Edurneren semeak berriztagarriez hitzegingo Bilbon
Mikel Larrañagaren tia Kandida --Arizmendiarrieta Argarate--, Justo --Larrañaga Argarate-- “panaderuaren” lehengusina, nora ezean geratu zen, Klaudio Mitxelena senarra artzain joan zitzaionean Australiara. Dirua bidaltzen zuen arren ez zen gehiago itzuli eta Kandida bizi-alargun gelditu zen Justino, Jose eta Juanito hiru semeekin. Besterik ezean lehengusuaren etxean hartu zituzten lauak, orduan Arraindi kalean zegoen okindegiaren gainean (gaur egun Arrate Kultura Elkartearen inguruan).
Justino Mitxelena Arizmendiarrietak, semerik zaharrenak, grabadore fina izan arren pilotari ziharduen Bartzelonan gerra atera zenean eta Mexikora alde egin behar izan zuen. Handik Miamira joan eta hantxe ezkondu, “Ketti” (Catherine) Ziburun jaiotako moda-modeluarekin. Baita elkarrekin hiru seme-alaba izan ere: “Netxu” (Edurne), “Geibi” (Gabriel) eta “Kuki” (Xabier). “Ketti” ziburutarra oraindik ere bizi da, Miamin bertan, 96 urte dituela.
Justino mendigoizale amorratua zen eta Eibarrera etortzen zen bakoitzean inguruko mendi guztietara igotzea gustatzen zitzaion. Kalamua, Urko nahiz Galdaramiño izan, denetara, banan-banan. Jose anaia Mexikora joan zen bizi izatera eta hirugarren anaia berriz, Juanito, gudari hil zen Gernikan.
Justinoren alaba, “Netxu”, Mallabiko Longa baserrian jaiotako Julio Antxia pilotari markinarrarekin ezkondu zen 1967an eta bi seme-alaba izan, Rafael eta Cristina. Hiru urte zituela, Rafael Markinan bertan bizi izan zen urtebetez eta, nonbait, harrezkero pilota-giroan hazi. 1986ko Munduko Pilota Txapelketan EEBBen izenean Gasteizen jokatzeko hautatua izan zen baina, aldi berean ikasketak egiteko beka eskaini zioten eta aita bera izan zen pilota burutik kendu eta bekari heltzeko agindu ziona.
Rafael Antxia behin baino gehiagotan egon omen da Eibarren, baita Arraten bazkaldu ere, bere inguruko zenbaitek dioenez baina Rafael bera ez da batere gogoratzen. Ondo asko gogoratzen da, ostera, Hondarribiaz, hantxe ezkondu baitzen, 1997ko uztailaren 13an.
Gaur egun Rafael Antxia finantzetan zein energia berriztagarrietan aditua den legegizona dugu. Alderdi Demokrataren barne-hauteskundeetan Obamaren aldeko kanpainaren zuzendaria Texasen, Ipar Ameriketako estaturik eskuindarrenetakoan. Hillary Clintonek erraz samar irabazi behar omen zuen arren, Antxiaren lanak eta beronek hautesle hispanoengan duen eraginak goitik behera aldarazi zuten azken emaitza.
Rafa Antxia, bossarekin
Eskuinean, txikiena, Julio Antxia, Rafaelen aita
Zure mezuakin gauza bikin enterau naiz: izan be, ni Rafaelen aittan maizterra naiz juan dan 12 urtian baiña ezer gitxi nekixan berari buruz, justu-justu Miamin bizi zala. Eta hara. Eta bestetik, bere aittitta eibartarrana. Hori Kalamuako Parlamentu galdera baterako oso egokixa da, eta apuntau dot. ¡Eskerrikasko!