Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Eibarko euskeria ingurukuen artian

Asier Sarasua 2005/12/06 14:36

Orain dala egun batzuk kaleratu dogun liburuan, Eibarko euskara, gure berbetaren doinu eta berbak, mapa politta kaleratu dogu.

Eibarko euskeria eta ingurukuak mapa batian. Zeintzuk diran antzerakuak, zeintzuk ez horrenbeste...

Eibarko euskara eta ingurukoak mapa batean

Laburpen moduan-edo, hauxe esan geinke:

  • Leintz aldeko berbetak nahiko antzerakuak dira danak. Oñati bereizten da pixkat, eta Aramaixoko Oleta auzua.
  • Bergara eta Antzuola be taldekuak dira. Bergarako mendebalian (Ubera, Angiozar, Goimendi...), Eibar-Elgeta inguruko ikutua dauke, eta ekialdian (Elosu eta Deskarga), gipuzkera ikututxua.
  • Eibar-Soraluze-Ermua oso antzerakuak dira, eta Elgeta be ez oso desbardiña. Eremu horren barruan dagoz Zaldibargo Eitzaga eta Mallabiko zatitxo bat (Gerea eta Zengotita ez). Eibarko Agiñagan, ostera, bizkaieraren ikutua igartzen da (ez larregi).
  • Elgoibar aparte samar geratzen da, gipuzkerako ikutu haunditxuakin (Deban eta Mutrikun askoz haundixagua).

Mapia Luis Lonbidek egin dau, eta Zaloa Etxanizek maketatu. Eta mapa honen hurrengo bertsiñua, hobetutakua eta zabalagua, Badihardugu euskera elkartiak kaleratu dau, Deba ibarreko hizkerak izenakin. Politta geratu da. Durangoko azokan egongo da salgai.

Eibarko udalak neure semeari...

Asier Sarasua 2005/11/15 08:52

Orain dala urte batzuetatik hona, Eibarko udalak domina bat erregalatzen detsa ume jaixo barri bakotxari. Domina horretan Eibarko armarrixa agertzen da, "zuen umeak bihotzaren ondoan eramango duen ikurra".

Manex irailan jaixo zan, eta atzo jaso genduan udaletxian oparixori, alkatian eskutitz eta guzti.

Aurrekaldian, bai, Eibarko armarrixa. Atzekaldian, barriz, umian datuak: izena, odol-taldea eta jaioteguna. Dan-dana erdera hutsian.

Arratsaldian udaletxera juan nitzan; domiñiori itzuli, eta eskaera-orri bat bete neban, udaletxiari hiru galdera egiten:

  • zergatik jaso dot erderazko bertsiñua?
  • zein da domina honen inguruan udaletxian darabilen hizkuntza politikia?
  • zer egin bihar dot euskerazko domiñia jasotzeko?

Eibarko umien %99,9 euskerazko ereduetan dagoz matrikulatuta, B eta D ereduetan. Udaletxiak baina, daneri erderazko domiñia bialdu.

Gustora emongo neukixo semiari Eibarko armarrixa, "gure umeak bihotzaren ondoan eramango duen ikurra". Garbi dago, baina, udaletxiandako Eibarko ikurra erderazkua dana.

Eibartarren Ahotan fonotekaren aurkezpena

Asier Sarasua 2005/10/03 14:15

Joan zen ostiralean aurkeztu genuen Eibartarren Ahotan proiektuaren azkenengo kontua: Eibarko fonoteka online. Eta pozik nago; pozik eduki duen harreragatik, eta pozik azkenean Interneten ikusten dudalako orain dela ia 10 urtetik buruan darabilgun proiektua: Eibarko euskara eta ahozko ondarea, gure nagusien ahotsa, ondo katalogatuta eta sarean izatea.

Eibarko euskara eta ahozko ondarea

 

Eibartarren Ahotan proiektua 1999ko udan hasi zen martxan eta bere helburua, Eibarko ahozko ondarea jasotzea da: herriko nagusiekin berba egin eta antzinako ipuin eta kontuak bideoz jasotzea. Asmoa, hurrengo belaunaldiei XX. mendearen lehenengo zatiaren bizimoduaren ñabardurak eta alderdi desberdinak zehatz-mehatz, protagonisten ahotan, jasoko dituen ikusentzunezko artxibo eta datu-basea lagatzea, zaletuen gozamenerako eta adituen (filologo, historialari, etnografo zein soziologoen) azterketarako.

Hainbat urte lan honi bultzaka

Horrelako proiektu bat martxan jartzeko lehenengo ahalegina 1997 inguruan egin nuen. Ordurako hainbat elkarrizketa nituen eginda Eibar inguruko baserritarren artean, bai txori-kontuak jasotzeko, bai baserrietako bizimodua, bai lanabesen izenak, edo toponimia jasotzeko. Gure nagusien ahotan genuen aberastasun linguistiko eta kulturalak liluratuta laga ninduen, eta bilketa sistematiko bat martxan jartzea ezinbestekoa zela pentsatu nuen. Bildu, eta ondoren hedatu, telebistaz, edo CDetan... Udaletxean aurkeztu nuen ideia hori, baina ez zidaten jaramonik egin.

Eibarko euskara eta ahozko ondarea

Pare bat urte geroago, kasualitatez, Inem-aren dirulaguntza bati esker, grabazio zahar batzuk transkribatzeko kontratatu gintuzten udaletxean Itziar Alberdi eta biok. Proiektu hori esku artean hartu, eta goitik behera aldatu genuen. Transkribapenak alde batera laga, bideokamara erosi, eta grabazio berriak egiten hasi ginen. Zorionez, Jaurlaritzaren laguntza bat ere jaso genuen, eta hari esker, hiru urtez jardun genuen grabazioak egiten Itziarrek eta biok. Grabazioak egiten, eta jasotako guztia katalogatzen eta lantzen.

Hedapena. Eta nola ez, Internet

Azken bi urteotan Internet izan da erronka, jasotakoa Interneten erakustea, eta azkenean lortu dugu. Itziar Alberdi izan da lan horretaz arduratu dena, eta Codesyntax izan da alderdi teknikoa landu duen enpresa.

Oraindik ere jasotakoaren zati txiki bat besterik ez dago Interneten (500 ordu inguru ditugu grabatuta, eta Interneten %20a egongo da, gutxi gorabehera), baina hala eta guztiz ere, lehenengo urratsa da, urrats garrantzitsua. Eta pozik nago.

Lehenago ere hainbat fruitu eman ditu proiektuak, besteak beste Eibarko Hiztegi Etnografikoa. Baina ostiralean aurkeztutakoa gehiago da. Orain artekoa, azken urteotan egin dugun lanaren zati handi bat, datu-basea eta ikusentzunezko fitxategiak, sarean jarri dira, edozeinek kontsultatzeko moduan, eta batez ere, protagonisten ahotsa entzuteko eta beraien aurpegiak ikusteko aukerarekin.

Atzerapenarekin heldu da gurera, fonoteka horrek, argia ikusi ahal izateko, sekula ulertuko ez ditudan arazo administratibo, politiko, burokratiko eta ekonomikoak gainditu behar izan dituelako, baina azkenean hortxe da.

Orain aurkeztu dena, gainera, lehenengo urratsa besterik ez da. Eibarren hasi ondoren, inguruko herrietako beste ikerlari batzuekin elkartu ginen, eta laster izango dugu prest Deba Ibar osoko fonoteka. Mutrikutik Gatzagaraino hitz egiten ditugun hizkeren ahozko artxiboa. Badihardugu Euskara Elkartea arduratu da proiektuaz, eta ondo bidean, udazken honetan bertan aurkeztuko dugu.

Eibarko proiektuaren inguruko informazio guztia Egoibarraren webgunean

Eibarko euskara eta ahozko ondarea

Beste zenbait komunikabidetan ere aipatu dute aurkezpenaren kontua:

 

Argazki gehiago beste orrialde honetan eta flickerren.

Argazkiak Jose Valderreyk atera zituen. Eskerrik asko, Jose.

Tripaki-laiñuak eta Eztul-haixiak

Asier Sarasua 2005/09/26 10:42

Webgune honek amatasun bajan jarraitzen dau, baina tartetxo bat hartu dot Serafin Basaurik bialdutako berba batzuk ekartzeko.

Trunboik bere amari jasotakuak dira. Pooolittak!

TRIPAKI-LAINO

Ipar-laiñuak, baina goi-goikuak, trunboian aurretik datozenak.

Elexpuruk: (Antz., Ang) "Los cirros (nubes)"

Mugicak, "cirrus": ipar-odai (G), ipar-arraka (B), ipar-zelai (B), ipar-zeroi (G), edoi-argal, ipartzeroi.

Azkuek, ipar-laiño (B-l), ipar-lauso (B-mond), nubes precursoras del viento nordeste; TRIPAKI (2º) (B-i-m) nubes precursoras de vendabal, su forma es de terreno layado.

EZTUL-HAIXE

Eztarriko pikorrak-edo eragitten daben eztul ganorabakua.

Azkuek, EZTUL-AIZE (B-m) tos nerviosa; AIZE-EZTUL (b-Oñ) tos nerviosa.

Eibarko euskarak zenbat hiztun?

Asier Sarasua 2005/07/18 10:22

Lehengo egunian Amatinok galdetu zestan ia gaur egun zenbat hiztun eukiko dittuan Eibarko euskeriak; ia gure euskalkixak sekula horrenbeste hiztun euki dittuan.

Galdera zaila, baina denporia pasatzeko numero batzuk bota dittut, eta esango neuke gerra aurrian Eibarko euskeraz berba eitten zebenak gaur baino gehixago zirala.

Gerra inguruan Eibarrek 11000 biztanle zeukazen, eta %90 inguru euskalduna (baitta %96-98 be). Guztira: 10000 euskaldun inguru. Bota deigun %20 inguruko herrixetakua zala: 8000 hiztun eibarreraz zekixana. Bota deigun oindiokan gitxiago zirala: 6000-7000. Hori esatia ez dot uste astakerixia danik.

Gaur egun (2001eko datuak), 10000 euskaldun (9000 euskaldunzahar) dagoz Eibarren (5 urtetik gorakuak). Seguru asko, datuak puztuta egongo dira. Ez dot uste %80-85 eibarreraz berba eitteko kapaza izango danik. Euskeria eskolan ikasittako ume guztiak sartuko dira datu horretan, eta gehixenak sasi-batuan eitten dabe berba (nere loiben artian entzutzen dotena, behintzat, ezin da esan euskalkixa danik).

Gaur egun, benetan eibarreraz berba egingo dabenak (ondo edo txarto)... 3000? 4000? Auskalo, baina askoz gehixago ez gara izango. Egixa da Eibartik kanpora be jende asko juan dala, eta horrek gehittu biharko zirala, baina nekez helduko da gerra aurreko 6000-7000 lagunera.

Hau guztiau, jakina, realidadetik oso hurrian egon leike, baina baitta oso urrin be.

Goiko datuak ezertarako ez dabe balioko, baina zeozekin bete bihar blog hau, urtebete bete daben egun honetan. Zorionak Eibar.org-ko blog komunitateko blogari guztieri, urtebetetxo bat bete dogu eta. Holan hasi zan dana.

-DUN atzizkia Eibarren

Asier Sarasua 2005/07/15 14:03

Eibarren erabiltzen dittugun atzizkixen artian -dun da emmonkorrena. Sarri erabiltzen dogu, testuinguru eta berba askokin, eta gainera bizi-bizirik dago berba barrixak sortzeko.

Bi modutan erabiltzen dogu. Batetik, pertsona, gauza edo animalixa baten ezaugarrixa adierazteko. Esate baterako:

Abarkadun (baserritar), ahaldun, ajedun, atzamardun, hagindun, bizardun, bibotedun, berbaldun, buztandun, dirudun, eskoladun, euskaldun, erdeldun, fededun, hegodun, kopetadun (chica adolescente), koskordun, kulpadun, sinisdun...

Horretaz gainera, beste berba multzo bat sortzeko be balio dabe: lanbidiak. Beste inguru batzuetan -zale atzizkixa erabiltzen dabe horretarako (kamioizale = camionero), baina Eibarren, inguruko herri guztietan moduan, -dun atzikixak eitten dau lan hori.

Hamentxe adibide batzuk:

AHUNZDUN: cabrero
ANGULADUN: angulera
ARGIDUN: encargado del servicio de suministro de luz
ARRAINDUN: distribuidor de pescado
ARTODUN: repartidor de borona
ASTODUN: borriquero
EGURDUN: maderero
ERROSKADUN: rosquillero/-a
ESNEDUN: repartidor de leche
EZTIDUN: vendedor de miel
GANAUDUN: ganadero
GAZTAIDUN: vendedor de quesos
HAREDUN: arenero
IKAZDUN: carbonero
IZOZDUN: hielero
KAMIOIDUN: camionero
OILLARDUN: preparador de gallos de pelea
TAILLARDUN: industrial
TXARRIDUN: tratante de cerdos
URREDUN: vendedor de oro

Beste mordua be izango dira.

Ordenanza Municipalac Eusqueras, Elecinuetaraco

Asier Sarasua 2005/07/13 10:42

Izenburu hori daramate 1754-1758 urteen bitartean Eibarko udaletxean erabili ziren ordenantzek. Sintaxi eta gai korapilatsua ditu; grafia eta idazkera ere ez oso zainduak. Hala ere, Eibarko euskararen azterketa egiteko oso testu erabilgarria da, eta adi-adi irakurriz gero, hainbat harribitxi aurkituko ditugu zuzenbidetzeko testu katramilatsu honetan.

Lan honen azterketa sakona Imanol Trebiñok egin zuen (Administrazio zibileko testu historikoak, HAEE-IVAP, 2001), eta azterketa hori Eibar.org webgunean bertan ere badago kontsultagai, materixala.

XX. mendera arte euskaraz sortu ziren udal ordenantzak oso gutxi izan ziren, dozena erdi eskas, eta Eibarko hau da guztien artean zaharrena. Gainontzekoak (Goizueta, Bera, Tolosa eta Usurbil), XIX mendekoak dira. Hori dela eta, testu honek garrantzi berezia dauka.

Hona hemen testu osoa:

Ordenanza Municipalac Eusqueras, Elecinuetaraco

  1. - Jaunac, en resumidas cuenttas, onec esan gura dabena da, ze estteila izan inorbere atrebiduba, da adelantauba, elejizera, Alcateric personaric, seiña baitta espada persona onrrauba, Idalgua Aberaza, da Erraizac daucasana, da guison Abonauba da oficio Charric esttaucana, baita bere estteila izan oficialic edo oficialeric soldau danic, Erregue maggesttariaren errejimenttuban serbizen dabenic estta bere Idacortten da escribizen esttaquichanic, eta bardin Jottenbadau, alacoric, izango dabela, vimilla marabidiren multia, da Jaquinda egondella.
  1. - Baitta bere errico alcatiac esttaichala permitudu eguittia execucinoric bere flogedades Dattozanian Juezac Campoetatic, inor arzera bere Jurisdiccinuan, ó pezquisa eguitera edocem bere persona, ya Cedulequin, ó probisinuequin segatic lelengo biardabe izan insttrumenttubones exhaminaubas, Juntan, ó Dipputtacinuan, da emonbiar Jaquiela, uso correspondizen dan legues, da Aguinzendanlegues bigarren Leguiac Provinciaco Fueruac, seina baitta esatten daben legues ttittulo ogetta bat garrenac.
  2. - Baitta bere Alcate Ordinarichua Errigustietacuac Escribauric ilttendanian eguinbiardabela, Alcatte Jaunac, Imbentaricho barricha, Numerichan Dagozan erregistruena, gustiena, da Papel sueltto gusttichena, Escribauba Ylorduco baldin numerala bada, etta imbenttarichuau, acabau deinian beriala, da demporaric galdubaga, Alcatte Jaunac, bialdu daichala ttesttimonio bat Diputacinora, da baldin eguiten espadau izango dabela multtia, Alcatte Jaunac, da erregidore Jaunac, berroguetta amarna ducat bacochac.
  3. - Baitabere Electtoriei oz eguiten deuzenei Eleccinuetaraco Alcatte Jaunac Elecinua eguiteco, edo nombramenttua Alcatiac, Errejidoriac, sindicubac eta bestte errico empleo gustiac urtebarritic aurrera, yzanbiacodabenac, eguiten badabe Elecino Charric, eta onec izatten badabe, quiebraric, edo Jatten baditube errico errenttac, Electtoriac, eurac Yzanbiacodabela fichadore, da Abonadore, da pagau izan biaco dabe la aren faltta gustichac Zergaitterren, Errichac esttabela biar perjuicioric, es quiebraric da esttabela Pagauco, electtoriaren Culparic, berac baiño da Conttuban egonditiala.
  4. - Baitta bere Justticia, errejimenttu gusticha egon deella Conttuban da cuidado eguindaichela, baita procedidu bere Jitanuen bagamunduen, da pecattu Publicuan dabilzanac Jangoicuan bildurbaga, Baita bere amenzebaubac, izanditiala Castigaubac etta desterraubac.
  5. - Baitta bere Alcatte Jaunac daucala faculttadia moradore gustiac erritic bottazeco, urte bette yrago esquero baldin presenttazen esbajaco bere noblecia, ó Ydalguicha, eguina Provincian usazen daben legues etta lenagotic egonesquero nottificautta edocein bere Alcate Jaunec.
  6. - Baittabere erricodan Alcatte Jaunac esttayala permittidu personai esconzettara Juatteric, yrugarren graduban haide esttanic, etta contu izandeiquiala beguiracia esconsac diranian espaere multauba izangodala.
  7. - Baita bere egon della Conttuban Justticia, Errejimenttu gustticha estteila nombrau escribauzatt, habaderen semeric verrogeitta amar ducatten penan bacochac.
  8. - Baittabere Justticia rejimenttubac errichan izenian esttaychala arttu diruric Censora mottibuac, da prettesttuac daucasala pensauaz estta necesidade andiric, da urgenciaric baleuca bere Conzejubaren izenian faculttade errialbaga, da bardin onela attrebimentturic arzen badabe procediducodala persona onen Conttra rrigorosamente Leguiac aguinzen daben leguez, etta eguingodala onelaco Censuaren Erredencinua Alcatte Jaunaren, Errejidoren, etta sindicubaren haciendettatic, da erri noblea, hizangodala libre da exempto onelaco Censuettatic.
  9. - Baitta bere Justticia, Errejimenttubac, esttaychala permittidu plaza publicuan tambolinic, es attabalic, es fiesttaric Jai quendu, da reformautta dagozanettattic, Aitta santtubac quendutta Daucasanac.
  10. - Baitta bere Justticichac procurau Daichala cuidado etta vigilanci andicharequin Casttigazia erregueren conttra dabilsanac, contrabanduan tabacuac pasazen Gastelara, Erregue Magesttariaren interes errialaren Conttra, eta onec, dauquezala señalauta pena andichac, Casttigubac, ala Consejo realac ifinita, baitta bere gure Provinciac Decretto, etta cedula errial ascottan gueure oneraco, baitta bere galdu esttittian gueure Ama Provinciacuan fueruac seina baitta combeni Jacusan, gueure liberttaderaco, da Pechupian es egotteco.
  11. - Baitta bere esttaychala permittidu Justticiac arzia da usazea tabacua esatten deuzena rapè franciacua ceiña batta daguan debecauta Gueure, Erregue ganic, bost eun ducatten multtiaren Azpichan da esttablecidutta dagosan penen beian da izatteco onelaquac desterraubac errochonettatic.
  12. - Baitta bere Justticia Jaunac Probinciaco errigusttiettacuac bialdu daychela urttebarrico Ylian, ceina baitta usttarrilian urttegusttiettacuan ttesttimonio originala errico Conttu municipalettacua gasttelaco Conseju Errialera, da erregue Magesttariaren escribau nauci Camaracoaren escubettara berroguetta armar milla marabidiren penan, da ostteruncian izangodala gueure erregueren Casttiguba, ó Gracicha bere vorondattera.
  13. - Baitta bere Justticiac procurau Daichala, obserbau eraguitia gordecia falttabaga Correxidore Jaunac emoeban auttuba Arratteco fiestten gainian, baittabere Provinciaco Decrettuan gainian seinettan Conttenizendan debecacia Cazia, etta Pesquia Multta andichen gainian, da presentte euqui dayela astubaga.
  14. - Baitta bere gorde Deila Cumplidu da ejecuttau esatten daben legues gauza gusttian orainengo Auttuba Probidenciettacua bere oguetta amasaspi Capittulubequin probeiduba gure Correjidore izanzana Provincia onettan Dn Pedro Cano Mucientes, baitta bere gueruago ettorri izandiran Decretto Errialac.

Gure Alfonsina. Maria Magunazelaia txirrindularia

Asier Sarasua 2005/07/12 09:40

Maria Magunazelaia, 1929an karrera bat irabazi ostean Gaur be artikulo zoragarrixa laga desku Julen Gabiriak beran blogian, Alfonsina Morini txirrindularixaren historixia. Gizonezkuen artian 1924ko Girua korritzen ahalegindu, eta gizonezkuak baino hobia zalako, karreraritik bota zeben emakumia.

Gure herrixan be euki genduan gure Alfonsina. Maria Magunazelaia jakon izena. Euskal Herrixan bizikleta-karreretan parte hartu zeban lehelenguetariko andrazkua. GAC, Orbea eta BH taillarrak herrixan bertan eukitta, ez da harritzekua.

Oin dala hiruzpalau urte ...eta kitto aldizkarixan kaleratu neban artikulu baten zatitxo bat berreskuratu dot, eta honaxe ekarri.

Maria Magunazelaia "Maoma"

Maria Magunazelaia Iturrioz 1904ko abuztuaren 18xan jaixo zan Ermuko San Lorenzo auzuan. Aitta, Juan Magunazelaia, Zugastieta ingurukua zan, baiña Ermuara etorrittakua torlojo-taillarra ipintzera. Adari-jokuetan asko ibilittakua zan eta "Maoma" gatxizenaz ezagutzen zeban jendiak. Hortik heldu jakon Mariari be izenori. Maria aittakin hasi zan biharrian gaztia zala, eta gerora kartutxuak egitten zittuan Matsariko Thieme-Edeler lantegi alemanera pasatu zan.

Maria kirolari amorratua zan eta gazte-gaztetatik hasi zan kirola egitten, gehixenbat CDE-kin mendira juaten. Beran anaiak GACen egitten zebenez biharra, bizikletia jirau eta berihala hasi zan bizikleta gaiñian ibiltzen. Inguru guzti honetan lehenengo andria izan zan, eta Euskal Herri osuan be lehenenguetarikua. Oso gitxi ziran sasoi haretan (1925-1930 inguruan) txirrindulan zebizen emakumiak, eta sarri entzun bihar izaten zittuan Maria Maomak “mari-mutil” deitzen zetsenen barriak. Emakume gogorra, ez zan larregi larritzen eta berak txirrindulan ibiltzen jarraittu zeban. Gipuzkoa eta Bizkaian antolatzen ziran karreretan hartu zeban parte, eta baitta batzuk irabazi be. Anaiak, Eusebio Magunazelaiak, bizikleta-dendia euki zeban Isasi kalian. Bizikletak alkilatu eta konpontzen zittuen bertan. Lasterketa batzuetan be hartu zeban parte, baiña gehixenbat Isasi kalia atzeruntz igotzeko zekan artiagaittik gogoratzen dau jendiak.

Gerra ostian, 40 urtetik gora zekazela, alde batera laga zeban bizikletia, baiña lehelengo motorrak agertu ziranian Eibarren, sarrittan ikusten zan Maria Lanbretta gaiñian jarritta. Mendizaletasuna be beti gorde izan zeban. Angel Markanorekin ezkondu zan eta seme bat euki zeben, Roberto Markano Magunazelaia. 1957. urtian Madridera juan zan eta hantxe bizi izan da, 2000ko irailan 96 urte zekazela hil zan arte.

Argazkixa, Egoibarra.com.
Maria Magunazelaiak Eibarko Club Deportivoari eskainitako argazkia, 1929ko urria.

Euskal blogosfera baso bihurtzen

Asier Sarasua 2005/07/11 09:35

Texone.org webgunean aurkitu dut aplikazio hau. Zure webgunearen helbidea eman eta webgunearen orrialdeekin zuhaitz itxurako irudia marrazten dizu. Hori ez ezik, zure webgune "lagunen" zuhaitzak ere jartzen dizkizu alboan, zuhaitz bakartia baso bihurtuz.

Euskal blogosferaren basoa

Eibar.org atari honekin egin dut proba, eta hona hemen Texonek marraztu didan basoa: "euskal blogosfera". Ez galdetu nola egiten duen, baina hortxe aurkitu eta marraztu dizkit Eibar.org blog-komunitateko blogak (Mendigreen, Teknosexua, Etiam, eta beste guztiak), Goiena.net blog-komunitate osoa, IKTeroak, Sustatu, eta gainontzeko guztiak. Ezkerreko haritz tantai luzea Goiena.net da, eta eskumako pago inausi txaparrotea Faroa, eta atzeko lizar lepaluzea Sustatu.

Honezkero, euskal blogariak ez gara basamortuan galdutako zuhaiska galdu eta soilduak, enbor zabal eta ostotsuz betetako zuhaitzak gara, baso ederra sortu dugu, eta oraingoek ematen duten gerizpean datozen urtaroetan ere jaioko dira kimu berriak, euskararen baso hau edertzeko eta ugaritzeko. Ernetuko dira gorostiak eta ezpelak, otsalizarrak eta ereinotzak, intsusak eta kuku-frakak; etorriko dira txori berriak eta subilandarak, satanderak eta lepazuriak, azkonarrak eta basahuntzak; sortuko da euskal blogosferaren zuhaizti aberats eta anitza, kolorez betea, usain ezberdinez josia.

Arola, sopiña, elkorra eta ziriña

Asier Sarasua 2005/07/07 09:30

Madalenak Nere ama sukaldari ona da. Ona ez, zoragarrixa. Arzak eta Subijana ez dittut ezagutzen, baina ez dot uste sukaldaritza gehixago maitteko dabenik, eta sukaldaritzan horrenbeste denbora egingo dabenik. CanalCocina, TB programak, dozenaka liburu, bideo-koleziño guztiak... Beti dago jateko barrixak eitten, eta gozo-gozua urtetzen detsa danak.

Neri be pixkat gustatzen jata sukaldian jardutzia, eta denbora dexente pasau dot berakin sukaldian, koziñatzen ikasten, eta berbak ikasten. Sukaldaritzako berba mordua erabiltzen dittu; edo hobeto esanda, sukaldaritzan erabiltzeko modokuak. Euren artian, hónetxek etorri jataz gaur burura: sopiña, arola, ziriña eta elkortu.

Nere amak askotan esaten dittu holakuak:

Bizkotxuan sekretua mantekilliak daka, ezin da hotz-hotza egon, eta ezin da guztiz urtuta egon. Hori ondo eginda, normalian arol-arola (esponjoso) urtengo detsu; bestela, askotan, sopiña (apelmazado).

Eta leka patatak egun batetik bestera neberan egon eta gero:

Lekak onak dagoz, baina patatak elkortu ein dira (lehortu, gogortu).

Eta Maddiri puria eitten dihardudanian:

Botaixozu berdura gehixago, bestela ziriña (ariñegixa, urtsua) geldittuko jatzu, eta Maddiri senduagua gustatzen jako.

Txikittan ikasittako berbok, neretzat sukaldiakin eta jatekuekin lotutakuak izan dira beti, baina jakiña, beste dozenaka testuingurutan be erabiltzen dira, gerora ikasi doten moduan. Gehixenbat basarriko lanetan.

>>>arol Zentzu onian edo txarrian erabili leike arol berbia.
(1) esponjoso, blando, poroso. Erab. Zentzu onian, pastel arola, biguna, gozua. Baitta lur arola (labratzeko gozua, harrua), edo animalixa arolak (maittagarrixak eta uletsuak, konejuak eta bildotsak, esate baterako). Ant. sopin.

(2) hueco, fofo, superficial o de poca densidad. Erab. Zentzu txarrian: ogi arola (larregi pustu eta mamiñik ez daukana). Baitta, fruta arola (itxura ederra baiña gusto eta ur gitxi), berakatz arolak (zahartutakuak) edo persona arola (kanpolarrosia).

>>>sopin apelmazado; tierra húmeda y embarrada. Lur humel eta gogorra, lokaztutakua. Baitta ogixan mamiña, pastelak eta bizkotxuak gogorrak eta umel-tankerakuak diranian. Ant. arol.

>>>zirin 1 fluido, poco espeso; aguado.
Morokill hori ziriña dago, arto-urun gehixago bihar dau.

>>>zirin 2 Excremento de ave.
Etxostia ziriñez beteta dago, eta garbittu bat bihar dau.

>>>elkortu secar(se), endurecer(se). Ald. elkartu, alkortu. Erab. Elkortu egitten dira bai jateko batzuk (patatak, gaztaiñak...), bai lurra.
Gaztainak lokotz barik gorde ezkero elkortu eitten dittuk segiduan; alperrik galdu eitten dittuk. Guk beti oskol eta guzti gordetzen genduazen ganbaran eta 3-4 hillian onak egoten zittuan (JE).

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz