Klima-aldaketa eta demokrazia
James Lovelock zientzialariaren jakinduria eta independentzia ez dagoz batere zalantzan, ezta ingurumenaz zein klima-aldaketaz arduratzen aitzindari izan zenik ere. Baina, Gaia hipotesiaren aitak mortalak eta bi esan ohi ditu tarteka-marteka. Auskalo arrazoirik duen ala ez, baina seguru gero ez direna gaur egun indarrean dauden irizpideen arabera “aproposenak”. Esate baterako:
-- Politikagintzan 'berdeak' ez dira beharrezko, edozein politikari arruntek beraiek baino gehiago egin baitezake. Politikaririk gehienek jendeak uste duen baino askoz ere gehiago dakite.
-- Energia fosilak erabiltzeari eta ikatza erretzeari lehenbailehen utzi behar diegun arren, eguzki-indarrak eta haize-errotek ez digute ezer konponduko. Aterabide bakarra nuklearra da.
Ildo beretik, oraintsu Londresen emandako hitzaldian esan berri duena ere bazterrak asaldatzeko modukoa izan da.
-- Gaur egungo gizarte honetan edonork du edozertaz esateko eskubidea. Hala ere, zenbait egoera larritan, gerra-garaian esaterako, ez dago jendeak dioenari jaramonik egiterik. Arduradunek hartu behar dituzte erabakiak.
-- Klima-aldaketa gerra bezain larria denez gero, arriskua uxatuko bada, daitekeena da zenbait denboratan demokrazia eten beharra.
James Lovelock-ek dioena zera da: begira, demokrazian ez dago jendea behartzerik, beraz, eten dezagun zati batez demokrazia, hartu ditzagun goitik behera hartu beharreko erabakiak eta, arazoa konpontzen denean, berriro ere emango diogu gizarteari (enpresei, merkatuari, kontsumitzaileei...) bere kasa eta ganorarik gabe lehengo lepotik tentel-mentel jarraitzeko aukera.
Batek daki James Lovelock elitistak funtsean arrazoirik ote duen ala ez –elitismoak betidanik izan du arrazoi punturen bat, gure Federico Krutwig tarteko— baina, historiak ondo asko frogatu izan duenez, hobe beharrez eta mundua salbatzeagatik demokrazia eteteak demokraziari eusteak baino arrisku gehiago erakarri izan ditu beti, gure hurbil-hurbileko Francoren diktadura zein ETA adibidez.
Gainera, doi-doi kontrakorik dioen ingurumen-aditurik ere bada. John Dernbach azterlariak Agenda for a Sustainable America delakoan azaltzen duenez, “garapen iraunkorrak XX mendeko ideiarik garrantzitsuenetakoa da” baina, beti ere “demokraziaren sustapena”, “giza-eskubideen zaintza”, “merkatuaren askatasuna”, “herri-segurtasuna” eta “txirotasunaren aurkako ekintza” bezalako ideiak aldi berean pareko direlarik.
Liburu bakarreko, ideia bakarreko eta borroka bakarreko jendea oso arriskutsua da. Helbururik onena eta asmorik zintzoena izan arren egitasmo bakarra duena, xinple xamarra izateaz gainera, tronpatu egingo da.