Bihotza eskatu eta bihotzik eskaini ez
“El escritor” (The ghost writer, 2010) filma dela eta, zuzendaririk onenari dagokion saria irabazi berri du Roman Polanskik, aurreko hilean, Berlingo Zinemaldian. Zenbait kritikarik esan duenez, Polanskiren filmik onenetakoa omen da, “El pianista” bezain ona edo hobea. Segurutik gidoia dezentea du, aktore-aktoresen lana berriketabakoa, Polanskiren maisutza nabarmena, thriller-irrikarik ez zaio falta, GPSren pista bakana da eta amaiera nekez asma dezake inork. Baina, zer gerta ere, bihotza falta zaio. Eta, garbi gera bedi gero, ez naizela krudela edo gogorra denik esaten ari, sentimenik eza azpimarratzen baizik. Ez onerako eta ez txarrerako. Batere zirrararik ez gero.
Espioitza-generoa, CIAren azpijokoak edota zenbait politikapeko trikimailuak gustuko dituztenek gozatuko dute, behar bada, Polanskiren azken film hau. Baita maisuaren trebetasuna eta aktore-aktoresen zuzendari-lana dastatzeko gauzak direnek ere. Baina Polanskik hasiera beretik protagonistaren ahotan jartzen duen bihotzaren bila zinera doana umezurtz aterako da. “El pianista” filma egiten ahitu zitzaizkion, nonbait, Polanskiri, barne-muinetan geratzen zitzaizkion bihozberatasun apurrak.
Pierce Brosnan eta Ewan McGregor