Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Sorbeltza (Apus apus), euskal izenak

Asier Sarasua 2006/06/05 21:30

Sorbeltzaren euskal izenakIazko mezu batean aipatu nuen gai hau. Eibarren abijoia deitzen diogu gaztelaniazko vencejori (Apus apus), gaur egungo euskaraz sorbeltz deitzen dioten horri. Txori ezaguna izanda, ia-ia herri bakoitzean izen ezberdina dauka.

Orain urtebete esandakoak labur geratu, eta beste zenbait izen eta datu ere gehituko ditut eguneraketa honetan, gehienak ehiztari eta baserritarrei ahoz jasotakoak. Nafarroa eta Iparraldeko datu gutxi daukat oraindik; ea datorren urterako... Izen batzuen erabilera-eremua gutxi gorabeherakoa da, eta baliteke albo-herrietan ere erabiltzea.

 

Apus apus herririk herri

 

  • Txirri, txirritxori (eta aldaerak): gehienbat Bizkaia sartaldeko hainbat ingurutan, Mungian-Uriben bereziki, baina Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere, antzeko izenak erabiltzen dira, esate baterako: Sakanan txirriño, Legutianon txirri, Zumarraga-Urretxun txirrintxori, edo Elorrion txirribirri.
  • Txirriskillo / Kirriskillo: Lea-Artibai ia osoan horrela deitzen diote (edo aldaerak: Zirriskillo, Karraskillo, Txirritxaldo...). Seguru asko Busturialdeko herri batzuetan ere bai (Muxikan eta Ereño-Nabarniz inguruan bai, behintzat).
  • Ermitarixo, Imintarixo: Durangaldean (Durango, Iurreta, Garai, Berriz...).
  • Erlai: Leintz aldean, Aramaio, Otxandio eta Ubidea (elai) barne; Diman ere elai. Salbuespena Leintz Gatzaga eta Marin (Eskoriatzako auzoa) dira.
  • Artxilloi: Gatzaga eta Marin (Eskoriatza).
  • Ka(n)pantxoi: Oñatin.
  • Beltxijoi, beltxiju: (baita Pentzajo eta aldaerak). Bergara-Antzuolan, eta Markina-Aulesti inguruan.
  • Abijoi: Eibar inguruan (Mallabia, Ermua, eta Soraluze barne).
  • Txio: Elgetarrak, betiko moduan, berezi xamarrak dira. Enara azpizuriari egabera deitzen badiote, eta egaberari azpizuri... hortik aurrera, dena libre :-).
  • Kataki: Elgoibar-Azkoitia inguruan, eta Mutrikun. Ziurrenik Mendaron eta Deban ere bai, baina datu hori ez daukat.
  • Txenada beltz (txinara beltz, enara beltz...): Azpeitia eta inguruan (Beizama, Errezil, Aizarnazabal, Aizarna, Urrestila, Matxinbenta...).
  • Arrandera/Arrantxori: Zumaia inguruan; baita Zerain inguruan ere.
  • Zirringillo, txirringillo: Zarautz-Getaria-Aia inguruan eta Goierrin. Azken batean, hasieran aipatutako txirri izenaren aldaera bat dirudi (edo alderantziz).
  • Mitxigu, mitxiku: Tolosaldeko hainbat herritan, alboko Aia barne.
  • Irra, irriyo: Donostialdean, Oiartzunen, eta abar.
  • Sorbeltza. Hernani inguruan eta Baztan-Xareta aldean.

Gazte-hazi

Asier Sarasua 2006/06/05 14:39

Azken egunotan jaso dot berba honen barri. Zarautzen entzun dot, baina gerora ikusi dot Gipuzkoako beste inguru batzuetan be ezaguna dala.

>> Gazte-haziya • espero dena baino azkarrago hazitako gaztea, txikitatik handi datorrena, itxuraz zein izaeraz.

Hau da, 4-5 urte izan arren, 8-9 urteko mutikoskorra dirudixana.

Erdi-aiarra dan Zarauzko Belenek emon destaz argibide gehixago, adibide eta guzti.

  • "Antonion semiak sei urte dixkik"
  • "Bai, baina oso gazte-haziya dek; han ikusi nin lehenguan aitakin behiak biltzen". Edo. "Bai, baina oso gazte-haziya dek; nere 12 urteko semia adiña haundi izango dek".

Hiru eibartar Euskaltzain Urgazle barrixen artian

Asier Sarasua 2006/05/29 14:06

Euskaltzaindiak batzarra egin zeban Elantxoben joan zan barixakuan (maiatzak 26), eta 35 euskaltzain urgazle barri izentau zittuan. Esparru ezberdiñetako lagunak dira (zientzia, hizkuntzalaritza, irakaskuntza, kazetaritza, bertsolaritza...), eta pozgarrixa da hori.

Urgazle barrixen artian hiru eibartar:

  • Luis Alberto Aranberri "Amatiño", (1944) kazetari eta blogarixa.
  • Odile Kruzeta (1957) kazetarixa, Euskadi Irratiko zuzendarixa.
  • Joakin Gorrotxategi (1953). EHUko Filologia eta Geografia-Historia Fakultatian katedradun eta irakasle.

Lehendik be bazeren, barrena, beste bi eibartar: Koldo Zuazo eta Serafin Basauri.

El Paísen irakorri dotenangaittik, momentu honetan 150 euskaltzain urgazle daukaz Euskaltzaindiak, hainbat esparrutakuak. Ez dakat oso garbi zertarako balio daben urgazliak; hau da, zein dan euren lana, ia euren iritzixa zenbaterainok eukiko daben kontuan Akademixan, baina tira, onerako izango da, seguru!

Pare bat zalantza geldittu jataz. Batetik, ia zelan aukeratzen dittuen urgazliak. Euskaltzaindiaren barne-araudixaren arabera, "euskalaritzan pertsona ezagunak nahiz idazle hautak edo euskararen jagoletzan nabarmenduak direnak hautatzen dira". Pertsona ezaguna izatia, ez da ba geró, merito haundiegixa.

Bestetik, harrittu egin naiz urgazle barrixen adiña ikusitta: 40 urtetik beherako 3 bakarrik, eta gehixenak 50 urte bueltan. Euskaltzaindia modernizatzeko eta euskeria egoera barrixetara egokitzeko... jende gazte presturik izango da, ba, gure artian!

-u + -a > -uba amaierak Eibarren

Asier Sarasua 2006/05/25 13:16

Eibarren, inguru guztian moduan, berba bati mugatzailea gehitzerakoan, hitza aldatu egiten da: etxe+a > etxia; ogi+a > ogixa; asto+a > astua; eta abar. U amaieradun berbak, baina, ez dira aldatzen deklinabide-kasuak hartzerakoan. Adibidez: dirua, eskua, mirua, katua... Beste inguru batzuetako piñuba, diruba, buruba eta xaguba oso arrotzak dira gaur egungo eibartarrendako.

Baina horrela izan da beti? Ez, ez dirudi. J. A. Mogel idazle eibartarrak XIX. mende hasieran idatzitako testuetan badira u+a>uba tankerako hiatoak (barberuba, buruba, escuba, miruba, erretilluba...). 1754ko Eibarko udal ordenantzetan ere agertzen da, lehen aldiz gure inguru honetan (atrebiduba, onrrauba, graduban, Conzejubaren, errejimenttubac...), eta Bergarako udal artxiboko XIX. mendeko agirietan ere behin baino gehiagotan ageri da lauba (laua, lautada) aldaera.

Gaur egungo hizkeran, baina, ez dago inongo aztarrenik. Ezta 1887an jaiotako Toribio Etxebarria idazlearen lanetan ere, gainontzeko aldaerak ondo adierazten dituen arren. Pixka bat lehenagokoa den Francisco Arrate Agiñagako apaizaren sermoietan ere ez dago horren aztarrenik.

Gaur egun nahiko hedadura txikia duen bilakaera da (Gipuzkoa iparraldea, Sakana eta Lapurdiko zenbait hizkera) eta, gainera, badirudi hainbat eskualdetan atzeraka doala. Ziurrenik, gure herria bilakaera horren muga-mugan egongo zen, eta azken 150 urteotan erabat desagertu da gure ingurutik. Jakin badakigu, Lea-Artibain oso azkar desagertu omen zela, 50 urte eskasean, XIX. mende hondarrean (The Basque dialect of Lekeitio, Hualde et al., 1994). Eibarren ere, sasoi horretan gertatuko zen aldaketa, seguru asko.

Hala ere, uste duguna baino hurrago daukagu -uba amaieraren eremua. Azken batean, Urola-kostako zenbait baserri-auzotan arrunta da, Zestoako Aizarna auzoko baserritar hedadetuen artean, eta Zarauzko Urtetan, Aia osoan, Orioko auzo batzuetan, eta abar.

Saiak, Arranoak eta Putreak

Asier Sarasua 2006/05/19 10:30

Saixe, arranua, putrea, Gyps fulvus Azken urteotan izugarri zabaldu eta hedatu da sai hitza. Ikastolei eta hedabideei esker, Euskal Herriko txoko gehienetan ezagutzen dugu gaur egun saia zer den, buitrea.

Jatorriz, gure inguruan nahiko eremu murritzeko hitza da saia, edo hobeto esanda, saixe. Leintz bailara (Arrasate, Aretxabeleta, Aramaio...), eta Durangaldeko herri batzuetan erabiltzen da gehienbat. Hortik kanpo, Bizkaian (eta Eibar inguruko hizkeretan), Arranoa esaten zaie buitreei; baita Nafarroako zenbait eskualdetan ere. Eta Gipuzkoan putre hitza da nagusi. Ez dakit Iparraldean nola esaten duten; beharbada saia ere erabiliko dute.

Baina Leintz inguru horretatik kanpo ere, erabiltzen dugu gehienok sai hori, hitz-elkartuetan izan arren. Lea-artibai inguruan, saidxerri esaten diote abendu edo zapelatzari; Urola-kostan (eta inguruko beste zenbait herritan), berriz, saizuri deitzen diote mirotzari (Circus cyaneus).

Hitz horiekin jira-bueltaka nenbilela, pentsatu dut: "eta zapelatz"? Azken batean, ez da izango "sai+belatz" edo antzeko zerbait? Lehenengo begiratuan, behintzat, badirudi sai hitza egon daitekeela tartean. Arrano hitzean arrai (Eibar inguruan, rapaz) egon daitekeen bezela (arrai hitz horren eratorriak dira, besteak beste, Deba ibarrean takian-potian erabiltzen diren arraipardo, arranbeltz, arrangorri, eta abar).

Mallabiko euskerie

Asier Sarasua 2006/05/03 10:51

Badihardugu euskera elkartiaren albistegixari esker jakin dot, laster-laster kaleratuko dala Mallabiko euskerie liburua.

Pello Mugarza mallabiarra izan da egillia, eta urtietako lana egin dau. Ez bat eta ez bi, hainbat urte pasau dittu Mallabiko hiztunak elkarrizketatzen, mallabiarren ahozko jarduna batzen, jasotako guztia jorratzen... eta sekulako lana kaleratu dau.

Liburuan Mallabiko euskeria aztertu dau Pellok: fonetikia, morfologixia, sintaxisa, hiztegixa... baina ez hori bakarrik. Hainbat transkribapen eta argazki be badakarz lanak.

mallabia.jpg

Mallabiko euskeria hobeto ezagutzeko, liburuakin batera DVD bat be kaleratuko da. Ikusentzunezko horretan, Pellok urtietan zihar egindako grabaziñuak entzun ahal izango dittugu, eta horrekin batera, Badiharduguko kide dan Itziar Alberdik egindako bideo-grabaziñuak, Deba ibarreko ahotsak proiektu barruan gauzatu diranak.

Liburuan aurkezpena maietzan 26xan izango da, arratsaldeko 19.00etan.

Liburua Mallabiko udalak argitaratu dau, eta Orraittio euskera elkartia eta Badihardugu euskera elkartia izan dira laguntzaille.

Zestoako euskara

Asier Sarasua 2006/04/19 12:18

zestoa.gif Aste Santu honetan, ia-ia nahiezta, Zestoako zenbait argitalpenen berri jaso dut. Lehenengoa "Zestoarren erretolika" izan zen. KM liburutegian nengoela aurkitu nuen, kasualitatez, eta etxera ekarri. Zestoarrei jasotako hitzekin betetako hiztegia da. Landua, aberatsa, betea... Sekulako lana.

Zestoarren erretolika
Agurtzane Azpeitia
Zestoako udala, 2003.

Azken urteotan Zarautz eta Getaria inguruko euskara jasotzen eta aztertzen ari garenez, primerako baliabidea izango da guretzat. Eibartarrontzat ere interesgarria, azken batean, Eibarrek Urolaldearekin ere hartu-eman estua daukalako.

Aukeran, sarrera luzexeagoa eskertuko nuke (proiektuaren eta zestoarren euskararen inguruko informazio gehiago), eta bibliografia apur bat ere bai; baina lan ona da, bai. Gomendagarria. Non aurkitu? Horixe gatxena. Antzerako lan gehienak ezagutzen ditudala esango nuke (herri hizkerak, transkribapenak eta lexikoa biltzen dituzten lanak...), baina hau ezezaguna zitzaidan. Liburudendetan ere ez dago. Interneten oso erreferentzia gutxi. Horrelako lanei askotan gertatzen zaiena: sekulako lana egin, urteak pasa hizlariak elkarrizketatzen, azterketak egiten... eta hedapena falta!

Agurtzaneren eta zestoarren lanaren atzetik internetera jo, eta beste lan bi agertu zaizkit, hau eta hau. Badirudi "Zestoako hizkera" izeneko bildumaren baten zati direla (eta goiko lanaren ondorio-edo).

Horien bila ere hasiko naiz. Ea aurkitzen ditudan.

Lan guztien atzean, Agurtzane Azpeitia filologo arroarra, eta Nora Palmitano euskara teknikaria, horrelako lanetan urteetako ibilbidea daukana. Besteren batzuk ere izango dira tartean. Zorionak eta eskerrik asko denoi.

EtxeRAIÑO, EtxeRAIÑOK eta EtxeRAIÑOKAN

Asier Sarasua 2006/04/08 11:44

Azken egunotan gai horren inguruan jardun dogu Badihardugu euskara elkartearen posta-zerrendan. Aintzane Agirrebeña Soraluzeko grabaziño batzuk transkribitzen hasi da, eta aittatu zeban Soraluzen nahiko arruntak dirala "etxeRAIÑOKAN" moduko formak.

Hasiera baten, neri behintzat, ez jatan hain arrarua egin, baiña inguruan galdetu eta gero, ba bai, egixa esan, Euskal Herriko txoko larregittan ez da erabiliko forma hori. Erabiltzekotan, Soraluzen, edo hurrian.

Batian eta bestian galdetuta, ondorixo hau atera genduan. Hiru egoera daukaguz:

  • ELGOIBAR-DEBA-UROLA ingurukua: -K amaierako kasu marketan (dirurik, etxetik, zuregatik), -AN amaieria gehitzeko joeria dago (etxetiKAN, diruriKAN, zuregatiKAN...). Baiña -raiño aldaeria bakarrik dagonez (eta ez -raiñoK), ez dago K amaierarik eta ez da sortzen -raiñoKAN moduko analogixarik.
  • EIBAR-ERMUA: gure herrixan -raiñoK aldaeria daukagu, baina ez dogunez -AN gehitzen, ez dogu -raiñoKAN erabiltzen.
  • SORALUZE: -raiñoK aldaeria erabiltzen da, eta -AN atzizkixa gehitzeko joeria dagonez, ba, ondorioz: -raiñoKAN.

Eibarren zein Soraluzen, etxeraiño moduko forma estandarrak be erabiltzen dira.

Eskerrik asko, Maka, Ane, eta Egoitz, inguruko herrixetako barri emotiarren.

Saratsuegi - Sautsi

Asier Sarasua 2006/02/21 09:45

Eibar hegoaldean bada auzo bat, Saratsuegi-Sautsi izenekoa. Orain gutxira arte, baserri pare bat eta futbol-zelai kaskar bat besterik ez zeuden bertan, baina orain etxeak egiten dihardute. Guztira 106 familiarentzako tokia, tartean nirea.

Sautsi

Azkenaldian sarri agertzen da komunikabideetan gure auzoa, eta gehienetan Sautxi idatzita ikusten dut. Berdin udaletxetik edo Korreosetik datozen agirietan.

Izen horren inguruan zenbait ohar egin nahi ditut:

  • jatorrizko izena Saratsuegi da (lehenengo aldiz 1779ko agirietan jasoa). Sarats-lekua, sahastia.
  • forma horren eratorria da Sautsi.
  • izenak izan duen bilakabidea: saratsuegi - saratsuei - saatsui - satsui - sautsi. XX. mendera arte, Saatsui estiloko formak ziren nagusi Eibarren, eta azken hamarkadetan nagusitu da Sautsi/Sautzi forma ahoz.
  • Idatziz, beraz, horrela idatzi behar dugu: Sautsi, eta ez Sautxi
  • Ahoskatzeko orduan, betiere hiru silabatan banatuta, Sa-ú-tsi, eta ez azken aldian entzuten ari garen Sáu-tsi.

Zuen komunikabideari eta udalari eskatu nahi diet, beraz, forma zuzena erabil dezatela, Sautsi, eta ez Sautxi edo Sauchi.

Oharra: eskutitz hau udaletxera eta Eibarko komunikabideetara bialdu dut.

Egualdi berdia

Asier Sarasua 2006/02/19 18:55

Ainhoa ni baino lehenago jaiki da, eta esnatu naizenian esan desta: "oso egualdi txarra dago, sekulako haixia, eta zeruak kolore rarua daka, Urko gaiñian berde-berde zeguan".

Koño! Arando basarriko Faustino Larrañagakin gogoratu naiz. 1904an jaixo zan, aurten 106 urte beteko dittu, eta holaxen esan zestan oin dala urte batzuk: "egualdi berdia, lehen zaharrak holan esaten juen, egualdi berdia, txarra, oso txarra, itsasotik sartzen dana".

Euskeria asko aldatu da 100 urtian, berbak galdu eta hiztegixa murriztu, baina gure aittajaunendako egokixak ziran referentzia batzuk, behintzat, oindiok be balekuak dira, zorionez.

Agiña-balleko 106 urteko basarrittar elebekarra, eta euskeria ikastolan ikasittako kalekumia, bixak batu dittu gaurko trumoi berdiak.

Eguraldi berde / egualdi berdia

berde tiempo crudo y desapacible. Egualdi gogorra, oso txarra, hotz eta euritsua.

Eibarko hiztegi etnografikoa

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

cc by sa 4.0 - ikonoa

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz

Azken erantzunak
Benetan interesgarria. Hartu dot txanda Amatiño, 2026/10/12 22:28
Ona! Bai, PER usain hori ez dago ahazterik! ;) ... Asier Sarasua, 2026/09/16 14:52
Antzinako kontua da, baiña ointxe ikusi dot. ... Jose Antonio Azpilicueta, 2026/09/16 09:53
Zuri, Arkaitz! Gurean aurten ez dira itzuli... ... Asier, 2026/07/23 22:06
Eskerrik asko informazioagatik, guri ere ... Arkaitz, 2026/07/23 10:14
hamazortzi Sainz arana, 2026/06/12 19:08
Ederra! Zorionak. Amatiño, 2026/03/10 21:51
Ño! Ahaztuta, ziharo! ;) Tira, 15 urte bakarrik ... Asier Sarasua, 2026/01/11 15:56
Egin juagu berba honen gaiñian, neuri be asko ... Oier G, 2026/01/11 10:14
Bai, hitzaldi ederra! Gustora egon giñan, eta ... Asier Sarasua, 2026/01/05 11:22