"Gipuzkoako Hegoaldeko Euskara" (Azpiazu, 2009)
Lan eder-ederra da Aitor Azpiazurena (Ormaiztegi, 1978). Ikusgarria. Legazpi aldean esan duten moduan, Brinkolako Entziklopedia idatzi du ormaiztegitarrak. Bere senideak Brinkola auzokoak izaki, urteak eman ditu bere baserriko eta auzoko kontuak eta hitzak biltzen. Gazte-gazte zela hasi zen bilketa lanetan, 17 urte eskas zituela, eta hamaika urteko lanaren ostean, urriaren 23an aurkeztu zuen jende aurrean, Brinkolan bertan.
Pasioz eta zorroztasunez jaso eta garatutako lana, eta mimo handiz diseinatutakoa. Horrelakoa da Gipuzkoako Hegoaldeko Euskara lan hau. Handia. Informazio asko, zehatz jaso eta azalduta eta diseinu zaindu eta egokiarekin. Lan borobila.
Zorionik beroenak eman nahi dizkiet Eibartik lan horren arduradunei. Nola ez, eta bereziki, Aitor Azpiazu ikerlariari, lan horren atzean egindako lanak eta gainditutako buruhausteak garbi ikusi baititzaket. Eta baita Burdinolako arduradunei ere; edozein liburu kaleratzea zaila bada, hiztegi bat (eta are gehiago 500 orrialdeko hiztegi bat) kaleratzea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula.
Hementxe duzue liburuaren aurkezpen-ekitaldiko bideoa: