Barrena
Adiera polita oso –eta gutxienez baino dezente 'elertitsuagoa'-- iruditzen zaidan arren, barrena idazten erabiltzeari utzi nion nik, Eibarko hitz bakan horietakoa baino ez zelakoan. Eta zer esanik ez gero, Toribio Etxebarriak ere ez zuela bere hiztegian bildu konturatu nintzenan.
Ondo dago, bai, eguneroko hiztegia aberasteko ahalegintxoak egitea, baina ez gara behintzat hasiko, ez Axularrek eta ez Larramendik, Lhandek, Azkuek, Mujikak, Toribiok, Sarasolak edo Euskaltzaindiak jasotzen ez duten adierarik berpizten.
Baina, gaur, erdaraz nabarmen gaizki egiten duen Itziarko baserritar lagunarekin kontu-kontari niharduela, zera bota dit arrunt asko:
-- Ene…ez naizela ni han harrezkero egon… hogeita hamar urte barrena!
Joño, Eibarko zuloan eta joan zen mendean baino erabiltzen ez zelakoan…Horra ba, gaur egun, Deba ibaia baino haratagoko mendi-gainetan ere.
Berriro miatu ditut etxean eskura ditudan hiztegiak eta, azkenean, hona non Labayrurenean (Bizkaiera eta batua (b)uztarturik, 2003), hirugarren adieran: Zenbatean salduko duzu? Barrena sei euroan (por lo menos).
Beraz, Eibarko hitza ezezik, baita Bizkaikoa ere; eta, nik dakidanez, Itziarko baserritarrek ez dute bizkaieraz egiten, Zubeltzu bertsolariaren aitona-amonen aitona-amonen garaietatik… barrena.
Ezkerraldean, Jose Mari Iriondo kazetaria. Ondotik, Manuel Olaizola "Uztapide", Jose Antonio Soraso "Zubeltzu" eta Inazio Eizmendi "Basarri" bertsolariak. Deban, "Zubeltzu"ri 1974an egin zitzaion omenaldian. Hurrengo urtean hil zen.
"Eibarko euskara" hiztegian --http://www.eibarko-euskara.com/-- duzu erantzuna. Baina kontu izan gauza bat dela "amama" eta, beste bat "ámama". Are gehiago, gaztelaniaz ere erabiltzen da baina, nik esango nuke, erdaraz "amama" dela beti. Esaterako: "Le dejó a huevo", "le dejó amama", "ámama laga jetsan".