Eibarko bonbardaketa, bertsoz eta kantez. Lujanbio eta Pinilla Coliseoan
Aste honetan 75 urte bete dira tropa frankistak Eibar bonbardatu, txikitu eta "liberatu" zutenetik. Eibarko Udalak egitarau polita antolatu du egunotarako (hitzaldiak, jardunaldiak, dantza, musika, irteera gidatuak...) eta egia esateko jende ugari ibili da orain arteko ekitaldi guztietan. Herriak harrera ona egin dio, pozgarria da.
Herenegun, osteguna, Coliseoan egon nintzen, egitarau barruan zegoen ekitaldi bereziena ikusteko. Baita gustura egon ere, ikuskizun ederra izen zelako (ekitaldiaren berri, Ahotsaken eta El Correon). Maialen Lujanbio eta Juan Pinilla izan genituen protagonista. Bertsolaria lehenengoa, flamenko kantaorea bigarrena. Oso esperientzia eta jatorri ezberdineko artistak, biak, baina biak ere ahozkotasunetik eta inprobisaziotik zuzenean edaten dutenak.
Onartu behar dut beldurrez joan nintzela. Ez naiz "fusio" zalea (eta ezta oso-oso bertsozale edo flamenkozale ere; bigarrenetik dexente gutxiago), eta holako esperimentuak.... zailak dira! Antzolatzaileendako arriskutsuak eta ikusleendako nahasgarriak, batzuetan.
Eta ez, oso polita izan zen. Elementu askotxo ziren, eta denak lotzea ez zen erraza (bertsoa, musika, flamenkoa, poesia, herri-kantuak, bideo-lekukotasunak...). Baina esango nuke ikuskizunak koherentzia izan zuela eta osotasun bat lortu zuela. Fondo moduan elementu historikoak erabili ziren: Ojangurenen argazkiak, gerrako pelikula-zatiak, eibartar nagusieri Ahotsak proiektu barruan jasotako lekukotzak... Eta horrek guztiorrek nahiko ondo josi zuen historia guztia, zentzua eta batasuna emanez ekitaldi osoari: Republikatik hasi eta bonbardaketetaraino; Eibarren hasi (lekukotzak), Euskal Herri mailara igaro (Maialen Lujanbiok) eta Espainian bukatuz (Pinillak). Ikusleok kontakizun bat ikusi ahal izan genuen, artistikoki ederra, mezua ere bazuena eta tarteka hunkigarria (oso hunkigarria ere bai, tarteka).
Artista biak, Pinilla eta Lujanbio, ederto, oso ondo. Artisten arteko batasuna ere nahiko egokia, fina, estridentzia larregi barik. Tarteka konpenetrazio falta txikia ere igartzen zen, baina normala ere bada, hain estilo ezberdinak izanda (eta e-mailez "ensaiatu" zutela jakinda). Gitarra jotzailea ere aparta, David Caro, Almeriakoa. Artista hutsa. Hegazkinen irudien gainean jotako pieza eta Maialenek David-ekin abestutako bertsoa, gaueko gauzarik politenetakoak seguru asko.
Ba, horixe. Ederra izan zela.
Zorionak eman behar, beraz, antolatzaileei, eta batez ere ekitaldia koordinatzen, irudiak aukeratzen, gidoia eta zuzendaritza artistikoa gidatu duen lantalde osoari, Badihardugu Euskara Elkarteko guztiei eta, bereziki, Idoia Etxeberriari eta Haizea Odriari. Bejondeizuela!