Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Domingo Aranberri "Bittor Txiki"

Domingo Aranberri "Bittor Txiki"

Gure aittitta elgoibartarra,  Domingo Aranberri Arano "Bittor txiki",  Andikao baserrian jaio zen 1843ko urtarrilaren 31an eta Kalegoengo San Bartolome parrokian bataiatu zuten. Aittitta Domingo Eibarren hil zen, 1931an, ni jaio baino hamalau urte lehenago. Luis Aranberri Egino (Azpilgoeta, 1800) eta Josefa Arano Alberdi (Elgoibar, 1804) senar-emazteek izan zituzten zazpi seme-alaben arteko gazteena izan zen Domingo.

  Domingo Aranberri Bittor Txiki (1843-1931)

XVIII. mendeko matxinaden ondorioz

Domingoren aitak, Mendaroko Azpilgoetan jaioa izan arren, aitona-amonak Azkoitiatik etorriak zituen: Vicente Aranberri Alberdi (1764) eta Josefa Egino Muguruza (1766). XVIII. mendearen amaieran ugari izan ziren lanbide eta aukera berri bila sorterritik atera behar izan zuten azkoitiarrak.

Aurretik zetozen gizarte, ekonomia eta politika-aldaketak areagotu egin ziren XVIII. mendean zehar, garai hartan izan ziren matxinada bien ondorioz batez ere: lehena, Aduanak Ebrotik Bidasoara eramateko egitasmoak (1718) eraginda eta, bigarrena, Ale Itun (1766) berriak erakarri zuena. Bigarren honek, gari-eskasia latzak sortarazi zuen matxinadak, erabateko eragina izan zuen Azkoitia eta Azpeitian gehienbat. Gizarte-mugimendu hauek direla-eta, XVIII. mendeak aurrera egin ahala, gero eta Aranbarri/Aranberri* abizen gehiago zabalduko dira Aia, Itziar, Deba, Mutriku, Azpilgoeta eta Elgoibar herrietan.

Andikao 1930

Zer gerta ere, kontua da azkoitiarren seme izaki eta Azpilgoetan jaio arren,  Luis Aranberri nere birraitonak Andikao baserria hartu zuela errentan, Elgoibarrera ezkondu ondoren. Han jaio eta hazi zen nere aittitta Domingo, Eibarrera etorri aurretik. Argazkian, Andikao, 1930 inguruan, A-8 autopistak bota aurretik. Agurne Etxaniz Aranberrik pintatutako margoa.

Andikao berria

San Roke auzoan kokatua eta 1834ko uholdeen ostean eraiki berria, Andikao baserriak trenbidea ezagutu zuen estreinako 1889 urtean, Maltzagatik Elgoibarrerainoko trena jarri zenean.1972 urte inguruan, aldiz, A-8

          

Ezkerrekoa 1930 hamarkadako marrazkia eta eskuinekoa, berriz, 1970tik aurrerako eraikina 

Baiona-Bilbo) autopistak trenbideak baino dezente leku gehiago behar izan zuen eta Andikao gainbeheratu zuen. Handik seirehun metrora Andikao etxe berria eraiki zen eta hantxe jarraitzen du. Argazkian, Andikao berria, 1970tik aurrera eraikia. Elgoibartik lehengoa baino hurbilago.

Aranberritarrak armagintzan

Armagintzari buruzko industriak erabat ugaldu ziren Debabarrenan XIX. mendean zehar. Eibar izango da bete-beteko “villa armera” eta, inguruko beste edozenbat baserritar bezala, hainbat izango dira armak egiteari Eibarren ekingo dioten Aranberritarrak.

Domingo Aranberri eskopetagile bezala agertzen da 1895eko armaginen erroldan eta, Domingoren ildotik, bere senitarteko asko izango dira armagintzan, grabatugintzan edo esportazio-arloan arituko direnak. Besteak beste, Domingoren anairik zaharrena, Bittor, eta euren zenbait seme eta loiba, Gregorio, Gumersindo, Crescencio eta Julian, esate baterako, armaginak izan ziren. Beste zenbait seme, ordea, Blas, Estanislao eta Luis bera, kasu, Argentinara joan ziren lan bila.

Buenos Airesen, 1930ean edo ateratako argazkia. Ezkerretik eskuinera, Blas Aranberri eta Estanislao Aranberri. Eskuineko lehena, ostera, Luis Aranberri, gure aita.

Bittor txikiñekuak

Bittor eta Domingo Elgoibarko Andikao baserria utzi eta armagintzan aritu ziren Eibarren. Baita ezagun samarrak egin ere, Bittor haundi eta Bittor txiki gaitzizenez. Bata Bittor zelako izenez eta anairik "haundiña". Bestea, berriz, izenez Domingo izan arren, Bittorren anairik "txikiña" zelako. Bittorren seme-alabak Bittor haundiñekuak izan ziren eta Domingorenak, ostera, Bittor txikiñekuak.