopardo. Giuseppe Tomasi di Lampedusa. 1958. Sicilia, 1860. urtea, garibaldinoak eta "tricolore" berria. Garai baten amaiera, Salinako printzipearen eta bere senideen gora-beheretan oinarrituta. Klasikoa, zentzurik on eta txarrenetan. Baina badu zeozer.
- Agur, Euzkadi. Juan Luis Zabala, Susa 2000. Blogean.
- Kontakizunak. Edgar Allan Poe. Elkar, 2011.
- **Harri eta herri. Gabriel Aresti. 1964 (Susa, 2008). Aurten irakurri dut lehenengoz. Hala ere, oso gertuko egin zaizkit hainbat poesia eta pasarte. Aresti hain da guztiona dagoeneko!
- Jazz Blanco. James Ellroy. Zeta bolsillo, 2009. Ez zait gustatu. Trama konplikatuegia, jarraitzeko zaila eta idazkera berezia (eskematikoa)... Berez, horrelakoak gustatzen zaizkit, baina kasu honetan ez nau harrapatu. Erdia irakurri eta laga egin dut.
- **Ni ez naiz hemengoa. Joseba Sarrionandia, 1985. Blog estiloan idatzita, gartzelako egonaldian. Eguneroko bat. 3 gai nagusi: hizkuntza, literatura eta gartzela bera. Gogoetak, hausnarketak, ideia solteak... Ona ez, hobea.
- Koaderno gorria. Arantza Urretabizkaia. Erein, 1998. Blogean.
- Kaxa hutsa bat. Beñat Sarasola. Susa, 2007. Nire ezjakintasunean, gustatu zait.
- El aleph. J.L. Borges. 1949. Fantasiazko 15 ipuin labur erakargarri (tuit).
- Gartzelako poemak. Joseba Sarrionandia. Susa, 1992.
- Idazten ari dela idazten duen idazlea. Iban Zaldua. Elkar, 2012. Blogean.
- Punto omega. Don DeLillo. Seix Barral, 2010. Blogean.
- Obabatiko tranbia. Iban Zaldua. Alberdania, 2002.
- Ese idioma raro y poderoso. Iban Zaldua. Lengua de Trapo, 2012.
- Ez balego beste mundurik. Karlos Linazasoro. Alberdania, 2000. Ez dut amaitu. Zorri.
- Lehenago zen berandu. Arantxa Iturbe. Alberdania, 1995. Gozagarria. Blogean.
- El reloj de Mr. Darwin. Juan Luis Arsuaga. Planeta, 2009. Eboluzioaz eta Darwinen bizitzaz. Ona. Blogean.
Let's Twist!
Kostata, baina azkenean birjinitatea galdu dut. Denboralditxoa neraman horren bila, eta azkenean heldu zen nire lehenengo aldia. Eta ez zen batere traumatikoa izan, egia esateko; alderantziz, gozoa eta erabat gustagarria iruditu zitzaidan, lehenengo aldiek beti beldur apur bat ematen duten arren. Hainbeste entzun horretaz, eta badakizue...
Bikotekideak ere asko lagundu zigun, hori egia da. Nahi genuen guztirako prest, guk ere goza genezan, eta barrena hustuz.
"Guk" esan dut, hamaika (11) lagun elkartu ginelako Harkaitz Canorekin urtarrila hasieran Eibarko liburutegiko irakurle klubean, zer eta bere Twist eleberri katxarroaren inguruan berriketaldia egiteko. Hamar andrazko eta gizonezko bakarra (neroni), gutxi gorabehera Ikastolako guraso-batzarren proportzio beretsuan.
Blog honetan lehenago aipatu nuen moduan, Eibarko Udal Liburutegia "Idazlearekin berbetan" izeneko saioak antolatzen hasi da, Irakurle Klub estiloko saioak. Lehenago ere nahi izan dut horrelakoetan parte hartu, baina astirik ez, batetik, eta aukera egokirik ere ez Eibarren, bestetik. Badirudi oraingoan gauzak hobeto lotzen hasi direla.
Esperientzia polita izan zen. Garbi dago: irakurleontzat erabat gozagarri eta gustagarri izan daitezke horrelako berriketaldiak, are gehiago parean dagoena Harkaitz Cano moduko plaza gizona baldin bada. Liburuaren inguruan hausnarketa egin, beste irakurle batzuen gogoeta entzun eta, gehienbat, idazlearen inpresioa jaso... hori luxua da. Euskal literaturak, gainera, bere txikian abantaila handia du zentzu horretan, beste herrialde/hizkuntza batzuetan baino askoz errazagoa delako irakurleak eta idazleak mahai baten inguruan elkartzea. Zeozertan abantaila, behingoz!
Harkaitz Canok
Saioan ez zegoen benetako moderatzailerik eta Cano bera izan zen berbetan hasi zena, liburuaren jatorria eta ibilbidea kontatuz. Bera zuzenbide ikasten ari zela aurkitu zituzten Lasa eta Zabalaren gorpuzkinak, 1994 inguruan eta harrezkero beti buruan izan duela hori paperean jartzeko asmoa. Kontatu beharra, baina fikziotik abiatuta, askatasun handiagoa ematen ziolako fikzio hutsak, kazetari estiloak baino (Odol hotzean edo Anatomia de un instante bezalakoak, adibidez).
Idazketa prozesu horretan, lehenengo 1. kapitulua idatzi omen zuen, eta azkenarekin bukatu. Tartekoak nahastean harilkatzen joan omen zen, hainbat aldiz berridatzita eta berrantolatuta (liburua irakurri duenak badaki zertaz ari garen). Izan ere, Canok aipatu zigun idazleen artean badirela brujula direnak eta mapa direnak, eta bera brujula dela (idazten hasten da, bidea eginez eta prozesu horretan bidea aurkituz, ez hasieratik mapa batek gidatuta). Lehenengo kapitulua izan zen azkarren idatzi zuena, pare bat egunean, barren-barrenetik aterata (nahiz eta ondoren dozenaka orrazketa egin zizkion). Eta liburua horrela hasita, derrigorrezkoa zuela duen amaiera (lurpetik eguzkira; ilunpetik argitasunera).
Liburua luzeagoa zela, baina bere barneko zenbait kontakizun mehazten joan behar izan zela, arintzeko. Zer sartu? Zer kanpoan laga? Hainbat pasarte kendu zituzten, berak eta editoreak (100 orrialde, barrena); beste batzuk laga, zalantzan egon ziren arren (adi! spoiler txikiak): Fede editore itsuaren istorioa kanpoan geratzekotan egon zen, beste liburu baterako prest; eta aitaren berragerpena ere kentzekotan egon ziren, sinesgarritasunaren mugan zegoelako (niretzako erabat kanpo; liburuari aurkitzen diodan "baina" apurretakoa, nahiz eta liburuaren ideia nagusi orokorrean, azkenean, ondo txertatzen den).
Izenburuaz ere jardun zuen Canok. Behin behineko izenburua izan zela eta ez zitzaiela gustatzen (editoreari, batez ere), baina hoberik ezean horixe geratu zela eta bera pozik dagoela: funtzionatu egin duela.
Pertsonaien inguruan ere sekretu eta ideia asko eman zizkigun; eta beste makinatxo bat gauza ere bai, baina tira, hurrengoan bertara joan, dena jakin nahi baduzue.
Twist
Liburuaz zer esan? Gutxi, premiarik ere ez dagoelako. Dagoeneko 4-5 iruzkin interesgarri daude Kritiken hemerotekan, ia-ia osorik nire egiten ditudanak. Canok berak ere gauzatxoak kontatzen ditu Berriako artikulu honetan eta Argiako beste honetan.
Lan ederra da, lehenengo orritik hasi eta azkenengoraino. Erdi partean beherakadatxo bat ote duen, baina niri bikaina iruditu zait oro har. Zerbait esatekotan, kea asmatuko dut, nahi baduzue: Twisten 1. kapitulua magistrala da. Bitxi liluragarri bat.
Hortik aurrera, ba, Zeberio eta Sotoren istorioa kontatzen du (Lasa eta Zabala). Garai hartan gertatutakoa, eta euren lagun Diego Lazkanoren egungo gora-beherak. Torturaz hitz egiten da, noski, baina askoz gehiago da liburua. Adiskidetasunaz, maite duzuna galtzeaz (aita, laguna...), kulpa sentimenduaz, patuaz eta zoriaz, zahartzeaz (edo nagusitzeaz) eta gaztaroaren nostalgiaz, heriotzaz... eta bitartean heldu eskutik eta let's twist.
Zortzi kapitulutan banatuta, nahiko modu autonomoan antolatutakoak eta saltoka ere irakur daitezkeenak. Hasiera zoragarri batekin eta ondoren datozen beste 7 istorio edo erdi-ipuin tematikorekin. Diego Lazkanok batzen ditu guztiak, nola ez, baina nahiko eleberri korala da, pertsonaia eder ugarirekin (Fede editorea edo Agirre Sesma abokatua, adibidez, zoragarriak; euren bidea ere egiten dute, trama nagusitik kanpo).
Harkaitz Canok berezko duen estiloan, kontakizun nagusiaren ondoan beste hainbat komentario eta gogoeta bikain uzten dituelarik, behin irakurrita buruan bueltaka geratzen zaizkizunak; pasarte askoren bukaeran, zast!, 3-4 lerro magiko lagata; estilo garbi bezain landua erabilita; hitz gutxi baina oso ondo aukeraturekin une hunkigarriak utzita.
Liburu ederra, hartara.
Aritz Galarragak dioen moduan, badirudi Twistek Cano kanonizatu(ko) duela (lehendik ere ez bazegoen, bederen).
Truxalak egin dittu
Ba, horixe. Gaur ez dabela euririk egin. Truxalak egin dittu, zaparrada amaierabakuak. Euri zirin eta lanparra tarteka, baina euri-truxuak ixa beti, garratz jardun be; izan be, goixan-behian jardun dau goixetik gabera.
Egin ahalako eurixak jaso dittugu, eta zaldizko ederrak ikusi tarteka, haixe-boladak be makalekuak izan diralako.
Eta jakina, egunotan eurira egon danez, eta mangia jardun dabenez, ufala doia Maltzagan behera. Eurizarrak atertzen ez badau, kontuz bixarko ufalaldixakin.
Eurixa gaur? Bai zera!
"Baina zeren komunzki, hala eskribatzea, nola mintzatzea, nori berea iduritzen baitzaika hoberenik eta ederrenik (...), egizu zuk zeure moldera, eta zure herrian usatzen eta segitzen den bezala. Zeren halatan, ez litzateke euskara hain labur, eskas eta ez hertsi, nola munduak uste baitu, eta baitadauka, dela."
P. Axular, 1643