Ontsa lehiatzeko bidea
Saudi Arabiako Industria ministroari galdetu diote zein ote bere etorkizun-estrategia. Baita azkar erantzun ere: “Energia asko behar izango duen industria motaren aldeko apustua”. Mendebalde osoak ahalik eta energiarik gutxieneko industria amesten duen artean, Arabiak justu bestelakoa du helburu. Arrazoia guztiz ulergarria da, alegia: energia gero eta garestiagoa izango denez gero eta erreserbarik handienak arabiar penintsulan bertan egon, saudi industria izango da lehiakorrena energia asko behar duten sektoreetan.
Beste muturrean, Euskal Autonomia Erkidegoa da –Luxenburgo, Malta eta Zipreren ondotik– kanpoko energia-menpekotasunik handiena duten europar herrialdeetakoa. Eta industria gure kontsumoaren %46,5 da, EB-27an %27,6 den artean.
Beraz, lehiakorrak izaten jarraitzekotan, energia urriago behar izango duen industriaren apustua egiteaz gainera, guk geuk izan beharko dugu –jarreraz, prestakuntzaz eta ezagutzaz– gero eta lehiakorragoak, oinarrizko energia kanpotik ekartzen jarraitu beharko baitugu luzaro.
Argia, 2010eko martxoaren 28an.
Errubio, argal, altuxe eta bizarduna Jaime zenik, ezta hurrik eman ere gero. Hala ere, zuk aipatutako datu guzti horietarik ezezagunena G. Biloba delako hori egin zait. Wikipedian begiratu behar izan dut, zer zenik ere ez nenkien-eta. Honek esangura du dezente ondo nagoela, uste baino hobeto behintzat, horrelakorik hartzeko tentaldirik ez baitut orain arte sekula sentitu. Eskerrik asko susperraldiagatik.
Eta eutsi goiari.