Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Danbolin-jotzailearen semea

Danbolin-jotzailearen semea

Amatiño 2011/11/07 21:00
Nork ez ditu gero gogoan Zuloaga, Zubiaurre anaiak, Salaberria, Díaz Olano, Tellaetxe, Dunixi Azkue edo Arteta pintoreak eta eurekin batera XIX. mendearen amaieran zein XX.aren hasieran loratu zen euskal margolari-andana joria? Bai baina, bat-batean, hutsetik jaio al ziren? Ez, antza. Aurretik, Tolosako danbolin-jotzailearen semeak bereak eta bi egin zituen.

Alejandrino Irureta

Zelaian (1892), Iruretak Madrilgo Arte Ederretako Erakusketarako margotu zuen.

Hilero eratu ohi duen hitzaldi-sortaren barruan, San Telmo Museoaren Lagunak elkarteak Alejandrino Irureta (1851-1912) pintore tolosarra gogorarazi nahi izan du azaroko txanda honetan, Montserrat Fornells-en eskutik.  Aizarnan jaiotako danbolin-jotzailearen semea, Alejandrinok txiki-txikitandik azaldu bide zuen marrazki-zaletasuna eta, maisu aproposik ezean edo, Gasteizko Artes y Oficios Eskolara bidali zuten,  pintura --artea baino gehiago-- "eskulana" zelakoan. Handik berriz, Bartzelonako Lanbide Eskolara eta, azkenik, Madrilgo Arte Ederretako San Fernando Akademiara.

Garai hartan boladan zebiltzan pintura-erakusketetan hainbat domina irabazi eta, Gipuzkoako Aldundiaren dirulaguntzaz, lau urte egin zituen Erroman eta Venezian. Artean, Paris baino, Erroma zen abangoardiaren erreferentzia, eta hantxe ezagutu zuen Jose Etxenagusia margolari hondarribiarra, ordurako aipatu bi italiar hirietan arte-aferetan ziharduena.

XX. mendearen hasieran Alejandrino Irureta Donostian genuen, ospetsu, entzutetsu eta hotsandiko. Donostiako "Belle Époque" delakoan bertako nahiz kanpoko handikien erretratugile, Sarasate musikaria, Rocaverde markesaren familia eta Maria Cristina zein Victoria Eugenia erreginak tarteko.

Donostiaren eraberrikuntzan buru-belarri hartu zuen parte; Artzain Onaren katedrala eta Okendo almirantearen monumentua eraikitzeko lehiaketetan epaimahaiko izan zen; Udal Museoa (lehen euskal museoa omen) eragin zuen (1902)  eta Gipuzkoako Aldundiko eskailera nagusiaren gaineko sabaia pintatu.

Gizon patxadatsua, eskuzabala, on hutsa, orekatua... Baina 1912an, depresioak jota, bosgarren solairutik bere burua bota eta hil egin zuen.

Zer gerta ere, gogoan izan edo ez, hainbat kritikariren iritziz "euskal pintura"tzat --erromantiko kostunbrista-- jo ohi diren joerak eta tankerak Alejandrino Iruretarekin batera sortarazi eta suspertu omen ziren. Bakoitzari berea. Ahopean baino ez bada ere, agur eta ohore beraz  danbolin-jotzailearen semeari.  Datorren urtean inork izango al du gogoan!

Vicotira Eugenia

Victoria Eugenia erregina

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: