Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Azken asteotako joan-etorriez

Azken asteotako joan-etorriez

Asier Sarasua 2009/12/13 12:18
Azken asteotan hara eta hona ibili gara. Ia-ia ezertarako asti barik, ezta gertatutakoak kontatzeko ere. Hementxe doaz labur-labur, ba, azken egunotako gorabeherak; artxiborako gera bitez, behinipein. Egunkariaren aldeko argazkia, Euskararen eguna, Ahotsak, Durangoko azoka...

Egunkaria libre

San Andres jaien bezperan Untzaga plazan egon ginen, Egunkariaren aurkako epaiketa zentzugabea salatzeko eta auzipetuei elkartasuna adierazteko. ...eta kitto! elkarteak eta Egunkariaren aldeko plataformak deituta 300 eibartar inguru agertu ginen Untzagako elkarketara eta argazkira. Ez da gutxi,... baina gutxi iruditu zitzaidan. Argazkian jendetxoa ikusten da, baina ez jendetza. Plaza ez zen bete eta ez zen zaila jaiak izanda jendea kalean zebilelako; handik 100 metrora jaietako beste hainbat ekitaldi zeuden eta udaletxeaurrea bete-bete zegoen. Deialdia ere ez zen onegia izan, nik uste. Aurreko egunetan ez zuen oihartzun handirik izan Eibarren. Tira. Elkartu ginenak elkartu ginen eta Egunkariari gure babesa eskaini.

Egunkaria libre

 

Zumaiako Ahotsak aurkezpena

Abenduaren 1ean, aldiz, Zumaiako udaletxean izan genuen hitzordua. Zumaiako Ahozko ondarea jasotzeko proiektua aurkeztu zen. Ekitaldi gozo eta hunkigarria. Azken urteotan herrian egin den bilketa aurkezteaz gain, lekuko guztiei euren laguntza eskertu zitzaien. Azken batean, aurkezpena baino gehiago omenaldia izan zen ekitaldiori. Zumaiako udalak herriko hizkera eta ondarea jasotzeko beka bat kaleratu zuen 2007. urtean eta lantalde hartan jardun nuen lanean. Gero, han jasotakoa Ahotsak.com webgunean jartzea erabaki zuen eta horretan jardun dugu azken hilabeteotan; hortxe dituzue Zumaiako euskararen lekukotasunak. Gainera Ahotsak.com webgunearen APIa probatzeko ere aprobetxatu dugu, Ahotsak-en jasotako materiala Zumaiako udal webgunean jarri ditugulako API bidez. Informazio gehiago:

 

Zirikadak eta Eztenkadak liburuen irakurketa

Abenduaren 3an, Euskararen eguna zela eta, Juan San Martin eibartarraren bi liburu irakurri genituen egun osoz udaletxean. Udalaren ekimenez, 500 lagun inguru aritu ginen goizeko 8etatik arratsaldeko 8etara Zirikadak (1960) eta Eztenkadak (1965) irakurtzen. Sasoi, giro eta pentsamolde guztietako lagunak elkartu ginen udaletxeko pleno aretoan. Denok ere euskara bultzatzeko asmoarekin eta Eibarko euskaraz irakurtzen. Pentsatzen dut ez zela lan erraza izango gehienentzat eta estimatu nuen, bai. Nire aldetik esan, ekimena asko gustatu zitzaidala: herritar mooordoa jarri gintuen lanean euskararen inguruan, euskaraz (eta ozen) irakurtzeko aukera eman zigun, Eibarko euskara jarri zuen hainbaten ahotan, euskara kalera ere atera zen (irakurritakoa Untzaga plazan ere entzuten zelako megafonia bidez), batasuna eman zion Eibarko euskalgintzari... tira, esperientzia polita. Eztenkadak eta Zirikadak ere ederrak dira. Eibartarren eta Soraluzetarren arteko anekdota eta pasarteak dira, umoretsuak, txiste estiloan kontatutakoak. Ortografia eta fonetika berezia darabil San Martinek, ez egokiegia nire ustez, baina joskera eta sintaxi paregabea ditu. Ederrak dira alderdi horretatik. Nere amak ere irakurri zuen pasarte bat eta esan zidan bere aitarekin gogoratu zela, "aitxitxak berba eitten zeban moduan dago idatzitta". Belaunaldi bakarrean zenbat galdu den! Ekitaldiaren inguruko informazio osatuagoa Leire Narbaizak eta Egoibarrak. Nik pare bat pasarte lagatzen dizkizuet (Leirek buruan daukan proiektu baterako lehenengo urratsa):

 

Durangoko Azokan

Amaitzeko, joan zen asteburuan, Durangoko Azokan ibili ginen. Urtero bezala, Badihardugu Elkartearen mahaian izan nintzen txanda bat egiten. Larunbat arratsaldean egokitu zitzaigun Leireri eta bioi. Aurten ere mahai dotorea jarri dugu. Eskualde osoko (eta inguruko herrietako) 120 liburu eraman ditugu, gehien-gehienak herri hizkeren ingurukoak. Horrelako liburuek leku gutxi izaten dute liburudenda gehienetan eta erakusmahai ederra da Durangokoa. Durango beti da berezia niretako. Erosi gero eta gutxiago erosten dut bertan (azkenaldian ia dena Internetez erosten dut), baina topagune zoragarria da Durangokoa, bata eta bestea ikusi eta agurtzeko aukera ematen duena. Euskal panorama kulturala nola dagoen ikusteko aukera ere ematen digu. Aurtengoan, AzokaTB izan da nobedadea eta 10 puxtarri merezi ditu. Asmatu dute. Hori bai, antolatzaileek nahi dutena esan arren, azken urteotan sekulako beherakada igarri da, bai jendetzan eta bai salmentetan. Tira ba, hementxe argazki bat; eta gehiago Flickren.

Durangoko Azoka 2009

 

Honaino azken 2 asteotakoa. Datozen egunotan beste ekitalditxo bat. Eguenean Eibarko Euskararen inguruko webgune berri(tu)a aurkeztuko dugu Portalea kultura etxean. Horretaz ere jardungo dugu; zabalago, ahal bada.

 

etiketak: Euskara
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz