Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Aldaketa-garaia eta garai-aldaketa

Aldaketa-garaia eta garai-aldaketa

Amatiño 2011/11/21 22:30
Atzoko hauteskunde-emaitzek sekulako aldaketa erakarri dute Espainiako Kongresuan zein Senatuan baina, behar bada, ezin gero esan Euskal Herrian eta Estatuan gertatua beretsua denik. Han, oro har, aldaketa nabarmena izan arren, aldaketa-garaia besterik ez da izan. Hemen, ostera, garai-aldaketa izango ote den susmoa dago.

Ez dira gero berdinak aldaketa-garaia eta garai-aldaketa. Gobernu-aldaketarik lau bider edo eman da honezkero Espainian, azken lau hamarkadotan. Lehen aldiz, ordea, baketan egindako hauteskunde orokorrak Euskal Herrian.  

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, EAJk eta Amaiurrek %51,54 lortu dute elkarrekin, gehienez EAJk eta HBk %45,47 bereganatu ostean 1982an.  Nafarroan, berriz, sekula ez gero diputatu abertzale bi.

PSEren datuak ez dira ordea inoizko txarrenak, ezta PPrenak onenak ere. Ehunekoetan behintzat, sozialistek emaitza eskasagoak izan zituzten 1979ko eta 1989ko hauteskunde orokorretan, eta PPk, berriz, oraingoak baino hobeak 1996tik 2008ra bitarteko lau deialdietan.

Aldaketa-garaia, beraz, Espainiako Kongresuan, baina garai-aldaketa, behar bada, Euskal Herrian. Bai ote? Zer nahi delarik, dezente zailagoa omen da garai-aldaketa kudeatzea, aldaketa-garaia baino.  

David Barbero 

Aldaketa asko izan da Felipe Gonzalez estreinako etorri (1976) eta, Bilbon mitina eratu ezinik, bulego koskor batean prentsaurrekoa eman behar izan zuenetik. Besteak beste, kazetarien aurrean zigarrorik erre ezina. Ezkerretik eskuinera, ezezaguna, David Barbero kazetaria, Nico Redondo, Felipe Gonzalez, ezezaguna  eta Alfonso Guerra.

 

Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2011/11/22 16:12

Argazki ederra!

Kontestua eta historia ez ezagutzeak ematen duen ausardiatik, ezkerreko ezezagunari Pello Zubiriaren antza hartzen diot, eta eskuinekoari Maria Antonia Iglesiasena.

Baina, ez dira izango.

Amatiño
Amatiño dio:
2011/11/22 17:19

Behar bada...

  1. Nik argazki hau atera nuenean hiru politikariak baino ez nituen ezagutzen. Kazetariok ez genuen hasieran elkarren berririk.
  2. Argazki honen negatiboa artxibatua egon da 35 urtean. David Barbero argazkian zegoenik ez dut jakin aurten arte, 1982an ETBn elkarrekin hasi ginen arren. Hilabete pare bat baino ez da kopia bat bidali diodala. Berak ez zekien ezein argazkitan zenik ere.
  3. Ezezagun bi horiek ere kazetariak izan zitezkeen, David Barbero bezalaxe. Kontu izan prentsaurrekoa bulegotxo batean eratu zela, guztiok elkarren gainean.
  4. Ez nuke esango emakumea Maria Antonia ez denik. Urte berekoak (1945)gara eta, horretara, 1976an 31 urte genituen.
  5. Arrazoi berberagatik, nekez --nik uste-- biboteduna Pello Zubiria, orduan 18 urte baino ez zituen eta. Wikipediari jaramonik eginez gero, 1979an hasi zen "Zeruko Argia"n, musika-kritika egiten.
  6. Oso oker ez banago, prentsaurreko hartan elkarrekin bildu ginen euskal (euskarazko)kazetari bakarrak Antton Azkargorta ("Anaitasuna"?) eta biok ("Zeruko Argia")izan ginen. Nik bakar batekin baino ez nuen euskaraz hitzegin.
Amatiño
Amatiño dio:
2011/11/22 17:32

Goikoa idatzi ostean otu zait, argazkiko emakumea Maria Antonia Iglesias ote den ala ez jakiteko modurik errazena eta bizkorrena berari galdetzea dela. Telefonoz deitu eta hauxe esan dit:

  1. Ez da gogoratzen prentsaurrekoan egon zenik ere. Baina izan zitekeen.
  2. Argazkia bidaltzeko (postaz) eskatu dit eta erantzungo didala.
  3. Bihotzez eskerrik asko.

Beraz, erantzunaren zain geratzen gara.

Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2011/11/22 20:39

Kazetaria izatea zer den... Eskerrik asko!

Amatiño
Amatiño dio:
2011/11/22 20:12

Galdetu beharraren beharrez, Pellori ere hots egin diot telefonoz eta ez, ez omen zen orduan Bilbon izan. Gainera, ez omen zuen garai hartan biboterik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: