Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ekonomiaren bainak eta lekak

Ekonomiaren bainak eta lekak

Amatiño 2010/04/05 23:39
Madrilgo Diputatu Kongresoan Elkarte Anonimoen Legea aldatzeko arriskurik ez omen da bihar falta izango. “Arrisku” hitza ez da inondik ere objektiboa baina hori da, zehatz mehatz, ñabardura batez edo bestez, euskal prentsa guztiak oro har erabiltzen diharduen zentzua. Diotenez, lege-aldaketak erakarri omen dezake Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait enpresa handiren egoitza lekuz aldatzeko zoria.

Galzori horretan leudekeen euskal ekonomiaren trakzio-enpresarik handienetakoak Petronor eta Iberdrola lirateke, Belen Ferreras kazetariak gaur El Mundo egunkarian dioenez gero. Kontu izan bien artean  900 milioi euro inguru ordaindu zietela zergatan, 2008an, Foru Ogasunei. 

Beste hainbat datu laburbiltzekotan, bien artean 256 milioi euroren inbertsio arruntak egin zituzten iaz eta Petronorrek bakarrik 830 milioi euroren ezohiko inbertsioak ditu esku artean, harako Fueloila Murrizteko Unitatea eta Kogenerazio Unitatea tarteko.  Horrez gainera, seguru gero Bilboko Portuaren trafikoa hil ala bizikoa dena Bizkaiko ekonomiaren baitan baina, hau egia izanik, egia ere bada  sartu-irten guztien %40a Petronorren Findegiak berak eragiten duena.

Holakoetan beti da norbait 'makroekonomiaren' aitzakiaz guzti honi nolabaiteko garrantzia kentzen ahalegintzen dena, makroekonomia ekonomiarik ez balitz bezala edota makroa gure errealitatez kanpo gertatu ohi den ondoriobako abstrakzio antzuren bat bailitzan. Baina, edozein modutan, hurbil-hurbileko ekonomia azpimarratzekotan, aipagarri behar bada bi enpresek  11.200 behargini ematen dietela lana  --postu-mota zuzenez, inoren bitartez edota zeharbidez—  eta, bion artean ere, 1.200 milioi euro bezainbateko erosketak egin zituztela iaz euskal enpresen artean. Horrez gainera, Petronorrek bakarrik 12 milioi ordaindu zizkion iaz Muskizko Udalari. Euroak, jakina.

Eta hau guztiau, esan gabe doa, Europan daudekeen legerik zorrotzenak betez eta betearaziz. Ez direla, bata zein bestea, norberak  aukeran nahiago lituzkeen auzokiderik politenak? Seguru gero ezetz. Baina, betiko bainak eta lekak.

 Portua

Bilboko Portua. Aurrez aurre, ezker-eskuinez, Portugalete eta Getxo. Erdi inguruan, Santurtzi; barren-berrenean, Zierbena; eta ezkerraldeko mendi ostean, Abanto eta Muskiz.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: