Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Uda hasiera Baltikoan

Uda hasiera Baltikoan

Mikel Iturria 2025/07/21 21:30
Ekainaren 27tik uztailaren 13ra Baltikoko errepubliketatik zehar ibili gara: Estonia, Letonia eta Lituania.

Ekainak 27, Donostiatik Bilbora autobusez. Bilbotik Parisera, abioiez. Eta handik Estoniako hiriburura, Tallinn. Abioiez hau ere.

Inicio de verano por el Báltico, este apunte en castellano.

Ekainaren 28an hiriko Parte Zaharretik barrena ibili ginen eta Vabamu museoa (Okupazioen eta Askatasunaren museoa) bisitatu genuen. Okupazioena diote XX. mendean Sobiet Batasuna eta Alemaniak okupatu baitzituzten.

Ekainaren 29an aireportura joan ginen lehendik alokatutako autoa jasotzera. Toyota Yaris automatikoa eman ziguten. Haren gainean ia 2.000 kilometro korritu ditugu hiru herrialdeetan zehar. Lasnamae Parkera joan ginen autoa probatzera eta Kadriorg Parkea bisitatu genuen. Võsu izeneko herrian bazkaldu genuen.

Kadrioru Park

Kadriorg Parkea, Estonia.

Ekainaren 30ean alde egin genuen Tallinnetik. Estoniako bigarren herritik pasa ginen: Tartu. 2016an Donostia izan bazen Europako Kultur Hiriburu, 2024an hiri honi egokitu zitzaion izendapena. Bertan bazkaldu eta muga pasa genuen: Letoniako Cēsis udalerrian pasa genuen gaua. 

Uztailaren 1ean Siguldas herrira joan ginen, inguruan dagoen Turaida Gaztelua ikusteko plana baikenuen. Bitxia bertan zegoen Daina Hill izeneko eskultura sorta, Letoniako folk kantuen omenez egindako hogeitaka eskultura jasotzen dituen parkea.

Daina Hill, Turaida, Letonia / Latvia

Daina Hill, Turaida, Letonia

Uztailaren 2an Cēsis utzi eta hiriburura joan ginen: Riga. Lehen aldiz galtza motzak jazteko aukera izan nuen, aurreko egunetan fresko egiten baitzuen.

Uztailaren 3an egun sargoria izan genuen Rigan. Bertan dagoen aire libreko museo etnografikoa ezagutzera joan ginen. Bazkaria eta arratsalde pasa Jūrmalan.

Uztailaren 4an Bauska bisitatu genuen: Rundāle jauregia eta Bauska gaztelua.

Uztailaren 5ean agur esan genion Rigari eta Lituaniako muga pasa genuen. Gurutzeen Muinoan geratu ginen iparraldean. Labur esateko, toki bitxia. Irakurri dudanez, mundu mailan ezaguna egin zen Juan Pablo II.ak egindako bisitagatik. Katolikoen eremu da eta aita santu poloniarrak pisua du herrialdean, behin baino gehiagotan topatu baikara haren esaldi eta irudiekin.

Gurutzeen Muinoa / Hill of Crosses, Lituania

Gurutzeen Muinoa, Lituania

Ostatu Klaipeda hirian hartu genuen. Hauxe da Lituaniko hirugarren hiria eta herrialdeko portu nagusia.

Kurlandiako istmoaren zati bat Errusiarena da, baina ez ginen sartu, bisatua behar delako.

Uztailaren 7an goibeldu zen eguraldia eta euripean ibili ginen. Ez gehiegi, dena esan behar bada. Goizean arropak garbitzeko aprobetxatu genuen. Palanga herrira joan ginen bazkaltzera.

Arratsaldean, Klaipedan, Rory Gallagher musikariaren omenezko Rory pubean hartu  genuen zerbeza bat.

Uztailaren 8an agur esan genion Klaipedari eta Kaunasera jo genuen. Kaunas ezaguna da saskibaloi munduan Zalgiris taldea duelako. Lituaniako bigarren hiria ere bada. Etxe polit batean egon ginen pare bat egunez.

Jesukristoren Pizkundearen Elizako terrazara igo ginen hiriko bista aereo izateko. Haserre zegoen atariko emakumea. Zergatik? Auskalo! Berandu samar iritsi ginelako egongo ote zen haserre? Dena den berak esandako orduan geunden elizatik kanpo.

Uztailaren 9an Kaunaseko IX. Gotorlekura joan ginen. Bi aste hauetan gehien inpresionatu nauen tokia. 50.000 lagun baino gehiago hil zituzten bertan, gehienak judutarrak. Nazien esku egon baitzen eremua pare bat urtez. Gero ere Stalinek Siberiara bidali aurreko gune gisa erabili zuen.

1944ko maiatzean Frantziatik bidalitako 73. konboiaren istorio iluna ere bertan aipatzen da. 878 lagunetik soilik 22 salbatu ziren. Gizonezko judutarrak ziren, heldu, zahar eta gazte.

Kaunaseko IX. Gotorlekua

Kaunaseko IX. Gotorlekua

Arratsaldean hirian Ciurlionis artistari eskainitako museoa ikustera hurbildu ginen.

Uztailaren 10ean agur esan Kaunasi eta Vilnius hiriburuan geratu ginen. Autoa aireportuan utzi eta autobusez joan ginen hotelera.

Uztailaren 11n Vilnius ikusteko aprobetxatu genuen.

Hilaren 12an eguraldi zoragarria egin zuen. Ostegunean gurea asmoa zen autoz Trakai gaztelura hurbiltzeko, baina ezinezkoa izan zen, euripean eta laino artean ez baitzen ingurua behar bezala ikusten.

12a larunbata zen eta jende mordoa zebilen lakuko uretan txalupetan paseatzen. Bertan kayak lehiaketak ere baziren, Lituania mailakoak, oker ez banago.

Trakaiko gaztelua, Lituania

Trakaiko gaztelua, Lituania

Arratsaldean trenez bueltatu ginen Vilniusera. 35 bat minutura dago.

Eta hilaren 13an autobusa hartuta joan ginen aireportura. Vilnius - Munich - Bilbo. Autobus pare bat hartu behar etxera iristeko.

Inpresioak

Alde batetik, herrialde lauak dira oso, apenas dute mendirik. Oker ez banago alturarik handiena 300 metrora ez da iristen. Ematen du bizikletan egiteko prestatuak daudela, baina hau nire irudipena da.

Bestalde, herrialde ordenatuak dira, isilak ere bai. Ez dakit zein den kontrol maila, baina apenas dagoen zaratarik. Bai ematen duela atentzioa Lituaniako hiri handietan auto tuneatu burrunbatsuak ikus eta entzutea. Horrek harritu nau. Nolatan ez dituzten isilarazten.

Errusia dute albo batera eta bestera itsasoa. Eta ez dira Errusiarekin ondo moldatzen. Herrialde txikiak dira eta beti egongo dira arriskuan: 1,3 milioi biztanle ditu Estoniak, ez da 2 milioira iristen Letonia eta 3 eskas ditu Lituaniak.

LiburuaRyszard Kapuściński kazetariaren El Imperio irakurri dut bidaian zehar, batez ere Lituanian. A ze astakeriak kontatzen dituen poloniarrak. Bat aipatzearren: Kristo Salbatzailearen Katedralarena ez nuen ezagutzen. Hots, Napoleon bota zutenean 1812an, tsarrak hura gogoratzeko tenplua egitea erabaki zuen. 1883an zabaldu zuten... 1931n Stalinek hura botatzeko agindua eman arte. XIX. mendean hura egiten gastatutako dirutza, alferrik. Kazetari poloniarrak ez zuen aipatzen, baina 1990eko hamarkadan hasi ziren berreraikitzen.

Oso gustura ibili naiz eta gomendatzen dut bidaia.

Hona hemen argazki sorta bat. Nahi baduzu, klikatu argazkian eta 100 bat irudi ikusteko aukera izango duzu.

Baltikoa 2025

P.S. Apuntea idatzi ondoren gogoratu naiz udaberri hasieran kaleratutako Berrioren kantu zaharren bilduman badagoela Héroes del Báltico izeneko kantua. Aproposa apuntea irakurtzeko soinu banda gisa.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter