Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Iceberg beltza

Iceberg beltza

Amatiño 2011/11/25 22:00
Jonas Ramalho da Athletic-ek sekula izan duen lehen jokalari beltza. 18 urte ditu, aurreko igandean jokatu zuen estreinako eta irabazi. Hainbat komunikabidek azpimarratu nahi izan duenez, Barakaldoko beltzaranak erakusten omen du Athletic-en ustezko xenofobia leienda gaiztoa baino ez dela. Baina ez, Jonasek, ezer nabarmentzekotan, Bizkaiko harrobiaren zailtasunak gogorarazten dizkigu.

Kontu jakina da Athletic-ek gero eta jokalari bizkaitar gutxiago duela. Zergatik ote? Ez da behintzat Athletic-ek gero eta gutxiago ordaintzen duelako, ezta ere Bizkaiko mutikoen artean gero eta gutxiago jokatzen delako futbolean. Orduan?

Batetik, egia den arren inoiz baino mutil gehiago ari dela futbolean jokatzen Bizkaian, egia ere bada ez dutela futbolean soilik jokatzen. Bizkaiko Aldundiak indarrean jarritako kirol-programen arabera gaztetxoek hainbat kirol-motatan saiatu behar izaten dute. Inork ez du zalantzan jartzen Aldundiaren erabakia onuragarria denik arrazoi gizarte-pedagojikoen aldetik, baina Aldundiak ere badaki programa horrek ez diola Athletic-en harrobiari mesederik egiten. Helburu biak dira behar bada onak, baina baita kontrajarriak ere.

Bai, inoiz baino gaztetxo gehiagok jokatzen du egun futbolean Bizkaian, inoiz baino futbol-talde gehiagok dihardu zelairik zelai. Ez, arazoa ez da jokalaririk eza, euren arteko lehiakortasunik eza baino; arazoa da, nahiz trebeagoak edo baldarragoak izan, denek jokatzen dutela elkarrekin, suspertu beharreko baloreak berdintasuna eta partekatzea direlakoan. Ez dago diskriminaziorik, ez. Ezta galbaherik ere.

Aldi berean, gero eta zailagoa da hiriburutan futbolean egitea. Batetik zelaiak urruti samar, bestetik ingelesez ere ikasi egin behar da, eta biolina jotzeko astirik izan, eta igerilekura joateko txanda hartu, eta… Izan ere, Athletic-ek Bizkaiko jokalari gutxi omen du baina, inork gogoan al du lehen-lehen mailako azken bilbotarra? Futbola eta hiri handiak ez datoz nonbait bat.

Hala ere, zer gerta ere, kirolik lehiakor, erasokor eta oldartsuenetakoa futbola bera bide oraindik ere. Hainbat guraso senetik atera ohi da semeen aldeko defentsan eta animotan, onenak eurenak direlakoan. Eta beste hainbatek, berriz, ez dute giro hori euren semeentzako gura. Utikan gero, futbola.

Horrez gainera, egungo gazteak jokatu nahi du, bai, hobeto esan, jolastu nahi du; baina ez ditu ahalegina, esfortzua, kemena eta disziplina lar maite. Etorkinak eta euren seme-alabak, ordea, larre motzekoagoak dira, adoretsuagoak, lehiakorragoak, saiatzen ahalegintzeko gertuago daudenak. Behar bada ez dituzte –oraindik— gizarte aurreratuetan nagusitzen ari diren baloreak (?), baina bizitzaren zailtasunaz jakitunago dira.

Eta, adorez ezezik, soinez edo gorpuzkeraz ere indartsuagoak omen, etorkinak: kale-txakurragoak, gordinagoak, haziagoak, zindoagoak, lerdenagoak… atletagoak.

Alegia, Jonas Ramalhoren berezitasuna ez da kolorea, Europa osoko gizartean azaleratzen ari den fenomenoaren iceberg-tontorra  izana baino.

Athletic Jonas

                                Jonas Ramalhok aurreko igandean debutatu zuen lehen mailan

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: