Isildutako istorioak
Hirugarren denboraldia du De eso no se habla podkastak. Oraingoan 1960ko ekainaren 27an Amarako geltokian lehertutako bonba batek hildako Begoña Urroz Ibarrola umea da protagonista nagusia. Hilaren 28an hil zen eta handik bi urtera jaiotako izen bereko ahizpari eskaintzen dio seriea. Oraingoz bi kapitulu daude entzungai eta asteburuan kaleratuko du hirugarrena.
Hasiera batean, DRILek hartu bazuen atentatua bere gain, ahizpak esaten du urte luzez familiak uste izan zuela ETA zela egilea.
Podkastaren abiapuntuan Ixabelen sukaldea dokumentalak rol garrantzitsua du.
Xuban Intxaustik egindako film dokumental honetan Lasarte-Oriako hainbat herritarren testigantzak jasotzen dira, alde bateko zein besteko indarkeria pairatutako herritarrak.
Ixabelen sukaldean elkartzen ziren bizilagun horiek, Ixabel zubigilea zelako. Horretaz gain, Urroz Ibarrola familiaren aldameneko etxebizitzan bizi zen Ixabel.
Xubanek deitu egin zion Isabel Cadenasi Urroz Ibarrolaren sendiaren berri emateko.
Lehen bi kapitulutan Begoña Urroz, haren senar Juan Luis, Xavier Montanyà, Txema Urkijo, Ernest Lluch, Rosa Lluch... entzuteko aukera dago.
Isabel Cadenas berak gidatzen du kapitulu bakoitza. Lehendik ezagutzen nuen eta orain ere bikain kontatzen du basauritarrak. Lehen kapituluaren bukaeran, bigarren pertsonara pasatzen da eta bizirik dagoen Begoña Urrozi zuzentzen zaio. Eta hortik aurrera hala arituko dela abisatzen digu.
Rol garrantzitsua du Ernest Lluchek. ETAk Lluch erail baino hilabete batzuk lehenago, politikari eta irakasle katalanak artikulua argitaratu baitzuen La Vanguardian eta Vocenton kontatuz bere ustez ETAk hil zuela ume hura. Urroz sendia oso eskertuta dago isilpeko istorioa azaltzeko balio izan zuelako.
Hanka sartu zuen Lluchek eta, dirudienez, Jose Antonio Pagola bikarioaren testu batetik hartu zuen datua. Honek familiaren gertuko katekista bati entzun omen zion.
Gehiago kontatu nezake, baina hementxe egingo dut planto. Hobe duzue bi kapituluak entzutea, serieak merezi du eta.
Ekainaren 5eko eguneratzea: bere garaian pare bat apunte idatzi nituen gai honi buruz. Ez nituen berrirakurri goiko lerro hauek idazteko.