Artxiboa Azaroa 2011
Imanol oroituz, Imanol kantatuz
Imanolen hirurehun lagun inguruk gainezkatu zuen igande arratsean Donostiako Lugaritz aretoa, Baxenafarroako “Aldundarrak” kantari-andanak eskainitako saioa adi-adi entzuteko, barrenez gozatzeko eta biziki txalotzeko. Bi ordu benetan gogoangarriak.
"Imanol Oroituz" taldearen izenean, Arantza Urretabizkaiak aurkeztu eta eskertu zuen "Imanol kantatuz" ekitaldia
Nonbait, Arantza Urretabizkaiak aurkezpenean esan bezala, gazte jendeak ez zituela euskal kantak ezagutzen eta, Aldudeko elkarteak 1995ean ekin zion hainbat abeslariren kantutegiak biltzeari. Geroztik, urtez urte, Manex Pagola, Etxamendi Larralde, Michel Labéguèrie, Xalbador, Xabier Lete eta Paul Berzaitz kantarien lanak gogoan izan dituzte eta oraingoan, berriz, Imanol Larzabalen oroitzapenetan.
Besteak beste, Mikel Arregi, Koldo Izagirre, Txato Agirre, Mikel Azurmendi, Patziku Perurena, Joseba Sarrionaindia, Xabier Lete, Amuriza, Juan Mari Lekuona eta Imanolen beraren bertsoak eta olerkiak, Aldude, Urepele, Banka, Baigorri, Iholdi, Arrosa, Anhauze, Senpere, Ziburu eta beste hainbat herritako neska-mutilak kantari. Lantzean behin baino ematen ez den egiazko ikuskizun xume bezain hunkigarri horietakoa.
Iparraldekoei ez zaie oraindik ongi kantatzerik ahaztu eta baxenafarren jarioa nagusi gero euskaraz oneski mintzatzen. Guztia Imanolen gorazarrez, esker onez eta zor-ordainez.
Gizonezko taldea, Bixente Bidegain, Patxi Errotabehere, Pantxo Etcheverria, Betti Olçomendi, Gérard Oçafrain, Panpi Haristoy eta Tote Goyenetche tarteko.
Kanboko San Mixel ikastetxeko neskak: Audrey Lamothe, Iona Milhes, Thibault Grison, Oihana Duguine, Laurie Ospital eta Maitena Etcheverria
"Lau haizetara". Aitzinean Thierry Biscarry eta taldekide guztiak gibelean
Barrena
Nire sasoiko eibartarroi samur samar atera izaten zaigu berbetan “barrena" hitza, “gutxienez” adierazteko. Gure zaharrok behin eta berriz erabili ohi zuten eta euren bilobek, aldiz, inoiz ere ez.
Adiera polita oso –eta gutxienez baino dezente 'elertitsuagoa'-- iruditzen zaidan arren, barrena idazten erabiltzeari utzi nion nik, Eibarko hitz bakan horietakoa baino ez zelakoan. Eta zer esanik ez gero, Toribio Etxebarriak ere ez zuela bere hiztegian bildu konturatu nintzenan.
Ondo dago, bai, eguneroko hiztegia aberasteko ahalegintxoak egitea, baina ez gara behintzat hasiko, ez Axularrek eta ez Larramendik, Lhandek, Azkuek, Mujikak, Toribiok, Sarasolak edo Euskaltzaindiak jasotzen ez duten adierarik berpizten.
Baina, gaur, erdaraz nabarmen gaizki egiten duen Itziarko baserritar lagunarekin kontu-kontari niharduela, zera bota dit arrunt asko:
-- Ene…ez naizela ni han harrezkero egon… hogeita hamar urte barrena!
Joño, Eibarko zuloan eta joan zen mendean baino erabiltzen ez zelakoan…Horra ba, gaur egun, Deba ibaia baino haratagoko mendi-gainetan ere.
Berriro miatu ditut etxean eskura ditudan hiztegiak eta, azkenean, hona non Labayrurenean (Bizkaiera eta batua (b)uztarturik, 2003), hirugarren adieran: Zenbatean salduko duzu? Barrena sei euroan (por lo menos).
Beraz, Eibarko hitza ezezik, baita Bizkaikoa ere; eta, nik dakidanez, Itziarko baserritarrek ez dute bizkaieraz egiten, Zubeltzu bertsolariaren aitona-amonen aitona-amonen garaietatik… barrena.
Ezkerraldean, Jose Mari Iriondo kazetaria. Ondotik, Manuel Olaizola "Uztapide", Jose Antonio Soraso "Zubeltzu" eta Inazio Eizmendi "Basarri" bertsolariak. Deban, "Zubeltzu"ri 1974an egin zitzaion omenaldian. Hurrengo urtean hil zen.
Iceberg beltza
Jonas Ramalho da Athletic-ek sekula izan duen lehen jokalari beltza. 18 urte ditu, aurreko igandean jokatu zuen estreinako eta irabazi. Hainbat komunikabidek azpimarratu nahi izan duenez, Barakaldoko beltzaranak erakusten omen du Athletic-en ustezko xenofobia leienda gaiztoa baino ez dela. Baina ez, Jonasek, ezer nabarmentzekotan, Bizkaiko harrobiaren zailtasunak gogorarazten dizkigu.
Kontu jakina da Athletic-ek gero eta jokalari bizkaitar gutxiago duela. Zergatik ote? Ez da behintzat Athletic-ek gero eta gutxiago ordaintzen duelako, ezta ere Bizkaiko mutikoen artean gero eta gutxiago jokatzen delako futbolean. Orduan?
Batetik, egia den arren inoiz baino mutil gehiago ari dela futbolean jokatzen Bizkaian, egia ere bada ez dutela futbolean soilik jokatzen. Bizkaiko Aldundiak indarrean jarritako kirol-programen arabera gaztetxoek hainbat kirol-motatan saiatu behar izaten dute. Inork ez du zalantzan jartzen Aldundiaren erabakia onuragarria denik arrazoi gizarte-pedagojikoen aldetik, baina Aldundiak ere badaki programa horrek ez diola Athletic-en harrobiari mesederik egiten. Helburu biak dira behar bada onak, baina baita kontrajarriak ere.
Bai, inoiz baino gaztetxo gehiagok jokatzen du egun futbolean Bizkaian, inoiz baino futbol-talde gehiagok dihardu zelairik zelai. Ez, arazoa ez da jokalaririk eza, euren arteko lehiakortasunik eza baino; arazoa da, nahiz trebeagoak edo baldarragoak izan, denek jokatzen dutela elkarrekin, suspertu beharreko baloreak berdintasuna eta partekatzea direlakoan. Ez dago diskriminaziorik, ez. Ezta galbaherik ere.
Aldi berean, gero eta zailagoa da hiriburutan futbolean egitea. Batetik zelaiak urruti samar, bestetik ingelesez ere ikasi egin behar da, eta biolina jotzeko astirik izan, eta igerilekura joateko txanda hartu, eta… Izan ere, Athletic-ek Bizkaiko jokalari gutxi omen du baina, inork gogoan al du lehen-lehen mailako azken bilbotarra? Futbola eta hiri handiak ez datoz nonbait bat.
Hala ere, zer gerta ere, kirolik lehiakor, erasokor eta oldartsuenetakoa futbola bera bide oraindik ere. Hainbat guraso senetik atera ohi da semeen aldeko defentsan eta animotan, onenak eurenak direlakoan. Eta beste hainbatek, berriz, ez dute giro hori euren semeentzako gura. Utikan gero, futbola.
Horrez gainera, egungo gazteak jokatu nahi du, bai, hobeto esan, jolastu nahi du; baina ez ditu ahalegina, esfortzua, kemena eta disziplina lar maite. Etorkinak eta euren seme-alabak, ordea, larre motzekoagoak dira, adoretsuagoak, lehiakorragoak, saiatzen ahalegintzeko gertuago daudenak. Behar bada ez dituzte –oraindik— gizarte aurreratuetan nagusitzen ari diren baloreak (?), baina bizitzaren zailtasunaz jakitunago dira.
Eta, adorez ezezik, soinez edo gorpuzkeraz ere indartsuagoak omen, etorkinak: kale-txakurragoak, gordinagoak, haziagoak, zindoagoak, lerdenagoak… atletagoak.
Alegia, Jonas Ramalhoren berezitasuna ez da kolorea, Europa osoko gizartean azaleratzen ari den fenomenoaren iceberg-tontorra izana baino.
Jonas Ramalhok aurreko igandean debutatu zuen lehen mailan
Arrate Filatelia Elkartearen liburuxkak sarean
Arrate Filatelia Elkartea 1969. urtean sortu zen eta sortzearekin batera egin zuen aurreneko erakusketa, Exfibar’69, Eibarko udaletxe zaharreko liburutegian. Egoibarra udal-batzordeak lan eskerga hori nabarmendu nahi izan du eta gai eibartarren inguruan seiluzale elkarteak kaleratutako liburuxka guztiak digitaldu berri ditu.
Arrate Filatelia Elkarteak egin duen etenbako lanaren erakusgarri, Egoibarra batzordeak 1997tik 2011ra bitartean argitara emandako informazio guztia bildu du eta, urtez urte, hamabost pdftan sareratu.
Demokrazia indarrean jarri bezain laster, Arrate Filatelia Elkarteak erakundeen onespena jaso zuen. Ondoko argazkia, 1979koa edo da.
Ezkerretik eskuinera, Mateo Guilabert kazetaria; Luis Aranberri, Eusko Kontseilu Nagusiaren ordezkaria; Mikel Larrañaga, lehen alkatea; Jose Mari Barrutia, Gipuzkoako Aurrezki Kutxaren izenean; eta Fidel Sáez, eibartar filatelia elkartearen sortzaile eta lehendakaria.
Aldaketa-garaia eta garai-aldaketa
Atzoko hauteskunde-emaitzek sekulako aldaketa erakarri dute Espainiako Kongresuan zein Senatuan baina, behar bada, ezin gero esan Euskal Herrian eta Estatuan gertatua beretsua denik. Han, oro har, aldaketa nabarmena izan arren, aldaketa-garaia besterik ez da izan. Hemen, ostera, garai-aldaketa izango ote den susmoa dago.
Ez dira gero berdinak aldaketa-garaia eta garai-aldaketa. Gobernu-aldaketarik lau bider edo eman da honezkero Espainian, azken lau hamarkadotan. Lehen aldiz, ordea, baketan egindako hauteskunde orokorrak Euskal Herrian.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, EAJk eta Amaiurrek %51,54 lortu dute elkarrekin, gehienez EAJk eta HBk %45,47 bereganatu ostean 1982an. Nafarroan, berriz, sekula ez gero diputatu abertzale bi.
PSEren datuak ez dira ordea inoizko txarrenak, ezta PPrenak onenak ere. Ehunekoetan behintzat, sozialistek emaitza eskasagoak izan zituzten 1979ko eta 1989ko hauteskunde orokorretan, eta PPk, berriz, oraingoak baino hobeak 1996tik 2008ra bitarteko lau deialdietan.
Aldaketa-garaia, beraz, Espainiako Kongresuan, baina garai-aldaketa, behar bada, Euskal Herrian. Bai ote? Zer nahi delarik, dezente zailagoa omen da garai-aldaketa kudeatzea, aldaketa-garaia baino.
Aldaketa asko izan da Felipe Gonzalez estreinako etorri (1976) eta, Bilbon mitina eratu ezinik, bulego koskor batean prentsaurrekoa eman behar izan zuenetik. Besteak beste, kazetarien aurrean zigarrorik erre ezina. Ezkerretik eskuinera, ezezaguna, David Barbero kazetaria, Nico Redondo, Felipe Gonzalez, ezezaguna eta Alfonso Guerra.
Etorkizunaz asmatu
Ez dut uste euskal gizarteak azken lau hamarkadotan etorkizuna asmatzen jakin izan duenik. Baina, hemendik aurrera behintzat, talentuaz, teknologiaz eta tolerantziaz jabetzen asmatuko al dugu!
Kalean da Daniel Innerarityren azkena (La democracia del conocimiento. Por una sociedad inteligente, 2011). Berrehun eta berrogeita hamar orrialde trinkok beste horrenbeste iruzkin idazteko aukera ematen duten arren, aldez aurretik orain hurrengo (El futuro y sus enemigos, 2009) gure bilbotar filosofoak esandakoa gogoratu nahi nuke: “Los humanos seríamos otra cosa sin esa capacidad de ‘futurizar’, de proyectarse hacia el futuro y anticiparlo en términos de imaginario, expectativa, proyecto y determinación”. Eta ildo beronetik: “La relación con el futuro se ha de cultivar, como lo hacemos con las demás actitudes humanas <…> Hay sociedades que se relacionan patológicamente con su propio futuro, mientras que otras lo tratan de una manera razonable y provechosa”.
Bi urte geroago Innerarityk pista gehiago ematen digu: “En la nueva economía del conocimiento, en la que los útiles de producción y la materia prima son la información y el conocimiento, la creatividad constituye una ventaja competitiva para las empresas, los individuos y los territorios. Los nuevos indicadores de un territorio creativo serán las tres <<T>>: talento, tecnología y tolerancia. El mayor crecimiento económico se está dando en lugares que son tolerantes, diversos y abiertos a la creatividad, debido a que son lugares en los que la gente creativa de todo tipo quiere vivir”.
Ez dut uste euskal gizarteak azken hiru hamarkadotan etorkizuna asmatzen jakin izan duenik. Baina, hemendik aurrera behintzat, talentuaz, teknologiaz eta tolerantziaz jabetzen asmatuko al du!
Daniel Innerarity Globernance institutuaren zuzendaria da
Pare bat aldiz edo esan izan diot Danieli bere idazlanetan gehien miretsi izan dudana ez dela bere jakituria izan, hain gai zailak horren erraz eta ulergarri azaltzeko trebetasuna baino. "La democracia del conocimiento" deritzan azken emaitza honek ere ez dio merezimendu horri batere zorrik. Hasierako zenbait pasarte astuntxo samarren ondotik, aurrera egin ahala saiakera gero eta interesgarriagoa da; "Ciudadanía científica" izenburupeko seigarren kapitulua ikaragarri polita eta zazpigarrena, berriz, "La inteligencia de la crisis económica" izenekoa, 2008tik honako krisiaz irakurri dudan azalpenik argigarrienetakoa. Azpimarragarria ere sormenari eskainitako laugarren parte osoa: "El valor de la creatividad", "Sobre el concepto de la innovación social" eta "La gobernanza de los territorios inteligentes".
Finantza-sistema politika-sistema baino jakintsuago
"No es exagerado decir, por tanto, que entre las causas de la crisis hay un fracaso cognoscitivo. ¿Por qué el sistema financiero aparece como más inteligente y dinámico que el mundo de la política y el derecho? Pues fundamentalmente porque la economía tiene una actitud cognitiva, flexibilidad y una enorme capacidad de aprendizaje, mientras que la política y el derecho están acostumbrados a un estilo normativo, que se traduce en una tendencia a dar órdenes allí donde tendrían que aprender".
"La complejidad y la velocidad de la innovación financiera han situado a los bancos y a las instituciones aseguradoras en una posición de liderazgo cognoscitivo".
"Ésta es la razón por la que puede afirmarse que no habrá una solución verdadera a la crisis mientras los actores públicos no sean capaces de generar el saber necesario".
"La política tiene que decidir, en definitiva, si aspira a desempeñar esa función (configurar una gobernanza mundial e intervenir con eficacia en los procesos de globalización) o se contenta con el papel de víctima".
Egungo energia-eredua ez da iraunkorra
Guztia petrolioaren prezioaren gora-behera kontua baino konplexuagoa da. Eta esan egin behar, ez petrolioaren sektorea defenditzeko, gizarte-pedagogia areagotzeko baino. Arazoa petrolioari bizkarreratzea oso erraza da, baina norberaren erantzukizuna uxatzea baino ez.
Nazioarteko Energia Agentziak (IEA) esan berri du “munduan indarrean dagoen energia-ereduaren etorkizuna ez dela iraunkorra". Eta berehala hainbat komunikabidetan irakurri ahal izan dugu “petrolio garestiaz energia-sistema ez dela iraunkorra". Lehen diagnosia egia da. Bigarren interpretazioa ez.
Bai, egia da, World Energy Outlook 2011 delakoaren aurkezpenean Maria van der Hoeven zuzendariak nabarmen asko esan duena. Egokitzen ez baldin bada, gaur egun indarrean dagoen energia-sistemak ez du etorkizunik. Ekuazioa oso erraza da: ekonomiaren hazkuntza gero eta handiagoa bada (BPGa eta energia-kontsumoa elkarrekin doaz) ; suspertzen ari diren herrialdeetan (Brasil, Txina, Indonesia, India, Turkia, Hego Afrika….) urtero milioika lagun txirotasunetik ateratzen ari baldin badira eta, gainera, hurrengo urteetan munduko biztanleria erruz gehituko bada --suspertzen ari diren herrialdeetan gehienbat, hain zuzen ere--, ondorioa ezin latzagoa da: ez dago energiarik guztiontzako lain. Gureak egin du.
Egoera ez da berria, diagnosia ere ez. Gogoan izan Nazioarteko Energia Agentziak berak 2030 eta 2050 urteetarako duela hiru urte (2008) egindako iragarpen biak, baikorra eta ezkorra.

Irtenbidea, inon egotekotan, energia-eraginkortasunean dago (gehiago ekoiztu kontsumo gutxiagoz), energia-iturri askotarikoetan (denak behar ditugu), energia berriztagarriak biltzeko sistemetan (diru-ezarpenak), teknologiak eskaini ditzakeen berrikuntzetan (ikerkuntza) eta energia-estrategia bateratuan (politika).
Hau guztia petrolioaren prezioaren gora-behera kontua baino konplexuagoa da. Eta esan egin behar, ez petrolioaren sektorea defenditzeko, gizarte-pedagogia areagotzeko baino. Arazoa petrolioari bizkarreratzea oso erraza da, baina norberaren erantzukizuna uxatzea baino ez da. Hemen denok gara errudun, alegia, eraginkorrak ez diren ganorabako xahutzaileak, zenbait energia-motaren alde baina kontra dauden frikiak, energia berriztagarriak biltzeko batere presarik ez duten interesak, teknologia arriskutzat jotzen duten sasijakintsuak eta energia-estrategiarik arautu eta adostu nahi ez duten isilpekoak eta beldurtiak..
Gainera, ez gero tronpatu: petrolioa garestitzeak baditu bere alde ontxoak. Esaterako, kontsumoa murriztu, gehiago iraun, merketan errentagarriak ez diren erreserbak ahalbideratu, energia berriztagarrien kontsumoa suspertu, ikerkuntza eta teknologia beste hainbat energia-motatan eragin…
HERMES aldizkariaren azken aleak energiaren gaineko eztabada dakar nagusiki, José Luis San Pedro, Josu Jon Imaz, Eloy Alvarez Pelegry eta Xabier Viteriren ekarpenak tarteko.
Artearen eta industriaren arteko muga
Badakit “industria” hitzak hainbat zalaparta eta mesfidantza eragin ohi duela artista-jendearen artean baina azken egunotan artearen eta industriaren arteko mugakidetasunaz aipamen nabarmen birekin egin dut topo. Biak Donostian.
Aurrena, Kubo-Kutxa aretoan Xavier Mariscal diseinugileak hilabeteotan (urritik urtarrilera bitartean) azaltzen diharduen erakusketan. BIZImariscalPOZA! deritza erakusketari eta irarki ofizialek artista valentziarraren baikortasuna azpimarratu nahi izan dute batez ere. Baita Cobiren aitaren sormena, joritasuna eta era bateko zein besteko tresna eta lanabes praktikoei atxikitzeko gaitasuna eta irudimena ere.
Naizen honek erakusketaren baitan aurkitu dudan pasarterik adierazgarriena, ordea, honako esaldi hau da: “Pero lo que más me interesa de todo eso es crear en esa frontera tan interesante entre el arte y la industria”.
Beti ere erakusketan zehar lar nabarmentzen ez diren arren (tamalez zenbait erakusketak outlet itxura hartzen du), ez ditut inondik ere ukatuko Mariscali darizkion arte-dohain apartak baina, nire ustez, bere arrakastaren giltza eta maratila artearen eta industriaren arteko muga interesgarri bezain zail eta lehiakor horretan asmatu izana da gehienbat.

Bilboko Domine hotelaren halla (Xavier Mariscal, 2002)
San Telmon, Nino Rota
Beste horrenbeste edo, San Telmon, Federico Fellini zinema-zuzendariari buruzko erakusketaren (Ilusioen zirkua) inguruan Jose Maria Latorre zinema-kritikariak Nino Rota musikagileaz eskainitako hitzaldian (urteak gero ez nuela horren txarto moldatutako hitzaldirik entzuten).
Segurutik Rota izena inor gutxiri zaio ezagun, nahiz "La Strada", "Las noches de Cabiria", "La dolce vita", "A pleno sol", "Rocco y sus hermanos", "Giuletta de los espíritus", "El padrino", "Casanova" eta beste hainbat film ospetsuren eresgilea izan. Are ezezagunagoa, berriz, Nino Rota Bariko Musika Lizeoaren zuzendaria izan zela, eta hiru sinfonia, hainbat opera eta edozenbat kontzerturen egilea.
Egia da Nino Rota zinema-musikagintzari ekin ziola konposizio klasikoak ontzen, eta lanbide honek ez omen ziola bizi izateko besteko dirurik ematen. Baina egia ere bada Rotak urte bi egin zituela herri-dirulaguntzaz Filadelfiako Musika Institutuan konposizio klasikoa ikasten eta hantxe jabetu zela, hain zuzen ere, zinema-industriaren eta musikagintzaren arteko elkarkidetasunaz.
Konposizio klasikotik zinema-ekoizpenera bitarteko txangoaren ondotik ez dugu sekula jakingo italiar musikak XX. mendeko konpositorerik onenetakoa galdu ote zuen, baina zalantzarik ez gero italiar zinemagintza-industriaren urrezko aroak behar zuen maisurik aproposena aurkitu zuela.

Postmodernitatea heldu da, bai, eta?
“Indibidualismoa, mass media, moralaren desagerpena, itxura gordetzea, nartzisismoa, hedonismoa, intimitatearen eta gorputzaren kultuak…” Postmodernitateak ez al du eskaintza hoberik? Helburu handiei eustearen konpromisoa amaitu egin al da? Benetan?
“Gauzak ikusteko modua” omen da aldatu dena azken belaunaldi honetan. Holaxe dio behintzat Iraitz Urkulo (Bilbo, 1987) euskal literatura doktoregaiak Postmodernitatea, gaurko mundurako filosofia berria izenburupeko txostenean (JAKIN 185.Uztaila-abuztua, 2011).
Erdi-Aroan hasi eta XVII. eta XVIII. mendeetan loratu zen arrazoimenaren, zientziaren, ezagutzaren eta mugarik gabeko aurrerakuntzaren nagusitasunak goia jo bide du. Harako modernitateak honako postmodernitatea erakarri du, eta arrazoimen unibertsalak arrazoibide ugari eragin, beti ere norbanakoaren interesen arabera. Hau da, ez da arrazoimena zalantzan dagoena, bat eta bakarra ote den baino.
Oker nahiz zuen, modernitatearen arrazoimen unibertsalak bazuen postmodernitatearen aniztasunak ez duen nolabaiteko “alde ona”, gizaki postmodernoak nekez definitu ahal izango baitu bere burua modernoak bezain erraz eta zehatz. Zailtasun hauek gainditze aldera edo, Iraitz Urkulok berak azpimarratzen ditu postmodernitatearen zenbait oinarrizko ezaugarri, alegia: ezberdintasuna, aniztasuna, pertsonalitatea, erlatibitatea, gainbeheraren kontzeptua, balioen galera, nazio-sentimendua…
Baita hainbat proposamen zehatz eskaini ere:
* Ideia ona deritzot norberaren autoestimu hautsia berregitetik hasteari. Bizitza behar eta menpekotasun ikasien eskuetan utzi ordez, oso garrantzitsua da bakoitza bere buruarekin ados jar dadila, pentsamendua lasaitasunak har dezan.
* Postmodernitatean argi dagoen gauza bakarrenetakoa da subjektua ez datorrela bat sistemaren inposaketekin.
* Nik defendatzen dudan proiektu postmodernoa erlatibismorik toleranteenean sustraitzen da.
* Egia historiko nagusiak zalantzan jartzea praktika osasuntsu gisa onartu beharko genuke.
* Arrazoia nork duen edo nor dabilen zuzen/oker erabakitzea ezinezko bihurtu bazaigu, horrek denok berdintzen gaitu. Zalantza partekatzen dugu.
* Ez gaitezen konformatu subjektu postmodernoa indiferentea eta azaleko hedonista dela sinetsarazi nahi digutenen bertsioarekin, jo dezagun muinera eta konbentzi gaitezen besteon aurrean jarrera irekiagoa hartzeak ekar diezaizkigukeen onurez, hemendik aurrera gure bizitzaren maila guztietan islatu ahal izateko.
Ba, horixe.
"Bizi dugun garaiari postmoderno deitzeko arrazoi sendoak daudela azaltzen" saiatu da Iraitz Urkulo
'Best seller" fenomenoa euskal literatura erotikoan
Brokeback Mountain. New West Literature: mitoaren deseraikitzea
Danbolin-jotzailearen semea
Nork ez ditu gero gogoan Zuloaga, Zubiaurre anaiak, Salaberria, Díaz Olano, Tellaetxe, Dunixi Azkue edo Arteta pintoreak eta eurekin batera XIX. mendearen amaieran zein XX.aren hasieran loratu zen euskal margolari-andana joria? Bai baina, bat-batean, hutsetik jaio al ziren? Ez, antza. Aurretik, Tolosako danbolin-jotzailearen semeak bereak eta bi egin zituen.
Zelaian (1892), Iruretak Madrilgo Arte Ederretako Erakusketarako margotu zuen.
Hilero eratu ohi duen hitzaldi-sortaren barruan, San Telmo Museoaren Lagunak elkarteak Alejandrino Irureta (1851-1912) pintore tolosarra gogorarazi nahi izan du azaroko txanda honetan, Montserrat Fornells-en eskutik. Aizarnan jaiotako danbolin-jotzailearen semea, Alejandrinok txiki-txikitandik azaldu bide zuen marrazki-zaletasuna eta, maisu aproposik ezean edo, Gasteizko Artes y Oficios Eskolara bidali zuten, pintura --artea baino gehiago-- "eskulana" zelakoan. Handik berriz, Bartzelonako Lanbide Eskolara eta, azkenik, Madrilgo Arte Ederretako San Fernando Akademiara.
Garai hartan boladan zebiltzan pintura-erakusketetan hainbat domina irabazi eta, Gipuzkoako Aldundiaren dirulaguntzaz, lau urte egin zituen Erroman eta Venezian. Artean, Paris baino, Erroma zen abangoardiaren erreferentzia, eta hantxe ezagutu zuen Jose Etxenagusia margolari hondarribiarra, ordurako aipatu bi italiar hirietan arte-aferetan ziharduena.
XX. mendearen hasieran Alejandrino Irureta Donostian genuen, ospetsu, entzutetsu eta hotsandiko. Donostiako "Belle Époque" delakoan bertako nahiz kanpoko handikien erretratugile, Sarasate musikaria, Rocaverde markesaren familia eta Maria Cristina zein Victoria Eugenia erreginak tarteko.
Donostiaren eraberrikuntzan buru-belarri hartu zuen parte; Artzain Onaren katedrala eta Okendo almirantearen monumentua eraikitzeko lehiaketetan epaimahaiko izan zen; Udal Museoa (lehen euskal museoa omen) eragin zuen (1902) eta Gipuzkoako Aldundiko eskailera nagusiaren gaineko sabaia pintatu.
Gizon patxadatsua, eskuzabala, on hutsa, orekatua... Baina 1912an, depresioak jota, bosgarren solairutik bere burua bota eta hil egin zuen.
Zer gerta ere, gogoan izan edo ez, hainbat kritikariren iritziz "euskal pintura"tzat --erromantiko kostunbrista-- jo ohi diren joerak eta tankerak Alejandrino Iruretarekin batera sortarazi eta suspertu omen ziren. Bakoitzari berea. Ahopean baino ez bada ere, agur eta ohore beraz danbolin-jotzailearen semeari. Datorren urtean inork izango al du gogoan!
Victoria Eugenia erregina













