Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Gure Literaturaren geroaz

Gure Literaturaren geroaz

Angel Erro 2005/07/27 11:30





Eta Saforen poema berriaz, eta gaurko irakurlearen lehentasunez, baina batez ere gure literaturaren geroaz. Proposamen bat. SAFOREN POEMA BERRIA

Iaz ikerle batzuek momia baten alboan, edo momia bera biltzen, Saforen poema berri bat aurkitu omen zuten. Pasa den hilean berria ekarri zuten egunkari ia guztiek. Poema osoa bakar batek ere ez, The Times Literary Supplement salbuespen. Poema batek ez du ezer aldatuko. Saforen ekoizpenaren hamarrena gorde bada ere (gainerakoa Inkisizioak erre zuen, behin irakurri nuen nobela historiko batean), gaurko irakurleak gutxi gorabeherako ideia egin zezakeen lirika grekoa zertaz zihoan poema hori gabe. Aurkikuntzak ilusioa egin diezaioke. Kulturagatik, horrela oro har, kultura unibertsalagatik poztuko da. Egunkariek, gainera, ez diote irakurraraziko. Zahartzearen tragediaz omen dihardu. A, bai, zahartzaroa, zein maitagarriak diren atsoak.

Ni neu, adibidez, neure burua tipo kultutzat daukadan arren, poema osoa interneten bilatu eta lagunei euskararatua bidaltzeko lana hartu dudan arren, segituan ahaztu dut asuntoa (Saforen zahartzaro poema gaixoa, berandu iritsi zara festara, ez zaitu Petrarcak , ez Ronsardek moldatuko. Oso jende arinaren esku zaude).

Izan ere, hona ekartzen badut poema eta nire itzulpen sasikoa, asmo espurio samarrarekin izan da: euskal literatura salbatzea.

Baina negozioez mintzatu aitzin, gure izpirituek atsegin ttipia har dezatela.

Loratutako Musa usaintsuen opari maitagarriei
[izan zaitezte sutsu], neskak, [eta] lira ezti argiari:

baina nire gorputz [lehen biguna] gaur zahartzaroak
[du hartu;] nire ilea, iluna beharrean, [urdindu] da;

bihotza zait astundu, nire belaunek ez naute luzez eutsiko,
garai batean oreintxo moduan zalu zirenak dantzarako.

Egoera maiz deitoratua; baina zer egin?
Ez da modurik, gizaki izanda, ez zahartzeko.

Titono behin –fabulak dio– arrosez armaturiko Egunsentiak,
maitez kolpaturik, munduaren amaierara eraman zuen,

eder eta gazte orduan, baina denboraz adin grisak
gaina hartu zion, emazte hilezkorraren senarrari.


SAPPHO LTD, EUSKAL LITERATURAREN SALBAMENERAKO

Orain hogei bat urte, Atxagak proposatu zuen bide bat, euskal literaturak jarraitu beharrekoa, zegoen atakatik atera zedin, eta mundura ireki. Plagioa. Euskal idazleek jarraitu dugu metodoa, eta barra-barra plagiatu dugu, Atxaga bera batez ere. Baina kanpoko idazleak ere. Nahi izan dugu gure literaturak munduan ziren genero guztiak jorra zitzala, haien ordezkari handienen jarraibidean. Ongi egina. Gurea literatura modernoa, inora burua altxaturik eramateko modukoa.

Hala ere, iruditzen zaigu askori, ez gara iritsi bikaintasun mailara. Horren arrazoiak bilatzera jarrita, argudiatzen zidan italiar batek, demografia eta estatistika ditugu kontra. Estatu Batuak bi mila aldiz gu badira, pentsatzekoa da euskarako jenioa jaiotzerako, hemendik auskalo zenbat mendetara, euskara bera berriz desagertua egotea.

Ni hasi naiz pentsatzen tradizio literario sendoaren faltak ere baduela hor zer esan handia. Gure ikasleek institutuan Bilintx irakurrita zer espero dezakegu.

Duela ez asko, hiru poetarekin afaltzen ari nintzela, konturatu ginen gutariko bakoitzak bertsolerroak neurtzen zituela bere erara. Ez dago tradizio bat jarraitzeko eta batez ere apurtzeko. Nola dezakegu honela?

Euskal literatura salbatuko bada, eta ez naiz itxaropentsuegia, apokrifoen bitartez izanen da. Corpusa osatu beharrean gaude (guk behar dugu eta ez greziarrek!). Eta horretarako inoiz baino prestago gaude. Baina joka dezagun serio. Ez bedi errepika Lazarragaren saio zoritxarrekoa. Eta ez dezagun alderdi literarioa bazter utz, beti bezala, ahalik eta aoristo gehien eta arkaikoenak sartzeko arduratuegiak (nabaria da Joseba Lakarra izan dela apokrifoegilea). Nik eskaintzen dut neure burua, eta seguruenik afariko hiru poetek ere bai, gure letren iragan loriatsuaren mesede, apokrifogintzan laguntzeko.

Hemendik deiadarra egiten diot Miren Azkarate andreari (eta Juan Ramón Corpas jaunari) eta edozein erakunde eskudun edo sekreturi, honetan eskua sar ditzaten lehenbailehen, gaiak behar duen lehentasuna emanez.

etiketak: Testuak
Aingeru Epaltza
Aingeru Epaltza dio:
2005/08/10 15:46

Estimatua dago, baina Ibanek, ohi duenez, konfiantza handiegia du nire ahalmen literarioan. Dena dela, apokrifozaleegia naiz halako proiektu bati ezezkoa errateko, batez ere hark aipatzen dituen jendeen konpainia noblean balitz... besapean ditudan egitasmoak bideratu ondoan, bistan dena. Bitartean, ez apuratu. Gu ez gara Euskal Herriak, baina etorriko dira berriak, apokrifoak edo apokrifoen antzekoak ere bai. Eta zuek segi arraunean, urari beheiti nahiz goiti. Gure Kaspio agorra Volgaren uren beharrean dago-eta.

Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2005/07/30 12:59

Nik ere bat egiten dut, nola ez, Angelen proposamenarekin. Gure literaturaren tradizio ziztrinean dauden hutsuneak betetzeko premia larrian gaude, eta apokrifoak bide ezin hobea begitantzen zaizkit.

Uste dut, dena dela, garaia dela proposamen zehatzak egiteko eta lanean hasteko, eta Sappho Ltd. martxan jartzeko. Lazarragarena agertu arte, nik, inolako zalantzarik gabe, testu ernazentista baten aldeko botoa emango nukeen (azken batean, Etxepare ez zitzagiun, inola ere, nahikoa, Ernazimentuari suposatzen zaion dotoreziaren aldetik bederen), baina orain, zalantza gutxirekin, XIX. mendeko nobeloi errealista baten aldeko apustua egingo dut.

Ez naiz, jakina, Txuma Lasagabasterrek aspaldi egin zuen aldarrikapenaren errepikapena egiten ari: hark hutsune hori 1980-90. hamarkadetan bete egin behar zela defendatzen zuen, eta susmoa daukat kasu dezente egin zaiola, gure nobelagintzarako ondorio tamalgarriekin. Ez naiz, ezta ere, XIX. mendean kokatutako nobela historiko baten proposamena egiten ari (horietaz ere badugu adibiderik: tamalez, berriro ere).

Ez: benetako apokrifo baten idazketaren alde egiten ari naiz. Ez, ez dugu nahikoa Txomin Agirrerekin, euskara eta narratzeko moduak ikasteko oso ondo egon daitekeena, baina nobelagile bezala, tira... Nobela apokrifo hori ezin da inolaz ere kostunbrista izan, baizik eta erabat errealista, edo are naturalista ere, Flauberten, Zolaren, Clarínen edo Galdosen ildoan. Bostehun orrialde izango ditu gutxienez, eta egile apokrifoa liberala izan beharko litzateke, liberal fuerista nahi bada, baina liberala, eta, jakina, antiklerikala. Familia baten edo batzuen gorabeherak kontatuko dira bertan, sortzen ari den burgesia berriaren inguruko istorio tipikoak (adulterioa(k), diru-gosea, klase-igoera, gizarte modu zaharren erresistentzia, bizitzaren hutsalkeria...).

Nork idatzi beharko luke? Tira, nik uste prestaketa eta dokumentazio lanak Kultura sailak ordainduko lukeen ekipo batek burutu beharko lituzkeela (oso inportantea delako, barkatu errepikatzeagatik, ez nobela historiko bat idaztea, XIX. mendean bertan ekoiztua izan balitz bezala idaztea baizik; eta horretarako, nobela beraren nondik-norako nagusiak asmatzea bezain inportantea izango da zirriborratu dudan idazle apokrifoaren biografia apokrifo ahalik eta osoena eraikitzea). Azkeneko erredakzio lanerako Anjel Lertxundi edo Xabier Mendiguren Elizegi bezalako idazleak iruditzen zaikit egokienak; edo Aingeru Epaltza, kutsu nafartarroagoa eman nahiko bagenio.

Rikardo Arregi
Rikardo Arregi dio:
2005/07/30 12:51

Bonjour, asko gustatu zait zure manifestua apokrifoen alde. Gauza bat: helenismoaren aroan eta beranguago, Erroman eta, modakoa zen andere nobleen artean Saforen estiloko poemak idaztea. Uste dut Villenaren Huesos de Sodoman aritzen direla asuntoaz baina suposatzen dut ikerlariek erabaki badute Saforena dela Saforena izango dela, zer esan behar dut nik. Inoiz ezin fidatu nobela historikoetan irakutzen denaz.

Apokrifogintzan aritzeko aukeratzen dut idazle aurre-erromantiko bat, 1800 ingurukoa, poeta lakista ingelesak, Constant frantsesa, Hölderlin eta Goethe alemanen arteko nahasketa bat: poesia, tragediak, opera libretoak (serioa zein bufoa), Espainiara, Errusiara, Italiara eta Greziara egindako bidaien kronika oso kultu oso literario eta oso artistikoak, saiakerak (hainbat gai) eta milaka gutun idazteko, ah eta lehen euskal nobela psikologikoa.

Ea Miren Azkaratek edo EIEk antolatzen duten bekaren bat.

Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/07/28 15:43

Zenbat erdaldunek badakite euskaraz irakur ditzakegula Saramago, Coelho edo Coetzee bezalako egileak? Gitxi-gitxik, normala da. Baina zenbat euskaldun irakurzalek badaki aurreko hori?

Oztopoak ditugu bidean, eta batzuetan gutarron aldetik ipinitakoak. "Elkar" megadenda barrian, Bilbon, euskarazko liburu ia guztiak (jatorrizko eleberriak, ipuinak eta poemak, itzulpenak, hizkuntzari buruzkoak,...) "Euskal Gaiak" sailean kokatuta dagoz. Euskaraz dator dana "euskal gaiak" dira, nahiz eta Hego Afrikako idazleak idatzitako liburu bat izan.

Neure ustez, itzulpenetatik datozkie haixe freskoak euskarazko liburuei, txit osasungarriak. Baina "euskal gaiak" sail irenslearen barruan baldin badagoz, agian kostetan jatzu aurkitzea. Dinot neuk.

Proposamena: Zergaitik ez egileka sailkatzea (A-Z), erdarazko eta euskarazko liburuak apaletan batera ipiniz? Erdaldunendako hain ikusezinak ez ginan izango euskaldunak, ezta euskaldunendako euskarazko liburuak be.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44