Urumea flumena
Amatiño
2009/08/18 22:39
Huesca hiritik Barbastrora bidean horra, eskuin aldean, seinalea: "Río Flumen*". Hau da, euskaraz, Ibaia ibaia, flumen ur-korrontea baita latinez. Eta ia oharkabean gogoratu naiz nonbait irakurria dudala "Río Urumea" ere antzerako errepikamena dela, Ibaia ibaia alegia, ur-umea ideia berbera delakoan edo. Baina, ondorioz, ekuazio matematikoa zera litzateke: Flumen ibaia = Urumea ibaia baldin bada… Flumen = Urumea ote?
2 erantzun
Guayabera
Amatiño
2009/08/16 17:34
Segurutik blog honen irakurleak, gaztea eta europarra denez gero, ez du guayaberarik armairuan izango. Nik bai, ordea, eta ez, noski, zaharra eta amerikarra naizelako, adiskide mexikarrak ditudalako baino. Betidanik gustatu izan zait guayabera, gazte-gaztetandik, bai behintzat nere aita zenak Mexikon, Kuban eta Filipinetan zituen lagunak Eibar nahiz Bergara aldera guayabera soinean zutela urtean behin etortzen ziren garaietatik. Berrogeita hamar urte bai, barrena.
Ordenadagailu eta guztiko ile-apaindegia
Amatiño
2009/08/15 00:24
Lehen, ile-apaindegira joaten ginean, galdetu ohi ziguten: “zelan nahi duzu?” Eta erantzun egokia asmatu ezinean jardun izaten genuen, benetan zail samarra baita era horretako abstrakzioari erantzun zehatzik eman ahal izatea. Orain, berriz, erantzuna askoz ere samurragoa da, galdera ere askoz ere zehatzagoa da-eta: “egunkaria, aldizkaria ala ordenagailua?”
La ladrona de libros
Amatiño
2009/08/13 22:57
Nonbait irakurri dut “La ladrona de libros” (Markus Zusak, 2005) eleberriak baduela zer ikusirik, nolabaiteko antzik, “Pijama marradunaz jantzitako mutikoa” (John Boyne, 2006) nobelarekin. Antzik… antzik… bai, adin beretsuko neska-mutikoak, II. Mundu Gerra, Alemania, naziak, juduak… Halere, ez dakit bada parekotasun horiek, onenean ere, ez ote diren zirkunztantzialegiak. Ez behintzat batere literarioak. Dena den, aukeran, nik nahiago australiarrarena irlandarrarena baino.
Ilbarritzetik Usurbilera joandako organo erromantikoaren eresia
Amatiño
2009/08/11 19:37
Bagenekien Gipuzkoa dena, munduan, biztanleko jatetxe onik gehien duen lurraldea. Ez genekien, ordea, Gipuzkoa bera dena, munduan, organo erromantiko onik gehien duena.
Jaioko dira berriak
Amatiño
2009/08/10 09:51
Iker Muniain iruinsemea da, antza denez, San Mamesko lehoien itxaropen berria. Lezaman hasi zen 2005-2006 denboraldian, hamabi urte baino ez zituela, eta horra Europan lau urteren buruan. Jaioko dira berriak…
Topikoak tokikoak dira
Amatiño
2009/08/07 22:20
Gastronomia-turismoa topikoetakoa da gurean baina, topikoak, hitzak berak dioenez, tokikoak dira. Maria Cristina hotelaren harrera-lekuan gonbidatu kanpotarrei errejistroa egin dezaten laguntzen ari natzaiela jabetu naiz zenbat jende etortzen den gero gurera jangurak ekarria. Ez, ez dira esne-berbak. Benetako egia da nonbait.
Ez da loti ederra baina
Amatiño
2009/08/01 10:27
Katrin Gesalaga Aranberrik gaur betetzen ditu sei hilabete. Zortzi hilabeterekin mundura jaio zenez gero, guztira ere hamalau baino ez ditu zapaburu albino honek. Ez da, oraingoz behintzat, loti ederra, eta negarretan artista samarra, baina berezko graziaren bat du antza, mundu erdia berari begira gauzka-eta.
Daukagunaz jabetu eta daukaguna baloratu
Amatiño
2009/07/29 23:41
Bruce Springsteen Donostiaz liluratua joan omen da. Besteak beste, zera esan omen du: “hemen bizi zaretenok, behar bada, baloratzen ez dakizuen bizi-kalitatea duzue”. Auskalo gauza berbera esaten ote duen ala ez gure Nagusiak leku guztietan. Edozein modutan, seguru gero donostiar guztiek ez dutela Arbelaitzenean afaltzen eta Maria Cristinan lo egiten. Baina, hala ere, nik bete-betean sinesten diot, aurretik hitzez hitz entzuna baitut irizpide beretsua.
Familiaren logistika hausten denean
Amatiño
2009/07/27 23:55
Valentziako hainbat eskola publikotan, eta bertako Hezkuntza Sailaren babespean, erabaki berri omen dute ikasle gatazkatsuekin ez gehiago eztabaidatan aritzea eta, are gutxiago, euren gurasoekin. Gertakari larri samarren bat jazoz gero lehen abisua ematen zaio gaztetxoari eta bigarrenean, berriz, etxera bizpahiru egunetarako. Eta kitto. Geroztik arazoak errotik konpondu omen dira.