Zabor bilketa: nire dekalogoa (4 puntutan laburbilduta)
Zaborraren kontu honekin erabat aspertuta eta higuinduta nago. Lartxo, nire gorputzarentzat. Egunen batean baretu egin beharko dela kontua..., baina baretu ez ezik, Zaborraren Gerrak gorantz jarraitzen du. Azken egunotako gora-beherak ikustea besterik ez dago. Atzo bertan, albiste izan ziren Elgetako berria, Zumaiakoa, Gariren mezua, Teketenena,...; hori guztiori ordu gutxiren buruan (eta gauean #Debatea; 2 minutu ikusita nahikoa izan nuen).
Twitterren ere bizi ibili zen gaia atzo goizean, txio ta txio. Han ere esan nuen: Garik esandakoarekin ados nago, oro har. Gerra politikoa da, beste ezer baino gehiago, zaborren hau. Bando bi egin dira, alderdiekin lotutakoak, eta dena beltz edo zuri omen da: oinaztarrak eta ganboarrak. Teknikarien ordez, politikariak kontu teknikoetaz berbetan. Zabor usaina besterik ez diot hartzen. Han eta hemen antolatu diren mahai-inguruak eta erreferendumak ikustea besterik ez dago. Zaborren gaia ez dakit argituko zuten, baina gure ordezkarien (batzuen) maila ageri-agerian geratu da. Patetikoa.
Zelan heldu gara, orduan Gerra honetara? Erakunde, eragile eta alderdi gehienak ez daude birziklapenaren alde, ala? Lander Garrok EAJri egotzi dio gerra-egoeraren ardura osoa. Ni neu ez nago ados. EAJk gerra nahi izan du, jakina; Gipuzkoan izugarri interesatzen zitzaion (ondo bete du oposizioko alderdi bati dagokion desgaste lana, hedabideak alde zituela). Baina aurkariak ere ez dio muzin egin kolpe-truke horri. Azken batean, Garik aipatutako bandoen guda klasiko eta historikoa. Edo zu edo ni.
Bilduren estrategia okerra iruditu zait kontu honetan (are gehiago denbora aurrera joan ahala, gizartearen zati handia aurka jarri zaionean). Sisteman oinarritu du eztabaida osoa, #atezAtekoa bai ala ez. Eta nire ustez behar zuen:
- Birziklapen-tasa negargarriak ditugu Euskal Herrian; ez dago onartzerik. Ez gaitezen urde zikin izan.
- %70eko birziklapen-tasa lortu behar da; sistema edozein delarik ere. Eta kitto.
Izan ere, Atez Atekoaren aurkako jarreraren atzean, sarri asko "ez daukat birziklatzeko gogorik" ezkutatzen baita. Eta Bilduk ez du jakin hori azaleratzen; "sistema" izan da bere aldarria, eta ez hainbeste "helburua" (tira, laburbilduz diot).
Eta horretara dator nire dekalogoa, 4 puntutan laburtuta:
1.- Zaborra egoki sailkatu eta birziklatzea derrigorrezkoa izan behar da.
Lan apur bat da, baina kontrakoak ezin du izan lekurik XXI. mendean. 2013. urtean birziklatzen ez duena txerri zikin bat da; ez du beste izenik. Lehenago ere derrigortu gintuzten zakarrak poltsetan pilatzera (errekara bota beharrean); eta ondoren zaborrontzietan pilatzera (etxeko atarian utzi beharrean). Ez dira pleistozenoko kontuak; nik neuk bizi izan nuen aldaketa hori 70-80 bueltan. Duela 30 urte ere jendea kexatu egiten zen, ea zergatik bota behar ote zituzten zakar-poltsak kontenedoretara, "eskubidea" zutela zakar-poltsak kalean uzteko, etxeko ate azpian. Inposiziorik ez, oihukatzen zuten orduan ere. Ba bai, inposizioa, gizartearen hutsikeriak erakutsi duelako 30 urteko nolabaiteko kontzientziazio lanak ez duela inolako emaitzarik eman. %30 inguru birziklatzen duen Eibarren bizi naiz; dena esanda dago.
2.- Birziklatze-tasa minimo bat lortu behar da epe laburrean, %70 adibidez.
Europako zuzentarauak %50eko helburua dauka Europa osorako. Gaur egun Europa erdi-iparraldeko herrialdeak bakarrik heltzen dira kopuru horretara, eta batzuk juxtu-juxtu. Gipuzkoan frogatu da %70-80 ere lortu daitekeela nahiko epe laburrean. Benga, animo, izan gaitezen Europako liderrak.
3.- Herri (eskualde) bakoitzak erabaki dezala helburuak lortzeko sistema.
Izan ere, geografia, demografia, hirigintza eta baliabideak ez dira berdinak leku oro. Atez atekoa fenomeno dabil Usurbilen; beste eredu batzuk landu nahi omen dituzte Elgetan eta Zumaian. %70 hori lortzen duten bitartean, herritarrek erabaki dezatela eredurik onena. Niri neuri, 5. edukiontzia iruditzen zait erosoena, esate baterako, baina garbi daukat nekez lortuko dela ganorazko birziklatze-tasarik eredu horrekin. Baina zergatik ez? Herritarren esku dago demostratzea.
4.- Birziklatzen ez duenari isuna.
Baditugu, ba, TAOzainak? Askoz ere komenigarriagoak ZAKARzainak. Benetan diot.
Bilduk erakutsiko luke helburua dela beretzat garrantzitsua, ez sistema. Oposiziokoek erakutsiko lukete sistemaren aurka bakarrik daudela, baina prest daudela benetako apustua egiteko birziklapenaren alde (eta ez orain arteko urteetako demagogia).
Elgeta eredu izan daiteke, beharbada. Baina atzoko ETBko #Debatea-ko pare bat minutu ikustea nahikoa izan zen konturatzeko, nire 4 puntuko dekalogoa ez duela inork onartuko.