Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Aurtengo udan irakurritakoak

Aurtengo udan irakurritakoak

Asier Sarasua 2007/10/01 00:15

Azken 4 urteotan nahiko literatura gutxi irakurri dut eta hortxe dauzkat, dozenaka liburu noiz irakurriko zain. Oporrak aprobetxatzen ditut galdutako denbora berreskuratzeko eta abuztuan zeozer irakurri dut, behintzat; ahalegindu naiz telebistari eta Interneti minutu batzuk osten. Irakurritako gehien-gehiena, orain dela 3-4 urtekoa da. Aurten erosi dudana 2010 inguruan irakurtzea aurreikusten dut. :-)

Mezu hau berau ere 15 eguneko atzerapenarekin dator... baina hementxe da:

La Brecha (Toti Martinez Lezea)
Totiren beste lan batzuk irakurrita nituen lehenagotik (La calle de la judería, Las torres de Sancho…), baita gustura irakurri ere. Nobela historikoek, baina, badute arrisku bat: orain 500-1000 urteko ipuinak edo urrutiko lurretan gertatzen diren gertakizunak kontatzea "erraza" da, baina guregana gerturatu ahala… Hartara, Totik Donostian 1813an gertatutakoa kontatzen digunean, istorioan hutsuneak agertzen hasten dira, hutsune nabarmenak. Argumentua, gertaerak eta hari orokorra sineskaitzak dira, eta pertsonaia gehienak sinestezinak. Eta nola liteke horrenbeste akats tipografiko egotea liburu batean?

Kolosala izango da (Joseba Sarrionandia)
Liburu hau, ostera, erabat sinesgarria egin zitzaidan, pertsonaiak eta historia bera. Eibartarrak ikusi ditut orriotan, lagunak, senideak, ezagunak. Liburu ederra da, bere mingotsean, nobela baino, ipuin luzea. Ume baten ikuspuntua darabil liburuan, lehenengo pertsona erabiliz, eta horrek indarra eta bizitasuna ematen dio baliabideetan zein historia lotzeko orduan. Benetan merezi du.

Horas Extras (Bernardo Atxaga)
Atxagaren kontakizun laburrak, gaztelaniaz. Ti-ta irakurtzen da, pare bat orduan, eta gustura.

Armand David, pandaren aita (Kepa Altonaga)
Armand David (1826-1900) misiolari ezpeletarrak Asian egindako ibilerak kontatzen dizkigu liburuak: Txinan bizi izandako urteak… eta batez ere, panda hartza non, noiz eta nola aurkitu zuen, euskaldun hau baita Pandaren aita, Panda hartza zientziarako deskribatu zuena. Hari nagusi horren inguruan, beste makina bat kontu ere azaltzen dira: Iparraldeko egoera XIX. mendean, Txina, historia naturala, eboluzioa, ekologia, biogeografia, eta abar. Kontu interesgarriak, nahiz eta tarteka haria galtzea erraza den.

El último Catón (Matilde Asensi)
Lore asko jaso nituen liburu honen inguruan. Interneten ere erreferentzia onak besterik ez ditut aurkitu. Baina niri txarra iruditu zait. El Codigo da Vinci estiloko liburua da, eta antzeko liburuen ezaugarriak ditu: arina, erraz irakurtzekoa, erritmo bizikoa… Egia esan, ez zitzaidan kostatu irakortzea, baina liburu makala iruditu zait. Historioaren haria erraz hautsi daiteke, liburuan aipatzen diren zenbait puntu ilun sekula ez dira argitzen, Danteren "La Divina Comedia" liburuaren aipamenak luze eta nekagarri gertatu zaizkit, pertsonaiak ez dira erakargarriak… eta amaiera txarra da.

Soinujolearen semea (Bernardo Atxaga)
Opor hauetan, azkenean, ordaindu ahal izan dut zorra: hiru urtez izan dut liburu hau oheburuan zain. Atxaga. Horrekin gehiena esanda dago. Atxagaren lanik borobilenetakoa, nire ustez, euskal literaturan erreferentzia bihurtu daitekeena. Zoragarria iruditu zait. Liburu hau ezin da gainetik irakurri, ez: murgildu egin behar zara, hitzez hitz irakurri, eta gozatu. Atxagaren nobelak, gainera, ez dira bakarrik nobelak. Orrialde bakoitzean, esaldi bakoitzean, lerro bakoitzean… edonon dago sorpresaren bat, edonon dago literatura, nonahi poesia. Egitura bereziko liburua da, denboran eta pertsonaietan aurrera eta atzera egiten duena. Dozenaka ipuin eta hari, dozenaka pertsonaia, baina denak ere zoragarri harilkatuta agertzen dira liburuaren 440 orrialdeetan. Azken batean, horixe da liburuaren mezuetako bat: dena lotuta dagoela, gaurko gertakizunak lehenago ere gertatu direla. Eta baita lehenago ere. Liburu zoragarria.

Odolean neraman, Joan Mari Irigoien
Gai potolo eta neurri batean erakargarriak azaleratu nahi izan ditu liburu honetan Irigoienek: komunikabideen funsgabekeria, harremanen axalkeria, famaren lilura hutsala... eta guzti hori futbol izar baten gorabeherak kontatuz. Eta bai, gai horiek aipatzen ditu liburuan, baina erdibidean geratzen da. Liburu laua da, kamutsa, sorpresarik gabea. Nahia eta ezina. Beharbada, irakurle gazteagoentzat pentsatutako liburua da? Babiloniaren bila bazabiltzatze, hemen ez duzue aurkituko. Eta gainera, hemen ere akats ortografikoak eta tipografikoak.

etiketak: liburuak, literatura
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz