Postmodernitatea heldu da, bai, eta?
“Gauzak ikusteko modua” omen da aldatu dena azken belaunaldi honetan. Holaxe dio behintzat Iraitz Urkulo (Bilbo, 1987) euskal literatura doktoregaiak Postmodernitatea, gaurko mundurako filosofia berria izenburupeko txostenean (JAKIN 185.Uztaila-abuztua, 2011).
Erdi-Aroan hasi eta XVII. eta XVIII. mendeetan loratu zen arrazoimenaren, zientziaren, ezagutzaren eta mugarik gabeko aurrerakuntzaren nagusitasunak goia jo bide du. Harako modernitateak honako postmodernitatea erakarri du, eta arrazoimen unibertsalak arrazoibide ugari eragin, beti ere norbanakoaren interesen arabera. Hau da, ez da arrazoimena zalantzan dagoena, bat eta bakarra ote den baino.
Oker nahiz zuen, modernitatearen arrazoimen unibertsalak bazuen postmodernitatearen aniztasunak ez duen nolabaiteko “alde ona”, gizaki postmodernoak nekez definitu ahal izango baitu bere burua modernoak bezain erraz eta zehatz. Zailtasun hauek gainditze aldera edo, Iraitz Urkulok berak azpimarratzen ditu postmodernitatearen zenbait oinarrizko ezaugarri, alegia: ezberdintasuna, aniztasuna, pertsonalitatea, erlatibitatea, gainbeheraren kontzeptua, balioen galera, nazio-sentimendua…
Baita hainbat proposamen zehatz eskaini ere:
* Ideia ona deritzot norberaren autoestimu hautsia berregitetik hasteari. Bizitza behar eta menpekotasun ikasien eskuetan utzi ordez, oso garrantzitsua da bakoitza bere buruarekin ados jar dadila, pentsamendua lasaitasunak har dezan.
* Postmodernitatean argi dagoen gauza bakarrenetakoa da subjektua ez datorrela bat sistemaren inposaketekin.
* Nik defendatzen dudan proiektu postmodernoa erlatibismorik toleranteenean sustraitzen da.
* Egia historiko nagusiak zalantzan jartzea praktika osasuntsu gisa onartu beharko genuke.
* Arrazoia nork duen edo nor dabilen zuzen/oker erabakitzea ezinezko bihurtu bazaigu, horrek denok berdintzen gaitu. Zalantza partekatzen dugu.
* Ez gaitezen konformatu subjektu postmodernoa indiferentea eta azaleko hedonista dela sinetsarazi nahi digutenen bertsioarekin, jo dezagun muinera eta konbentzi gaitezen besteon aurrean jarrera irekiagoa hartzeak ekar diezaizkigukeen onurez, hemendik aurrera gure bizitzaren maila guztietan islatu ahal izateko.
Ba, horixe.
"Bizi dugun garaiari postmoderno deitzeko arrazoi sendoak daudela azaltzen" saiatu da Iraitz Urkulo
'Best seller" fenomenoa euskal literatura erotikoan
Brokeback Mountain. New West Literature: mitoaren deseraikitzea