Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Granuja, granujia

Asier Sarasua 2007/11/19 09:43

» GRANUJA · chaval; aprendiz.
Berba honek Eibarren ez dauka erderazko zentzu txarrik. "Mutiko"ren ordezkotzat erabili leike, eta taillarretan "aprendiz" esanguriakin. Taillarretan ofiziua ikastera sartzen ziran mutiko gaztiak, 10-12 urte ingurukuak, ziran granujak. Hasiera baten egitten ziran biharrak ziran: liman ikastia, itturrittik ura ekartzia eta beste bihargiñeri errekauak egittia.

Hamentxe Eibarko Hiztegi Etnografikotik ataratako pasarte bat:

Ni hamabi urtegaz sartu nitzuan Bittor Sarasketanian. Granujia! Lehelengo biharra granujena izaten zuan limatzen ikastia; haxe zuan lehenengo biharlekua. Eta gero, ba, kañoiak alde batetik bestera eruan, eta materixala Estaziñotik ekarri, eta... Holakotxiak egitten najittuan hasieran. Gero, gitxika-gitxika, ofiziua ikasten hasi nitzuan, eta baskulagin gero! Berrogetamar urtian Sarasketanian baskulagin! (Julian Etxeberria, "Ubitxa")

"Zarautz Hizketan", Zarauzko hizkera eta ahozko ondarea

Asier Sarasua 2007/11/09 11:15

Azken hiru urteotan Zarauzko euskara eta ahozko ondarea biltzen jardun dugu Zarautz Hizketan izeneko egitasmoan, eta atzo aurkezpena egitea egokitu zitzaigun Zarauzko Antoniano ikastetxeko areto nagusian.

Jende mordoxka bildu zen bertan: senideak, lagunak, euskaltzaleak... eta gehienbat proiektuan lagun izan ditugun lekukoak, zarauztar aitona-amonak. Euren ahotsa da proiektu honen muina; euren hitza izan da gure lanerako lehengaia.

Zarautz hizketan (01)

Egileok ere bertan geunden, Miren Zabaleta, Aintzane Agirrebeña, Belen Maiz eta ni neu. Fernando falta zitzaigun. Proiektuaren lehenengo urratsetan gurekin ibili zen eta berak egin zituen proiektuko elkarrizketa asko eta asko, baina ezin izan du ikusi liburua kalean. Asko eskertu genuen alaba eta emaztea bertan izatea.

Aurkezpenean Imanol Lasa euskara zinegotzia ere egon zen. Berak egin zituen sarrerako hitzak. Ondoren, bideoa batean proiektuaren oinarriak azaldu genituen (bideo ederra Artemanek egin zuena).

Ondoren, egileok hartu genuen hitza; proiektuan egindakoa aipatu genuen, oso eskematiko:

  • 55 lagun elkarrizketatu ditugu, bideoz. Emakume/gizonezko oreka gordetzen saiatu gara.
  • Herriko auzo guztietako lagunak elkarrizketatu ditugu: Urteta, Iñurritza, Santa Barbara, Abendaño... Eta inguruko herrietan ere 4-5 elkarrizketa egin ditugu (Aian, Aizarnazabalen, Getarian, Zestoan...).
  • Elkarrizketa guztiak minutuz minutu laburtu dira, eta ondoren pasarterik interesgarrienak transkribatu egin dira. Hortik ateratako ondorioekin osatu dugu "Zarautz Hizketan" liburua.
  • 1987ko sariketa batean grabatutako beste 20 zinta zahar ere berreskuratu eta dijitalizatu ditugu. Horiek ere oso erabilgarri gertatu zaizkigu.
  • Informazio guztia datu-base batean txertatu da eta online jarri dugu, Ahotsak.eus webgunean.
  • Guztira: 79 hizlari, 82 zinta, 1750 pasarte katalogatuta, 250 bideo ikusteko aukera.
  • Alderdi linguistikotik bi ondorio nagusi: 1) Zarauzko euskara Urolako besteekin batera taldekatu daiteke, nahiz eta beterriko hizkerekin zubi-lana egiten duen; 2) Zarauzko kaleko hizkerak berezitasun batzuk ditu ingurukoekin alderatuta; Zarauzko baserritarren hizkera, ordea, inguruko auzoetako baserritarren berbera da (Urdaneta, Aizarna, Sarasola, Elkano, Meaga, Oikia, Askizu...).

Zarautz hizketan (04)

Hiru urte pasa dira lehenengo prentsaurrekoa egin genuenetik. Harrezkero, lan asko egin behar izan dugu, baina asko gozatu dugu. Aberasgarria izan da, oso; udaletxetik jaso dugun laguntza eta babesa ere handia izan da (eskerrik asko, Alitxu eta Karmele!).

Nire kasuan, alderdi pertsonaletik ere hunkigarria izan da. Eibartarra naiz jaiotzez, baina amona zarauztarra neukan; aita ere "elebiduna", eibarko euskeraz zein zarauzkoan moldatzen zen, tokian tokian. Zarautz eta Zarauzko euskara, hartara, etxekoak izan ditut txikitatik. Proiektu honi esker herriko hizkera eta bizimodua hurragotik ezagutzeko aukera izan dut, eta pozgarria gertatu zait.

Proiektuaren eta aurkezpenaren berri jaso dute Diario Vascon, hemen eta hemen.

Zarautz hizketan (03)

Zarautz hizketan (02)

 

Argitalpenak: liburua, DVDa eta Internet

Proiektu handia izan da eta jasotakoa 3 euskarritan kaleratu dugu:

  • Liburua: Zarauzko euskararen ezaugarri nagusiak, hiztegia, aditz-taulak... eta elkarrizketen pasarte batzuen transkripzioak.
  • DVDa: egindako grabazio bakoitzetik 3-4 minutuko pasarte bat sartu da DVDan, jasotako guztiaren adibide modura.
  • Ahotsak.eus webguneko Zarauzko atala. Proiektuan jasotako gehien-gehiena bertan dago, eta hemendik aurrera ere webgunea betetzen eta osatzen jarraituko dugu.

Hirugarren horri garrantzi berezia ematen diot; egia esan, horixe izan da guretako helburu nagusia. Horrelako proiektuak gizarteratu nahi baditugu (gehienbat gazteen artean), liburuak ez dira nahikoa, beste baliabide batzuk ere landu beharra dago. Adibidez, komikiak, jolasak... eta Internet. Liburuan, gainera, jasotakoaren zati bat dago; Interneten gehiago sartu daiteke, ia dena.

 

Agirrebeña, Maiz, Muniozguren, Sarasua, Zabaleta.

Beasaingo Euskara (Beasaingo udala, 2007)

Asier Sarasua 2007/11/07 23:59

Gaur iluntzean Beasainen egon gara, Usurbe zineman, "Beasaingo euskara" liburua aurkezten. Lantaldean egindako lana da, Aintzane Agirrebeñak, Itziar Alberdik, Xabier Mendigurenek eta nik neuk. Andoni Sarriegi eta Fidel Altuna ere gogoan izan behar ditugu, hainbat zalantza argitu dizkigutelako, akatsak zuzendu, eta aditz-tauletan zeresan zuzen-zuzena izan dutelako.

Azken bi urteotan elkarrizketak egiten eta herriko hizkera jasotzen jardun dugu Beasain aldean. Proiektua eta ikerketa-lana orain dela urtebete inguru amaitu genituen; proiektuan parte hartu duten lekukoei ere otsailean egin zitzaien omenaldia Astigarretan. Egun ederra izan zen.

Harrezkero, liburuaren inguruko kontuekin ibili gara: azken zuzenketak, maketazioa, inprentak... Egia esan, kontu horietan ezer gutxi egin dugu; udalaren esku egon da ia dena eta ez digute eman aukera handirik ezer erabakitzeko. Azkenean, presaka, baina irten da liburua, eta txukun irten da. Horretan zeresan zuzena izan du Xabierrek azken asteotan sartutako orduak eta orduak.

Aurkezpena ondo egon da. Instituzionalegia, beharbada (udaleko 4 ordezkari mahaian) baina jende dexente etorri da (lekuko, senide, herritar...) eta gehienak pozik zeuden. Lekukoetako bi egon dira mahaian (Ixabel Olano eta Joxe Inazio Lasa) eta eurek eman diote bizitasun handiena aurkezpenari. Zoragarri egon dira, Beasaingo euskararen inguruko hainbat azalpen eta anekdota kontatuz; 80 urterekin arin eta zorrotz egon daitekeela erakutsiz.

Argazki batzuk laga ditut Flickerren.

beasain.jpg

Argitalpen nagusia liburua izan da, baina interesgarriagoak izan daitezke, ziurrenik, proiektuan grabatutako 55 orduak, garai bateko Beasaingo historia, bizimodua eta hizkera biltzen duten zintak. Udaletxean egongo dira, interesa daukan edonorentzat. Grabazioen aukeraketa txiki bat, gainera, DVDan kaleratu da, liburuarekin batera.

Eta bihar, osteguna, Zarautzera goaz. Hango lana ere orain dela urtebete inguru amaitu genuen eta, kasualitatez, "Zarautz hizketan" liburua eta webgunea, www.hizketan.org, bihar aurkeztuko ditugu Antoniano ikastetxean. Hiru urtez lanean Zarautzen eta Beasainen, eta lan biak aste berean aurkeztu behar! Tira, horren berri bihar.

Burdinbidearen "Euskal" (?) Museoa

Asier Sarasua 2007/11/05 23:46

Asteburu honetan Azpeitiako Trenaren Museoan egon gara. Hamabi laguneko taldea joan gara Eibartik, ume eta nagusi, denok euskaldunak. Tren barruan gure inguruan zeuden gehienak ere euskaldunak ziren. Hala ere:

  • tren barruko azalpenak lehenengo erdaraz, eta gero euskaraz. Haurrei ere, lehenengo erdaraz. Katalanei ere euskaraz; euskaldunoi ere erdaraz. Euskara mailaz ez dut ezer esango; ahalegintzen zen, behintzat, neska.
  • Lasaora heldu, eta makinistak 10 minutuko azalpenak eman zituen. Erdara huts-hutsean. Honek bai, honek euskaraz ondo zekien, baina kanpotarrek guk baino eskubide gehiago, antza.
  • Museora itzuli ondoren, tren artean zebilen gizon batek esan zigun museoa itxita zegoela. Tira, "está cerrado" esan zigun. Hortik aurrerako azalpenak ere erdaraz: "podéis volver a las tres, bla-bla-bla...".

Eta hori guztiori, non? Segovian? Ez, Azpeitian, eta Burdinbidearen "Euskal" Museoan.

Harrigarria, aizuek.

Zorionak Sautrela!

Asier Sarasua 2007/10/30 08:55

Sautrelak 200. programa bete du eta jaialdia izan zen atzo Tabacaleran. Elkarrarrizketa ere egin diote Hasier Etxeberriari Elgoibarren.net orainkarian, eta argazki batzuk ere jarri ditu Luistxok Flickrren. Ondo pasatu zutela dirudi. Jai chick eta literarioa, goitik behera. :-)

Askotan esaten da zelako txarra den ETB (eta gehienbat ETB1); ni ere talde horretan egon naiz sarri. Ba, gaur aurkakoa esateko idazten dut. Gaur egun telebistan gogokoen ditudan programak ETB1-ekoak dira gehienak, eta bereziki, Sautrela, Wazemank, Postdata, Mihiluze... Azken aurkikuntza, igande gauetan ematen duten Udazkeneko loreak. Ez da sekulako programa izango, baina gustura ibiltzen naiz perretxikolariei begira. Eta enbidiaz.

Ixa-ixa, madarixa

Asier Sarasua 2007/10/26 09:27

Gauzak erdizka eittiak, batzuetan, etekiñen bat dakar. Gehixenetan, baina... alperrik.

Orduan esaten da, ixa-ixa, madarixa.

  • Amaittu dok egin biharrekua
  • Bai. Ixa.
  • Ixa-ixa, madarixa. Ez badok amaittu, esaidak.

Eibarko hiztegi etnografikoa liburuan agertzen da. Eibarko hiztegi elektronikua be bai, madari sarrera barruan.

Urkiko gurutzea azaroan itzuliko da etxera

Asier Sarasua 2007/10/19 09:36

Orain dela aste batzuk idatzi nituen Urkiko gurutzearen abenturak. XVI. gizaldi inguruko gurutzea, Urkin egon da 500 urtez, Elgeta eta Arabarako bide hasiera zaintzen. Etxeak egin behar zituztela-eta, Urki Kurutzekua baserria bota egin zuten, eta gurutzea bere lekutik kendu. Ustez, ondo zaindu, eraberritu, eta berriro bere tokian ipintzeko.

Hiru urte pasatu ditu hor zehar jira-bueltaka (2004ko ekainean kendu zuten), baina badirudi azkenean itzuliko dutela bere jatorrizko tokira, Urkira. Horrela agertzen da egunkarian eta egoibarra.com webgunean.

Gezurrak ere badaude, baina. Batean zein bestean aipatzen da: "Desde la fecha del desmontaje los elementos del Crucero se encuentran custodiados en un almacén situado en el túnel de Matsaria de Eibar" batean; eta bestean, "Tras el desmontaje los elementos del crucero quedaron custodiados en un almacén municipal."

Eta hori ez da egia. Beste hainbat kasutan moduan, gogoratu gargolak, kasu honetan ere bazter batean botata laga zuten XVI. gizaldiko gurutze hori hainbat astetan zehar. 2004ko ekainean kendu zuten Urkitik, eta 2005eko martxoan, behintzat, oraindik ere mendian botata zegoen, zatika eta apurtuta, inolako zaintzarik gabe, Iragorriko ur-deposito ondoan. Hemen argazki batzuk.

Eskandalosoa da.

Urkiko kurutzea (Eibar)

Euskalbar 3.0 prest

Asier Sarasua 2007/10/16 09:04

Euskalbar 3.0 bertsiñua argitaratu dabe, Firefoxeko Euskalbarra ezagunaren azkenengo bertsiñua. Ezagutzen ez dozuenontzako: Firefox nabigatzailiakin erabiltzeko gehigarri bat da, hainbat euskal hiztegi arakatzen dittuana, eta MUNDIALA da.

Beste hainbat tokittan aittatu dabe kontua, eta ez naiz sartuko azalpen orokorretan. Gauza bi bakarrik:

  • Azkenengo bertsiño honetan Bergarako hiztegixa be kontsultau leike zuzenian, eta Eibarko hiztegixa be badakar (oingoz ezin da zuzenian kontsultatu).
  • Ez badozue oin arte erabili, ointxe daukazue aukeria. Oso errez eta azkar instalatzen da eta laguntza itzela da. Imajinatu leike Internet blog barik? edo Flickr barik? edo Youtube barik? Ba, Euskalbar instalatzen badozu, ezingo dozu imajinatu Internet Euskalbarra zoragarri hori barik.

Euskalbar InternetEuskadi webgunian dago, baina Addons.Mozilla.Org (AMO) webgune ofizialian be agertu da azken bertsiño hau. Laster bloga be eukiko ei dau euskalbar proiektuak.

Proiektuaren arduradunak: Julen Ruiz, Asier Sarasua Garmendia, Igor Leturia eta Juanan Pereira.

Arraunka, arraunkia. Arronka, arronkia.

Asier Sarasua 2007/10/15 23:36

» ARRAUNKA, arronka · arrauka, zarakarra.
1.- batez ere, esneak ontzietan lagatzen duen hondakina eta orbana; 2.- janari erreen hondakina eta lagatzen duen gustua; 3.- hedaduraz, zarakarra, edozein costra (zauri batek sortutakoa, belarri osteko zikinkeriarena...).

  • Esne onari igartzen jako ontzixan lagatzen daben arronkatik.
  • Batzueri arronkiakin gustatzen jakue gatzatua.
  • Bizikletan jausi zan itxuria; sekulako arraunkia daka, behintzat, beso aldian.

Aldaerak: (esne-) arroka, arronka, arrauka. (ik. au diptongoa Eibarren).

Eibarren eta inguruan hainbat adiera eta aldaera jaso dira, hortaz, eta jende nagusixan artian nahiko ezaguna dala esango neuke. Gaur egun, ostera, gaztien artian ixa ezezaguna.

Hiztegi batuan Bizk. markiaz agertzen da, arrauka.

Van't Hoffen ilea

Asier Sarasua 2007/10/15 00:11

Aurreko mezu batean ere aipatu nituen udako irakurketak, baina Unai Elorriaga bilbotarraren hau geratu zitzaidan pendiente, "Van't Hoffen ilea", oraindik ere amaitu barik baineukan.

Estilo berezikoa da Unai Elorriaga, idazkera aldetik zein ipuinak garatzeko moduan. Pertsonala, absurdua, askatzailea, abstraktua, berria... esperimentala? Eta gustatzen zait, bai, asko. Imaginazio handiko kontakizunak, hari nagusiaren inguruan harilkatutako dozenaka mikroipuin, ahozko hizkeratik oso hurbil dagoen idazkera, elipsiak eta elipsiak, adjetiboak eta adjetiboak...

Matias Malanda ministerioko langilea da eta Idusera heldu da bertako pertsonaien inguruko grabazioak egitera. Hori dio, benetako helburua beste bat izan arren. Malandaren eta Iduseko pertsonaien artean erakusten digu Elorriagak ipuinak sortzeko daukan gaitasuna amaigabea.

Liburu honi zerbait gehiago eskatzekotan, borobiltasuna eskatuko nioke. Elipsiak ondo daude, baina nobelaren hari nagusia kriptikoegia iruditu zait; nobelari berari indarra kentzen dio. Ipuin-bilduma izatetik nobela izatera eramango lukeen hori. Seguru asko nahita egindako hautua izango da, liburuan zehar dauden hamaika ipuinak indartzeko baliabidea, irakurleari "etxekolanak" jartzeko modua. Ez dakit.

Idazleak maileguen inguruan hartu duen jarrerak ere pixkat zaildu dit irakurketa. Ehunka mailegu darabiltza Elorriagak, lotsa barik eta natural, eta kasurik gehienetan bizitasuna ematen diote liburuari, adjetiboen kasuan bereziki. Hala ere, kasu batzuetan gehiegizkoa ere iruditu zait (barruntatu, despilfarratu, pululatu, solbentea, disolutoa, irrefrenablea, aparentea...), zenbait pasarte "narrasterainokoa".

Liburu ona eta gomendagarria.

PD: Uste dut Susaren Armiarmak baliabide berria daukala azken egunotan, Kritiken hemeroteka. Berria da, ezta? Une honetan ia-ia 4000 kritika literario agertzen dira, horien artean "Van't Hoffen ilea" liburu honen inguruko 7 kritika. Beste behin ere, zorionak Armiarmari.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

cc by sa 4.0 - ikonoa

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz