Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / - Mendizabal sortetxetik, Amatiño baserrira

- Mendizabal sortetxetik, Amatiño baserrira

Gaur egun "Amatiño" baserriko guztiak Mendizabal dira abizenez baina, jakina, Mendizabal guztiak ez dira Amatiñokoak. Are gehiago, "Amatiño" baserriko mendizabaldarrak, jatorriz, San Migel auzoko Mendizabal baserrikoak dira eta berrehun urte baino ez dira "Amatiño" izenekoan bizi direna.

Mendizabal abizenak 200 urte "Amatiño" baserrian

Mendizabal sortetxea utzi eta "Amatiño" baserrira joan zen  lehena Francisco de Mendizabal Eguren izan zen, 1809 urtean jaio eta Ana de Elcoro-Berecibar bergararrarekin ezkondu ondoren ingurunez aldatu, herria ertz batetik bestera gurutzatu, eta San Juan auzoko Amatiano baserrira estreinako joan zena.

Francisco, Amatiano baserrira joan zen (1848?) lehen Mendizabal

Han jaio zen, 1849an, Cristobal Mendizabal Elcoroberecibar (ikus argazkia), Franciscoren semea, eta hantxe bertan, 1888an, Franciscoren biloba, Ciriaco Mendizabal Iribecampos, nere aittitta izango zena.

Beraz, nere aittitta Ciriaco Mendizabal izan zen "Amatiño" baserrian jaiotako mendizabaldarren bigarren belaunaldia. Eta argazkiko Cristobal, bere aita, lehena.

Mendizabal sortetxeko arbasoak

Francisco de Mendizabal zenak sortetxetik irten eta "Amatiño" baserrira joatea erabaki zuenerako ia hirurehun urte zeramatzaten mendizabaldarrak San Migel auzoko Mendizabal baserrian. Dirudienez, Goiaztik etorritako mendizabaldarren batek eraiki zuen armarri eta guztiko Mendizabal etxea Bergaran, XV. mendearen inguruan edo.


Mendizabal. Bergarako mendizabaldarren sortetxea, armarri eta guzti, gaur egun

Zer gerta ere, gauza jakina da XVI. mendean Bergarako Mendizabal sortetxea erabat finkatua zegoela eta bertan jaio zela, 1520an edo, gaur ezagutzen dugun lehen Mendizabal bergarra: Miguel Ochoa de Mendizabal. María Joániz del Castillorekin ezkondu eta, 1546an, jaio zen Miguel Ochoa de Mendizabal Castillo maiorazgoa.

Miguel Ochoa de Mendizabal Castillo eta Maria Juaniz de Aranguren Zumeta elkarrekin ezkondu ziren eta, 1577an, euren lehen semea, Juan Ochoa de Mendizabal Aranguren, izan zuten.

Juan Ochoa de Mendizabal Aranguren Maria Martínez de Ugarterekin ezkondu eta 1622an jaio zen Juan Ochoa de Mendizabal Ugarte, María Martínez de Altunarekin ezkondu eta zazpi seme-alaba izango zituena. Zazpi hauetatik nagusiena, Miguel Ochoa de Mendizabal Altuna, baserriaren arduraz jabetu zen eta gazteena, berriz, 1658an jaiotako Juan Ochoa de Mendizabal izango da Ana de Unamuno Lugarizekin ezkonduko dena.

Euren semea, 1689an jaioa, Ochoa deitura galdu eta Francisco de Mendizabal Unamuno izango da aurrerantzean, baita ondorengo guztiak ere. Honen semea, Francisco de Mendizabal Larrea, 1728an jaio zen eta biloba, berriz, Jose de Mendizabal Insausti, 1773an.

Jose de Mendizabal Insausti eta Vicenta Cristina de Eguren elkarrekin ezkondu eta, 1809an, jaio zen Francisco de Mendizabal Eguren, Ana de Elcoro-Berecibarrekin ezkondu ondoren Amatiano ("Amatiño") baserrira joango dena.

"Amatiño" baserria, azken 30 urteotan


"Amatiño" baserria, 1973 urtean, nik ezagutu nuenean.

"Amatiño" baserria, gaur egun, Joxe Antonio Mendizabal lehengusuak egindako eraberrikuntzen ondotik. Ez zuen amaitzerik izan, horretan ari zela hil zen 2003an.