Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / - Aurora Mendizabal, Amatiñoko kaletarra

- Aurora Mendizabal, Amatiñoko kaletarra

Aurora Mendizabal Lete, "Amatiño" baserriko Ciriaco Mendizabal bergararraren alaba, Eibarko kalean jaio zen, 1920ko irailaren 16an. Santa Eufemia egunean jaio zenez, Aurora Eufemia bataiatu zuten. Hiru anai-arrebetatik gazteena (argazkian, Aurora umetan).img_136.jpg

Arraten ezkondu zen, 1941ko maiatzaren 23an, Luis Aranberri Mallabiabarrenarekin eta lau seme-alaba izan zituen: Maite (Rosa María Maite), Luis (Luis Alberto), Iñaki (José Ignacio) eta Xabier (Francisco Javier Jesús).

Donostian hil zen, 1998ko uztailaren 28an, eta bere hiletetan, bilobek esker onez kantatu zioten, beste zenbait bertsoren artean:

Umetan izan zintugun, benetako lagun mina
zuk eragin zenizkigun, kezka eta jakinmina
irakurzaletasuna, eta literatur-grina
euskaldun jokamoldeak, kemen ta ahalegina.


img_169.jpg

Eta, heriotza aurretik hainbat urte luzez Alzheimerra (ikus argazkia) jasan zuenez...

Heriotza heldu dela, nagusi da gaur tristura
gaixo luzea izan arren, azkenean negargura
ez da etxean izango, gehiago amama Aurora
Alzheimerrak jota joan da, ziur atseden-lekura
Gogotan izango dugu, gaztetan zeukan ganora
sekulako martxa eta, polit askoa itxura
oraingoan aldegin du, berak bai baitaki nora
sarri esaten dugunez, Donostiatik zerura.

Aurora Mendizabal, gure ama

Hamar urte nituen nik, 1956eko ekainean, batxillerrerako sarrera-etsamina egitera joan nintzenean Gasteiza. Sekula hain urruti joan gabe nengoen eta erabat arrotz egin zitzaidan, are gehiago goizeko 6tan jaiki, trena hartu, Maltzagan transbordoa egin eta Gatzagako maldak astiro-astiro igo eta gero,  Landako lautadan barrena Gasteizerantza abiatu ondoren.img_164.jpg

Gasteizko Institutua zena Eusko Legebiltzarraren egoitza da gaur egun. Etxetzar berbera. Orain "hemizikloa" dena barruko patioa zen orduan. Zeharo zaharkitua zegoen ordurako eta txixa kiratsa zerien horma-zoko guztiei.

Gogoratzen naiz azterketak ahozkoak izan zirela eta Gramatikako galdera guztiak guztiz erraz eta azkar asko erantzun nituela, betidanik gustatu izan zaidan gaia baitzen. Amaieran, katedratikoak esan zidan:

  • Bien, Sr.Aranberri Mendizabal. Viene Vd. de Eibar?
  • Si, señor.
  • ¿Conoce Vd. a Dña. Aurora Mendizabal?
  • Sí, señor. Es mi... madre.
  • Pues ya tiene Vd. a quien parecerse... --eta nere belarrira hurbildu eta esan zidan ahopeka--: Zorionak eta eskuminak¡

Gasteiz ez zen, nonbait, nik uste nuen bezain arrotza. Izan ere, Institutu hartan ikusi nik estreinako euskara idatzia egoitza publiko batean. Harbel garauan "izan" aditzaren oraina bost hizkuntzatan zegoen idatzita: EGO SUM, YO SOY, JE SUIS, I AM eta NI NAIZ. Sekulako zirrara egin zidan, naizen nitasunaz orduantxe jabetu nintzen inoiz baino nabarmenago.

Gasteizen ustekabean euskaraz egin zidan katedratiko hura, gero jakin ahal izan nuenez, Odon Apraiz zen, Arabako euskal patriarka eta zenbait urte geroago Ohorezko Euskaltzain izendatuko zutena. img_139.jpg

Ez, Odon Apraizek ez zuen nere ama ahazteko. Gerraurrean egona zen maisu Eibarko Institutuan eta ikasleen artean Aurorita Mendizabal zen, segurutik, argienetakoa. Argiegia behar bada. Eta bere buruaren jabe. Erabat aurreratua makinatxo bat gauzatan (goiko argazkian, arraunean Donostian; albokoan, Charleston modako jantzita eta, beherago, Nieves ahizparekin).

Izan ere, Apraiz katedratikoak "sobresaliente"tzat kalifikatu zuen Auroritaren literatura-etsamina eta neskatilak, poztu eta eskertu beharrean, Ohorezko Matrikula aldarrikatu zuen, eta baita bigarren azterketa eskatu, egin eta lortu ere. Horra zergatik Odon Apraiz katedratiko jaun txit agurgarriak ez zuen sekula gehiago Eibarko Aurorita ahaztu.

Irakurzale amorratua

Nik beti gogoratuko dut gure ama zena irakurtzen. img_167.jpg Orduak eta orduak botatzen zituen liburuak irakurtzen, zernahi irakurtzen. Irakurle amorratua zen. Ez omen zegoen liburu txarrik. Denek omen zuten zer irakatsirik. Denotan, baita txarrenean ere, omen zegoen zer ikasirik. Nik txikitandik ikasi nuen liburu artean bizi izaten eta laster asko konturatu nintzen nere etxean beste edozein lagunen etxean baino liburu gehiago eta hobeak zeudela.

Gure amari esker irakurri nituen nik ez bakarrik Salgariren abentura-liburuak, baita Pio Barojaren nobelak, Piarres Lartzabalen antzerkiak, Jose Antonio Loidiren Amabost egun Urgainen, Knut Hamsun-en Hambre edota Edmund Hillaryren Ascension al Everest ere.

Libururik ez zen sekula falta izan gure etxean. Hogeitaka aletako enziklopediak, zoologia albumak, arte-kritikak, literatura-antologiak eta historia-sortak. Etxez etxe jardun ohi zuten liburu-saltzaileek ondotxo ezagutzen zuten gure etxea. Gure ate hura emankorra zen nonbait, beti baitzegoen norbait ate-joka, liburu-eskaintzan, bere onenak azaltzen. Eskuineko argazkian, Iñaki anaia, ama eta hirurok, liburutan. img_137.jpg

Aldi berean, argitalpenen harpidetza gure eguneroko bizimoduaren parte zen: Vida Vasca, Jakin, Karmel, Aunamendi, Auspoa, Kuliska Sorta, Zeruko Argia, San Antonio de Padua, Jaunaren Deia... zer ez ote zen gero gure etxean jasoten¡ Eta ez ama irakurle amorratu zelako bakarrik, baita ere aitak euskal harpidetzak egitea derrigorrezkotzat, ia erritotzat, jotzen zuelako.

Euskara, sukaldeko harbelean

Euskara landu beharra ere gure eguneroko kulturaren parte zen. Arantzazuko Amaren Egutegiaren egunean eguneango orria egunero zen aipagai gurean, goizean goizo, gosari orduan (denok elkarrekin gosaltzen genuen, bazkari eta afari otorduen pareko). Eta, aipatu ezezik, baita apuntatu ere. Sukaldeko horman esekita zegoen harbelean hitz ezezagunak, berriak edo ikasi beharrekoak idazten ziren.

Aitak ez zuen amaren irakurzaletasunik eta ardo-boteilen  artean ezkutuko apaletan gordetzen zituen banaka batzuk baino ez zituen irakurtzen: Jose Antonio Agirreren Entre la libertad y la revolución, Juan de Iturralderen El catolicismo y la Cruzada de Franco eta era horretakoak. Hala ere, euskera-kontuetan ama baino askoz ere zorrotzagoa zen.

Behin, otorduan, denok elkarrekin bazkaltzen ari ginela, aitak ardoa zerbitzeari ekin zion amaren edalontzi gainean. Halakoren batean amak:img_141.jpg

  • Basta... --eta aitak jaramonik egin gabe jarraitu.
  • Basta... basta¡ -- eta aitak ezta entzun ere.

Horra non edalontziak ardoz gainezka egiten duen, goitik beherako jarioak mantela gorritzen duen eta amak, bat-batean:

  • Nahikua, gizon, nahikua¡

Gure aita zenak radikal ospea zuen. Nere eskola-lagunek hanka egiten zuten berarekin topo egiten genuenean kalean eta atari bereko bizilagunek nahiago izaten zuten eskailera-buruan harekin ez elkartzea, euskeraz baino ez baitzien hitzegiten, jakin ala ez.

Ni soldadutza egitera Madrilera  joan nintzen "voluntario" 18 urterekin (albait lehen lanean hasi ahal izateko gero) eta astero astero bi eskutiz idazten nizkien etxekoei. Bata, aitari, labur samarra eta kostata, baina beti euskeraz. Bestea, img_142.jpgdezente luzeago, amari, eskolako jarioaz erraztasun haundiz, beti erderaz, hasierako eta amaierako agurrak edo izan ezik. Erantzunak ere ildo beretik jasotzen nituen. Aitak euskeraz, labur, kostata, makinaz idatzitako hamabost lerro labur baino ez, baina euskeraz. Amak berriz, kontu-kontari, sekulako emariaz, baina erderaz. Garbi dago irakurzaletasuna batez ere amari (argazkian, Elgoibarko Morkaiko gainean, aurreko hiruren artean, erdikoa) zor diogun bezala, euskaltzaletasuna aitari zor diogula, gure etxean behintzat .

Feminista eta moderna

Beti ezagutu nuen nik gure ama emakume polit, dotore, ireki, feminista eta moderna. Bai era eta moldeetan eta baita jarreretan ere. Eskola askorik izan ez zuen arren, 14 urte zituela 1936ko gerra hasi baitzen, ezpalez behintzat intelektuala izan zen erabat. Zinea eta antzerkia gustuko zituen, telebista sekulako asmakizun baliagarritzat jo zuen, eta hitzegiten zein eztabaidatzen benetan iaioa genuen. img_138.jpg Dekorazioan artista hutsa zen (haren eskaparateek aho zabalik utzi zituzten 1950 eta 1960 hamarkadetako eibartarrak) eta marrazten zein margotzen benetan berezko ona eta eskuaren jabe (argazkian, Deban, 1941 urtean).

Edozer egiteko erraztasun ikaragarria zuen, irudimen-aberatsa, buru argia eta guztiz metodika. Gaztelaniazko aditzak buruz ikasteko sistema "espaziala" erakutsi zidan: Ezkerrean, goian, Presente de Indicativo; eskuinean, Preterito Perfecto; lehenengoaren azpian Preterito Imperfecto, ondoren... Sistemak ez zuen, behar bada, gramatikarekin zer ikusirik baina bai nolabaiteko metodologiarekin. Kontua da, 50 urte geroago ere gogotan dudala.

Zoritxarrez ez zuen goi-ikasketarik egiterik izan eta urte latzak tokatu zitzaizkion gazte-denboran. Lehen argumentazio feminista berari entzun nion. Segurutik, behar baino 40 urte lehenago jaio zen.

img_166.jpg Argazkian, Aurora Mendizabal gure amaren ezkondu aurreko "despedidia". Bera erdi-erdian eserita. Bere aurrean, lurrean, ezkerretik eskuinera, Nieves ahizpa, Kontxa Urzelai Lete lehengusina eta beronen koinata, Angeles Etxabe, Luis Urzelai Leteren emaztea.

"Margola"ko dendan elkar ezagutu

Ez dut nik uste nere gurasoek gerra (1936-1939) aurretik elkar ezagutu zutenik. Nahiz eta orduan Eibarrek 9.000 biztanle baino ez izan, img_165.jpg ez zen batere erraza elkarren berri jakitea, gerra hasi zenean aitak 28 urte baitzituen, ama 16 kunplitzear zegoen nerabea baino ez zen bitartean. Argazkian, gerra aurreko lagun taldea, Arrateko bidean. Eserita, lehena eskuinetik, Aurora Mendizabal gure ama.

Behar bada, Luis gizonezko samarrak Aurora neskatila ez ezagutu arren, Aurora gazteak Margolako Luis "tintorerua" ezagutzen zuen segurutik, behin baino gehiagotan joan behar izan zuen-eta tintoreriara etxeko zenbait arropa garbitze aldera eramaten.

Izan ere, gure ama zenak ez zuen bere bizitza guztian zehar inoiz ahaztu horrelako batean pasatu behar izan zuen lotsa. Nonbait tintoreriara joan zen behin, bere aitaren berokia erabat askatu eta kolorez aldatzeko, tindatzeko. Aldaketa hauek guztiz normalak ziren 1970ra arte. Nik neuk ezagutu izan nuen bertan lan egindako garaian (1963-1979) eta zer esanik ez aurrekoetan. Jantziak artilezkoak edo kotoizkoak eta orain baino zindoagoak izateaz gainera, premiak ere handiagoak ziren eta, senitartekoen artean, erabat ohikoa zen aitaren edo amaren beroki edo traje zaharraz seme-alaba nagusiei egokitzea eta, ondoren, txiki egin ahala, hurrengo anai-arreba gaztetxoagoei pasatzea. img_99.jpg Giro honetan joan zen Aurorita gaztea Margola tintoreriara bere aitaren berokia zatika askatua zuela, kolorez aldatu eta gero bere neurrietara egokitzeko asmotan.

Luis tintoreroak tela multzo hura eskutan hartu eta berari zegozkionak egin eta isildu beharrean, neskatilaren apaltasuna sumatu eta bere burua gizonezko heldutzat zuen harrokeriaz esan zion:

  • Orduan... zure aittan abrigu zaharraz traje barrixa ein bihar detsue...?

Amak ez zuen sekula gogoratu zer erantzun ote zion kaiku harroputz astakirten hari baina ez zion geroztik pasatutako lotsa hura inoiz barkatu.

Barkatu ez, baina bai, ostera, berarekin ezkondu. Nonbait "tintorerua" ez zen munduko diplomatikorik handiena baina grazia ezkuturen bat izan bazuen. Ezkontza Arraten izan zen, 1941eko maiatzaren 23an eta hantxe bildu ziren, estreinako, Ciriaco Mendizabal eta Venanzia Aranberriren altzopeko hogeitaka eibartar. Bergara eta Elgoibar, "Amatiño" eta "Andikao", atzean geratzen ziren.

img_152.jpg

Luis Aranberri eta Aurora Mendizabal senar-emazteek lau seme-alaba izan zituzten: Maite (1942), Luis (1945), Iñaki (1943) eta Xabier (1955).

img_162.jpg

Argazkian, Luis eta Maite, 1955 urte inguruan, Usartzan.

img_161.jpg I

Iñakiren lehen Jaunartze eguneko oroigarria, 1955an.

img_160.jpg

Gure ama, Aurora Mendizabal, Xabierrek urtebete edo zuela, 1956an, Getarian.