Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Artearen eta industriaren arteko muga

Artearen eta industriaren arteko muga

Amatiño 2011/11/13 19:30
Badakit “industria” hitzak hainbat zalaparta eta mesfidantza eragin ohi duela artista-jendearen artean baina azken egunotan artearen eta industriaren arteko mugakidetasunaz aipamen nabarmen birekin egin dut topo. Biak Donostian.

Aurrena, Kubo-Kutxa aretoan Xavier Mariscal diseinugileak hilabeteotan (urritik urtarrilera bitartean) azaltzen diharduen erakusketan. BIZImariscalPOZA!  deritza erakusketari  eta irarki ofizialek artista valentziarraren baikortasuna azpimarratu nahi izan dute batez ere. Baita Cobiren aitaren sormena, joritasuna eta era bateko zein besteko tresna eta lanabes praktikoei atxikitzeko gaitasuna eta irudimena ere.

Naizen honek erakusketaren baitan aurkitu dudan pasarterik adierazgarriena, ordea, honako esaldi hau da: “Pero lo que más me interesa de todo eso es crear en esa frontera tan interesante entre el arte y la industria”.

Beti ere erakusketan zehar lar nabarmentzen ez diren arren (tamalez zenbait erakusketak outlet itxura hartzen du), ez ditut inondik ere ukatuko Mariscali darizkion arte-dohain apartak baina, nire ustez, bere arrakastaren giltza eta maratila artearen eta industriaren arteko muga interesgarri bezain zail eta lehiakor horretan asmatu izana da gehienbat.

                                         

                                          Bilboko Domine hotelaren halla (Xavier Mariscal, 2002)

San Telmon, Nino Rota

Beste horrenbeste edo, San Telmon, Federico Fellini zinema-zuzendariari buruzko erakusketaren (Ilusioen zirkua) inguruan Jose Maria Latorre zinema-kritikariak Nino Rota musikagileaz eskainitako hitzaldian (urteak gero ez nuela horren txarto moldatutako hitzaldirik entzuten).

Segurutik Rota izena inor gutxiri zaio ezagun, nahiz  "La Strada", "Las noches de Cabiria",  "La dolce vita", "A pleno sol", "Rocco y sus hermanos", "Giuletta de los espíritus", "El padrino", "Casanova" eta beste hainbat film ospetsuren eresgilea izan. Are ezezagunagoa, berriz,  Nino Rota Bariko Musika Lizeoaren zuzendaria izan zela, eta hiru sinfonia, hainbat opera eta edozenbat kontzerturen egilea. 

Egia da Nino Rota zinema-musikagintzari ekin ziola konposizio klasikoak ontzen, eta lanbide honek ez omen ziola bizi izateko besteko dirurik ematen. Baina egia ere bada Rotak urte bi egin zituela herri-dirulaguntzaz Filadelfiako Musika Institutuan konposizio klasikoa ikasten eta hantxe jabetu zela, hain zuzen ere, zinema-industriaren eta musikagintzaren arteko elkarkidetasunaz.

Konposizio klasikotik zinema-ekoizpenera bitarteko txangoaren ondotik ez dugu sekula jakingo italiar musikak XX. mendeko konpositorerik onenetakoa galdu ote zuen, baina zalantzarik ez gero italiar zinemagintza-industriaren urrezko aroak behar zuen maisurik aproposena aurkitu zuela.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: