Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Eibarko bonbardaketaren 75. urteurrena

Eibarko bonbardaketaren 75. urteurrena

Asier Sarasua 2012/04/17 11:51
Aurten 75 urte beteko dira ejerzito nazionalak Eibar bonbardatu eta “liberatu” zuenetik. Zazpi hilabetez Eibarren egon zen gerrako frontea. Gipuzkoa osoa falangisten eta reketeen esku zegoen bitartean, Eibar-Elgeta zen miliziano eta gudarien erresistentzia puntua. Apirilaren 24-25 bitartean, kainoiek eta hegazkinek lagunduta, biak hartu eta txikitu zituzten, Elgeta eta Eibar. Eibarko Udalak, Badihardugu Euskara Elkartearen laguntzarekin, egitarau polita antolatu du datozen egunotarako. Gerra ezagutu zuten haien lekukotza eta ahotsa ere entzun ahal izango dugu.

Gerra zibila 1936ko uztailaren 18an piztu zen. Indar golpistek ez zuten denbora larregi behar izan Nafarroatik sartu eta Gipuzkoa ia osoa euren esku hartzeko. Irailerako euren esku zegoen lurralde osoa, Eibar-Elgeta izan ezik. Euskal Herriko gudalosteak, batez ere miliziano sozialistez eta gudari abertzalez osatutakoak, Eibar inguruan eta Otxandio aldean bildu zituen indarrak, oraindik euren esku zegoen lurralde bakarra defendatzeko, Bizkaia.

Zazpi hilabetez egon zen frontea geldirik, ez atzera ez aurrera, gutxi gorabehera Ondarroa-Arrate-Eibar-Elgeta-Intxorta-Urkiola-Otxandio lerroan finkatuta. Negu luzea izan zen, borroka txikiz eta noizbehinkako bonbardaketaz jositakoa. Egoera latza, gogorra, herri oso baten bizimodua goitik behera aldatu zuena. Izugarria da Eibarko nagusienei euren lekukotasunak entzutea. Frontea Eibarren egon zen bitartean eguneroko bizimodua nolakoa zen ezagutzea. Nola gerra (ere) naturaltasun osoz bizi izan zuten, gaur egungo belaunaldikook ez daukagun sendotasun, adore eta zuzentasunaz.

Zona de la parroquia de San Andrés despues del bombardeo

 

GureGipuzkoa.net | Zona de la parroquia de San Andrés despues del bombardeo © CC BY-SA

: Ojanguren, Indalecio

 

Gero eta gutxiago dira garai hartakoa kontatzeko moduan daudenak. Denborak aurrera egiten du, azkar, eta gerra zuzen-zuzenean ezagutu zuten haiek joaten ari dira; 85-90 urte inguruan dabiltza, bizi direnak. Hala ere, euren lekukotza utzi digute. Eibarren 20 urte daramatzagu bertako ahozko ondarea eta memoria historikoa jasotzen. Azken urteotan Ahotsak proiektu barruan, batez ere (eta hor ere badira hainbat testimonio eder), eta lehenago Eibartarren Ahotan proiektuaren barruan. 1999-2002 bitartean 200 elkarrizketa baino gehiago egin genituen Eibarren, gehienak ere 1905-1920 inguruan jaiotako eibartarrei. Euren ahotan jasotako lekukotasunak hortxe ditugu, gertatutakoaren lekuko.

Aurten 75 urte beteko dira, hortaz, Eibar bonbardatu eta txikitu zutenetik. Beste herri batzuetako bonbardaketak ezagunagoak dira, beharbada (batez ere Durangokoa, Gernikakoa eta Bilbokoak), gehienbat hainbat herritar hil zelako bertan. Eibarren hildako gutxixeago egon zen, bonbardaketaren unean herria erdi-hutsik zegoelako, bertako herritarrak Bizkaira ihes eginda zeudelako, baina herria txiki-txiki eginda geratu zen, Gernikan bezalatsu. Ikusgarria da Ojangurenek ateratako erretratu zaharrak ikustea, eliza bakarrik zutik, inguruko kale guztiak lurra jota, etxe eta eraikin guztiak kiskalita. Azken urtean pelikula zahar batzuk ere berreskuratu dira, nazionalek eurek grabatutakoak, bonbardaketaren ostean Eibar “liberatzera” sartu zirenekoa. Maltzatik sartu, Bidebarrietan gora igo, eraikinak lurrean, Ifarkale eta Elgetakale oraindik sutan...

 

Urteurren borobila dela-eta, 75. urteurren hori gogora ekarri nahi izan du Eibarko Udalak. Horretarako herriko zenbait talderen laguntza ere partaidetza izan du, tartean Badihardugu Euskara Elkartea, eta egitarau polita antolatu du datozen egunotarako. Asti eta diru gutxirekin antolatutako egitaraua, baina osatua, interesgarria eta sendoa, nire ustez. Horren berri zabal eman dute dagoeneko hainbat tokitan (Eibarko udal webgunean, hedabideetan edo Ahotsak.com webgunean, esate baterako), eta hantxe ikusi ahalko duzu egitarau osoa, baina nik zenbait ekitaldi azpimarratu nahiko nituzke.

  • Apirilak 25, 19.00 Portalean. “75 aniversario de los bombardeos de Eibar”. Jesus Gutierrez historialari eibartarraren hitzaldia Eibarko kultur etxean. Hainbat datu eta argazki berri ere aurkeztuko ditu ikerlariak. Hitzaldian zehar Euskal Herriko Ahotsak proiekturako Eibarren jasotako hainbat lekukotasun ere entzun eta ikusi ahalko ditugu.
  • Apirilak 26, 20.30 Coliseo antzokian. Gerra Zibila Eibarren, bertsoz eta kantuz. Maialen Lujanbio bertsolariak eta Juan Pinilla kantaore flamenkoak bertsoak, musika eta poesia jarriko dizkiete Eibarko bonbardaketa bizi zuten lekukoen hitzei. Eibarko jende nagusiari grabatutako elkarrizketa zatiak entzun ahal izango dira, gerra garaia gogoratuz, eta Lujanbiok eta Pinillak bertsoz eta kantuz erantzungo diete lekukoen bizipenei. Sarrera 7 euro.
  • Apirilak 27, 19.00 Portalean. Bernardo Atxagak bere azkenengo lana aurkeztuko du, “Bonbardaketak 1937”. BBK-k argitaratu du, 4 idazleren testuak bilduz, bakoitza gerra garaian herri batean kokatuta: Martínez de Pisón (Gernikan), Fernández de la Sota (Bilbon), González San Martín (Ezkerraldean) eta Atxaga (Eibarren).
  • Maiatzak 5. 10.00 Untzagan hasita. Ibilaldia Eibarko auzo eta kaleetan barrena, gerra zibilak eta bonbardaketak utzitako lekukotza hobeto ezagutzeko. Jesus Gutierrez historialariak gidatuko du eta gerran gertatutakoa bertatik bertara azalduko du: falangista eta erreketeak non kokatu ziren, eibartarrak nola babestu ziren, 7 hilabeteko frontea nola bizi izan zen, bonbardaketak non eta noiz izan ziren... Gutierrezek argazkiak ere erabiliko ditu azalpenak hobeto argitzeko. 

 

"Eibar. Una vista de Eibar el año 1938"

 

GureGipuzkoa.net | "Eibar. Una vista de Eibar el año 1938" © CC BY-SA: Ojanguren, Indalecio
etiketak: gerra, historia, ahotsak, eibar
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz