Juan Carlos Perez udaberrian
Amarekin telefonoz hizketan abiatu nintzen ostiral arratsaldean Igeldorantz. Arnasestuka maldan gora, 50 bat minutuz egon nintzen berbetan.
Amaitu nuenean, telefonoan nituen audioei erreparatu nien. Lizardiren baratza saioan ikusia nuen Padronek Itoizeko liderrari dedikatutako saioa.
Sarrera hauxe:
«Udaberriaren etorrera irratsaio berezi batekin ospatu dugu: Juan Carlos Perezen musika bitala eta istorio zoragarriak».
Hasi nintzen ba saioa entzuten eta hamaikagarren minutuaren bueltan Juan Carlos bera entzuteko parada izan nuen Itoizen agurrari buruz (gogoratu 1978an hasi eta 1988an amaitu zela XX. mendeko euskal musikaren erreferente den taldearen ibilbidea; bide batez, Kortatu ere urte horretan bukatu zen). Ordukoa, 1988koa, da bi minutu eskaseko audioa.
«Bueno nik esango nuke honaino ailegatuz gero, ezin dugu(la) musika utzi. Esate baterako, akordatzen naiz gure lehenengo diskoa grabatu genuenean, justu atera zela diskoa eta taldea desegin zen. Orduan ez betirako, porlovisto, gero hasi baikinen berriz Ezekielekin eta. Baina orain bai, orain ia 30 urterekin jada ezin dugu utzi musika, baina bakoitzak hartu behar du bere bidea eta, batez ere, arnasa hartu Itoizen rollotik; ez da izan hainbesterako luzea, baina izan dira bederatzi urte nahikoa intentsuak, beti hor, intentsitate horrekin, jotzen eta ematen du bizi osoa daramagula jotzen. Foisis, esate baterako, oso enrollatuta dago kontrabaxuarekin eta musika klasikoarekin; ni ere pianoarekin eta beste lan txiki batzuekin ari naiz, pentsatuz urte hau de maniobra izango dela, ez? Gero ikusteko zer egiten den. Jimmyk ere bateriarekin jarraitzen du jotzen hortik. Dena dela, badakigu jada ezin dugula utzi musika eta barruan sartuta geldituko garela. Zorionez edo zoritxarrez. Ez dakigu.»
Ez nuen inoiz zuzenean ikusi Itoiz, baina gogoan dut Juan Carlos Perezek Hiriko istorioak diskoaren biran Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan emandako kontzertua laukote edo boskote formatuan.
Goiko aldean badu aretoak balkoi edo palko moduko bat eta hantxe jarri nintzen, seguruenik berandu iritsi nintzelako.
Kontzertuarekin gozatzen ari nintzen bakar-bakarrik. Halako batean, atea zabaldu eta gizon bat sartu zen. Aldamenean jarri zitzaidan. Mikel Laboa zen gizon hura.
Mikelek entzundako lehen kanta amaitu eta komentatu zidan: «Oso grabe entzuten da. Oso grabe». Nik buruarekin baietz esan nion. Beste behin ere antzeko komentario bat egin zidan. Lehen eta azken aldia izan zen Laboak zerbait esaten zidala bere bizitza osoan.
Handik pare bat urtera, 2008an, tamalez hil egin zen eta nik Mikel Laboa palkoa jarri nion balkoi hari. Esan zidaten ohikoa zela gustuko kontzertuetan sartzea eta toki hartan esertzea.
Udaberrian zazpi urte beteko ditu Dabadaba aretoak. Makina bat kontzertu antolatu dituzte bertan. Ospakizunen artean, atzo eta gaur, martxoak 27 eta 28, hiru pase egingo ditu Chill Mafiak. Badakizue mixtape-a argitaratu berri duela Iruñeko bandak eta horrek astindu egin duela euskal eszena. Reggae, punk, trap, euskal kantagintza tradizionala, autotune-a.
Atzo eguerdian ikusi nituen eta arrakasta lortuko dutela uste dut: ezagutza badute, lana ere badago atzean eta jarrera soberan.
Chill Mafia Dabadaban. Ezagutza, lana eta jarrera dute. Arazo teknikoak egon badira ere, lehen showa zuten, publikoarekin konektatu dute hasiera-hasieratik. Jende gazte asko, neskak eta mutilak. Urte arraroa da, baina dena dute arrakasta lortzeko.
— Mikel Iturria (😷) (@iturri) March 27, 2021
Urteurren tristea orain. Datorren astean, hilaren 31n, beteko da Rafa Berrioren heriotzaren lehen urteurrena. Ernest Lluch Kultur Etxean erakusketa bat antolatu da (Yo ya me entiendo. Rafael Berrioren paradoxak) eta hainbat ekitaldi osagarriren berri ere emango da (jada aurreratu zen bi kontzertu egongo direla Victoria Eugenian maiatzaren 19 eta 20an: Rafa in memoriam).
Amaitzeko, Juan Carlosen hitzak errepikatuko ditut «badakigu jada ezin dugula utzi musika eta barruan sartuta geldituko garela. Zorionez edo zoritxarrez».
Padronek zorionez dio irratsaioan. Amen.
Juan Carlos Pérez en primavera, este apunte en castellano.
Rambal, transformista bat Xixongo imajinarioan
Rambal, un transformista en el imaginario gijonés, este apunte en castellano.
Goiko deskribapena gaztelaniazko Wikipediatik hartu eta egokitu dut.
2020ko irailean entzun nuen goiz batez Espainiako Radio 3 irratian Rambalen istorioa. Ez nuen ezagutzen.
Duela gutxi pasadizo harekin gogoratu naiz Rodrigo Cuevasen Rambalín kanta entzun dudanean.
Manual de Cortejo izeneko albumean plazaratu zuen 2019ko abenduan Cuevasek Raül Refree-k ekoitzitako diskoan. Abestian Coro Minero de Turón-ek hartzen du parte, baita La Tarabica izeneko pertsona batek ere. Azken honen kasuan kontakizun bat da, AFOHSA-tik hartua; hots, Asturiaseko Historia Sozialerako Ahots Iturrien Artxibotik.
Esan bezala, Alberto Alonso Blanco (Rambal) izeneko profila dago Wikipedian, gaztelaniaz zein asturieraz. Lehena bigarrena baino osatuago dago une honetan bertan.
1928ko maiatzaren 29an jaio zen Xixonen eta bere bizitza Cimavilla auzoari lotuta pasa zuen. Arrantzale giroko auzoa, baina baita prostituzio eremu ere, goizetan auzoko emakumeak laguntzen zituen eta gauez transformista gisa aritzen zen. Homosexuala izaki, aktibista gisa ere ezaguna zela diote.
1976ko apirilaren 19an hil zuten, 47 urte zituela, malamaneran, etxean bertan. Hura hil ondoren, su eman zioten etxebizitzari. Suhiltzaileek botatako urak zein poliziaren garai hartako metodo eta tresna eskasek krimena argitu gabe utzi zuten. Egun berdin jarraitzen du.
Xixongo imajinarioan oso presente dago oraindik ere. Wikipediako orriari errepaso bat ematea besterik ez dago:
- 1986an, Vicente García Oliva idazleak L'aire de les castañes liburuan jorratu zuen Rambalen bizitza eta erailketa.
- 1999an, Eva Lesmes gidoigileak gidoi onenaren Pilar Miró saria irabazi zuen García Olivaren liburuaren egokitzapena egiteagatik. A simple vista zen gidoiaren izena, baina ez dut topatu filma gauzatu zenik.
- 2016an, Miguel Barrero idazle eta kazetariak gauza bera egin zuen La tinta del calamar. Tragedia y mito de Rambal liburuan. Elkarrizketa hau irakurri, nahi baduzue.
- 2018an, Pilar Sánchez Vicente idazle eta historiagileak Rambal aipatu zuen Mujeres Errantes liburuan.
- 2019an, Diego Medrano idazleak El raro crimen de Rambal nobela argitaratu zuen.
- 2019an, Pablo und Destruktion-ek Rambal aipatu zuen Gijón kantan. Zalantza daukat orain ez ote zen musikari hauxe bera Radio 3-n entzun nuena pasa den irailean.
- 2019an bertan, José Fernández Riveiro zinemagileak Si yo hablara dokumentala egin zuen. 20 minutu irauten ditu eta Filminen dago ikusgai (Rambal izenarekin topatuko duzue).
- 2020an, hilketaren urteurrenean, Rodrigo Cuevasek Rambalín en cuarentena jarri zuen sarean. Mapi Quintana, Rubén Bada, Tino Cuesta eta Juanjo Díaz musikariekin batera grabatu zuen, bakoitza bere etxetik (itxialdi beteko garaia zen).
- Bertsio hau entzun aurretik, esan dezadan 2020an zehar Asturiasko kultur munduko hainbat izen esanguratsuk eskatu zutela Xixongo La Tabacalera guneari Rambal izena jartzea. 2023an da zabaltzekoa.
Eta honaino Rambal gogoratzeko idatzi nahi nuena. Gugan bego!
Eskatzea libre baita
Martxoak 12, ostirala.
Gaur urtebete hartu nuen taberna batean (Artikutzan) azken zerbeza (zuritoa, oker ez banago) itxialdiaren aurretik.
13:45. Irungo txertodromoa. Amak hitzordua du lehen dosia hartzeko Elizatxoko auzo elkartean.
Etxetik oinez joan gara. Hainbat kontu aipatu dizkit: etxe honetakoak honelaxe, hango haiek halaxe, hirugarren bat halakoxe... Jende asko ezagutzen du.
Iritsi gara txertodromora. Toki umela da eta haizea dabil, gainera.
Sartu aurretik hiru aste barruko hitzordua eman digute. Ondoren, ama barrura eta ni beste aldera bidali naute, itxoitera.
Ordu laurden egin dut zain. Bera bezala txertoa hartu duen hainbat lagun eserita dago denbora-tarte hori noiz pasa.
Hamabost minutu pasa ondoren, eta sintomarik ezean, bakoitza etorritako bidetik abiatzen da. Berriro oinez etxera.
Martxoak 13, larunbata.
Rüdiger ikustera Dokara. 60 lagunentzako tokia du orain kafe antzokiak. Denak eserita. Ez dago trago bat hartzeko aukerarik.
Felix Buff bateria-jotzailea bakarkako lehen diskoa aurkeztera dator. Johannes anaiarekin grabatu du etxean. Instrumentu guztiak Felixek jotzen ditu. Zuzenean gitarra akustikoa soinean, alboan Joseba Irazoki duela. Kontzertu laburra eskaini dute. Doinu lasaiak, melodiak, zarata gutxi... Dena oso minimalista. Azken kantarako beste bi musikarik ahotsak egin dituzte. 30 segundo grabatu ditut.
Rüdiger-en bukaera. 50 minutu @DokaAntzokia-n. Abesti lasaiak, melodiak, ahotsak, gitarrak. Aldamenean @JIrazoki. Azken kantan bi ahots gehiago (barka, baina ez naiz izenekin geratu). Felixek berak egin du gaurko traola: #alegríaypandemia pic.twitter.com/quc7V5zidm
— Mikel Iturria (😷) (@iturri) March 13, 2021
Felixek aipatu du gauzak ondo bidean aukera egongo dela laster diskoa zuzenean bandarekin aurkezteko.
Kontzertuaren ondoren bi hitz gurutzatu ditut beraiekin. Irazokik aipatu du diskoa grabatzen ari dela lagunekin (Joseba Irazoki eta lagunak). Agian kanturen bat kaleratuko du uda aurretik, baina seguruenik lan luzea udazkenean plazaratuko du.
Aspaldi ez nituela Ion Martinez Txiki eta Jon Iraundegi ikusten. Pena taberna itxita egotea, baina soilik kontzerturako zabaldu dute aretoa. Udalaren laguntza txiki bat dago, Dkluba zirkuitua medio, baina ondo etorriko litzaiguke AHTan (alferrik?) gastatzen den diruaren zati bat horrelako zirkuituak ongi hornituak egoteko.
Eskatzea libre baita.
Martxoak 14, igandea.
Goizeko 7:00ak pasata esnatu naiz. Aldamenean dudan irratia piztu eta SER katean La hora extra izeneko saioarekin egin dut topo. Marta García Miranda da aurkezlea eta ezagutzen ez dudan Angélica Liddell antzerkigilea elkarrizketatua.
Aquí tenéis la entrevista a Angélica Liddell en #LaHoraExtra, una conversación emocionante sobre escritura, orfandad, el trabajo como consagración, su visión del feminismo y sus nuevos proyectos, uno de ellos con otro grande, Rodrigo García.https://t.co/OtsORsm8w3 vía @La_SER
— marta garcía miranda (@guapapasea) March 14, 2021
Marta gutxitan entzun dut. Angélica ez dakit nor den.
Elkarrizketan zehar jakingo dugu ia bost urte pasa dituela adierazpenik egin gabe eta entzuten ari garena aurrez aurre egindako lehena dela (El País egunkarirako egin baitu beste bat, baina bertan bidalitako galderak idatziz erantzun ditu).
Aspaldi erabaki zuen Frantziara joatea, baina ez dago garbi zergatia. Han askoz ere gehiago errespetatzen dutela sortzaile gisa.
Gurasoak hil zitzaizkion duela pare bat urte eta dolua gogorra izan omen da. Alaba bakarra, aita militarra, harremana ez zela oso ona, baina asko kolpatu duela bien heriotzak.
Transgresorea da hainbat planteamendutan: sinestuna, Mee To mugimendua ez zaio gustatzen, antzerki munduarekiko ere erreparoak ditu...
Tira. Nahi baduzue entzun goian dagoen lotura edo irakurri El Paísekoa.
Bestela behean itsatsi dudan Rüdiger-en Medication entzun eta listo.
Pedir es libre, este apunte en castellano.
Yoli maitea
Querida Yoli, este apunte en castellano.
2021eko martxoaren 5eko eguneratzea: beheko testua 2020ko urriaren 28an argitaratu nuen. Besteak beste, berak irakurtzeko idatzi nuen. Maite dudan jendeari ez diodalako esaten zenbat maite dudan.
Penaz, baina Yoli jada ez dago gure artean. Paperek esango dute gaur hil dela. Baina noiz hil zen Yoli?
Bihar, larunbata, izango da hura agurtzeko eguna.
Aste honetan Facebook-eko bere profiletik nik ezagutu nuen Yoliren argazkia lapurtu eta hemen jarri dut. Gaur Clara Peya-ren Mujer Frontera kanta gehituko dut haren omenez.
Yolanda Rodrigo Gozalo, in memoriam.
2020ko urriaren 28an argitaratutako testua.
Duela aste batzuk gure lagun Yoliri medikuek esan diote ELA duela. Lagunek eta gertukoek oraindik irentsi nahian gabiltza diagnostikoa. Bera, aldiz, sendo agertzen da. «Ezagutu duzuen Yoli hura hil egin da jada. Orain beste bat naiz».
1990eko hamarkadaren hasieran ezagutu nuen Yoli. Pasa dira urte batzuk, beraz.
Gogoan dut garai hartako egun batean joan ginela trago bat hartzera Hondarribira. Kuadrillakoak ez ziren animatu eta biok bakarrik joan ginen. Aparkatu nuen autoa plaza batean, pare bat trago hartu eta etxerantz abiatu ginen. Asteguna zen.
Autoaren bila joan ginenean giltzarrapoa jarria zion Hondarribiko Udaltzaingoak. Udaletxetik gertu geunden eta hurbildu egin ginen. Ez nintzen ohartu (bai, hala izan zen, ez nintzen konturatu) minusbaliatu baten plaza okupatu nuela autoarekin. Giltzarrapoa kentzeko isuna pagatu eta aire.
Seguruenik bizilagun bat nitaz akordatu zen egun hartan. Etxera hurbildu eta ezin izan zuenean autoa bere tokian aparkatu. Nire memorian iltzatuta daukat konturatu egin nintzela hanka sartu nuela, baina batek daki. Oroimenak norberaren onerako gordetzen ditugu-eta.
Gaur egun minusbaliatu plaza okupatu zezakeena Yoli bera izan zitekeen.
Ekainean elizkizun baten ondoren elkartu ginen azken aldiz Irungo kuadrillakoak. Yoli ere kuadrillakoa da eta hantxe ikusi nuen bertatik bertara azken aldiz.
Irungo Zabaltza plazako terraza batean eseri ginen denak bokata bat jatera, pare bat trago hartu eta gure gauzei buruz hitz egiten genuen bitartean.
Halako batean komunera altxatu zen Yoli eta mugimendu arraroren bat atzeman nion. Zer gertatzen zitzaion galdetu nion. Apiriletik mugikortasun arazoak zituela, berak. Ea zer zioten medikuek, nik. Familia medikutik pasa ondoren espezialistaren zain zegoela. Joateko berehala larrialdietara erantzun nion. Berak ezetz, bere martxa behar zutela gauzek.
Gauzek jarraitu zuten bere bidea eta berriro berarekin hitz egin nuenean, demagun abuztua zela, gaixotasun arraro bat zuela esan zidan. Diagnostikoa ez zela erabat ziurra, baina zantzu guztiek hori ziotela. Bi urte beharko zituela mantso-mantso errekuperatzeko, baina itxaropen handiak eman zizkiotela. Poztu nintzela esan beharko dut, jakinda egoera zaila zela.
Irailaren amaieran bidali nion mezu bat eta esan zidan gauzak hobetu beharrean, okertu egin zirela.
Handik gutxira Jun-en (Yoliren gertuko laguna) deia jaso nuen. Diagnostikorik txarrena eman ziotela egun hartan bertan. Ez ziren hiru ordu pasa: Yoliren mezua kuadrillak duen WhatsApp taldera.
Data begiratu dut oraintxe: urriaren 8a zen. Diagnostikorik txarrena eman berri ziotela, bazekiela gu gertu geundela, baina, mesedez, ez deitzeko telefonoz.
Oraindik ez dut berarekin hitz egin.
Egun hartan bertan hasi nintzen informazio bila sarean. Espainiako estatuan 4.000 kasu daudela jakin nuen. 4.000 kasu eta gertuko bati tokatu behar, izan zen pentsatu nuen lehen gauza.
Berehala etorri zitzaidan hil aurretik Mariano Ferrer-ekin egin nuen azken hizketaldia. «Hasiera batean, zergatik niri? galdera egin nion nire buruari. Baina oker nengoen: zergatik ez niri?». Horixe baita gakoa. Ez garela superrak. Edozeini gerta dakioke.
Osasunako eta Bartzelonako jokalari eta entrenatzaile ohi Juan Carlos Unzuek publiko egin zuen udan ELA duela.
Urriaren 9an sarean Jordi Sabaté Ponsekin egin nuen topo. Ikus dezakezuenez hiru urte lehenago eman zioten gaixotasunaren berri. Nik mezua utzi eta haren elkartasun erantzuna berehala hartzea, zer nahi duzue esatea, hunkigarria eta birrintzailea izan zen.
Birrintzailea zeren txiki uzten bazaituzte. Oso txiki. Gure zilborrari begira gauden garai hauetan, are gehiago.
Lici bikotekidea, Javi anaia eta ama ditu orain gertuen Yolik. Txikitako lagun batzuk ere bai, noski.
Lici duela urte gutxi ezagutu nuen, Yolik aurkeztu zigunean bere bikotekidea. Portugalgo herri txiki batean jaioa, zaildutako pertsona da eta kristoren tipoa. Lagun batek esan zidan, eta nik berresten dut, horrelako egoera batean zure aldamenean nahiko zenukeen pertsona bat dela Lici.
Euskal Herriko ADELA elkartearen lotura utziz amaituko dut gaurkoz.
Hori eta Yoliri muxu bat bidaliz. Zuei beste bat.
P.S. Batzuetan pentsatzen dut erabat umetuta ari garela Covid-aren krisiari aurre egiten. Herenegun, adibidez, Luis Ortiz Alfau etorri zitzaidan akordura. 2019ko martxoan 102 urterekin hil zena. Gaur Maravillas eta Josefina Lambertorekin gogoratu naiz. Pertsona eredugarriak ditugu gertu. Haiei erreparatu behar aurrera egiteko.
Migratzaileak
Migrantes, este apunte en castellano.
Edurne Portelaren «Formas de estar lejos» liburua ari naiz irakurtzen egun hauetan. Euskal Herritik Estatu Batuetara joan da Alicia 1990eko hamarkadan eta han Matty estatubatuarra ezagutuko du. Bikote-harremana hasi, ezkondu, gauzak konplikatu eta banatu egingo dira.
Esan bezala, ez dut liburua bukatu, baina badakigu banatu direla hasieran kontatzen baita.
Gaur eta hemen 75. orrian dagoen zerbaiti erreparatu nahi diot.
Aliciaren lagun onena Garbiñe da eta zera dio narratzaileak.
«Cuando Alicia se fue a América, el correo electrónico era una novedad. Ninguna de las dos tenía ordenador en casa: Alicia tenía que escribir desde la universidad y Garbiñe desde la biblioteca pública, así que los dos primeros años mantuvieron una activa correspondencia por carta. Cuando las dos consiguieron un ordenador les costó abandonar la costumbre de enviarse cartas manuscritas, pero se rindieron ante la obviedad de que era más fácil y más barato comunicarse digitalmente».
1990eko hamarkadaren bigarren zatian gure lagun bat, Alberto, Miamira joan zen eta berari bidaltzen nizkion gutunak ordenagailuan idazten nituen, gero inprimatu eta postaz bidaltzeko. XXI. mendera arte ez bainuen izan Internet etxean, ezta posta elektronikorik ere.
Albertok bospasei urte pasa zituen Miamin eta beti esaten zuen: «Nik hemen migratzaile bizitza egiten dut eta ez dut bertan integratu nahi». Urte horiek han pasa eta berriro gurutzatu zuen Atlantikoa; Madrilen aurkitu zuen bizimodua.
Euskal Herrian bizi den emakume kolonbiarra da Aurora Mora artista. Ama hiltzen denean, ahizparen deia jasoko du herrira bueltatzeko. Joan-ez joan komeriak jorratzen ditu «Atzerrian lurra garratz» antzezlanak, Artedramaren ekoizpen berriak. Biran da eta asteburuan pasa zen Egiatik. Ez zitzaidan erabat borobila iruditu, baina Artedramaren antzezlanak beti ikusi behar dira eta hau ere bai. Beraz, begiratu goiko loturan egiten ari diren bira eta ea zer iruditzen zaizuen.
Migratzaileen komeriak kontatzen ditu «Bost egun, bost gau» liburuak ere. Egilea Manuel Tiago da (Álvaro Cunhal politikari portugaldarren ezizen literarioa). Iñigo Roque Eguzkitzak euskaratu eta Katakrak-ek argitaratu zuen liburua 2020an.
Bi diktadoreen garaian (Salazar han, Franco hemen), Portugaletik Espainiarako bidai bat kontatzen du liburuari izena ematen dion kontakizunak. Badago ere beste kontakizun labur bat («Pirinioetako muga-pasa») Bidasoa gurutzatzeko hartu beharreko lanei erreparatzen diena.
Gaiarekin jarraituz, migratzaile portugesak aipatu zituen igandean Gorka Erostarbek txio batean. Kasu honetan, Eneko Aizpuruaren «Bidasoan gora» liburuan agertzen direlako.
zer gutxi nekien Bidasoa zeharkatzen hildako migrari portugaldarrez; ederki dokumentatua dakar @enekoaizpurua-k 'Bidasoan gora'-n, beste perla askoren artean. pic.twitter.com/Tvwgq2WX95
— Gorkaerostarbe (@gerostarbe1) February 28, 2021
Ez dut liburua irakurri, baina inguruko gero eta jende gehiagok aipatzen du eta, beraz, laster iritsiko zaio txanda.
Arin hasi naiz, baina garrazten joan da testua. Atzo bertan irakurritako beste txio bat aipatu nahi dut jarraian. Unai Beroiz fotokazetariaren argazkia eta kronikaren sarrera moduan idatzi zuen Mikel Urabaien txiolariak. Gizon nekatu horren begiek dena esaten dute.
Hain modu sentiberan jorratutako gai bortitzekin zaila da egilea merezi bezala zoriontzea salatutako gordintasuna baztertu gabe. Eskerrak zor dizkiegu bidegabekeriak aldatzen ahalegintzen direnei eta, bide batez, kazetaritza salbatzen dutenei. @UnaiBeroiz https://t.co/KSocPYNUd1
— Mikel Urabaien Otamendi (@mikel_ura) March 1, 2021
Zerbait gehitu behar nuen, baina zertarako. Irakurri Unairen kronika: ¿Cómo mirarles a los ojos ante la crueldad de Europa?
Baina ez dut hain modu garratzean bukatu nahi. Hona hemen Paula Estevez eta Aritz Aranburuk osatzen duten Oki Moki taldearen Intzak/n higatik kantua.
Memoria: norbaiten lehen aldia beti
Memoria: la primera vez de alguien, este apunte en castellano.
Juduen holokaustoari buruzko pare bat liburu irakurri ditut otsailean zehar. Lehenengoa Auschwitz-etik bizirik irtendako Ruth Klüger-en «Seguir viviendo», bigarrena Europako juduen suntsipena aztertu zuen Raul Hilberg-en «Memorias de un historiador del Holocausto».
Bere bizipenak kontatzeko tenorean Klüger-ek ez du batere tonu epiko edo heroikorik erabiltzen. Kontrara hauxe dio:
#Seguirviviendo
— Mikel Iturria (😷) (@iturri) February 8, 2021
Ruth Klüger. pic.twitter.com/zJeqZ2zpls
Hilberg-ek bere inbestigazioak aurrera eramateko izandako traba eta komeriei buruz idatzi zuen liburua. Haren tesia hainbatek ez zuelako gustuko, judutar komunitate ofizialak barne: The Destruction of the European Jews (gaztelaniaz, La destrucción de los judíos europeos).
Biek ala biek tonu gordin samarra erabiltzen dute, beraz.
Vienan jaio eta bertan pasa zituzten lehenengo urteak. 1926koa zen Hilberg, 1931koa Klüger. AEBetara egin zuten ihes familiek eta mundu akademikoa izan zuten ogibide biek.
Hilberg-en gurasoek eta berak ez zituzten kontzentrazio-eremuak ezagutu, lehenago egin zutelako hanka. Europara bueltatu zen Bigarren Mundu Gerraren azken hilabeetan AEBetako soldadu gisa. Naziek Klüger-en aita eta anaiordea hil zituzten; amarekin batera lortu zuen onik ateratzea eta Atlantikoa zeharkatzea.
Atzo gauean Josu Goikoren txio hauxe irakurri nuen.
Hau hausnarketarako; nik ez daukat argi: komeni zaigu iraganeko zenbait gertaera lazgarri urtero gogoratzea?
— Josu Goiko (@josu_goiko) February 20, 2021
Nik uste dut beste erremediorik ez dugula.
Aste honetan bertan hainbat kontu gogoratu ditugu: 2003an Euskaldunon Egunkaria itxi zutela, 2002an Eduardo Madinaren aurkako atentatua... eta 1992ko Santanderreko atentatu bat.
Santanderren auto-bonba bat jarri zuen ETAk eta hiru hiritar hil zituen. Silvia Gómez Ríos-ek 18 urte zituen, Jesús anaiak 16. Gurasoak galdu zituzten (Eutimio Gómez eta Julia Ríos).
2015ean gutuna idatzi zion Iñaki Rekarteri, honek liburua kaleratu eta telebistan Evolek eginiko elkarrizketa ikusi ondoren. Bere garaian ez nuen testua irakurri. Orain leitu dut COPEn eginiko elkarrizketa hau entzun ondoren.
Gurasoak hain gazte galdu ondoren, anaia istripuz hil zitzaion Silviari.
Bueltatu gaitezen hasierako kontuetara lerro hauek amaitzeko. «Auschwitz ikusten» erakusketa paratu dute sei hilabetez KMn. «Auschwitz-etik haratago» jarduera zikloa ere antolatu dute. Kosta egiten da ulertzea euskararen presentzia hain urria izatea (soilik bisita gidatuak?).
Bonus track: Astizen erantzun hau.
Nik pentsatzen dut (eta niri gertatzen zait), urteroko diren oroitarazle horiek norbaitentzat beti direla lehenengoz berri
— Inigo Astiz (@iastiz) February 20, 2021
Astean behin zuzeneko kultur ekitaldiren bat
Una actividad cultural en vivo a la semana, este apunte en castellano.
Orain artekoak
Urteko lehen kontzertua Niña Coyote eta Chico Tornadok Victoria Eugenian eman zutena izan zen. Errege egunean.
Urtarrilaren 15ean «Los últimos románticos» aurkeztu zuen Okendo Kultur Etxean Txani Rodriguezek, Ylenia Benitoren laguntzarekin.
Lugaritz Kultur Etxera abiatu nintzen urtarrilaren 21ean Pelaxen emanaldira.
29an Victoria Eugeniara: «Sisiforen paperak» antzezlana oholtza gainean.
Buelta antzokira otsailaren 7an: Olatz Salvadorren kontzertua.
Hilaren 12an, berriz, Ernest Lluch Kultur Etxean «Kax kax kax» ikuskizuna, Katixa Agirre eta Maite Larburu bikotearena.
Datozen asteetan
Joseba Irazoki Dabadaban egongo da datorren ostiralean, hilak 19.
Egiara itzuliko naiz 26an, baina Gazteszenera: «Atzerrian lurra garratz» eramango du oholtzara Artedramak.
Martxoaren 4an idazle bat dator Ernest Lluch-era liburua aurkeztera, baina oraindik ez dutenez iragarri, nik ere ez dut izenik aipatuko.
Auzoan geratuko naiz martxoren 13an: Rüdiger (Felix Buff) Dokan.
Zergatik
Pandemia (sindemia esaten diote orain) garai hauetan astean behin joatea nahikoa dela uste dut. Baina igual astearen batean bigarren inkurtsioren bat egingo dut.
Zuzenekoa ez bada ere, zinemara. Ez bainaiz zinemara joan urritik. Eta etxean ez dut ez serierik ezta pelikularik ikusten. Eguna pantailei begira pasatzen dut: ordenagailua, nire patrikakoa, laneko sakelekoa, tableta... Erlaxatzeko nahiago dut liburuak paperean irakurtzea.
Zergatik kontatzen duzu hau? galdetuko duzue. Konpartitu nahi nuelako eta aste honetan ez nuelako blogerako gairik.
Musika JP Lohian-ek jar dezala: «Alperrik da apaintzea»
P.S.: argazkiko txakurra Ernest Lluch-eko atarian topatu nuen ostiral iluntzean. Gu baino lasaiago zegoen. Ea ikasten dugun.
Gure kontraesanak agerian
Nuestras contradicciones al desnudo, este apunte en castellano.
2020aren amaieran Xabier Bastida «Abaunz» musikariari Argian eginiko elkarrizketa irakurri nuen Ibon RG-ren txio batengatik.
"Ezagutzen dudan euskarazko trapa Wazemanken mailakoa da. Euskal Herrian trapa ganoraz egiten dutenak etorkinen seme-alabak dira. 18-20 urteko gazteak gauza onak egiten ari dira Bilbo inguruan. Nickzzy edo The Point, adibidez. (1)
— ibonrg (@tiutaka) November 28, 2020
Abaunz-ek zioen ez zuela euskarazko musika urbano interesgarririk ezagutzen eta Kepa Matxainek galdetu zion: «Bakar bat bera ere ez?»
Xabier Bastidak erantzun: «Ezagutzen dudan euskarazko trapa Wazemanken mailakoa da. Euskal Herrian trapa ganoraz egiten dutenak etorkinen seme-alabak dira. 18-20 urteko gazteak gauza onak egiten ari dira Bilbo inguruan. Nickzzy edo The Poing, adibidez. Gaztean jartzen dituzten talde euskaldun ia guztiek baino zenbaki askoz hobeak eskuratzen dituzte Youtuben, gainera. Nahiko “komertzialak” dira, irratian erraz asko jartzeko modukoak, baina inork ez ditu inon aipatzen. Gaztelaniaz abesten dutelako? Horregatik ote da? Belakok ingelesez abesten du eta ate handirik sartzen dira. Zergatik gertatzen da kontrakoa hauekin? Non bizi garen erakusten digute halakoek. Iruditzen zaigu progreenak garela, baina asko daukagu oraindik egiteko».
Txio harian Nizuri Tazuneri aipatu zen. Gutxi entzun ditut, baina niri behintzat interesatzen zaizkit.
Gauzak horrela, duela astebete inork gutxik ezagutzen zuen Chill Mafia kolektiboak bota du behera atea: geroztik 90.000 ikustaldi Youtuben, Gabi de la Mazaren karaoke bideoak, kirol arropa marka baten proposamena, elkarrizketak hainbat komunikabidetan....
Nola lortzen dute trapa, reggaetoia (musika urbanoa) egiten duten gazte batzuk komunikabideen eta stablishment-aren arreta bereganatzea?
Kiliki (Chill Mafiako kidea): «Arrakastak lortzeko hater-ak behar ditugu, argi eta garbi».
Nire ustez genero ona zuten eta bidea berdin-berdin zabalduko zuten eman duten danbatekoa eman gabe, baina eman dute. Hanka sartu dutela? Jakina! Eta gehiago sartuko dute.
Zer kasu egin dio stablishment-ak gazte traperoei orain arte? Gutxi edo ezer ere ez. Gainetik begiratu: reggatoia, trapa eta antzekoak ez direla musika esan eta kitto; gure gurasoek guk RRVko musika entzuten genuenean begiratzen ziguten bezala begiratu.
25 urtez azpiko jendearentzako kultur agenda (instituzionalak zer esanik ez) begiratu eta ez dago apenas ezer.
Goian aipatutako The Poing eta Nickzzy bezalakoen bideoen kopuruak begiratu eta 200.000, 500.000, baita 800.000 ikustaldi ere badituzte. Denok bagenekin aldirietan egongo zela zerbait sortzen (bajera eta antzeko lokaletan).
Matxismoa; nor dago hortik salbu? Betaurreko moreak rockean jarriz gero ere, inor gutxi ateratzen baita onik. Duela urtebete Etxeko uzta programan jorratu zuten gaia Feminismoa eta reggaetoia izeneko irratsaioan. Amaieran, Ramon Zabalegik hartu zituen hainbat kanta eta bertan zeuden lau lagunek (Kattalin Miner, Iñigo Etxezarreta, Axi Bukowski eta gogoan ez dudan ezizen baten atzean ezkutatzen zen emakumezkoa -barkatu!-) asmatu behar zuten zeintzuk ziren rocka eta zeintzuk reggaetoia. Ba batzuetan ez zen hain erraza.
Beste datu bat: polemika honen ondorioz Twitter-eko profilari giltzarrapoa jarri behar izan dio Chill Mafia kolektiboko neskak. Beraien arabera, jasotako erasoak direla eta. Ez ahaztu 18-19 urte dituela Irenek.
Lehertu behar zen hau gurean eta ondo lehertuta dago. Ea denon artean gauzak bideratzen asmatzen dugun eta polemika aberasgarri bihurtzen, Chill Mafia bolada batez behintzat gure artean izango baitugu.
Otsailaren 14an mixtape-a (kanta sorta) kaleratuko dute plataforma guztietan. Xabier Leteren bertsioaz gain, Erramun Martikorenaren kolaborazioa iragarri dute.
Hainbat material entzun, ikusi eta irakurri dut astean zehar. Horietako batzuk hemen:
Gazte autotuneatuen egunerokotasuna kantu bihurtu du Chill Mafiak Berrian Edu Lartzangurenek.
Euskadi Irratian jorratu zuten gaia hainbat lagunek, Faktoria irratsaioan.
Angel Erro Berrian: 'Nihil novum'.
Samara Velte Berrian: Ikusle arruntaren koplak.
Luistxo Sustatun: Broma, jaja, serio: Chill Mafia ulertzeko moduak.
Pello Argiñarenak elkarrizketa Euskalerria Irratian. Chill Mafia: “Euskal kulturan jende toxiko asko dago”.
Behean irakasle baten txioa.
Nire 12-14 urteko ikasleei Xabier Lete jarriaz ez duzu ezer lortuko. EUSKAL MUSIKArekiko afizioa lortu badute Dupla, Kai Nakai, Xsakara eta Chill mafia bezelakoei esker izan da. Beraz, nire ustez, euskal kulturaren sustapenerako oso onak dira!
— Lide Fernandez (@lidefernandez) February 6, 2021
Sisiforenak
Sisifo euskaldunak berriro zerotik abiatu behar harria mendian gora jasotzen, haserre eta pozik. Bere barruko kontraesanen artean.
Pobre eta ahula beti Sisifo -eta ongi horrela, gutxienez amorratzeko gai den artean.
Joxe Azurmendi, Gezurra ari du.
Gorriz azpimarratuta nuen «Sisiforen paperak» antzezlana eta ostiralean, urtarrilaren 29an, joan nintzen hura ikustera Victoria Eugenia Antzokira.
2003ko otsailaren 20an itxi ziguten Euskaldunon Egunkaria. Aznar zegoen gobernu-buru, gehiengo osoz, eta estatu-operazioa hartako pagaburu izatea tokatu guri, Euskal Herriko euskarazko egunkari bakarra itxi baitziguten. Gero Justizia Administrazioak arrazoia eman zigun, baina kaltea jada egina zegoen.
EAEko hiriburuetako hiru antzoki nagusiek gehi CDN-k (Espainiako Centro Dramático Nacional) ekoiztu dute ikuskizuna. Bilbon eta Gasteizen egon dira jada eta apirila-maiatzean zehar Madrilen izango da «Los papeles de Sísifo», Maria Guerrero antzokian (euskaraz eta gaztelaniaz ikusteko aukera egongo omen da, mahai-ingururen bat ere bai: Marta Sanz, Isaac Rosa...).
Fernando Bernues da obraren zuzendaria eta Harkaitz Canok idatzi du. Babes publikoak ematen du aukera ikusteko tranpaldoan dozena bat aktore.
Canori entzun nion elkarrizketa batean Bernuesek arantza zuela sartuta 2003an Espainiako Musika Sarien galagatik. Bernuesek zuzendu baitzuen gala hura non Fermin Muguruzari txistu egin baitzioten saria jasotzeko garaian.
Amorruzko malkoak egin omen zioten eskapo Bernuesi errealizazio mahaian.
Antzezlanaren agertoki nagusia egunkari bateko erredakzioa da eta hainbat kazetariren arteko solasek osatzen dute ikuskizunaren bizkarrezurra.
Lehen planoan, berriz, bi maila nahasten dira: kazetariak ikusiko ditugu beraien artean hizketan, baina baita poliziaren galdeketak ere. Bi guardia zibilen rola jokatzen dute Asier Hormaza eta Iñaki Rikarte aktoreek eta bereziki azpimarragarria iruditu zitzaidan azken honen lana.
Eszenak desberdindu eta lotzeko gitarrista rockeroa dago oholtzan, aktoreen artean mugitzen dena, ikusezin, baina tokatzen zaionean ondo baino hobeto azaltzen dena.
Musika proposamen aparta. Gitarrista uneoro eszenatokian, aktoreen artean mugituz ikusezina balitz bezela, inongo trabarik egiten, eszenak bereiziz, zenbait une azpimarratuz, hizkuntza rockeroa erabiliz.... Chapeau.
— Joserra Senperena (@jrsenperena) January 29, 2021
Harrapatuta geratu nintzen ni neu ere haren gitarrarekin. Ez nekien nor zen. Auskalo zergatik, 2016ko apirilean PochXBerrio kontzertuarekin gogoratu nintzen. Amaieran galdetu eta... bingo! Ikerne Giménez. Baxua jo zuen orduan.
EITB Transit programan elkarrizketatu zuten Ikerne. Bertan, bere bi alde kreatiboak aipatzen ditu: musika (Safety Pins, baina baita Fangoria ere) eta eszenografo zein figuringile gisa.
Ignacio Gasca «Poch» zenaren omenezko hainbat ekitaldi antolatu ziren 2016ko udaberrian Ernest Lluch Kultur Etxean, horien artean kontzertua. Jabi Haspi bideo-egileak grabatu zituen kantak (zortzi Fermin Etxegoienek dioenaren arabera). Branquias bajo el agua duzue hemen.
Etxegoienek kronikan Rafa Berriorekin batera aritu ziren beste hiru musikarien izen-abizenak aipatu zituen: Iñaki Huarte Fisuras gitarra-jotzailea, Ikerne Giménez baxu-jotzailea eta Nagore Etxabe bateria.
¿Quién hay? kantaren bertsioa ere badugu sarean.
Bateria nor zen galdetu zuen ondoren txiolandian Carlos Gebarak.
Mila esker Mikel. Nik tabakaleran ikusi nituen garai hartan eta maiz gogoratzen naiz neska horrek ze poztasun eta pasioarekin jotzen zuen.
— carlos gebara urkiola (@manzage) January 30, 2021
Zumaiakoa da Etxabe eta berriki argitaratu den Frank Blackfield-en diskoan jo du bateria. Nagore ere ez da musikaria soilik: Arte Ederrak ikasitakoa, 2020ko urte hasieran Zumaiako Alondegian paratu zituen bere koadroak Retr@spektiba! izeneko erakusketan.
Gazte garaiko argazkiak ikusi ditut ETBren saioan eta hor antza handia dute, ilea eta orrazkera tarteko, Nagorek eta Ikernek.
Bost urte beteko dira omenaldi hartatik aurten. Orduan hasi omen ziren Bernues eta Cano «Sisiforen paperak» kozinatzen eta orain emaitza taula gainean. Tamalez, 2021eko udaberrian omendua Rafael Berrio izango da. Tamalez diot, ez omenaldirik merezi ez duelako: hilda dagoelako baizik. Euskaldunon Egunkaria bezala.
Sísifo releva hoy a Sísifo abestiaren bertsioak jaitsi dezala gaurkoz oihala.
Sísifos, este apunte en castellano
Santi Carrillo Rockdelux-eko zuzendariari eginiko elkarrizketa
Entrevista a Santi Carrillo, director de Rockdelux, este contenido en castellano.
Esan bezala, gaur goizean Oier Aranzabal eta Cristina Tapiak Santi Carrillori eginiko elkarrizketa entzun dut. Rockdelux-eko zuzendaria Ispilu Beltza (DK Irratia) magazinean egon da.
Musika aldizkari beteranoak paperezko ibilbidea amaitu behar izan zuen itxialdiaren une gogorrenean, 2020ko udaberrian.
Bueltan da baina, 2020ko amaieran. Agurra iragarri ondoren irakurle fidelenek sortutako energiarekin bete dituzte bateriak eta orain edizio digitala sortu dute Primavera Sound jaialdiaren laguntzarekin.
Carrilloren arabera, 12.000 pertsonak erregistratu gara lehen hilabete honetan. Erregistratzeak ematen dizu aukera hilean 5 artikulu debalde irakurtzeko; harpidetza egin nahi izanez gero, bi aukera dituzu: a) hilekoa, 3,99 euro hilean; b) urtekoa, 40 euro urtean.
1990eko hamarkadan modu erregularrean erosten nuen aldizkaria zen. Gero nekatu egin nintzen eta urtean behin edo hurbiltzen nintzen kioskora (normalean, kolaboratzaileekin batera egindako urteko zerrendak argitaratzen zituztenean).
Urteko harpidetza egitea erabaki dut, besteak beste John Carlin-i eginiko elkarrizketa asko gustatu zaidalako. Eta nahiz eta bere garaian behin baino gehiagotan haserretu aldizkariaren harropuzkeriagatik, egia da ere makina bat ate eta leiho zabaldu dizkidala, musikan batez ere.
Hona hemen elkarrizketa. 13:25 minutuk aurrera entzungai.
Oier Aranzabal: Egun on, Santi.
Santi Carrillo: Zer moduz?
OA: Hementxe gabiltza. Guretzat gauzak ez dira hainbeste aldatu hitz egin genuen azken alditik, baina zuretzat esango nuke baietz.
SC: Ba bai. Ikusi ahal izan duzuen bezala, Rockdelux aktibo dago, kasu honetan ez paperean baina bai online, harpidetu nahi duen ororentzat eskuragarri. Ordaintzeko webgunea da, non lehenik eta behin izena eman behar baituzun eduki guztietara sarbidea izan ahal izateko, prezio oso egokian. Egunero ari gara edukiak eskaintzen: musika eta beti ukitu dugun pop kulturaren beste adar batzuena.
OA: Duela hilabete batzuk hitz egin genuenean, aurreratu zenigun eskaria egonez gero, edizio digitala egitearena aztertuko zenutela. Eta badirudi egon dela eskaria.
SC: Dakizuen bezala, agurra oso hunkigarria izan zen, sonatua, jendeak hunkitu baikintuen hainbeste esker mezuekin. Aukera izan dugu Primavera Sound jaialdiarekin elkartzeko, beraiek logistikarekin lagundu gaituzte (bulegoak, azpiegitura, zerbitzuak...) eta horrek gure buelta ahalbidetu du.
Bere garaian esan nuen bezala, bueltatuz gero digitalki izango zen, baina konpromiso batekin: jendeak pagatu behar zituen edukiak, guztiak ezin baitu debaldekoa izan betirako.
Cristina Tapia: Ikasi dugu edo ikasiko dugu dena ez dela debaldekoa?
SC: Ez dakit, gaizki ohitu baikara pentsatzera sarean guztiak debaldekoa izan behar duela. Gehiagotan esan dut eta hemen ere esan nuen aurrekoan: internet baliabide bat da, ez helburua. Hau da, internet-ek asko errazten dizkizu gauzak, baina sarean kontsultatu eta gozatu daitezkeen eduki guztiak norbaitek egin behar ditu. Eta horrek kobratu behar du. Horrela da.
OA: Zertan desberdintzen dira erredakzio digitala eta paperekoa?
SC: Egitura berdintsua dute gutxi gorabehera. Lehen esan bezala, gu Primavera Sound-en egituran sartu gara, komunikazio atalean lan egiten dutenekin. Izan ere, horietako batzuk Rockdelux-eko kolaboratzaileak ziren (Joan Pons, Marta Pallares, Aleix Ibars eta Víctor Trapero). Baita Radio Primavera Sound-en lan egiten dutenekin, han ere kolaboratzaileak ditugu (adibidez, Marta Salicrú...) Bertan egitura txiki bat dugu eta horiekin zein kanpoko kolaboratzaileekin batera saiatzen gara edukiak kudeatzen.
Saiatzen gara musikan zentratzen, gure espezialitatea baita, eta liburu, serie, komiki edota filmak ere aipatzen, lehen bezala. Baina lehen ukitzen ez genituen eremuetara ere hurbiltzen gara, ikuspuntu berriak eransteko une egokia dela uste baitugu: teknologia, kirolak, moda..., baina beti ere oso Rockdelux ikuspuntutik, gure ezaugarria izan den irizpidea galdu gabe.
CT: Paperezko erredakzioko kideekin segitzen duzue?
SC: Bai, noski. Abenduko erdialdean hasi ginen Rockdelux-en plater nagusiarekin, urteko zerrendak. Ehundik gora kolaboratzaile zahar zein berrik hartu dute parte. Jarraitzen dugu kolaboratzaile hauen guztien ezagupenak aintzat hartuz, horrek eman baitigu aukera 35 urtetik gora irauteko.
OA: Albiste ona da Rockdelux-eko edukiak formatu digitalean gozatu ahal izatea. Santi, atseden hartuko dugu eta horretarako kanta bat eskatuko dizugu.
SC: Oso ondo. Urteko zerrendak aipatu ditugunez, Bob Dylanen kanta hautatu genuen, hamazazpi minutuko manifestu ikusgarri hori. Bob Dylan leienda bat da bere horretan, hor dirau hainbat urteren ondoren, musikaren historiako izen garrantzitsuenetako bat. Bere ibilbidean zehar egin duen abesti aparta mordoarekin, 2020an monumentua den kanta hori egiteko ausardia izatea, bere karrerako bost abesti onenen artean dagoena. Egin duen guztia kontuan hartuta, itzela da eta ahots bakarra dela frogatu du Murder Most Foul-ekin.
OA: Boladan dago abestien eskubideak saltzea. Lerroburuetan ikusi ditugu Neil Young, Bob Dylan eta Hipgnosis inbertsio funtsaren izenak. Zein da honi buruzko zure iritzia?
SC: Garai baten amaiera dirudi eta esango nuke beraiek ere bizitzaren amaieran ikusten dutela beren burua, emari artistikoari ahalik eta etekinik handiena atera nahiko diote. Agur handia da, bizitzan jasotako testamentua, bizi diren bitartean dutena baino diru gehiago jasotzeko. Gizatiarra iruditzen zait, bizitzan zehar eginiko esfortzuaren ordaina.
OA: Aurreko elkarrizketan komentatu genuen Rockdelux-ek izan zituela argitaletxe handien eskaintzak. Medioren batekin ezkondu zarete?
SC: Ez. Primavera Sound jaialdiarekin ezkondu gara. Beraiek bitartekari izan dira guk jarraitu ahal izateko eta gure aliatuak izan dira gure ustez bi edo hiru urteko ibilbidea beharko duen proiektu bat nola gauzatzen den ikusteko. Latinoamerikako azokari begira ere ari gara, jende gazteagoarekin konektatu nahi dugu... Tira, hau guztiau datozen hilabetetan gauzatuko dugun prozesu luzea da.
CT: Esan duzu gizatiarra iruditzen zaizula inbertsio funtsek erostea abestien eskubideak eta zuek, Rockdelux-en, orain arte jorratu ez dituzuen eremuetan sartuko zaretela: kirola, moda... Garai baten amaiera da eremu askotan eta erabat berria den zerbaiten hasera?
SC: Musika beste modu batez bizi da egun, seguruenik. Bistakoa da hori nabaritu egiten duzula hainbat urtez aldizkari bat egiten ari zarenean. Lehen jendearentzat musika zerbait eraldatzailea zen, zure bizitza (jarrera, portaera) ideologikoki, zentzu batean, zuzentzen zuten artisteei heltzeko aukera baitzegoen.
Orain musika beste modu batez kontsumitzen da: jende gazteak modu azkarragoan, azalekoagoa den moduan kontsumitzen du, baina era berean intentsitate handiz. Orain seguruenik musika gehien entzuten den garaia baita. Eta jende horrengana beraiek ulertzen duten modu batean iritsi beharra dago eta, era berean, musikarekin harremana izan dezaketen elementu berriak bilatu, horrela bizi baitute beraiek (moda, teknologia...) eta zergatik ez nahasi hori guk dugun pop kulturaren ezagutza potoloarekin, jende horrengana iritsi ahal izateko eta ez soilik gurea erosten zuen publiko beteranoarengana.
CT: Eta zu Rockdelux aldizkariko arduradun gisa, sektorean Espainian dagoen aldizkari garrantzitsuenetako bat, nola bizi izan duzu aldaketa hori? zer izan da orain arte eta zer izango da hemendik aurrera Rockdelux Santi Carrillorentzat?
SC: Imaginatu. Rockdelux bihurtu zen Rock Espezial izeneko aldizkarian hasi nintzen kolaboratzen. Oso gazte nintzela izendatu ninduten zuzendari. Nire bizitza izan da, bizimoduaz gain, nire bizitza pertsonala askotan oso lotua izan baita Rockdelux-era. Nahi izan dugu -ez nik bakarrik, horretan lagundu bainaute Juan Cervera, Francesc Vaz eta urte hauetan guztietan izan ditugun makina bat erredaktore eta kolaboratzailek- jendea ondo senti zitekeen produktua egin, irrati komertzial eta telebista saio ohikoenetan seguruenik entzuten ez ziren musiketan norbere burua ikusi ahal izatea, pistak eman ditzakeen ezagutzak ekarri ahal izatea, horiek erabili ahal izateko gero bizitzan garapen artistikoa izateko, hau da, liburu, musika eta puntu kultural batez inguratuta bizitzeko.
Ikuspegi horretatik begiratuz, komunikabide bitxia izan gara, enpresa txiki eta independentea izanik, argitaletxe handi baten barruan egon gabe ere urte asko iraun dugu, agur esan genuenean oso eskertuta eta hunkituta zeuden fan mordoa zituena. Eta orain jarraitu nahi dugu, baina beste modu batera. Horregatik gure leloa da «Igual pero diferente» (Berdina baina desberdina). Hau da, betiko espiritua baina beste maila batera eramana.
OA: Zalantzarik gabe, paperezko Rockdelux-ek lortu zuen bikaintasunaren erreferente izatea musika independentearen eremuan. Talde guztientzat erreferentziazkoa zen eta denek nahi zuten Rockdelux-en agertu. Proiekzio bera mantendu nahi duzue?
SC: Ba bai, noski nahi dugula izandako erreferentzia hori izaten jarraitu, sortzen diren talde eta mantentzen diren taldeentzat musika erreferente izatea. Hori da gure helburua: olatuaren aparrean segitzea eta gauza interesgarrienak deskubritzeko abilezia izatea, diskoen kritikak egitea -hori baita Rockdelux-en funtzioetako bat-, iragazki bat sarean dauden gauza mordo horren artean jendea orientatzeko. Orain arte egin dugun bezala lan hori ahalik eta txukunen egiten saiatuko gara.
CT: Gazteekin konektatzeko estrategiak, mamia galtzeko arriskua duen beste norabide bat hartzea ekar dezake?
SC: Bistakoa da erronka zaila dela, oreka lortu behar baita ezagutzen gaituen jendea eta gu agian marka gisa ezagutu bai, baina orain arte Rockdelux-era hurbildu ez zen jende berriaren artean. Prozesu luzea da eta bi edo hiru urteko epea aurreikusi dugu garatzeko. Esan dudan bezala, publiko latinoa Rockdelux-eko balizko kontsumitzaile izan daitekeen kontingente handia da, paperezkoa bertan banatzen zenean bazirelako eta orain digitala irakurtzea nahi baitugu, errazagoa eta zuzenagoa delako.
OA: Zein da zure iritzia musika urbanoaz? Kontsumitzailea zara? Orain boladan dago eta jaialdi batzuek musika urbanoa besarkatu egin dute.
SC: Musika etengabeko mutazioa da jatorritik: jazza, bluesa, rythm & bluesa, soula, rock & rolla... Sortzen den estilo bakoitza hibridatu egiten da lehenago entzun eta irentsi egin ditugun beste gauza batzuekin, eta hortik elementu berriak sortzen dira. Musika urbanoa -rythm & blues klasikotik datorrena, elektronika, hip-hopa, musika latinoak, reggaetona, edozerekin... nahasiz- jende gazteak gehien kontsumitzen duen eta identifikatzen den ibilgailu berria da. Estilo guztietan bezalatsu, gauza onak eta txarrak daude. Hor egongo gara gure ekarpena egiten, gure irizpideen arabera onena dena aukeratzeko.
CT: Beste tarte bat hartuko dugu, Santi. Zer musika jar dezakezu orain?
SC: Musika urbanoaren boomaz ari zaretela, jar dezakegu Espainiako kanta onena gisa aukeratu duguna: ex-aequo C Tanganaren bi kanta dira. C Tangana aldaketa garaian dago oraintxe eta jende gehiagorengana iritsi nahi du. Bere bi azken kantak -2020ko azkenak, aurten beste bat argitaratu baitu jada-, Demasiadas mujeres eta Tú me dejaste de querer, oso modu duinean Espainiako folkloreari begiratzen dioten bi kanta dira. Eta hori koherentziaz egin du eta C Tangana jarraitu beharreko artista bihurtu duten ikuspuntu garaikidearekin eginak daude. Disko berria plazaratzear du eta hainbat herrialdetako artista latinoak ditu kolaboratzaile. Esate baterako, Tú me dejaste de querer abestian Niño de Elcheren kolaborazioa dago eta kanta puska da; niretzat urteko onenetakoa.
CT: Entzun dezagun ba C Tangana.
CT: Santi, garaiak aldatu egin direla esan berri duzu, aspaldidanik jada internet errealitatea dela, badago autokritikarako tartea?
SC: Beti dago tartea autokritikarako. Autokritikak beti lagundu behar gaitu hobetzen. Eta guk kritikak onartzen ditugu besteen lana kritikatzea delako gure eginbeharra. Beraz, arraroa litzateke besteen kritikak ez onartzea.
Hobetzea da beti gakoa. Kritikek ekarpen positiboak egiten badituzte gauzak birbideratzeko edo pista berriak aurkitzeko gauzak hobetzeko...
CT: Zentzu honetan, zuek atzeman duzue hobeto egin zitekeen zerbait edo orain, denbora pasa dela, beste modu batez egingo zenuketen zerbait?
SC: Beno, agian prozesu digitala duela urte batzuk egin behar genuen, modu ausartean, oraingoa bezalakoa den webgune bat eginez, ordainpekoa, lurraldea markatzeko. Hori bai, igual lehenago ez zen une egokia horretarako. Orain uste dut paradigma aldatu egin dela: jendea orain lehen baino prest agertzen da eduki digitalak pagatzeko (Spotify musikan edota telebista-plataformak). Lehen jendea pirateatzen saiatzen zen, gauzak jaitsi ordaindu gabe.
Bestelako prozesu batean gaudelakoan nago. Egunkariak ere konturatu dira ezinezkoa dela informazioa ematen jarraitu debalde: denak ari dira birziklatzen, ordainpeko hormen bila. Horregatik uste dut hau zela egiteko une aproposa, adostasun hori egon denean, isila baina benetakoa, eta jendea esan du: «Egia da. Ezinezkoa da dena debaldekoa izatea. Nola aprobetxatuko ditugu eduki hauek, horiek egiteko lanean ari den jendea dagoenean». Artistak, ekoizleak... horiek guztiek kobratu behar dute, baita kazetariek ere, noski.
OA: Diozun bezala, prentsak dena debalde leloa besarkatu zuen eta hori izan du akiles taloia.
SC: Nire ustez, terriblea izan zen prentsak debaldeko edukiak eskaintzea. Akats itzela izan zen. Kokatzeko, publizitatea lortzeko... Jada konturatu dira. Ezinezkoa da.
OA: Zuek debaldeko izen-ematea planteatu duzue eta horrek hilean bost artikulu irakurtzeko aukera mugatua ematen du. Gainera, bi harpidetza mota: hilekoa eta urtekoa.
SC: Hilekoa 3,99 euroren truke da, nahiz lehen hilabetea euro 1ekoa den, pagotxa! 40 euro pagatuta urteko harpidetza egiteko aukera duzu eta kasu horretan bi hilabete dituzu dohain.
OA: Digitalaz gain, zerbait fisikoa egiteko asmorik?
SC: Proiektu asko ditugu, baina goazen lehenik eta behin digitalki tokia hartzera. Adibidez, komiki espainiar onenen zerrenda ari gara egiten, orain arte egin ez den zerrenda, eta 150 partaide ditugu: kazetariak, egileak, marrazkilariak... Garatzen ari garen proiektu handia da eta pentsatu genuen liburu gisa kaleratzea, baina aukera bat besterik ez da...
OA: Beno, aurrekoan aukera gisa iradoki zenuen Rockdelux digitala eta hementxe gaude. Apuntatuko dugu! Santi, zein izan da jendearen erantzuna?
SC: Gogotsu daude. Egon da jendea atera aurretik harpidetu zena. Une honetan 12.000 lagunek eman dute izena eta, aintzat hartuz hilabete inguru daramagula, uste dut oso ondo dagoela. Izena eman dutenen kopurua igo nahi dugu eta horiek gero harpidedun bihurtu.
Esan bezala, hasiera baino ez da eta jendea ohitu beharra dago: gauzak eskaini, beraiek jarraitu nahi izateko.
CT: Santi, beste garai baten nostalgiarik bai?
SC: Beno, ez dakit nostalgia ote den, sentsazio gazi-gozoa baita, bizitako garai batera eramaten zaituena, zoriontsu egin zizuten edo ondo sentiarazi zizuten gauzen garaira eramaten zaituena. Ez zait gehiegi gustatzen nostalgia, garrantzitsuena orainaldia baita. Agerikoa da musika-kazetaritzara hurbildu nintzela rock-a oinarri eta nire idoloak Lou Reed, David Bowie, Bruce Springsteen, Patti Smith, Clash... direla.
Eta hori faltan botatzen dudan osagaia da, gaur egun ez baitago artistarik jendea gu eta nire belaunaldia bezala eraldatu dezakeena. Guretzat bizitzeko ispilu baitziren, pelikulero samarra zuk nahi baduzu, topiko asko baitaude rockean, baina bai zela zerbait transzendentea orduan.
Eta, esan bezala, musika gaur egun beste modu batean bizi da. Pasioz ere bai, baina kakotx arteko garrantzi puntu hori gabe.
Ikuspegi horretatik bai dudala rocka musikaz gaindiko zerbait bezala bizi zen sentsazio horren nostalgia moduko bat.
OA: Oso ondo, Santi Carrillo. Eskerrik asko kasu egiteagatik eta beste nobedaderen bat, ahal dela ona, dagoenean deituko dizugu berriro.
SC: Mila esker zuei interesagatik. Nobedadeak daudenean zuren deiaren zain egongo gara.