Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Iratiko oihanean, Harsüdürra mendilerroan barrena: Harsüdürra (*Eskaleramendi), Arthanolatze, Xardeka, Ataramatze eta Mendibeltz

Iratiko oihanean, Harsüdürra mendilerroan barrena: Harsüdürra (*Eskaleramendi), Arthanolatze, Xardeka, Ataramatze eta Mendibeltz

Asier Sarasua 2022/07/04 18:35
Hegi eta bixkarren gainti kurritzez, üngürü honek ezinagoko ikusmen ederrak eskentzen dütü Eüskal Herriko eta hürrünagoko bazter eta bortüer bürüz.
Iratiko oihanean, Harsüdürra mendilerroan barrena: Harsüdürra (*Eskaleramendi), Arthanolatze, Xardeka, Ataramatze eta Mendibeltz

Harsüdürra mendilerroa

Iratiko bazter zabaletan hoinez ebilte ederrik egiteko parada badükezü, bortü gorenen ikusmenaz begiak bazkatzez, Xiberoa bai Baxenabarreko bazterrak eta Orhi altzoan den Larraineko herriari gainetik mirestez, Europako bagadoi handiaren xendak gozatzez...

Horrelaxe dio Bagargiak lepoan dauden Iratiko Txaletetan jaso genuen turismo-orriak, Zuberoako administrazioak argitaratuak. Izan ere, leku paregabea da Irati, bere zabaltasunean, oihan, tontor eta erreka. Jente saldo animaletako turismatik kanpo baratü da Irati. Hala, eüskal bortüez üngüratürik, egonaldi aberasgarria gozatüren düzü. Adibidez, Harsüdürra mendilerro txiki, samur eta atsegina, ezinagoko ikusmen ederrak eskentzen dütüena.

Iratiko etxoletan asteburua pasa genuela aprobetxatuta, ibilaldi zoragarri hau egin genuen Harsüdürra mendilerroan barrena, Zuberoa eta Nafarroa Beherea artean, 9 km guztira: Iratiko etxolatik bertatik irten, Iratzabaletako lepotik igaro eta handik gora Harsüdürra mendilerroko 5 tontorrak josi genituen erreskadan: mendilerroari izena ematen dion Harsüdürra bera (*Eskaleramendi) (1.477 m), Arthanolatze (1.531 m), Xardeka (1.440 m), Ataramatze (1.370 m) eta Mendibeltz (1.411 m). Handik behera egin genuen, zuzenean Etxola izeneko taberna ondoko aparkalekura (kotxe bat bertan laga genuen goizean, gero itzulera kotxez egiteko).

Ibilbide erraz, atsegin eta ederra; erabat gomendagarria, adibidez familian eta gaztetxoekin egiteko (mendizale arituentzat laburra, agian).

* Inguru honetako toponimia ez dakit erabat estandarizatuta dagoen. Sardeka/Xardeka/Txardeka, Mendibel/Mendibeltz, Eskalera/Eskaleramendi/Harsüdürra... formak aurkitu ditut han eta hemen. Egokiena edo onartuena iruditu zaidana erabili dut. Allande Socarrosek utzi zigun argibideren bat, zorionez (Jonmikel Intsaustik helarazi dit). Mila esker.

Harsudurra mendilerroa - Mapa

Ibilbidearen mapa, Bagargiak lepoan dauden Iratiko etxoletatik irten (eskuinaldean) eta tontorrez tontor Etxola tabernaraino (ezkerrean). 9 km inguru dira guztira. Itzulerako bidea kotxez egin genuen guk, goizean auto bat Etxola taberna ondoan utzita.

Harsudurra mendilerroa 01 - Iratiko txaletak

Iratiko etxolen albotik irteten da ibilbidea, Iratzabaletako lepotik igarota.

Harsudurra mendilerroa 02 - Iratzabaletako lepoa

Iratzabaletako lepoa, ibilbidearen hasiera.

Harsudurra mendilerroa 03 - Eskaleramendi

Hasiera-hasieratik ikuspegi ederra begien aurrean: Arlas, Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Petretxema... atzeko aldean.

Harsudurra mendilerroa 04 - Eskaleramendi

Larreak dira nagusi Harsüdürra mendilerroan. Mendi-txirtak, galeperrak, hegatxabalak eta abarrak kantuan.

Harsudurra mendilerroa 05 - Eskaleramendi tontorra

Harsüdürra (1.477 m), mendilerroari izena ematen dion tontorra, garaiena izan ez arren. 100 mendien lehiaketarako ere ez da puntuagarria. Ederra. Eskalera edo Eskaleramendi izenez ere agertzen da mapetan, baina erdaratik hartutako izena omen da, Allande Socarrosek argitu zigunez.

Harsudurra mendilerroa 06 - Harsudurra/Eskaleramendi tontorrean

Talde-argazkia atera, Nafarroa Behereko parajeak atzean ditugula, eta bagoaz aurrera.

Harsudurra mendilerroa 07 - Lepo tipia

Lepo ttipia izeneko mendatera jaisten. Harsüdürra eta Arthanolatze bereizten ditu lepo ttipiak.

Harsudurra mendilerroa 09 - Lepo tipia - Arthanolatze

Arthanolatzera bidean. Orhi izango dugu atzean aldi oro, paraje honetako nagusi eta zaindari.

Harsudurra mendilerroa 10 - Arthanolatzetik

Iparralderantz, Behorlegi eta Ahuzki inguruko belardiak eta mendi borobil ederrak.

Harsudurra mendilerroa 12 - Arthanolatze tontorrean

Arthanolatze (1.531 m). Hamarretakoa. Mendilerro honetako tontorrik garaiena. Beharbada ez ederrena edo ikusgarriena, baina bai garaiena.

Harsudurra mendilerroa 13 - Arthanolatzetik Xardekara bidean

Arthanolatzetik beherantz abiatuta, parean ikusiko ditugu egunean zehar igoko ditugun gainontzeko 3 tontorrak: Xardeka, Ataramatze eta Mendibeltz. Bidezidorra garbia da ibilbide osoan zehar; ez dago galbiderik.

Harsudurra mendilerroa 16 - Xardeka

Xardekara heltzen, atzean, zelan ez, Orhi (2.019 m), Pirinioetako lehenengo bimilakoa.

Harsudurra mendilerroa 17 - Xardeka tontorra

Xardekako gailurra (1.440 m) luxexka da, iparralderantz eskegitzen da. Oraindik ere Zuberoan gaude, baina gure oinetan ikusiko ditugu Nafarroa Behereko haran eta mendiak: Behorlegi ingurua, Lauribar errekak sortutako ibarra, eta abar.

Harsudurra mendilerroa 18 - Atharamatze

Xardeka atzean laga eta Ataramatzeren magalean. Lanbro-lainoa sartu zaigu kostaldetik. Han parean Mendibeltz, gure azkenengo geldiunea.

Harsudurra mendilerroa 19 - Atharamatze

Ataramatze gainditu eta Mendibeltzerantz. Harri artean egin beharreko zati bakarra dugu hau.

Harsudurra mendilerroa 20 - Mendibeltz lainopean

Lanbro artean egin ditugu Mendibeltzera igotzeko azkenengo metroak. Hala ere, galbiderik ez.

Harsudurra mendilerroa 21 - Mendibeltz

Mendibeltz (1.411 m), Nafarroa Behereko mugan (Mendibe udalerrian). Behelainoak tartetxo bat eman digu argazkirako.

Harsudurra mendilerroa 22 - Iratiko errekan

Mendibeltzetik zuzenean egin dugu beherantz, bidezidor nagusienak baztertu eta larre artean biderik laburrena aurkituz. Horixe izan da zatirik gogorrena, malkarra eta belaunentzat mingarriena. Bainu txikia irabazi dugu Iratiko lautadan, Burdinkurutxeta eta Iratzabaleta errekek bat egiten duten inguruan.

Harsudurra mendilerroa - Tontorrak

Harsudurra mendilerroa, Organbidexka aldetik ikusita. Eskuinaldean Eskaleramendi dago. PeakFinder aplikazioaren bidez etiketatu ditut mendiak; izenak eta garaierak ere APP horrek ematen dituenak dira.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz