Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Eibarko euskara eta gazteak

Eibarko euskara eta gazteak

Asier Sarasua 2006/02/06 12:03

Oin dala 3 hilabete inguru Eibarko euskara liburua kaleratu genduan. Beste kontu batzuen artian, Eibarko euskeria gaztien artian be aztertu genduan. Hantxe idatzittako kontu batzuk hamentxe be azalduko dittut.

-------------------

Eibarko euskararen ezaugarriak gazteen artean

Oro har, esango genuke, Eibarko euskara oraindik ere bizirik dagoela gazteen artean, eta herriko berbetaren ezaugarri nagusiak oraindik ere gordetzen direla. Dena dela, liburu honetan aipatu ditugun ezaugarri asko eta asko ahulduta daude belaunaldi berrien jardunean, eta beste hainbat desagertuta (liburuan bertan ere aipatu ditugu).

Arrazoi nagusiak, gure ustez, hiru dira:

1- batetik, hizkuntza estandarrak eta alfabetizaziok ekarri duen homogeneizazioa

2- bestetik, transmisioan izan den etena, eta gazte askok duten erreferentzia falta (guraso erdaldunak edo beste herri batzuetakoak)

3- azkenik, belaunaldi gazteek, oro har, hizkuntza eta hizkera gehienetan duten hizkuntza-maila apalagoa, aurreko belaunaldiena baino murritzagoa.

Horren guztiaren ondorioz, gaur egun Eibarko gazte euskaldunek darabilten "eibarrerak", ondorengo ezaugarriak ditu aurreko belaunaldienarekin alderatuta:

  1. - euskara estandarraren eragin nabarmena dago, batez ere lexikoan (barixakua > ostirala; martixa > martxua)
  2. - hizkera murritzagoa, elementu gutxiagokoa (hitanoa edo subjuntiboa ez dira erabiltzen, sintaxian askoz baliabide gutxiago erabiltzen dira, eta abar)
  3. - beste euskalki edo hizkera batzuen eragina (detsat > dotsat; genduan > giñuan)
  4. - Eibarko euskarara hurreratzeko saio "okerrak" (anaia > anaixa).

Halere, galtzen ari diren ezaugarri gehientsuenak, lehendik ere galtzen ari zirenak dira, nagusiek ere gutxi erabiltzen dituztenak eta muga-mugakoak direnak; belaunaldi zaharretan hasitako bidea indartu besterik ez da egin gazteen artean. Horrekin batera, baina, beste hainbat ezaugarri ere aldatzen ari dira.

Ikus ditzagun:

Fonetika eta fonologia

  1. Eibarko euskarara hurbiltzeko ahaleginean, gazteek nagusiek baino gehiago erabiltzen dute x epentetikoa: junio > junixo; guztia > guztixa; sei tt'erdiak > sei t'erdixak.
  1. tt > tx bilakaera erabatekoa da: itturrixa > itxurrixa.
  2. Bustidurak indarra galdu du. Hasteko, -dd- bustidura ere erabat desagertu da: eindda > einda. -itz > -tx erako bustidurak ere desagertu egin dira: hatxa > haitza; bakotxa > bakoitza. Beste ingurune batzuetan ere bustidura ez da hain automatikoa (bi txa bat > bi eta bat).
  3. Arau morfofonologiko batzuk ere zeharo aldatu dira. Besteak beste, ez + j- > etx- araua ia guztiz desagertu da (etxatzu > ez jatzu), eta oro har, aditz nagusia eta aditz laguntzailea osorik ahoskatzeko joera dago gazteen artean (ikusi'ttu > ikusi dittu; erosi bozu > erosi badozu; emon bietsat > emon bihar detsat).

Izenaren morfologia

  1. Soziatiboko -gaz marka erabat galdu da. (umieaz > umiekin).
  1. -dako/-t(z)ako atzizkiaren lekuan -tzat ari da nagusitzen (zuendako > zuentzat).
  2. -tzuk atzizki pluralgile zaharra (elixatzu...) ia erabat desagertu da gazteen jardunean.
  3. Bi zenbatzailea izenaren aurrealdean darabilte gazteek (etxe bi > bi etxe)
  4. Erakusleak euskara estandarrean bezala erabiltzen dira, izenaren ostean (hau txarrixau > txarri hau).
  5. Izenordain indartuak (neuk...) eta -xe morfema indargarriak (hauxe, honetxeri, hortitxik...) indarra galdu dute.
  6. Azentuan ere aldaketa nabarmena da. Singularra eta plurala bereizten dituen azentua galdu egin da izenetan: úmiak > umíak (umeek); eta galtzen ari da erakusleetan (hónekin vs. honékin). Horrekin batera, Eibarko hizkeraren bereizgarri diren hitz esdrujula batzuen azentukera ere indarra galtzen ari da: ikástolia, pátatak, íntxaurrak, Úntzagan, Élgetan, bázkarixa, éuskeria, kánpora, lándaria, bérbetan, txíngorra, árrautzak, áurrian... > ikastólia, patátak, intxáurrak, Untzágan, Elgétan, bazkárixa, euskéria, kanpóra, landária, berbétan, txingórra, arráutzak, aurrían...

Aditzaren morfologia

  1. Oro har, erabiltzen diren adizkien eta aditz-sailen kopurua jaitsi egin da. Hitanoa desagertu egin da, subjuntiboa ia-ia, eta trinkoen erabilera ere beheraka doa.
  1. Aditz-forma batzuetan inguruko euskalkien eragina igartzen da gazteen hizketan: nozue > nazue; genduan > giñuan (genuen); detsat > dotsat (diot).
  2. Ahalerazko adizki berriak agertu dira: neike > leiket; geinke > leikegu.
  3. Hirugarren pertsonako marka, 0 (zero) beharrean z- da: ekixan > zekixan (zekiten); eben > zeben (zuten).
  4. Nor-Nori-Nork saileko eta trinkoetako adizki batzuetan forma pleonastikoak nagusitu dira: gentsan > gentsagun, zetsagun (genion).
  5. Urten (irten) aditza iragangaitz bihurtu da, euskara estandarrean bezala: urten dot > urten naiz.
  6. Hirugarren pertsonako adizki batzuetan, -te pluralgilea agertu da, euskara estandarraren eredua jarraituz: dittue > ditxuzte; nabe > naute.

Sintaxia

  1. Gazteen artean arrunta da baizik aurkaritzako juntagailua erabiltzea (nagusiek ez darabilte).
  1. Konparaziozko perpausetan, lez eta lako erabat desagertu dira, eta moduan ere indarra galtzen ari da. Horien lekuan bezela erabiltzen dute gazteek.
  2. Perpaus osagarrietako -ena atzikiak indarra galdu du.
  3. -tzeke moduzko atzizkia ("gabe" aditz-atzizkia) desagertzen ari da gazteen jardunean.
  4. Kontzesiboetako arren ere indarra galtzen ari da, eta bere lekuan nahiz eta nagusitu da.
  5. Lokailu hautakarien artean, ostian eta ostantzian galtzen ari dira.

Aldaerak eta lexikoa

Lexikoari dagokionez, euskalkia/batua lehia nabarmena dago. Nahastean erabiltzen dira bertako formak eta euskara estandarrean nagusitu direnak.

Aldaeren artean, esate baterako, forma hauek guztiak lehian daude: edur/elur, zidar/zillar, baltz/beltz, hazur/hezur, lora/lore, izardi/izerdi, baztar/bazter, urun/irin, gitxi/gutxi, urrin/urrun, narru/larru, ezpan/ezpain, ahizta/ahizpa, mallubi/marrubi...

Hiztegi mailan ere alfabetizazioaren eragina nabaria da, eta bertako hitzen alboan, euskara estandarretik jasotako beste hainbat erabiltzen dituzte gazteek. Eragina nabarmena da asteko egunetan eta hilabeteetan; bertako formak baino gehiago, estandarrekoak erabiltzen dira gazteen artean (martzua, iraila, uztaila... asteartia, asteazkena, larunbata, ostirala...). Animalien izenetan ere ikastolaren eragina handia da (kirikixua > trikua; katamixarra > urtxintxa; ugaratxua > igela...). Bizkaieraren ezaugarri diren beste hamaika hitz ere indarra galtzen ari dira, eta euren lekuan beste euskalki batzuetakoak agertu dira: abade > apaiz, armozu > gosari, bihargin > langile, eruan > eraman, larregi > gehixegi, matrallako > zaplasteko, sasoi > garai, itxuria danez > dirudienez, kopin > panpin.

etiketak: Eibarko euskara
Serafin Basauri
Serafin Basauri dio:
2006/05/04 21:51

Primerako lana Asier. Zorionak!

Serafin

oier g
oier g dio:
2006/02/08 00:29

Desiatzen najagok zuen liburua irakortzeko.

Politta dok ikustia zein neurrirarte mantentzen daben lehengua batek, eta zeintzuk gauzok dirazen barrixak. Nere kasuan, "gentzan" esaten dot eta nere lagunak "zetsagun"; uste najuan eurena zala jatorrizkua, eta neuria aldatuta. ¡Eta aldrebes dok, jeje!

¡Eta zenbat bidar korregidu nabe neuri, "zuendako" idaztiangaittik! Azkenian siñistu egin najuan, "zuentzat" edo behintzat "zuentzako" zalakuan. ¡Oin ba jaukat background pizkat kontra egitteko!

En fin: talibanana be etxuagu egingo kaleko berbetia aldatzen badok. Hala izan da bizi guztian, eta ez gaittuk horregaittik hilgo. Egin leiken gauza bakarra, dagoana (edo egon zana) jaso eta kontsultatzeko moduan jarri, zuek zabizien legez. Beti egongo dok zororen bat eta, hortik eran eta bere idazkera edo berbetia aberastuko dabena.

Eskerrikasko.

asier
asier dio:
2006/02/08 12:03

Guztiz konforme azkenengo parrafo horrekin, Oier. Juandakua ez dok itxuliko, eta alperrik egongo gaittuk negarrez. Gure esku dagona horixe dok: gure aurrekuen eskutik jaso doguna, behintzat, ahal dan neurrixan gorde eta hurrengueri eskintzia. Hurrenguak ikusiko juek zer eta zelan hartu, baina gure erantzunkizun historikua dok, gure eskuetara heldu dana, gitxienez, gorde eta seme-alaberi emotia.

Badagok idea bat, liburuan sarreran, nik uste giltza dana. Uste juat horixe izan dala liburua idaztera bultzatu gaittuana, eta liburuan helburua be horixe izan dala:

"Gure aitxitxa-amamen belaunaldia (...) Gerra aurreko azkenengo belaunaldia dira; erabat euskalduna zen Eibar hura ezagutu zuen azkenengo belaunaldia. Orain arte gure zaharrengana jotzen genuen iritzi bila. Norengana joko dugu beraiek desagertzen direnean? Non geratuko dira euren berbak eta joskerak?

Beharbada eurak ez dira azkenak izan. Beharbada azkenak gu geu gara, gure aitxitxa-amamen jarioa ezagutzeko aukera izan dugulako. Hemendik aurrerakoek ez dute guk izandako zorterik izango, baina gure eskuetan dago kateari eustea eta beraiek utzi digutena guk geuk hurrengoei ere eskaintzea."

Hori lortu bajuagu, ni pozik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz