Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Romeo eta Julieta

Romeo eta Julieta

Amatiño 2010/04/05 12:41
Ez dakit oraindik ere bizi ote diren, badaezpada ez ditut izen-abizenez aipatuko, baina 1970 urte inguruan bazen Eibarren senar-emazte bikotea beti elkarrekin paseatzen zuena. Garai hartan pasieran ibiltzea ez zen batere ohitura arrunta. Eta senar-emazteak elkarrekin abiatzea… zer esanik ez. Romeo eta Julieta esaten genien.

Paseatzea euskal kirol nazionala omen da. Holaxe zioen atzo hainbat egunkarik. Udaberria dela-eta euskaldunok maiteen dugun jarduera fisikoa ez omen da futbola, ezta atletismoa edota mendizaletasuna ere, lau-lau paseatzera ateratzea baino. Segurutik paseatzea dateke aukerarik errazena, merkeena eta osasungarriena ere baina ez, ordea, zaharrena. Zenbaitek besterik uste arren, paseoa ohitura berri samarra da.

Auskalo oinez ibiltzeko zaletasunak bidegorriak areagotu ote dituen ala bidegorriek erraztu duten paseatzeko aukera baina, batere zalantzarik ez, gero eta jende gehiagok paseatzen duela han-hemenka zabaldu diren bidezidorretan zehar. Gure inguru-minguru honetan Aixolako urtegi aldera joan besterik ez dago, Soraluzetik Bergarara trenbide zaharretik edota  Maltzagatik Elgoibar aldera erreka bazterretik.

Baina guztion aitzindari, nabarmen gero, gure Romeo eta Julieta.  Beti heldu-heldu eginda, elkarren maitale, eta dotore asko kaleko jantzita, txandala eta kirol-oinetakoak azken urteotako modak baitira.

 Paseo

Kirol nazionala... omen

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: