Pedro Rodriguez jostunari buruzko erakusketa
Ostiralean moda erakusketa baten aurkezpena izan genuen eta hari sostengu ematea tokatu zitzaidan.
Ireki parentesia. Iturri Enea ez da nirea. Itxi parentesia. ;-)
Goizeko 11:30etan hitzordua Okendo Kultur Etxean. Erakusketaren izenburua: Frantzia pasealekua 2. zenbakia. Pedro Rodríguez.
Kultur etxeko zuzendari lanetan ari den Izaskun Aranaz gain, komisarioa (Pedro Usabiaga) eta hiru lagatzaile (Lydia García, Carlos Milla eta Jesús Velarde Florencio).
Gaur egungo prentsaurrekoetan gero eta zailagoa da komunikabideak erakartzea. Are gehiago, garai berean Jazzaldia bezalako jaialdi bat dagoenean.
Ostiralean ondorengo hauek bertaratu ziren: Euskadi Irratia eta Radio Euskadirentzat Marijo Uria, Noticias de Gipuzkoako Carolina Alonso kazetaria eta Ruben Plaza argazkilaria, Donostitik agerkariarentzat Eva Recio kazetaria eta Santiago Farizano argazkilaria eta Diario Vascorentzat Pedro Martínez foteroa.
Telefonoz, pare bat elkarrizketa egin zituen Onda Ceroko Eduardo Yáñez-ek, Usabiaga eta Millarekin. Alberto Moyanok Lydia García elkarrizketatu zuen.
Mahai baten bueltan egiten den prentsaurrekoa baino agerraldia bisita baten moduan planteatu eta hala gauzatu zen.
Ongi etorri hitzak eta komisarioa zein lagatzaileak aurkeztu ondoren, Pedro Usabiagak gidatu zuen ekitaldia, hiru lagatzaileei jokoa eman eta txandak ondo banatuz.
Kultur etxeko teknikari den Ernesto Ibarluzeari galdetu nion atarian: Zer moduz joan da muntaia? Eta Ernestok: Oso erraza izan da Usabiagarekin lan egitea.
Usabiagak botatako hiru ideia hauek azpimarratuko ditut:
1.- Haur eta gaztetxo garaian Lizeo Frantsesetik etxerako bidean liluratuta begiratzen ziola Frantzia pasealekuko 2. zenbakian zegoen Pedro Rodríguez-en letreroari.
2.- XX. mendeko urte haietan goi mailako bi jostun zeudela Gipuzkoan: Cristobal Balentziaga eta Pedro Rodríguez. Eta azken hau itzalpean gelditu zela.
3.- Erakusketan Pedro Rodriguezen Donostiako etxean lan egindako hainbat modistaren lana gogoratu nahi izan du, izen handi horien atzean beti emakume langile asko daudela nabarmenduz.
Egidazue kasu eta segi udan erakusketa ikustera. Ez dakit bisita gidatu gehiago egingo ote diren (ostiral arratsaldean egin ziren pare bat).
Ordutegia:
Astelehenetik ostiralera, 10:00-14:00 / 16:00-20:30.
Larunbatetan, 10:00 – 14:00 / 16:30 – 20:00.
Igandetan eta jaiegunetan itxita. Salbuespen gisa, erakusketa irailaren 19an ere zabalduko da. Igande horrek Zinemaldiarekin kointziditzen du eta zerbait berezia egongo da.
Hona hemen hainbat lotura informazio gehiagorekin:
Pedro Rodríguezen Donostiako joskintza etxeari eginiko omenaldia (Donostia Kultura).
Aquellas puntadas de alta costura eta Lydia García (coleccionista de moda): «Estamos hartos de tanto feísmo» (Diario Vasco).
Donostia: Okendo se viste de Pedro Rodríguez (Noticias de Gipuzkoa).
Paseo de Francia, nº 2. Pedro Rodríguez (Donostitik).
Exposición sobre Pedro Rodríguez, un diseñador coétaneo de Balenciaga, este apunte en castellano.