Baztan eta Baigorri artean, Hauza mendia (1304 metro) Izpegitik #100mendi
Hauza mendi ederrak Baztan (Nafarroa Garaia) eta Baigorri (Nafarroa Beherea) haranak banatzen ditu, paraje natural ikusgarrian. Tontorra bera Nafarroa Garaian dago, Baztango lurretan, eta 1.304 metroko garaiera du. Baztango mendirik ikusgarri eta ezagunenetakoa da, zalantzarik gabe. Izpegiko lepotik du biderik samur eta ohikoena (maldatsua, halere), eta handitik ekin genion guk uztaileko azkenengo asteburu eguzkitsuan.
Izpegin bertan ondo markatutako GR nagusia hartu eta sortaldeko magaleko bidea hartu genuen guk, pixkat luzeagoa baina aldapa gutxiagokoa, Usatxarreta eta Aldaburu tontortxoak hegitik gainditzen baitira, bueltan-bueltan, euren tontorrera igo barik. Lehenengo zati hori pagadian zehar dihoa, 20-30 minutu inguruz, bidezidor gora-beheratsu eta zigi-zagatsuan, mendian gozagarri gertatzen diren bidexka horietako batean barrena.
Izpegitik Nekaitzeko lepora bidean, pagadian zehar.
GR markak nabariak dira Nekaitzeko lepora garamatzan ibilbidearen zati honetan.
Behin Usatxarreta eta Aldaburu atzean utzita, Nekaitzeko lepora helduko gara eta, pixkat aurrerago, Elorrietako lepora. Baigorri eta Baztan elkartu izan ditu gizaldiz gizaldi lepo honek eta hantxe hasiko zaigu igoeraren zatirik nekezena, Elorrietako lepoan hasi eta Hauzako gailurrera eramango gaituena.
Nekaitzeko lepoan; pare-parean ikusiko dugu bertatik Hauza handia.
Elorrietako lepoa. Han barrenean Nekaitzeko lepoa eta Aldaburu (926 m). Elorrietako lepoa 830 metrora dago; ia 500 metroko igoera daukagu hemendik tontorrera.
Elorrietatik Hauzarako bideak 2 zati arras ezberdinak ditu. Biak ere malkarrak, baina izaeraz erabat ezberdinak. Lehenengo zatia, neurri handi batean, gerizpean egiten da, pagadian zehar. Bidexka tarteka pagaditik irteten da eta inguruak eskaintzen dizkigun bista ederrez gozatzeko aukera ematen digu. 30-40' inguru behar izan genituen lehenengo zati hau gainditzeko, Harrigorriraino (1.114 m).
Elorrietako lepotik Harrigorrira bidean (harri gorrizko tontor hori da Harrigorri, 1.114 m).
Hemendik aurrera aldats pikarra aurkituko dugu une oro. Dela pagadian, dela pagadi bazterrean.
Behin Harrigorri gaindituta, ibilbidearen izaera erabat aldatzen da. Pagadiko bidetxindorra alde batera laga eta harri artetik gora egin behar da marka nabarmenik gabeko mendian goiti. Arnasa kentzen du bideak eta arnasa kentzen ikuspegi zoragarriak: Garazi, Baigorri, Banka, Urepele... Hegaztiak ere ugari: sai arreak, sai zuriak, erroiak, belatxinga mokogorriak, belatz gorriak... eta arrano beltz bat ere ikusi ahal izan genuen!
Zati hau gainditzeko beste 40' inguru behar izan genituela kalkulatzen dut (gutxi gora-behera), tipili-tapala, txiri-txiri, izerditan. Esan bezala, ahalegina eskatzen dizun mendia da Hauza, baina saria handia denean, gustura hartzen dira ahalegin txiki hauek. Merezi duela Hauzak!
Harrigorri atzean lagata, maldan gora, ia-ia lerro zuzenean, Hauzaraino. Atzean Banka ingurua.
Hauza, 1.304 m.
Hauzatik hegoaldera (sic) begira, Nafarroa Behereko Baigorri eta Banka inguruko haran, mendi eta herriak.
Hauzatik iparraldera begira, Baztan eta inguruko lurrak.
Harrigorri, 1.113 m.
Izpegi, hasiera eta, batez ere, amaierako puntu.
Armañongo Parke Naturala, Enkarterrietan: Armañon, Jorrios eta Kotobasero, Karrantza, Turtzioz eta Lanestosa artean
2006. urtean izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak Armañongo Parke Naturala, Ranero eta Armañon mendilerro inguruko 3.000 hektarea, Karrantza eta Turtzioz artean banatuta, Enkarterrietan.
Paisaia ederra, nekazal ingurune oraindik nahiko zaindua, Pozalaguako haitzuloa eta Torca del Carlista famatuak, eta Raneroko mendilerroko hainbat gailur eder. Armañongo Parke Naturalak merezi du bisita bat, bizpahiru ez badira. Beti joatekotan eta oporraldi hau aprobetxatu dugu ingurua ezagutzeko.
Enkarterrietako zenbait herri bisitatzeaz aparte, besteak beste merezi duten Karrantza, Turtzioz eta Lanestosa, batez ere mendi aldean ibili gara, 100 mendien lehiaketak ematen digun bizigarriari esker. Oraingo honetan Armañon, Los Jorrios eta Cotobasero igo ditugu, ez altuegiak baina igoera polita dutenak eta ikuspegi ederra eskaintzen dutenak, Enkarterriak, Kantauri Itsasoa eta Cantabria aldeko mendiak parez pare.
Armañon eta Los Jorrios egun berean igo genituen, Cueto auzotik (Turtzioz) abiatuta. Lehenengo kilometroak porlanezko pista batetik egiten dira, nahi bada autoz gainditu daitezkeenak. Ondoren, Armañonek eta Jorriosek, bakoitzak bere izaera erakutsiko dizkizu: leun eta atsegina lehenbizikoa, mole kalkareo ia gaindiezina bigarrena. Bideak ondo markatuta daude eta begi bistakoak dira, oro har. Hori bai, Armañonera bideratzen diren bide-zidor batzuk oteak eta txilarreak itxita aurkitu genituen; Jorriosen kasuan, kareharrizko hormak gainditu eta tontorrera heltzeko, ezinbestekoa da bidea markatzen duten harri-meta txikien aztarna ez galtzea. Lau orduko buelta izan zen, lasai-lasai eginda, bazkaltzeko tartea hartuta.
Cotobasero oso desberdina da. Karrantzako Aldeacuevas auzunetik hasi genuen igoera eta ez dauka inolako zailtasunik, ez bada behi, zezen eta mastinak ondo gobernatzea (estuasun txikiren bat izan genuen). Cotobaserok oso ikuspegi ederra eskaintzen du Karrantza aldeko auzo guztien erdigunetik.
Itzuliko gara, duda barik.
Armañon (856 m), Ranero mendilerroan (Karrantza).
Txilarreak hesiak hartu ditu Armañongo maldan.
Armañongo gailurra (856 m), Ranero mendilerroan (Karrantza). Alboan du Parapetos tontor txikia eta, iparralderago, argazkiak ikusten den Los Jorrios (839 m).
Karrantza aldeko lurrak. Pozalagua eta Ranero inguruak erdi-erdian; atzerago Ason inguruko mendi garaiagoak (Cantabrian).
Los Jorrios (839 m) Armañon tontorretik.
Armañon abegikorraren alboan, Los Jorriosek gotorleku gaindiezina ematen du azpitik. Ezinbestekoa da bidetxindorraren hasiera ondo hartzea eta harri-metak begiz ez galtzea.
Kantauri itsasoa Los Jorrios tontorretik (839 m), Turtzioz.
Los Jorrios (839 m), Turtzioz (Enkarterriak).
Ganadua eta mastinak ugariak dira Armañongo Parke Naturalean. Ezinbestekoa da oinarrizko segurtasun arauak jarraitzea.
Pomatias elegans barraskiloa, Euskal Herriko lehorreko gasteropodoen artean operkulua daukan bakarretakoa. Nahiko ohikoa da Europa hegoaldeko ingurune kalkareoetan eta zenbait ale aurkitu genituen Los Jorrios magalean.
Turtziozeko Romaña auzoko San Pedro eliza eta zezen-plaza. Turtziozeko lau auzoetan izan dute zezen-plaza bana. Romañakoa XVIII. mendekoa zen, baina 1957an bota eta Gaztelako estiloko beste hau eraiki zuten.
Cotobasero (829 m). Karrantzak dituen 47 auzuneetako asko eta asko ikus daitezke ingurune honetatik.
Lanestosa, bisita merezi duen herri ederra.
Munarrikolanda, Euskal Herriko mendirik "txikiena" #100mendi
Euskal Herriko 100 mendien lehiaketarekin jarraitzen dugu familian, bakoitzak bere erritmora. Unibertsitate fasean murgilduta gaudenez eta Leioako kanpusera joan beharra geneukala aprobetxatuta, Munarrikolanda igo dugu aste honetan. Txirrindulariz beteta aurkitu genuen parajea, gu oinezko bakarrak.
Berango eta Urduliz artean dago Munarrikolanda, eukaliptoz betetako inguru batean, itsaso gainean, eta baditu zenbait ezaugarri, besteak beste, Euskal Herriko mendirik txikiena dela (nolabait esateko, e?).
Izan ere, Euskal Mendizale Federazioaren "Euskal Herriko mendien katalogoan" dauden 597 mendien artean txikiena da Munarrikolanda, bere 255 metroekin. Kostaldean badira hau baino txikiagoak diren kaxko eta mendixkak, jakina (Getariako San Anton, Lekeitioko Talaia, Donostiako Urgull...), baina ez datoz Mendien Katalogoan eta ez dira puntuagarri 100 mendien lehiaketan. Hortaz, zerrenda ofizial horretako txikiena da Munarrikolanda.
Aztarna historikoz betetako gunea ere bada Munarrikolanda ingurua. Hainbat aztarna arkeologiko eta dolmen daude bere maldetako estazio megalitikoan eta tontorrean gerra zibileko aztarnak ere aurki daitezke, bunker zikin baina ondo kontserbatu batekin.
Hortaz, esan dezakegu, Euskal Herriko mendirik txikerrena igo dugula. Orain altuena falta!
Kalamua (771 m, Elgoibar) , arrantzaleen "Kala-Muga" adierazten (ei) duen tontorra
Tontorra elgoibartarren eta markinarren artean banatzen duten arren, eibartarrontzat "gure" mendia da zeharo Kalamua. Seguru asko, eibartarrok gehien igotzen dugun mendia, ume-umetatik hasita.
Izenak badu bere zera. Batetik, bi izen dituelako. Kalamua nagusitzen da Gipuzkoa aldean, baina Maaxa (edo Max-mendixa) ere entzuten da mendizaleen artean, batez ere edadetuenen artean (eta gehiago Bizkai aldean, oso oker ez banago).
Beste alde batetik, Kalamua izenaren jatorriaz ere bada beti berriketaren bat. Oinarrian kalamu landarearen izena egon daitekeela aipatu izan da noizbait, oinarri garbiegirik gabe. Baina herri mailan finkatuen dagoen "teoria" beste bat da, "Kala-Muga" delakoarena.
Bigarren ideia horren arabera, arrantzaleek ipinitako izena da Kalamua, eta Kalamuga litzateke jatorriz. Hau da, arrantzaleen kalaren (arrantza-lekuaren) muga adieraziko zien Kalamua mendiak arrantzaleei. Mendia ikusteari uzten ziotenean, hantxe amaitzen zen euren arrantza-kala.
Ez dakit oinarri sendorik ba ote duen (psee...), baina zentzua bai badu, XX. mendera arte mendien kokapenari esker aurkitzen zituztelako arrantzaleek euren arrantzaleku nagusiak, kalak, alegia, kala bakoitza garai eta espezie jakin batzuetarako egokiagoa zelarik (neguan kala hau, udan beste hau, bisigutarako hurrengoa...) eta kala horiek guztiak itsasoan aurkitu ahal izateko, lehorreko puntu geografikoak erabiltzen zituztelako "triangulazioa" moduko bat eginez (portutik neurtutako distantziez gain). Horrekin lotutakoa da, neurri batean, Eibarko Arrateko elizako hormak urtero-urtero zuriz kareztatzeko antzinako ohitura, arrantzaleek bere horma zuriak erraz ikus zitzaten itsasaldetik. Eta ezin da ahaztu Ondarroa eta Berriatua artean ere badela Kalamendi izeneko beste tontor bat, Kalamuatik bertatik ere ikus daitekeena.
Ahotsak.eus webgunean hainbat lekukotasun daude euskal kostaldeko kalen inguruan (izenak, non zeuden, nola lokalizatzen zituzten, eta abar). Hemen azpian gehitu dut Getariako bat, adibiderako.
Hartara, kala jakin baten amaiera litzateke Kalamua (kala-muga) mendia. Kalamua mendia ikusteari uzten ziotenean, hantxe marrazten zuten arrantzaleek kalaren muga.
Egia ote? Noaki! Baina kondairak ederrak dira bere horretan, egia apurren bat izan ala ez.
Ikuspegi zabala Kalamua tontorretik.
Ohar-eranskinak (2023-06-08):
- Kalamua izenaren aipamen historikoak Euskaltzaindiaren EODAn daude batuta. Kalamuaga (calamuaga) aipamen bat dago XIX. mende hasiera ingurukoa. XX. mende osoan ez dago KALAMUA besterik.
- Kalamua horrek -a berezkoa duen ala ez eta gaur egun zelan ahoskatzen den ere eztabaidan izan dugu sarri Eibar-Elgoibar inguruan. Badirudi hiztun gehienentzat berezko -a duela eta Kalamuako, Kalamuatik, Kalamuara... deklinatzen ditugula. Baina egia da, baita ere, hiztun askorentzat ohiko direla Kalamuko, Kalamutik, Kalamura modukoak, eta ez hiztun gazteen artean bakarrik. Eibartarrak zerrendan izan ditugu horren inguruko mezu-trukeak, besteak beste 2008an eta 2023an.
- Parez pare daude Kalamendi eta Kalamua. Hasierako kala- elementu hori berbera ote jatorriz? Lopez de Mendizabalek nolabait lotu egiten ditu Aramendi, Garamendi eta Kalamendi (hasieran GARO partikularekin) bere "Etimología de apellidos vascos" liburuan.
Iratiko oihanean, Harsüdürra mendilerroan barrena: Harsüdürra (*Eskaleramendi), Arthanolatze, Xardeka, Ataramatze eta Mendibeltz
Iratiko bazter zabaletan hoinez ebilte ederrik egiteko parada badükezü, bortü gorenen ikusmenaz begiak bazkatzez, Xiberoa bai Baxenabarreko bazterrak eta Orhi altzoan den Larraineko herriari gainetik mirestez, Europako bagadoi handiaren xendak gozatzez...
Horrelaxe dio Bagargiak lepoan dauden Iratiko Txaletetan jaso genuen turismo-orriak, Zuberoako administrazioak argitaratuak. Izan ere, leku paregabea da Irati, bere zabaltasunean, oihan, tontor eta erreka. Jente saldo animaletako turismatik kanpo baratü da Irati. Hala, eüskal bortüez üngüratürik, egonaldi aberasgarria gozatüren düzü. Adibidez, Harsüdürra mendilerro txiki, samur eta atsegina, ezinagoko ikusmen ederrak eskentzen dütüena.
Iratiko etxoletan asteburua pasa genuela aprobetxatuta, ibilaldi zoragarri hau egin genuen Harsüdürra mendilerroan barrena, Zuberoa eta Nafarroa Beherea artean, 9 km guztira: Iratiko etxolatik bertatik irten, Iratzabaletako lepotik igaro eta handik gora Harsüdürra mendilerroko 5 tontorrak josi genituen erreskadan: mendilerroari izena ematen dion Harsüdürra bera (*Eskaleramendi) (1.477 m), Arthanolatze (1.531 m), Xardeka (1.440 m), Ataramatze (1.370 m) eta Mendibeltz (1.411 m). Handik behera egin genuen, zuzenean Etxola izeneko taberna ondoko aparkalekura (kotxe bat bertan laga genuen goizean, gero itzulera kotxez egiteko).
Ibilbide erraz, atsegin eta ederra; erabat gomendagarria, adibidez familian eta gaztetxoekin egiteko (mendizale arituentzat laburra, agian).
* Inguru honetako toponimia ez dakit erabat estandarizatuta dagoen. Sardeka/Xardeka/Txardeka, Mendibel/Mendibeltz, Eskalera/Eskaleramendi/Harsüdürra... formak aurkitu ditut han eta hemen. Egokiena edo onartuena iruditu zaidana erabili dut. Allande Socarrosek utzi zigun argibideren bat, zorionez (Jonmikel Intsaustik helarazi dit). Mila esker.
Ibilbidearen mapa, Bagargiak lepoan dauden Iratiko etxoletatik irten (eskuinaldean) eta tontorrez tontor Etxola tabernaraino (ezkerrean). 9 km inguru dira guztira. Itzulerako bidea kotxez egin genuen guk, goizean auto bat Etxola taberna ondoan utzita.
Iratiko etxolen albotik irteten da ibilbidea, Iratzabaletako lepotik igarota.
Iratzabaletako lepoa, ibilbidearen hasiera.
Hasiera-hasieratik ikuspegi ederra begien aurrean: Arlas, Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Petretxema... atzeko aldean.
Larreak dira nagusi Harsüdürra mendilerroan. Mendi-txirtak, galeperrak, hegatxabalak eta abarrak kantuan.
Harsüdürra (1.477 m), mendilerroari izena ematen dion tontorra, garaiena izan ez arren. 100 mendien lehiaketarako ere ez da puntuagarria. Ederra. Eskalera edo Eskaleramendi izenez ere agertzen da mapetan, baina erdaratik hartutako izena omen da, Allande Socarrosek argitu zigunez.
Talde-argazkia atera, Nafarroa Behereko parajeak atzean ditugula, eta bagoaz aurrera.
Lepo ttipia izeneko mendatera jaisten. Harsüdürra eta Arthanolatze bereizten ditu lepo ttipiak.
Arthanolatzera bidean. Orhi izango dugu atzean aldi oro, paraje honetako nagusi eta zaindari.
Iparralderantz, Behorlegi eta Ahuzki inguruko belardiak eta mendi borobil ederrak.
Arthanolatze (1.531 m). Hamarretakoa. Mendilerro honetako tontorrik garaiena. Beharbada ez ederrena edo ikusgarriena, baina bai garaiena.
Arthanolatzetik beherantz abiatuta, parean ikusiko ditugu egunean zehar igoko ditugun gainontzeko 3 tontorrak: Xardeka, Ataramatze eta Mendibeltz. Bidezidorra garbia da ibilbide osoan zehar; ez dago galbiderik.
Xardekara heltzen, atzean, zelan ez, Orhi (2.019 m), Pirinioetako lehenengo bimilakoa.
Xardekako gailurra (1.440 m) luxexka da, iparralderantz eskegitzen da. Oraindik ere Zuberoan gaude, baina gure oinetan ikusiko ditugu Nafarroa Behereko haran eta mendiak: Behorlegi ingurua, Lauribar errekak sortutako ibarra, eta abar.
Xardeka atzean laga eta Ataramatzeren magalean. Lanbro-lainoa sartu zaigu kostaldetik. Han parean Mendibeltz, gure azkenengo geldiunea.
Ataramatze gainditu eta Mendibeltzerantz. Harri artean egin beharreko zati bakarra dugu hau.
Lanbro artean egin ditugu Mendibeltzera igotzeko azkenengo metroak. Hala ere, galbiderik ez.
Mendibeltz (1.411 m), Nafarroa Behereko mugan (Mendibe udalerrian). Behelainoak tartetxo bat eman digu argazkirako.
Mendibeltzetik zuzenean egin dugu beherantz, bidezidor nagusienak baztertu eta larre artean biderik laburrena aurkituz. Horixe izan da zatirik gogorrena, malkarra eta belaunentzat mingarriena. Bainu txikia irabazi dugu Iratiko lautadan, Burdinkurutxeta eta Iratzabaleta errekek bat egiten duten inguruan.
Harsudurra mendilerroa, Organbidexka aldetik ikusita. Eskuinaldean Eskaleramendi dago. PeakFinder aplikazioaren bidez etiketatu ditut mendiak; izenak eta garaierak ere APP horrek ematen dituenak dira.
Eskutxi (1.185 m) eta Ungino (1.099 m) mendien inguruan ibilaldi zoragarria Gorobel mendilerroan (Aiaraldea)
Esango nuke Aiarak eta Gorobel mendilerroak ez dutela euskaldun gehienon artean benetan merezi duten lekurik eta izenik. Izan ere, nire ustez, Euskal Herriko parajerik zoragarrienetako batzuk aurkituko ditugu bertan.
Bizkaiak, Arabak eta Burgosek bat egiten duten erpinean aurkituko dugu Aiarako udalerria. 24 herri txikik osatzen dute udalerria (besteak beste, Arespalditza, Luiaondo, Maroño, Kexaa, Murga...), eta 141 km kuadroko hedadura dauka, Aiaraldea eskualdeko zabalena.
Inguru ederra da Aiara, bere baso, zelai, herritxo eta errekazuloekin; eta Aiarako txoko gehienetatik begiratuta, Gorobel mendilerroaren ikuspegi aparta aurkituko dugu hegoalderantz. Hantxe eman genuen itzuli eder bat duela egun batzuk.
Aiarako Añes herritxotik abiatu giñen, Aroko Leporaino doan hala-holako bidezidorretik gora, eta Gorobel mendilerroko 3 tontor igo genituen, bueltan-bueltan, Aro (1.127 m), Eskutxi (1.185 m) eta Ungino (1.099 m); eta behin bidezidor nagusira jaitsita, handik berriro Aroko Leporaino.
Gorobel mendilerroaren ikuspegi paregabea, Aiaratik. Parez pare Eskutxi; ezkerretara barrenean Ungino; eskuineko erpinean Aro.
Añes herria, Aiaran. Atzean Burgosko Merindadeak.
San Vitoresen aldarea, Aroko lepoan (Gorobel mendilerroa).
Aro (1.127 m) eta Eskutxi (1.185 m) arteko amildegi eta labar ikusgarriak. Han barrenean Eskutxi mendiaren tontorra eta azpian Aiaraldea.
Eskutxirako bidean.
Eskutxi (1.185 m). Bere azpian Maroñoko urtegia eta Aiarako herriak eta lurrak. Handik aurrerako ibilbidean zehar, Ungino (1.099 m) eta Iturrigorri/Tologorri (1.073 m) izango ditugu beti pare-parean, Euskal Herriko ikuspegirik ederrenetakoa den honetan.
Haitz-enara, sai arre, sai zuri, mendi-txirta, hegatxabal, belatxinga eta antzeko beste hegazti menditar batzuen bizitoki dira Gorobelgo ingurumari hauek.
Unginoren eta Tologorriren silueta nahastezinak.
Aiara, Ungino tontorretik.
Unginoko laua. Hemen azpitik Unginori aldatu egiten zaio orain arte ikusi diogun gaileta itxura.
Ungino atzean laga eta Gorobelgo mendilerroaren zati honetako bidezidor nagusia hartu genuen. Bueltan-bueltan ibilbidearen hasierara itzuli ginen, Aroko leporaino.
Aroko lepoko aparkalekua. Bertara igotzeko bidezidorra halamoduzkoa da, baina tira, gure kotxe zaharra ere heldu zen.
Amaritu (786 m), Arrato mendilerroa (Araba)
Gasteiz ipar mendebaldean aurkituko dugu Arrato mendilerroa, Zuia eta Urkabustaiz udalerrien lurretan. Mendilerro txikitxoa da, mendi ez oso garaiekin eta ez oso ezagunekin, baina inguru polita iruditu zitzaigun larunbat goiza igarotzeko.
Amaritu mendia (786 m) aukeratu genuen semeak eta biok neguko goiz eguzkitsu batean igotzeko. Apodakatik abiatuta bide garbi, eroso eta atsegina da, baita haur txikiekin egiteko ere. Bizpahiru bidezidor eta mendibide daude gailurrera igo eta jaisteko; eskuinaldekotik igo eta ezkerraldetik jaitsi ginen gu.
Arrato mendilerroa eta Gasteiz ipar ekialdeko inguru hau ezagutzeko aitzakia bat. Hurrengorako apuntatuta daukagu Armikelo (888 m), mendilerro bereko gailur nagusi eta altuena.
Apodaka (Zigoitia, Araba).
Apodaka inguruan amezti txikiak daude.
Bidea garbia da, erosoa eta malda txikiarekin; ez dago galtzerik.
Amaritu (786 m) tontorrean; parean Gorbeia.
Amaritu gailurra (786 m), Arrato mendilerroan. Parean Armikelo (888 m), mendilerroko tontorrik garrantzitsu eta garaiena (Zuia-Gorbeialdea, Araba).
Gasteiz iparraldeko bista ederra dago Amaritu tontorretik. Inguruko gailur eta mendilerro nagusiak ere pare-parean geratzen dira: Gorbeia, Anboto, Aizkorri, Elgea, Entzia, Gasteizko mendiak, eta abar.
100 mendien lehiaketa - 2021eko igoerak
Mendiko gure erronka txikiarekin jarraitzen dugu. 2015ean hasi genuen 100 mendien lehiaketa eta, txiri-txiri, Euskal Herriko mendiak ezagutzen jarraitzen dugu. Familiako kide bakoitza bere erritmoan, nik honezkero lehenengo 100 mendiak igota eta besteak, gutxi-asko, 100 mendien zerrenda osatzen eta helmugara heltzen.
Euskal Mendizale Federazioaren oinarrien arabera, 100 mendien lehiaketan urtean 20 mendi igo daitezke lehenengo ekitaldian. Behin lehenengo 100 mendiak igota, hortik aurrera 25 markatu ditzakezu urtean. Zaharrontzat abantaila txiki bat, pentsatzen dut ;)
Alkaxuri (edo Hirubelakaxkoa). Inguru zoragarria, Baztan iparraldean, Urritzate eta Aritzakun bailara ezkutuen gainean.
Hauexek dira 2021ean igo ditudan 25 mendiak (eta 2 extra):
- Erdella (682)
- Oketa (1031)
- Lagarte-Almitxuri (811)
- Krabeliñaitz (607)
- Muela (1055)
- Baldaburu (469)
- Girizu (1279)
- Urkulu (1423)
- Txurruko punta (991)
- Legunbeko haitza (1128)
- Aratz (1445)
- Itxogana (1063)
- Monjardin (Deio) (894)
- Montejurra (1045)
- La Plana (1388)
- Larraineta (1118)
- Tellamendi (834)
- Elosumendi (886)
- Lapazarra (1785)
- Ütziagaina (1621)
- Tontorramendi (386)
- Babio (583)
- Hirubelakaskoa (965)
- Jarindo (895)
- Mandoegi (1046)
- Izazpi (973)
- Munagirre (781)
Legunbeko haitza, Arabak eta Nafarroak bat egiten duten tokia (Urbasa-Entzia mendilerroa).
Mandoegi eta Urepel, lehengusu-loibekin. Leitzalarreatik gora, oso-oso mendi-buelta polita egin genuen udazkenean.
Oso sorpresa polita izan zen Altzania mendilerroan egin genuen ibilaldia. Otzaurtetik hasita, buelta eder eta erraza. Han barrenean Txurruko punta, guztiz gomendagarria.
Montejurraren silueta nahastezina da Lizarraldeko edozein txokotatik. Udako egun gris batean igo genuen.
Behorren jakinmin infinitu hori. Girizu tontorrean (Orreaga, Nafarroa Garaia), 2021eko maiatzean.
Kodesko mendilerroa ez da oso ezaguna gipuzkoar gehienontzat, baina bista zoragarriak ditu. Kodesko santutegitik igo ginen La Plana eta Joar aldera. Oso ederra, igoera, paisaia, pareko mendien panoramika.
Amurrio, Babio tontorretik. Haur txikiekin ere egin daitekeen tontor txiki baina erakargarria.
Larra aldeko paisaia karstiko nahastezina. Belaguatik Lapazarrarako itzulia nahiko erraza da, uneoro ikuspegi ederrak begi parean.
Kromletx edo mairu-baratzeen adibide eder bi: Oieleku (Gipuzkoa) eta Ilarrita-Okabeko (Nafarroa Beherea) harrespilak
Euskal Herrian ditugun monumentu megalitikoen artean ugarienak dira harrespil edo cromlechak. Orain dela 4.000-5.000 urte inguru eraikitako egiturak dira, zutarriekin edo menhirrekin sortutako monumentu zirkular-eliptikoak. Euskal mitologiaren arabera jentilak (edo mairuak) izan omen ziren harrespil hauek sortu zituztenak eta horregatik ezagutzen ditugu jentil-baratze edo mairu-baratze izenez.
Kromletxak egitura funerarioak ziren, antzinako hilobiak, eta erabilera erligiosoa omen zuten. Hala ere, badirudi garai hartako gizakien bilgune ere izan zitezkeela, nolabaiteko topagune eta bizitza sozialaren erdigune; nahiko sakabanatuta bizi ziren komunitateen topaleku.
Kromletx hitza galesetik dator (crwm+lech, 'harri zapalen zirkunferentzia'); euskarazko harrespil, aldiz, harri + hespil elkartzetik (hespila, esparrua, artegia edo itxitura).
Oielekuko kromletxa edo mairu-baratzea (Bianditz mendilerroa, Oiartzun).
Europa mendebaldeko eta iparraldeko hainbat herrialdetan aurkituko ditugu antzekoak, Frantzian eta Erresuma Batuan hasi eta Eskandinabiaraino (denok ezagutzen dugu Stonehengeko harrespil ezaguna) eta Euskal Herrian ere nahiko ugariak dira, nahiz eta gure lurraldeko ekialdean bakarrik aurkituko ditugun, Pirinioetan hasi eta Oria eta Leitzaran eskualdeetaraino.
Azken hilabeteetan Euskal Herrian ondoen kontserbatuta dauden jentil-baretzeetako bi ezagutzeko aukera izan dugu: Oielekuko harrespila (Gipuzkoan) eta Okabe-Ilarritako harrespila (Nafarroa Beherean).
Oielekuko harrespila Bianditz mendilerroan dago, Aiako Harriak parke naturalean. Inguruan hainbat harrespil edo cromlech aurkituko ditugu, baina Oieleku Iparra izenez ezagutzen dugun hau da guztien artean zabal eta ikusgarriena.
'Oieleku iparra' izeneko harrespil edo kromletxa, Euskal Herriko handi, zaindu eta ikusgarrienetakoa. Mairu-baratze honetako harriek erdian elkartzen diren bi elipse osatzen dituzte.
Oielekuko jentil-baratzea. Barrenean Aiako Harriak.
Leku ederra da Oieleku, harrespilak ez ezik, baita inguruko paraje, mendi eta basoak ere, Bianditz mendilerroan (Oiartzun).
Toponimo honek hainbat forma ditu (Oieleku, Oienleku, Oihanleku...), baina Oiartzungo udalak egindako azterketa toponimikoaren arabera, Oieleku da bere forma estandarizatua.
Esan dugun moduan, Oieleku Iparra izeneko harrespila handienaren inguruan beste zenbait monumentu megalitiko ere badaude, horien artean Basateko beste harrespil hau.
Basateko harrespila, Oielekun (Bianditz, Oiartzun). Atzean Munagirre mendia (781 m).
Basateko harrespila, Oielekun (Bianditz, Oiartzun).
Okabeko edo Ilarritako harrespilak
Eta Gipuzkoatik Nafarroa Beherera, hantxe aurkituko ditugulako Ilarritako harrespilak, Okabeko harrespila izenez ere ezagunak, Okabe mendiaren magalean daudelako (Lekunberri, Nafarroa Beherea), Iratiko basoaren gainean.
Harrespil edo cromlech asko isolaturik agertu ohi dira, baina Ilarritako harrespilak bereziak dira, 26 harrespil baitaude elkarrekin. 1956. urteaz geroztik monumentu historiko izendapena daukate.
Oielekun gertatzen den moduan, Okabe-Ilarrita aldean ere, mairu-baratzeak ez ezik, inguru guztia da benetan ikusgarria eta bisita gozagarri baterako leku aproposa.
Ilarritako kromletx nagusia, Okabe mendiaren magalean (Nafarroa Beherea).
Ilarrita inguruko bista orokorra Okabe mendi tontorretik. Atzean Lapurdi inguruko itsasalde, lautada eta mendiak.
Okabe mendia (1466 m); Lekunberri, Nafarroa Beherea.
Eibarko mendi guztiak igotzea, #PandemiaChallenge
Urte gora-beheratsu eta itogarria izan dugu. Orain etxealdia, orain irteteko aukera, orain udalerritik irten ezina... Hainbat fase igaro ditugu azken urte t'erdian, baina mugikortasuna murriztuta izan dugu denborarik gehienean.
Denbora nolabait bete beharra izan dugu eta, gehiago edo gutxiago, gehienok ipini diogu erronka modukoren bat gure buruari: telesailak ikustea, musika gehiago entzutea edo irakurtzea (ez nire kasuan), txori-kantuen hariak idaztea Twitterren, itxialdi perimetralak aprobetxatu eta gure herriko bazterrak hobeto ezagutzea...
San Salbadorreko ermita (Eibar), Kiñarraballean.
Nire kasuan, beste erronka txiki bat ere ipini nion nire buruari, Josu Azpillaga lankidearen ideia kopiatuz: Eibarko mendi guztiak (edo hobeto, Eibarko mendiak mendilerroko mendi guztien tontorrak) zapalduta izatea urtebeteko epean. Eta horretan jardun dugu iazko maiatzetik aurtengo ekainera, gehienbat Eibartik irten ezinda egon garen aldi horietan, gure inguruko haran eta mendiak arakatzen. Horixe baitzen helburu nagusia gailurrak igotzea baino: oraindik ezagutzen ez genituen paraje, erreka, iturburu, haran eta ermitak aurkitzea. Azken batean, inguruan daukaguna hobeto ezagutzea eta naturaz gozatuz burua freskatzea, betiere gure Isats txikiaren laguntzarekin.
Ilunabarra Kalamuan (Maaxa, 771 m).
Arrajolatik Sosolarako harbide zaharra, delizia bat.
Eibarko mendien mendilerroa
Mendiak aplikazioa erabili dut jarraipena egiteko (CodeSyntaxen garatu dugun tresna). Hantxe agertzen dira Eibarko mendiak izeneko mendilerroa eta mendilerro horren barruan dauden 34 mendiak.
Mendilerro txikia da, ganora mugatukoa, Eibarko hau. Gutxi gorabehera, Oiz, Arno, Izarraitz eta Irukurutzeta mendilerroen artean geratzen diren mendiek osatzen dute, hainbat herriren artean sakabanatuta eta ez benetako mendikate zuzen bat osatzen. Esan bezala, 34 mendi dira, horietatik gehienak tontor txikiak, garrantzi gutxikoak eta 500-700 metro ingurukoak. Urko da garaiena 795 metrorekin eta beste 11 tontor ere agertzen dira Mendi Federazioaren katalogoan eta puntuagarri dira 100 mendien lehiaketan.
Gure etxetik hasita 7 km-ko erradioan sartzen dira 34 mendi horiek. Erronka borobiltzeko, inguruko beste mendilerro batzuetako (Arno eta Irukurutzeta) mendi banaka batzuk ere igotzea erabaki genuen, betiere 7 km-ko erradio horren barruan bazeuden. Azkenean, 38 gailur izan dira igo ditugunak.
Goimendiko plaza, gure paraje hauetako ederrenetakoa (Elgeta - Bergara - Eibar artean), Azurtzamendi magalean.
Amezti eta Mutegi ingurua, Elorretaburun (Ermua eta Eibar artean), Urko magalean. Eibarko mendi gehienak ikus daitezke bertatik.
Saratsu baserria, arbasoen jaiotetxea (Markina Etxebarri). Ibilbide ederra egin genuen, Markina-Etxebarritik igo Kalamuara, Elgoibarko Iruitturrira jaitsi, eta Saratsun barrena berriz Etxebarrira.
Igo ditugun 38 mendi horien artean badira etxetik irtenda igotakoak eta badira kotxez hurreratuta egindakoak; batzuk Eibarren bertan daude, baina gehienak inguruko herrietan (Elgeta, Elgoibar, Markina, Ermua, Mallabia...); badira lehenengoz igo ditugunak, badira lehendik igota genituenak edota azken urtean 3-4 aldiz igotakoak.
Esan bezala, Mendiak APPak laguntzen dit mendiak ezagutzen eta igoerak apuntatzen. Oso aplikazioa erabilgarria da guretzat, bai Euskal Herriko mendien info praktikoa jasotzeko, zein norbere igoerak markatu eta estatistika historikoak gordetzeko. Ez baduzu ezagutzen, hementxe Android, Apple eta Mendiak.eus webgunea.
Eibarko mendiak eta guk egindako igoerak, Mendiak APPean.
Amaitzeko, hementxe igotako mendien zerrenda (*asterisko batekin Eibarko mendilerrokoak ez direnak, baina 7 km-ko erradio horren barruan sartzen direnak):
- Aingeru guarda (Bergara, 585 m)
- Aizketa (Eibar, 700 m)
- Akondia (Eibar, 749 m)
- Arantzamendi (Etxebarria, 522 m)
- Ariznabar (Mallabia, 594 m)
- Armendigana (Elgeta, 602 m)
- Arrate (Eibar, 536 m)
- Artaluze (Ermua, 514 m)
- Artarrai (Ermua, 406 m)
- Asentsiomendi (Elgeta, 583 m)
- Asurtzamendi (Elgeta, 659 m)
- Azkonabieta (Elgeta, 728 m)
- Baldaburu (Markina-Xemein, 469 m)
- Egoarbitza (Elgeta, 733 m)
- Erdella (Elorrio, 682 m)
- Galdaramuño (Elgeta, 664 m)
- Garagoiti (Eibar, 702 m)
- Garbe (Bergara, 513 m)
- Gaztelumendi (Elgeta, 718 m)
- Goikomendi (Elgeta, 652 m)
- Illordo (Eibar, 541 m)
- Intxorta (Elgeta, 743 m)
- Intxortatxiki (Elgeta 715 m)
- Kalamua / Maaxamendi (Elgoibar, 771 m)
- Krabeliñaitz (Bergara, 607 m)
- Lindari (Eibar, 443 m)
- Mendibil (Markina-Xemein, 613 m)
- Morkaiko (Elgoibar, 533 m)
- Moru (Elgoibar, 458 m)
- Mundio (Eibar, 723 m)
- Santamariñazar (Zaldibar, 676 m)
- Topinburu (Eibar, 596 m)
- Tranku (Elgeta, 642 m)
- Urko (Eibar, 795 m)
- *Akelarre (Irukurutzeta mendilerroa, Soraluze, 763 m)
- *Atxolin (Irukurutzeta mendilerroa, Elgoibar, 841 m)
- *Karakate (Irukurutzeta mendilerroa, Soraluze, 756 m)
- *Ziardamendi (Arno mendilerroa, Elgoibar, 468 m)
Intxorta (Elgeta, 743 m).
Santa Kurutz (Eibar). Ez gara aspertzen leku honekin.
Arrate (Eibar).
Pagadia Irukurutzetarako bidean, Karakate inguruan.
Arribiribilletako zutarria, Karakaten dagoen Dolmenen ibilbideko aztarnarik ikusgarriena.
Harbidea Upartiño inguruan. Gorosta auzoko andabide nagusia izan da gizaldiz gizaldi (Eibar).
Pagolan (Eibar), lagun artean. Erronka honek ez luke zentzurik izango eurak barik.
Pagadia Kalamuatik Elgoibarrerako bidean, Urkiola gainean (Elgoibar).
Gure Iats, azken urteko ibilaldi guztietako gidari (Akondia, 749 m).
Idotorbe auzoan, Elgoibarren. Atzean Izarraitz.
Kalamuara igotzen, Markinako alderditik, Mundio (723 m) inguruan.
Drogeten itturrixa, Ermuan (Berano auzorako bidean). Horixe da Ermuko herri-aldizkariaren izena, Drogetenitturri.
Santa Kurutz behelainopean (Mandiola auzoa, Eibar).
Aizketa (700 m).
Anboto, Alluitz, Untxillatx, Mugarra... Santamariñazarretik (Zaldibar, 676 m)
Erdellako tontor txikia (682 m), Aixolako urtegi gainean, Elgeta eta Elorrio artean.
Garbe (513 m), Sagarrerreka gainean dagoen tontor ezkutua.
Baldaburu edo Baldako txuntxurra (Iturreta auzoa, 469 m). Markina-Xemein eta Etxebarri inguruko bista ederrak daude bertatik.
Goikomendiko txirrindula (Elgeta, 652 m).
Artarrai (406 m), Ermuko lurretan dagoen mendi-tontor bakanetakoa.
Klik egin handiago ikusteko edo Mendiak.eus webgunean Eibarko mendi guztiak ikusteko.