Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Arroila-jaitsiera Saturixo errekan

Asier Sarasua 2011/06/03 10:40
Saturixo errekan arroila-jaitsiera antolatu zuen, joan den maiatzaren 14an, Eibarko Klub Deportiboak. Bideoa ere egin dute eta hementxe ikusgai.

Saturixo erreka Elgoibar eta Eibar artean dago, Maltzaga ondoan. Garai batean leku ezaguna, bai arrantzaleentzat, bai baserritarrentzat (Arrate eta San Pedro auzoen artean dago). Bizpahiru errota ere izan ziren inguruan. Azkenaldian, baserriak eta auzoak hustu ahala, eta errotak behea jota, erdi-ezkutuan geratu da ingurua.

Eibarko Klub Deportiboa "erabilera" berriak ematen hasi da eta maiatzaren 14an arroila-jaitsiera antolatu zuen. Badirudi inguru aproposa dela, batez ere urez gainezka datorrenean.

Eibartarrez eta elgoibartarrez osatutako talde batek goitik beherako bidea egin zuten eta bideoa ere grabatu zuten. Neoprenoa, arnesa, segurtasun mosketoi bat eta zortzi bat hartu, eta ordu eta erdian jaitsi zuten Saturixo erreka, harik eta N-634 errepidera heldu ziren arte. Bidean, 30 metroko rapel bat ere egin behar izan zuten Saturixoko amila aldats handikoa da-eta. 

 

Albistea Elgoibarren.net webgunetik jaso dut. Informazio gehiago Deporraren Foroan.

 

Eibarko Euskal Jaiaren 46. edizioa

Asier Sarasua 2011/05/26 21:54
Aste honetan, maiatzaren 26tik 29ra, Eibarko Euskal Jaiaren 46. edizioa izango dugu Eibarren, urtero bezala ekitaldiz beteta eta jai-giro ederrarekin.

Eibarko Euskal JaiaGaur, osteguna, hasi da Eibarko Euskal Jaiaren 46. edizioa. Gaurtik eta igandera bitartean, Euskal Jaiak hainbat ikuskizun eta ekitaldi izango ditu. Labur-labur esateko:

  • maiatzak 26: "Kalamuako Parlamentua" jokoari buruzko lehiaketa
  • maiatzak 27: umeendako jokoak eta jolasak Untzagan eta Gozategiren kontzertua
  • maiatzak 28: Artisau eta Baserritarren azoka, herri kirolak, bertsolariak, Kantu Afaria.
  • maiatzak 29: Euskal Jai eguna, kalejira, dantzak eta Ezpalak ikuskizuna. Herri bazkaria eta erromeria.

Informazio zehatzagoa triptikoan.

Sarrerak oraindik salgai daude Klub Deportiboan, bai zapatuko kantu afarirako, bai domekako herri bazkarirako.

Ezpalak ikuskizuna

Dantzarioi dagokigunez, igandean izango dugu Eibarren Ezpalak nazioarteko dantza tradizionalaren jaialdia eta aurten bikoteko dantza soltea izango da gai nagusia. Baina horren aurretik, larunbat goizean, dantza soltea gai hartuta, folklore alorreko ikertzaileen eta adituen gogoetak aurkeztuko dira Portalea kultur etxean.

Informazio guztia Eibarko Klub Deportiboaren webgunean.

Guía del autoestopista galáctico (Douglas Adams, 1979)

Asier Sarasua 2011/05/20 21:52
Umorezko zientzia fikzioaren klasiko bat. Bidaiari sideral pare baten gora-beherak kontatzen dizkigu. Umore ingelesa, ironiaren eta absurduaren artean. Imajinazioz betea. Gustatu zait.

Guia del autoestopista galáctico
Douglas Adams

Anagrama 2007 (jatorrizkoa, 1979)
188 orrialde

Ford Prefect, Betelgause planetan jaiotako bidaiari bat, Galaxian barrena dabil joan-etorrian, Galaxiako Autoestopistaren Gida eguneratzen (galaxian barrena dabiltzan bidaiarientzat ezinbesteko gida, Lonely Planet gida sideral moduko bat). Lurrean dagoela Arthur Dent ezagutuko du, Londres ondoko herritxo batean bizi den pertsona "normal" bat. Baina Vogondarrek beste plan bat dute lurrarentzat: suntsitu egingo dute gure planeta autopista hiperazkar bat eraikitzeko. Hortik aurrera, Ford eta Arthur hara eta hona ibiliko dira galaxian zehar eta hainbat abentura biziko dituzte elkarrekin.

1978an irrati-komedia moduan sortu zuen Douglas Adams idazle britainiarrak eta hurrengo urtean kaleratu zen "The Hitchhiker's Guide To The Galaxy" eleberri ezaguna. Umorezko zientzia fikzioaren barruan libururik ezagunetarikoa (eta salduenetakoa). Izandako arrakastaren ondorioz beste produktu batzuk ere sortu ziren ondoren (komikia, telebista-seriea, bideojokoak, filma...).

Liburu ganberroa, imajinazioz gainezka egiten duena, umore ironiko eta absurdoz josia. Iban Zalduaren Si Sabino viviría edo Eduardo Mendozaren Sin noticias de Gurb gogorazi dizkit. Gustura irakurri dut. Aukeran, laburregia (188 orrialde, nik irakurritako edizioan). Jarraitzeko gogoa geratu zait. Eta badut lana, idazleak beste 4 liburu ere idatzi baitzituen (trilogia bat bost liburukitan, horrelaxe definitu izan zuen idazleak bere lana): El restaurante del fin del mundo, La vida, el universo y todo lo demás, Hasta luego, y gracias por el pescado, eta Informe sobre la Tierra: fundamentalmente inofensiva.

Eskerrik asko gomendioagatik, @filoblogia eta @jozulin.

Hemen filmaren trailerra:

 

Maiatzeko agenda amaierabakuak

Asier Sarasua 2011/05/20 14:41
Munduan arazo asko dagoz, garbi dago, eta euretako bat, maiatzeko agendia.

Zeinek antolatzen dittu maiatzeko agendak? e?
Badago erantzunik galaxia honetan?

Euskal Jaixa, Kantu afarixa, Mundumira, Ibilaldia, ezkontzak, jaunartziak, andereñuekin batzarrak, ikastolako olinpiada txikixa, ikastolako Euskaraz Bizi jaixa, ikastolako gurasuen bazkarixak, udalekuetarako matrikulaziñuak eta papeleuak, haziendako deklaraziñua, galleguen jaixa eta Santakurutzekuak eta Abontzakuak, txanpions finala, Arratian aldeko jaialdixak, Eibar 2. mailara, IEB11, lagun arteko afarixak, hauteskundiak,...

Giza-jaiotzen estatistika ez-uniformia dala eta, urtebetetzez beteta be badago maiatza (erregaluak, merendolak, erosketak, afarimeriendak...).

Eta, gainera, reboluziñuak be maiatzian ipintzen dittue #acampadasol

Eta ez ahaztu Eurovision!

Jodeee! Ez naizela heltzen danera!!

Eskerrak hitano ikastarua ez genduan maiatzian ipini. Ala bai?

Nahi haunat ere noranahikoa

Asier Sarasua 2011/05/08 10:26
Gaur Herri Urrats. Eta aste honetan hasi dogu Hitano Ikastarua. Hamentxe, hiper-hitano adibidetxo bat, Lizardik lagatako olerki eder batian. Euskara, Oro-mintzo.

Oro-mintzo


Baña nik, izkuntza larrekoa,
nai aunat* ere noranaikoa:
yakite egoek igoa,
soina zar, berri gogoa,
azal orizta, muin betirakoa.

 

*Berez "haut" beharko leuke, eta ez "haunat". Adizki horrek ez dau bihar noka-ko -na- markarik. Gizonezko zein andrazko, danendako "haut". Dana dala, "haunat" be zelako politta dan ;-)

Euskararen transmisioaz mintegia Eibarren

Asier Sarasua 2011/05/07 13:10
Eibarko ...eta kitto! euskara elkarteak antolatuta, hizkuntzaren transmisioaren inguruko mintegi interesgarria izango da Eibarren maiatzaren 25ean. Oraindik ere izena emateko aukera zabalik dago.

Maiatzaren 25erako euskeraren transmisioaren inguruko mintegia antolatu du …eta kitto! Euskara Elkarteak, Eibarko Udalaren laguntzarekin. Egun osoko jardunaldia izango da (goizez 08.45etatik 13.30etara eta arratsaldez 15.00etatik 17.30etara Portalea kultura etxean.

Udaletako euskara teknikariei, euskara elkarteetako kideei, irakasleei eta aisialdi taldeetako ordezkariei zuzenduta dago bereziki. 

Mintegian euskararen transmisioak duen garrantzia azalduko dute eta, horretarako, hainbat erakundetako ordezkariak zein esparru horretan beharrean diharduten aditu eta teknikariak gonbidatu dituzte, bakoitzak bere esparrukoen inguruko azalpenak eman ditzan.

Izena emateko, maiatzaren 204a arte …eta kitto! Euskara Elkartean (943 200 918). Prezioa 20 euro, bazkaria barne. 

Egitaraua:

  • 09.00 Akreditazioak, ongi etorria eta aurkezpena.
  • 09.40 "EAEko euskararen belaunez belauneko transmisioa
  • 10.20 Transmisioa Nafarroan (Bortzirietako esperientzia)
  • 10.55 Ikastolen Federazioaren esperientzia
  • 11.25 Atsedenaldia
  • 11.50 Transmisioa aisialdian (Getxoko eta Arrasateko esperientzia)
  • 12.50 Udaletako lana (Lasarteko eredua)
  • 13.30 Bazkaria
  • 15.05 Paula Casares hizkuntzalari eta irakaslearen hitzaldia
  • 16.05 Mahai-ingurua: transmisioa bermatzeko urratsak
  • 17.20 Agurra

 

Udia hasi da

Asier Sarasua 2011/05/05 10:15
Bai, neretako aste honetan hasi da udia. Abijoi edo txirrixak heldu dira Eibarrera, euren txilixo ozenekin. Urtero moduan, Santa Kurutz egunian (maiatzak 3). Hortxe hasten da udia. Eta eurekin amaittuko da, iraileko Santa Kurutzetan (irailak 14).
apus2.jpg

Ez dakit munduan egongo ete dan animalixa puntualagorik. Aurten be, urtero-urtero moduan, hamentxe agertu jakuz maiatza hasieran, euren txilixo eta zalapartekin abijoiak (sorbeltzak, Apus apus).

Basarrittarren arteko esakera zaharrak be holaxe diño, abijoiak Santa Kurutz egunetik (maiatzak 3) Santa Kurutz egunera (irailak 14) egoten dirala gure artian. Etortzeko orduan zihatzaguak dira, danak alkarrekin etortzen dira, egun gitxiren barruan, maiatzeko lehenengo astian. Juateko orduan talde txikixetan antolatzen dira, behin abuztua heldu ezkero. Azkenak iraila hasieran ikusiko dittugu.

Txori alai eta bizixak, euren bizi guztia (kumaldixa izan ezik) hegan eitten dabenak (baitta jan, lo eta txortan be).

Behin abijoiak Eibarren, neretako hortxe hasten da uda sasoia. Aurtenguan moduan egualdi ederrakin bada, oindiok gehixago. Mendirako urteerak ugarittuko doguz, Santa Kurutzera igoko dogu afarimeriendak eittera eta hondartza sasoia be laster hasiko dogu.

Udia hasi da!

Abijoi, txirri, zirringilo, sorbeltz eta txori honen beste izen batzuk, aurreko batian idatzittako honetan: Sorbeltzak (Apus apus) euskal izenak.

Itsasoak ez du esperantzarik (Luis Haranburu-altuna. Lur, 1973)

Asier Sarasua 2011/05/01 17:34
Euskal literaturaren hastapenetako lan aipagarrienetakoa, garai hartan sortu zuen oihartzunagatik, behintzat. Frankismoak iraun zuen bitartean gehien saldu zen liburuen artean dago, lehenengoa ez bada.

Itsasoak ez du esperantzarikLuis Haranburu-Altunaren (Alegia, 1947) lehenengo eleberria. Euskal literaturaren hastapenetan idatzi ziren aurreneko eleberrien artean aipagarrienetakoa, kalitatea gora-behera, berrikuntza izan zelako euskal letretan eta garai hartan sortu zuen oihartzunagatik. Best-sellerra izan zen bere sasoian. Euskal irakurle gazteen artean asko irakurri zen (Frankismoko libururik salduenen artean dago).

Gaurko begiekin begiratuta liburua xinpletxoa ere izan daiteke, baina oraindik ere erraz irakurtzen da eta ez du galdu bere ukitu modernoa. Ulergarria da orain dela 40 urte sortu zuen ikusmira, ordura arteko euskal literaturan gutxi landutako gaiak azaltzen direlako: maitasuna, bakardadea, bikote-harremanak, desamodioa eta sexu pittin bat (amiñi bat, e?), dena ere existentzialismo frantses tantez zipriztindua.

Eleberri laburrean zehar (130 orrialde eskas, letra-tipo handiz) Xabierren eta Inesen arteko harremana kontatzen digu, Xabierrek berak lehenengo pertsonan kontatuta.

Egia esateko, ti-ta irakurri dut, gustura, Inesen sareetan harrapatuta.

Larrepetit (Pello Lizarralde, Erein, 2002)

Asier Sarasua 2011/04/26 11:15
Pello Lizarralderen 4. eleberria. Ihesaldi baten kronika. Molde berezian idatzita, traman eta hizkuntzan. Ia ez istoriorik, ia ez akziorik,... eta, hala ere, eder-ederra.

Ihesaldi baten kronika azaltzen digu Lizarraldek bere eleberri honetan (Larrepetit, Pello Lizarralde. Erein, 2002). 2003. urteko Euskadi Saria irabazi zuen.

Abel “Larrepetit” baserriko morroia eta Joxe motxaila ihesi dabiltza. Bidean Lainez bidaiaria aurkituko dute. Horixe da eleberri honetako trama guztia, ez dago ia besterik. Izan ere, eleberri berezia da Larrepetit. Molde ez-arruntean antolatutakoa, beste garai batekoan. Istorioa baino, begirada interesatzen baitzaio Lizarralderi.

Tramaren datu nagusiak ezezagunak zaizkigu: zergatik zeuden espetxean, nola egin zuten ihesi, nora jo nahi duten, zergatik dauden elkarrekin, zergatik laguntzen dien Lainezek, zein den Lainezen benetako ogibidea, zer urte edo garaitan gertatzen den... Ez zaigu ia ezer esaten, asko jota zeozertxo iradoki. Ez dago ia-ia tramarik. Akziorik ere ia batere. Baina moteltasun erakargarri eta arin batekin irristatzen zara eleberriaren orrialdeetan barrena.

Hitzak ere gutxi ditu liburuak. Behar dituenak besterik ez. Isiltasuna da berriketaldiaren gainetik. Keinu xumeak; hizketaldi labur eta erabat sinesgarriak.

Xumetasun horren alboan, deskripzio zehatz eta ederrak dira liburuaren eta ihesaldiaren muina. Koloreak ez ezik, itzalak eta tonuak ere barneratzen dizkigu Lizarraldek. Eguzkiaren epelak, belarraren usainak, atearen irrintziak, txarrantxaren zorrotzak, begiraden soslaiak. Paisaiak agintzen du. Ihesaldiak berak (non eta orain), ihesaldi horren arrazoiak baino (nondik, nora eta zergatik).

Izan ere, liburua baino, filma sortu du Pello Lizarraldek. Pelikula eder bat. Niri Lost in translation gogoratu zidan (istorioan eta egituran inolako antzik izan ez arren, bai moldean). Hura gustatu bazitzaizun, hau ere gustatuko zaizu. Orduan aspertu bazinen, ez ahalegindu honekin.

 

Haur literatura: ostiraletako opila

Asier Sarasua 2011/04/25 11:55
Maddik astero ipuintxo bat ekartzen du ikastolatik. Astelehen edo ostiralean ekarri, eta hurrengo asterako irakurri behar izaten dute. Ostiraletako opila izaten da. Manex ere hasi da, txikiagoa den arren. Guri ere literaturako altxor txikiak aurkitzeko eta irakurtzeko aukera ematen digu.

Azkenaldian, esate baterako, Elkarrek (Argitaletxe Elkartuak) argitaratutako ZAZPI bildumakoak ekarri ditu Maddik ikastolatik. Sei urtetik gorako umeentzako ipuinak dira. Argitaletxe Elkartuak sei argitaletxeren artean (valentziarrak, euskaldunak, gailegoak, katalanak eta astuariarrak) sortutako elkar-lanerako plataforma bat da. Hizkuntza txikietako liburuek, idazleek eta ilustratzaileek oihartzun zabalagoa izan dezaten sortutako bilduma. Kultura eta hizkuntza minorizatuak bultzatzeko saiakera, literatur zaletasuna sustatzearekin batera.

Aste Santurako ekarri duen ipuina Xabier Mendigurenen Zergatik ez du kantatzen txantxangorriak izan da. Ipuin polit-polita. Aurrez ekarritakoak bezalaxe, hala nola, Aita despistatu bat (Josep Gregori), Mari Joseri zergatik deitzen diote Joxe Mari? (Seve Calleja), Gaur bete ditut 6 urte (Maria Antonia Savall) eta beste guztiak.

Eta oraingoz gehien-gehien gustatu zaiguna, Patxi Zubizarretaren Ostiraletako opila. Zoragarria.

Haur literaturan benetako pitxiak aurkitzen direlako gaur egun. Istorioa, testuak, mezua, marrazkiak, maketazioa...  ostiralero opil gozoa daukagu etxean.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz