Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Euskara ala Lingua Navarrorum?

Euskara ala Lingua Navarrorum?

Asier Sarasua 2005/12/19 11:08

Barre eta negar pixkat egin genuen joan zen astean albiste honekin, gida-baimen probisionalaren euskarazko testuarekin: "Bailio balio du gidatzeko baimen baliogarria izateko identifikazio agiriren.".

Itzulpen negargarri horren inguruan gauza gutxi daukat esateko, baina bada gida-baimen horretan beste kontu interesgarri bat: euskara, katalana eta galegoaren alboan, balentzianoa ere agertzen dela.

Azken urteotan guda politiko-linguistiko handia egiten dihardute Valentzia aldean, beraien hizkera eta katalana ezberdinak direla azpimarratzeko. Nola nahastu bata eta bestea? Mesedez! Hizkuntza bien arteko berdintasunei (%95) muzin egin, eta txikikeria bereizleei eman diete garrantzia. Norbere hizkera jaso eta bultzatzea ez dago txarto, jakina, baina gerra honetan arrazoi filologikoak popatik hartzera bota dituzte, eta politika nagusitu da. Arazo historikoa da, baina Aznarren agintalditik izugarri indartu dena.

Aspaldi daukat susmoa, Nafarroa aldean ere antzeko zerbait bultzatu nahian dabiltzala. Oraindik ere xuabe-xuabe, baina bidea horixe dela iruditzen zait. Nabarmena da Nafarroako gobernuak azken urteotan euskarari bizkarra eman diola: erakundeetan, herri mailan, hezkuntzan, komunikabideetan... Euskal Herri mailako ekitaldi eta proiektuetan ere, beti ezetza: Euskaltzaindiari, Eusko Ikaskuntzari, UEUri... Euskara batua edo gainontzeko herrialdeak tartean dauden bakoitzean, bizkarra euskarari.

Baina horren ondoan, Nafarroako hizkerak jasotzeko, aztertzeko eta bultzatzeko sekulako lana egiten dihardute. Sekulakoa. Herri mailako eta eskualde mailako hainbat lan bultzatu dituzte, monografiak kaleratu, Nafarroako euskararen fonoteka sareratu... Beraien ezaugarri linguistikoak jaso eta hedatzeko lan estimagarria, pozgarria, beste lurraldeetan egin dutena baino handiagoa. Zorionak Nafarroako Gobernuari.

Diodan gauza bakarra, baina, horixe da, ea urte batzuk barru, ez ote diren hasiko esaten, "como ya decían los primeros historiadores, en Navarra nunca se ha hablado vascuence, sino Navarro, el lingua navarrorum". Larri ibili. Castelló eta Tarragona baino urritiago daude Ultzama eta Urretxu.

etiketak: Euskara
Xabito
Xabito dio:
2005/12/21 11:09

Aupa Asier!

Ez dakit nik Valentziako egoerara helduko ete garen, uste -espero- dut ezetz, gurean beti egon delako hizkuntzaren ageriko batasunaren kontzientzia handia, eta ez dugulako izan arazorik hizkuntzaren beraren izenarekin, batasunak izan dituen oztopoak gorabehera.

Hala ere, ez pentsa horren antzeko saiakerarik ez dagoenik, batez ere euskararen eredu batuaren kontrako erasoen itxurapean; gogoan dut duela urte pare bat edo hiru urte, Iruñeko zinegotzi batek bere kezka azaldu zuela lehiaketa literario batera aurkeztutako lanak euskara batuan zeudelako. Ez zen hori, antza, Iruñean erabili beharreko euskara, baizik eta Elkanoko Joakin Leizarragak erabiltzen zuena, Iruñerriko euskara jator-jatorra, nafarra eta ez baskoa.

Hain zuzen ere eurek eta euren aurrekoek urte luzez mespretxatu zutena, lurretik ezabatu arte.

Eta seguru nago beste adibiderik egongo dela.

Ondo ibili!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz