Fikzioaren fikzioan galtzeko tentaldia
Segurutik Ignacio Echevarría da espainiar literatura-kritikaririk ezagunenetakoa (galdetu bestela Bernardo Atxagari), eta ez naiz ni haren lanbidea zalantzan jartzen hasiko, ez baitut neure burua inondik ere horretarako gauza ikusten. Baina literatura-kritikatan aditu izanak ez dio inori gainerako gaietan asmatzeko ezelango buldarik ematen.
Orain hurrengo (El Cultural. El Mundo, 2011.10.28), Ignacio Echevarríak zera idatzi du: “No soy de los que se toman al pie de la letra lo que un escritor dice en una entrevista, a menos que conste que fue respondido por escrito”. Lanbidearen lanbidez literatura-kritikariak eskubide osoa du guren duena esateko, idazteko, sinesteko eta gezurtatzeko baina, kazetaritzaren ikuspegitik behintzat, hainbatek arrazoi handiz aurpegiratu liezaioke esaldi horretan kazetaritzaren beraren oinarri-oinarrizko lanbidea ukatu edo auzitan jarri baino ez duela egin.
Ignacio Echevarríak besterik uste arren, erantzuleak hitzez hitz idatzitako elkarrizketak ez du nahitaez sinesgarriena izan beharrik, eta elkarrizketagilearen zeregina ez da elkarrizketatuaren idazkariarenak egitea, berorren egiazko iritziak laburbiltzen eta ulertarazten laguntzea baino. Zaila dela? Arriskuak dituela? Jakina, baina hori da kazetaritza, ez beste. Izan ere, aurretik prestatutako galdetegiari etxean lasai-lasai erantzutea auskalo literatura ote den, baina ez behintzat kazetaritza. Eta erantzunei lerizkiekeen bigarren galderak egin ezina oso erosoa izango da behar bada erantzulearentzat, baina ez da elkarrizketa, bakarrizketa nartzisista baino.
Ignacio Echevarriak uste du, nonbait, norberak jendaurrean azaldu nahi duena, bere baitan uste eta gordetzen duena baino egiazkoagoa dela. Lerro biko erantzun dotorea moldatzeko nahi besteko denbora hartu ahal izanak kristoren fikzioa itxuratzeko balio izango du, agian, baina ez da inondik ere egiaren froga eta berme, alderantzizkoa baizik.
Ignacio Echevarría literatura-kritikariak fikzioa nahi eta behar du, nahiz gezurra izan. Fikzioan bizi da, fikziotik bizi, ez ote da gero izango fikzioa baino ez delako?