Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / - Juanes Arambarri okondoarraren amodio azkoitiarrak

- Juanes Arambarri okondoarraren amodio azkoitiarrak

Juanes Arambarri aberatsa eta jauntxo samarra zen, nonbait, 1606an. Hala behar zuen izan ze, 30 urte zituela eta ezkongai, errentan jarri zuen Okondoko sortetxea eta Gipuzkoa aldera etorri zen giro eta aukera berriak bertatik bertara ezagutzeko asmotan eta jakinminez baino ez.

Ez dakigu zergatik erabaki zuen Azkoitian gelditzea bizi izaten hainbat urtez, baina jakina da XVII. mende hasieran Urola inguruari ospe-hotsa zeriola eta benetan leku erakargarria zela gainerako euskaldunentzat. Ez dago Juanes Arambarri jaunak lanik egin ote zuen batere aztarrenik Azkoitian iraun zuen bitartean. Badirudi Okondoko ondare eta lurren etekinez bizi izan zela.

Lehen Arambarri azkoitiarra

Datu zehatza da, ordea, 14 urte inguru egin zituela Azkoitian eta bertan ezagutu zuela Maria Perez de Alzolaras familia oneko alaba eta alkate jaunaren senide zena. Datu zehatzik ere bada, biek, Juanes eta Maria bikoteak, solteros, libres y sin impedimento alguno para casarse, Francisco izeneko semea izan zutela 1613 urtean, alegia: Francisco Arambarri, lehen Arambarri azkoitiarra eta, segurutik, baita lehen gipuzkoarra ere.

Badirudi Alzolarastarrek, garai hartako Azkoitian goi-mailako senitartekoak izaki, ez zituztela begi onegiekin ikusi Maria gaztea eta kanpotik etorritako 37 urteko gizon ezezagunaren arteko harremanak, are gehiago jaun harek ezkontzeko edota azkoitiartzeko batere asmorik agertu ez zuenez gero. Kontua da, halere, Francisco txikia jaio eta berehala --behar bada familiak derrigortua-- Maria Pérez de Alzolaras Domingo Iruretagoienarekin ezkondu zela y vivió con él en las Unibersidades de Aya y Rexil.

Pedro, bigarren semea

Bitartean, Juanes Arambarri aitak Francisco jaioberria bere ardurapean hartu eta abizena eman ondoren, Azkoitian bertan jarraitu zuen bizi izaten eta, bi urte geroxeago, Urrestillako Ana de Echeverria neskatila (Juanes gizonezkoa bera baino 18 urte gazteagoa) ezagutu eta ezkondu beharrik gabeko bigarren semea izan zuen, Pedro Arambarri, 1615 urtean.

Ordurako, badirudi, Juanes Arambarri Okondora itzultzeko asmotan ari zela eta horrela egin zuen ama-semeak Azkoitian utziz. Ana ez zen sekula ezkondu eta, Juanesen dirulaguntzaz, beronen seme biak elkarrekin hazi zituen. Bai Pedro, haren semea, eta baita Francisco ere, Juanes Aranbarri eta Maria Alzolarasen semea. Anaierdi biek erabateko anaitzat izan zuten elkar eta euren seme-alabek Ana Echeverria jo zuten beti amonatzat.

Okondora itzuli eta ezkondu

Juanes Arambarri 1620 inguruan itzuli zen Aiarara, Arambarri zeritzan sortetxera. Dirudienez, aldez aurretik hitzartua zuen ezkontza Maria Hernández eta Udaetarekin eta, Okondora heldu bezain laster, elkarrekin ezkondu ziren. Ezkontza harek eman zuen, 1622an, lehen "legezko" semea, Francisco. Nonbait, Juanesek eta Mariak elkar ezagutu zuten 14 urte lehenago eta alabaren bat izan omen zuten mutilak Azkoitiako joan-etorria egin aurretik.

Bai Francisco de Arambarri y Hernandez de Udaeta semea eta baita Martin iloba ere Arambarrineko sortetxean bizi izan ziren. Ez, ordea, Martinen semea, Juan Antonio de Arambarri, Bilbora alde egin baitzuen eta bere ondorengoak Bizkaialdean sakabanatu eta galdu, urteak joan eta urteak etorri Arambarrineko sortetxea galdu egin zen bezalaxe. Izan ere, gaur egun ez da Arambarri izeneko etxerik Okondon eta galdu ere galdu da Aranbarri abizena Aiara guztian.

Azkoitiko ildoa nagusitu

Besterik gerta zitekeen arren, Juanes Arambarri okondoarraren ondorengoen jarraipena eta bere abizenaren zabalkundea ez dira Okondoko sortetxean jaiotako Arambarri arabarren ildotik etorri, Azkoitian ezkontzaz kanpo izan zituen Francisco eta Pedro semeen bitartez baizik. Bi hauen ondorengoak Azkoitian zabalduko dira lehenik, gero Gipuzkoan zehar --Aranberri bihurtuz--, geroago Bizkaira pasatuko da eta, azkenik, Ameriketaraino helduko da.

Azkoitia. Gaur egun Gipuzkoan diren Arambarri/Aramberri/Aranberri denak edo gehienak Juanes Arambarri okondoarrak Azkoitian utzitako uztaren fruitu dira.

Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal