Gaur arratsaldean Bilbora: Egunkaria Libre!
2003ko otsailean Ondarretan geunden. Egunkariako kazetaria etorri zitzaigun galdezka, ea zergaitik ote geunden han (hurrengo egunean alea kaleratu zuten, Egunkaria itxita egon arren). " Maddirentzat ere euskaraz bizitzeko eskubidea nahi dugulako."
Maddi jaio gabe zegoen artean, Ainhoaren sabel barruan.
Maddik orain 6 urte t'erdi ditu. Gaur manifestazio bat dagoela aipatu diot. Eta arrazoiak azaltzen ahalegindu naiz. Lehenengo aldiz kontu politikoez egin dut berba 6 urteko alabarekin. Ez dakit zer eta nola ulertuko zituen nire berbak.
Baina arratsaldean Bilbora goaz.
Epaituek babesa behar dutelako; Guztion aurkako erasoa delako; Orain dela 6 urteko egoera ez delako ia batere aldatu (nahikoa izan da aste honetan telebista ikustea; edo gaur goizean Kepa Aulestiaren libeloa irakurtzea); Epaiketa honen emaitza oso ilun ikusten dudalako (gaur bertan argi pixkat ikusi dudan arren).
Gero arte.