Xipi heldu da
Mundakako basarri batetik etorri da Xipi negua pasatzera. Han hotz egingo dabela eta Eibarren pasauko dittu hillabete batzuk, kalefaziño eta guzti. Pixkat hazten danian, atzera buelta basarrira. Gogorra egingo jako, gurian erregia baiño hobeto bizi da-eta.
El centro del Bajo Deba
Ikaragarria da zein "ondo" ari den gestionatzen Errebaleko kontua udala. Txapuzaz txapuza dabil, eta segi aurrera. Hasierako proiektua, ondorengo sekretismoa, lurra pribatizatzea, inguruko auzotarrak kontra jartzea, lanak geldirik izatea hainbat hilabetez, lehengo merkatu plazako saltzaileen egoera penagarria, baserritarrei jarri zaien azpiegitura txapuzeroa...
Alderdi publikoa eta urbanistikoa ez ditut aipatuko kasu honetan. Horretarako badaude Errebalekoak. Hizkuntzaz bota nahi ditut hiru purrustada, aste honetan bertan jarri dituzten kartel ederrak gogoan hartuta:
- Zergatik eta zertarako ingelesezko izena? Zergatik Errebal Center? Zergatik ez euskal izena, edo errazago, lekuaren izena, Errebal hutsa? Modernoak gara Eibarren. Hori izango da.
- Hesi berrietan 15 kartel jarri dituzte. %100 gaztelaniaz. Onartezina.
- Eta gainera, merkatalgune berriaren leloa ere okerra eta eskualde honen benetako izena aintzat hartzen ez duena: "El centro del Bajo Deba". Gure eskualde honetako udaletxe guztiek aho batez onartu zuten duela mordoa (ondoren, Euskaltzaindiaren oniritziarekin), eskualde honen izena Debabarrena dela, euskaraz zein erdaraz, eta horixe bakarrik erabili behar dugula guztiok. Ez dagoela gaur egun ez Bajo Debarik, ez Alto Debarik, ez Deba Behea edo Deba Beherea bezalako enjendrorik.
Corte Ingles berriko istripua
Goizeko 11ak inguruan zarata handia entzun da Kantoi inguruan. Corte Ingles berria eraikitzen ari dira inguru hartan. Lanak direla eta, Kantoitik Legarrera doan errepidea zulora jausi da. Une horretan bertatik pasatzen ziharduen auto bat harrapatu du erdian. Emakume bat zihoan barruan, baina onik irten da. Susto demasarekin, seguru asko.
Argazkiak.org | Eibarko istripua 02 © cc-by-sa: asarasua
Sustoaz aparte, nahaste izugarria sortu du Eibarko trafikoan. Luzerako gainera, ez baita egun batetik bestera konponduko.
Oraingoz, Eibartik Ermurako irteera Amañatik joango da, nahitaez. Ermutik Eibarko sahiesbiderako sarrera, berriz, Valenciaga enpresaren albotik bideratu beharko dute (lehengo norantzaren aurka).
Hau ez da izan lanek sortu duten lehenengo istripua. Orain urtebete inguru ere beste errepide zati bat jausi zen.
Gaurkoa azkena izango ote?
(Argazkiak: Amaia Ugalde, UEU)
Ipuruako igerilekuko denboraldia amaitu da
Asteburuan amaitu da udako denboraldia Eibarko kanpoko igerilekuetan. Uda honetako datuak eman ditu Eibarko Kirol Patronatuak: 31.000 erabiltzaile izan ditu kanpoko igerilekuak, iaz baino gehiago (iaz 28.500 erabiltzaile, baina oso uda txarra egin zuen), baina 2006an baino gutxiago (37.500 erabiltzaile).
Kontuan hartu beharko zituzten Elgoibarko datuak (Eibar baino 2-3 aldiz txikiagoa den herria): aurten inoiz baino erabiltzaile gehiago, eta Eibarren baino 3.450 bisitari gehiago. Guztira 34.450 bisitari.
Baina jakina, horretarako Eibarren ere igerileku duinak beharko genituzke, eta ez da erraza. Txikiak, jendez leporaino, aldagela zaharrak, kerizperik ez... ez da erraza eibartarrak Ipuruako igerilekura joatea. Asko eta asko kanpora joaten dira, batez ere Elgoibarrera eta Apatamonasteriora.
Eibarko igerilekuan egin beharreko handitze-lanak ere atzeratu egin dira. Datorren urteko udazkenean hasiko dira. Udaletxetik diote igerilekuak handituko dituztela ("se triplicará" diote), baina benetan zelaigunea bakarrik handituko da. Gaitzerdi.
Bitartean, kerizpe apur bat bat jarriko ote digute?
Asturies
Asturias ez genuen ezagutzen. Urtero joatekotan, baina beti zeozer. Aurten, azkenean, animatu egin gara eta abuztuko 2. eta 3. asteak Asturias aldean igaro ditugu. Gure hasierako asmoa zen alde batetik bestera ibiltzea, baina umeak kontuan izanda, Ribadesellako kanpinean jarri dugu kanpamentua eta ez dugu mugitu. Kanpin egokia, Sebreño auzoan dagoena. Neurri egokia, garbia, umeentzako jarduerak, taberna txukuna eta igerileku ona.
Sebreñotik abiatuta, 40-50 minutura izan dugu Asturias erdia, gutxi gora-behera (Llanesetik hasi eta Gijon ingururako guztia). Abiapuntu egokia pentsatu zaigu. Euri pixkat egin digu (6-7 egunetan, barrena), baina egunero egin ahal izan dugu planen bat. Mendia, kostaldea, hondartzak, hiriburuak, ermitak, erromanikoa, sagardoa, jatekoa... dena gustatu zaigu.
Hementxe laburpen txiki bat.
Egun bat hiriburuan igaro genuen, Oviedon. Hiri polita da, parte zaharra, behintzat. Txikitxoa, baina goxoa eta pasiada bat emateko ederra. Jan ere gustora egin genuen, taberna txiki batean.
Santa Maria del Naranco ere ikusi dugu, nola ez. Jende lartxo, baina ederra. Ingurua ere zaindua.
Mendian ez gara larregi ibili, baina ikusitakoa asko gustatu zaigu. Enol ingurua ezin ederragoa da (nahiz eta jendez gainezka egon). Autobusez igo ginen (abuztuan ezin da kotxez igo), eta izugarri disfrutatu genuen. Umeekin joateko toki aproposa da. Eta Bulnes ere ezagutu genuen. Dirutza ordaindu behar da bertara joateko (funikularrez igotzeko), baina merezi duela uste dut. Garai turistikoenetan goiz ibili behar da funikularrean tokia hartzeko; kontuan izan. Gu berandu samar ibili ginen, baina egunpasa polita igaro genuen, Bulnesen bertan eta inguruko mendietan. Gainera, Sotres-era ere joan ginen. Hori ere herritxo polita.
Kostaldeari dagokionez, batez ere Llanes-Ribadesella bitartekoa ezagutu dugu. Oso ederra, gomendagarria, guztiz. Ikusitako hondartzen artean:
- Caraviako Arenal de Moris eta Playa de Vega. Ederrak, baina itsaso gogorregia, gure gusturako.
- Cuevas del Mar (Cuevasen). Ikusgarria. Inguruko kostaldean ibililaldia ere egin genuen. Zoragarria. Txiringito polita alboan; merke eta ondo bazkaldu genuen.
- Naves auzo ondoan San Antolin dago. Hondartza ederra da, eta gainera, errepide ondo-ondoan dago eta zabala da. Eta alboan, Gulpiyuri hondartza ezaguna dago. 50 metro eskas dituen hondartza, baina ezagutu beharrekoa: ez dago kostaldean, itsasotik 100 metrora baizik, behiz eta traktorez betetako zelai baten erdian. Itsasoa lur azpitik sartzen da eta ipuinetako hondartza sortzen du belartza erdian (argazkian ikusten den "zulo" horretan dago). Joan aurretik, mareak begiratu behar dira, goi-goian dagoenean hondartza ia-ia desagertu egiten delako.
- Mendebalderago, Naves eta Niembro artean, beste 2 hondartza zoragarri daude: Toranda eta Torimbia (nudista) daude. Biak ere polit-politak. Eta hurrengo auzoan ere, Barron bertan, 2-3 hondartza txiki daude.
Berriro ere itzuliko gara. Seguru.
Oharra: mezu hau abenduan argitaratu dut, baina abuztuko fetxa jarrita. Idaztekotan, idaztekoan... eta 3 hilabete igaro zaizkit :-)
Argiduna
Neretako berba normal-normala izan da beti. Argiduna, elektrizistia. Etxian zeozer txarto badabil, argidunari deittu bihar jako. Arrainduna, egurduna, esneduna eta kamioiduna daren moduan, ba, argiduna (aspaldi idatzi neban -dun atzizkixaz eta lanbidietaz).
Azken egunotan, baina, konturatu naiz ez dala hain berba normala, Eibarren be ez dala hain berba ezaguna. Inguruko askok ez dabela ezagutzen, eta ezagutzen dabenak be, gehixenak ez dabela erabiltzen.
Hiztegi nagusixetan ez da agertzen. Eibarko eta Bergarako hiztegixetan bai (nahiz eta adiera aldetik pixkat desbardiña izan).
Elexpuruk, Bergaran:
Empleado -de Iberduero en nuestra infancia- que se dedicaba a cuidar el tendido y arreglar las averías.
Juanito San Martinek, Eibarren:
Encargado,-a del servicio de suministro de luz.
Euskera estandarrian argiketari eta elektrikari nagusittu ei dira. Aukeran, nik neuk behintzat, jarraittuko dot argiduna erabiltzen.
Afariketan
»» Afariketan egin / jardun (da/du) (Ad.)
jugar a ser mayores / a padres y madres
Horixe da afariketan eittia. Aittatxo ta amatxoko jardutzia. Umiak jolasian ibiltzia, nagusixen kontuak imitatzen. Edo etimologixara juanda, afarixa eitten jolastia.
Eingo dogu afariketan, ni aitta eta zu ama? / Afariketan zebizen umiak Txantxa Zelaixan.
Hauxe diño Eibarko Hiztegi Etnografikuak:
Janarixa prestau, horretarako bihar dan guztia egiñaz. Normalian bat ama da eta bestiak umiak. Nesken jolasa izaten zan.
Eta Toribio Etxebarriak:
Jugar (los niños) haciendo comedia de los asuntos de los mayores.
Jatorrizko berba horretatik, beste adiera eta kontu batzuk be agertu dira:
1.- Afariketan egin: brometan ibili; nagusixak umien antzera ibiltzia, buru barik.
Afariketan ibilli al haiz, horretara agertzeko? / Gauzia benetan hartu biharrian, afariketan jardun dabe.
2.- Afariketako: brometakoa.
Afariketako ipoiñak, hainbeste urtekin. / Uste hasarre zirala, eta afariketakuak alkarri esaten zittuen berba gogorrak (TE). / Nere lehengusuak pistolia daka etxian; afariketakua baiña, e?!
Hiztegi orokorretan ez dot topau holako berbarik. Bergarako hiztegixan, berriz, koziñeketan agertzen da.
Eibarko udalak umiendako antolatzen dittuan aisialdi programak be, Afariketan dira (Oporrak Afariketan, Kalean Afariketan, eta abar).
Giza katia euskerian alde
Giza katia osatzeko 500 lagun inguru biharko dirala uste dogu. Baten bat animatzen bada giza katerako, agertu deilla Urkuzuan datorren zapatu eguardixan (maiatzaren 24an).
Badihardugu elkartian zatixa Urkuzu aldekua izango da, gure egoitzia alde horretan dagualako. ...eta kitto! euskera elkartiak be inguru horretan egingo dau beran lana. Hortik aurrera, beste elkarte eta erakunde batzuk hartuko dabe lekukua.
Plazentziarrak eta Lekeittiarrak
Mikelen bittartez jakin dot, Joxe Farozainak aittatu zebala, Kirmen Uribek idatzi zebala:
Lekeitiarra: horrela deitzen omen zaio Ondarroan azken jakiari, platerean jan barik geratzen denari.
Kontxo, ba, Eibarren "Plaentziarra" deitzen jako horri. Hau da, tabernan azeittuna platerkadia atara eta mahai gaiñian gelditzen dan azken azeittuna horri: "Maite, plaentxiarra zuretako".
Ondarruan eta Eibarren, albo-herrikuak lotsabakuak.
Ahotsak.com proiekturako langile bila
Hauxe da Badihardugu.com webgunian kaleratu daben iragarkixa:
Badihardugu Euskara Elkarteak hiru arlo desberdinetarako lan-poltsa osatu nahi du. Interesa dutenek badihardugu@badihardugu.com helbidera bidali beharko dute kurrikuluma uztailaren 15a baino lehen.
Badihardugu Euskera Elkarteak lan-poltsa osatu nahi du datozen urteotan izan ditzakeen beharrak betetzeko. Hiru arlo hauetarako osatu nahi da lan-poltsa:
- Elkartearen administrazioa (kontabilitatea, txostengintza...)
- Alderdi filologikoa (Ahotsak.com proiektuaren barruan transkribapenak edo kodifikazioak egin)
- Kazetari lanak (Ahotsak.com proiektuaren barruan, jende nagusiari elkarrizketak egin, bideo eta audio pasarteak editatu...).
Hiru arloetako lanek badute harremana eta, beraz, hiruretarako gaitasuna baloratuko da. Beharrezkoa izango da gidabaimena izatea, batez ere, azken punturako, Euskal Herriko edozein herritan egokitu daitezkeelako elkarrizketak. Beste bi puntuetan lan-lekua finkoa izango da (Eibarren). Honekin batera, honakoak baloratuko dira:
- Euskara maila ona.
- Euskalkiren baten ezagutza.
- Informatika kontuetan eta, batez ere, interneten jantzia izatea.
Interesa dutenek badihardugu@badihardugu.com helbidera bidal dezakete euren kurrikuluma. Kurrikulumak bidaltzeko epea 2008ko uztailaren 15ean itxiko da.