Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Juanes Arambarri (1576) - Koldo Aranberri (1908)

Juanes Arambarri (1576) - Koldo Aranberri (1908)

XVIII. mendearen hasieran, Arambarrineko Joanes (1576) Okondoko sortetxea utzi eta Azkoitiara joan zen mundu berria ezagutze aldera. Berriro Aiarara itzuli aurretik Urolan egin zituen 14 urte inguruan, besteak beste Ana Echeverria ezagutu zuen eta beronekin izan zituen harremanen fruitu jaio zen, 1615 urtean, Pedro de Arambarri. Ondotik, hurrenez hurren, hamar belaunalditan zehar jaio zen, Eibarren, 1908an, Luis Aranberri (Koldo Aranberri "Margola"), nere aita zena. Hona hamar belaunaldi horiek, bata bestearen ondotik, ahalik eta laburren. Aditzera ematen diren izen-abizenak garaian garaikoak baino ez dira.

Pedro de Arambarri, Arambarrineko Joanes okondoarra eta Ana Echeverria urrestillarraren semea, Christina de Elorzarekin ezkondu zen Azkoitian, 1641an. Hamar seme-alaba izan zituzten: Francisco (1642), Mariana (1645), San Juan (1647), Joseph (1649), Josepha (1650), Ignacio (1652), Sevastian (1655), Brigida (1657), Maria Cruz (1659) eta Maria Veronica (1664).

-- Seigarren semea, Ignacio de Arambarri y Elorza, Ana de Iriondorekin ezkondu zen 1678an. Euren semerik zaharrena aitaren izenaz bataiatu zuten, Azkoitian bertan, 1679an.

-- Ignacio de Aramberria Iriondo Francisca de Garaterekin ezkondu zen Azkoitiako parrokian eta 1704an jaio zen Francisco de Aramberria Garate.

-- Azkoitiatik atera gabe, Francisco de Aramberria Garate Ana Maria de Alberdirekin ezkondu zen 1736an eta aitaren izen bereko semea izan zuten: Francisco de Aramberria Alberdi

-- Francisco de Aramberria Alberdi Josepha de Alberdirekin ezkondu zen eta 1764an Vicente de Arambarri Alberdi jaio, Xavier Maria de Munibek Real Sociedad Bascongada de Amigos del Pais Bergaran sortarazi zuen urte berean.

img_219.jpg
Gorrinaga baserriaren mandioa gaur egun, Mendaroko Garagartza auzoan, Aran errekan. Bost belaunalditan zehar, aranberritarrak bizi izan dira bertan azken bi mendeotan.

Azkoititik Mendarora

Vicente de Arambarri eta Josefa de Eguino elkarrekin ezkondu ziren eta, Azkoitia utzi ondoren, itxura guztien arabera Mendaroko Arizederraga baserrira joan ziren lehenik bizi izatera, hainbat urte geroago Gorrinaga baserrira pasatu aurretik.

Gaur egun ez da Mendaron izen hartako baserririk. Izan badira, Aran-errekan, erabat hondatu eta gainbeheratuak, Aitzirriaga edo Aitzarra izenekoaren aztarrenak. Baina inork ez du haren berririk ematen eta, nonbait, ezer zehatzik jakiterik ez dago.

Lehen Luis Aramberri

Vicente Arambarrik eta Josefa Eguinok zortzi seme-alaba izan zituzten. Lehenengoa, Francisco, Azkoitian jaio zen arren (1787), ondoko guztiak Mendaron sortu ziren eta Azpilgoetako Asuntzio elizan (goraxeagoko argazkian) bataiatu: Manuel Juana (1793), Josefa Antonia (1796), Jose Maria (1798), Luis (1800), Bartolome (1803), Maria Bautista (1805) eta Juana Ramona (1808).

Ez dago jakiterik familiak noiz egin ote zuen Arizederragatik Gorrinagara bitarteko aldaketa. Badakigu, ordea, ama Josefa Arizederragan hil zena 1814an eta aita Vicente Gorrinagan zendu zena 1828an. Jakin ere badakigu inoiz izan zen Arizederraga baserri hartan jaio zela, 1800an, Luis Aramberri Eguino, Luis izeneko lehen aranberritarra segurutik.

Arambarri jaio eta Aramberri hil

Esan bezala, ama, Josefa Eguino, 1814an hil zen 47 urte zituela, eta Azpilgoetako hilerrian ehortzia.

img_224.jpg.img_223.jpg

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Ezkerreko argazkian Azpilgoetako hilerriko santutxua. Goiburuan zera dio: Egiak askatuko gaitu. Grafiaz eta ortografiaz, begi bistan da XX mendeko erak eta moldeak direna. Eskuinekoan, berriz, Garagartzako Yrinitate Ermitako urbedeinkatu-aska, 1663 urtekoa.

Handik hiru urtera Vicente alarguna berriro ezkondu zen, Garagartzako Trinitate Ermitan, Lorenciana Oruesagastirekin. Vicente Aramberri 1828an hil zen, 65 urte zituela, eta Azpilgoetan obiratu zuten.

Vicente Arambarri Arambarri abizenez jaio eta ezkondu zen. Hil, ostera, Aramberri moduan hil zen. Bataio eta ezkontza agirietan Arambarri agertzen den bitartean, hil-agirian, aldiz, Aramberri azaltzen da. Ondorengo guztiak Aramberri edo Aranberri izan dira geroztik.

Hemezortzi seme-alaba

Luis Aramberri Eguino azpilgoetarra eta Josefa Arano  Muguruza elgoibartarra elkarrekin ezkondu ziren Elgoibarren eta, 1826an, errentan hartu zuten Andikao baserria. Andikaon jaio zen 1843an Domingo, zazpi seme-alabetatik gazteena.

 

img_188.jpg

Domingo Aramberri

 

img_87.jpg

Modesta Mallabiabarrena

 

 

Domingo Aramberri Arano, Paula Jaureguirekin ezkondu eta alargundu ostean, Eibarren ezkondu zen bigarren aldiz Modesta Mallabiabarrena Aguinaga mallabiarrarekin, nik sekula ezagutu ez nuen amama. Eskuinean gure aittitta Domingo eta amama Modestaren argazkiak, nola hala gorde izan diren bakarrak.

Senitarteko "tradizioak" dioenez, Domingo Aramberri gure aittittak hemezortzi seme-alaba gobernatu omen zituen. Sei, lehen emazte Paula Jaureguirekin izan zituenak: Barbara, Celestino, Celestina, Micaela, Isidra eta Gregorio (nere aita besoetakoa). Zortzi, alargundu eta Modesta Mallabiabarrenarekin  ezkondu ondoren izan zituenak: Venancia, Gumersindo, Crescencio, Ciriaca, Gregoria, Estanislao, Piedad eta Luis (gure aita). Eta beste lau, nonbait, Modestak berak aurreko beste ezkontzaren batetik omen zituenak edo.

Dena den, seme-alabarik gazteena, Luis Aramberri Mallabiabarrena, 1908an jaio zen. Modesta ama etxeko sukaldean erreta hil omen zen, Luis mutikoa zela. Eta, ezkondu arte, Luis Aranberrik Venancia arreba nagusia izan zuen amatzat.

Ezkondu, 1941an ezkondu zen Aurora Mendizabal eibartarrarekin, "Amatiño" baserriko Ciriaco Mendizabal bergararraren alabarekin. Lau seme-alaba izan zituzten: Maite (1942), Luis (1945), Iñaki (1947) eta Xabier (1955).

Gerra aurrean "Margola" tindategiaz arduratu zen eta hortik zegokion Koldo Aranberri Margola izena.

Mallabiabarrena

Mallabia abizena Mallabia herrikoa bertakoa da, gutxienik XV. mendetik aurrera. Mendeak joan eta mendeak etorri Mallabiabarrena bihurtu zen eta izen bereko sortetxeak hainbat eraberrikuntza ezagutu zituen.

 

img_225.jpg

Mallabiabarrena etxea XIX. mendean

 

 

Sarrera arku gainean 1796ko data dakar eta honako adierazpen hau: Me hizo Juan Jose. Segurutik Juan Josi de Mallabiabarrena Gabiria, 1749an jaioa.

 

Beren ondoko bosgarren belaunaldian jaio zen, Mallabiabarrena baserrian bertan, Modesta Mallabiabarrena, gure amama.

 

img_226.jpg

Mallabiko senideak. Goruetan diharduena ezezaguna. Eskuinekoa, Modesta amamaren ama.

Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal