Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gero jakin nuen

Gero jakin nuen

Amatiño 2010/03/28 21:40
Astelehen goizean jaiki nintzerako gurasoak alde eginak ziren Donibane Lohitzunera, euskaldunon lehendakari zenaren elizkizunetan. Ez zen gero batere ohikoa astelehen buru zurian aita lanera ez joatea, ezta ordu horietan ama etxetik ateratzea ere. Are gutxiago biak elkarrekin alde egitea. Gero jakin nuen, iluntzean, jende ikaragarri askok Santiago zubia igaro zuena eta hiru ordu luze iraundako hileta erabat hunkigarria izan zena.

 

            Agirre hiletak

                                                Donibane Lohitzune, 1960ko martxoaren 28an

Etxean ezer gutxi hitzegin ohi zen politikaz. Euskaraz, Euskal Herriaz eta euskalduntasunaz, ostera, bai; asko gainera. Hainbat urtetan uste izan nuen hura zela politika. Gero jakin nuen, berriz, politika euskal nortasuna baino gehiago –edo gutxiago-- zena.

Jose Antonio Agirrek hil egin behar izan zuen etxean hartaz hitzegiteko eta gero jakin nuen aita zenak erdi ezkutuan irakurri eta gorde ohi zituen De Guernica a Nueva York pasando por Berlín (José Antonio Agirre, 1942) eta Catolicismo y la cruzada de Franco (Juan Iturralde, 1956) tankerako liburuek hildakoaren nondik norakoarekin zer ikusirik zutena.

Hamabost urte geroago Telesforo Monzonen jauretxera joateko hitzordua eman zidaten, gure aitaren izenean iraultza-zerga negoziatzeko. Bueltan jakin nuen egon nintzen gela berean jarri zutena, 1960ko martxoaren 27an, Agirre lehendakariaren gaubeila.

Hurrengo hamarkadan ETB abian hasi eta, Antonio Sarasua eibartarrak beronek Agirreren elizkizunetan ateratako filma eskaini zigun telebistaz ezagutarazi eta Euskal Filmategian gorde genezan. Ordurarte ez nenkien sekulako dokumentu hura zenik ere, nere gurasoen sekuentzia eta guzti gainera.

Agirre hil zeneko 50. urtebetetze honetan jakin dut Parisko Le Monde egunkariak orduan esana: Demócrata intransigente, católico fiel, nacionalista racionado, Aguirre dejará a todos los que le han conocido el recuerdo de un hombre lúcido y sincero, totalmente consagrado a lo vasco. Google-ri esker jakin ahal izan dut, berriz, Madrilgo ABCk esandakoa: Paris, 22. José Antonio Aguirre, que fue Jefe del Gobierno de la República vasca durante la guerra de Liberación española, ha muerto en París de un ataque de corazón. Contaba cincuenta y seis años de edad. EFE. Eta Bartzelonako La Vanguardiak, aldiz, ez hil zenik, ezta mundura jaio zenik ere.

                             Blog 500 

                                 Argazki honek, barrena, berrogeita hamar urte daramatza gurean

                                     

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: