Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Santoñako padura, Joyelgo urmaela eta Isla (Trasmiera, Cantabria)

Santoñako padura, Joyelgo urmaela eta Isla (Trasmiera, Cantabria)

Asier Sarasua 2012/04/14 14:05
Aste santuan Cantabria inguruan egin ditugu egun batzuk. Tartean Santoña, Victoria eta Joyel Natur Parkean egon gara. Leku ederra, bisitaldia merezi duena.

Cantabria gogoko dugu. Leku ederra da eta sarri ibili gara han inguruan. Euskal Herriaren antzeko geografia eta orografia ditu, baina askoz dentsitate txikiagoa izanik, paisaia natural eta zabalagoak aurkituko dituzu bertan (gehienbat Euskal Herriko kostaldearekin alderatzen baduzu). Mendi ederrak, herri politak, eta kostalde ikusgarria.

Santillana eta San Vicente herri ederrak ditu mendebaldean, Altamira bisitatzeko aukerarekin, Liébana edo Valle del Pas moduko eskualde menditsu ikusgarriak barnekaldean, Soba bezalako aran galduak hanhemenka (blog honetan lehenago ere aipatutakoa), eta naturgune asko eta zabalak, Saja-Besayakoa, Liencresekoa edo Asongoa, besteak beste.

Egunotan Santoña eta Arnuero inguruan ibili gara, Trasmiera eskualdean. Hantxe daude, besteak beste, Santoñako Natur Parkea, Joyelgo urmaela, Isla eta bere hondartzak, Ajoko itsasadarra, eta Noja-Laredo bezalako leku turistikoak... Leku ederra da, oso aproposa haurrekin joateko eta naturaz gozatzeko. Lehendik ere ezagutzen genuen eta oraingoan ere gustura hartu gaitu.

  • Santoña inguruko urmael eta padura gazi-gozoa Kantauri osoko natur parkerik garrantzitsuenetarikoa da. Izen ofiziala luzeagoa du eta bere baitan hartzen ditu Santoñako, Victoriako eta Joyelgo hezegune guztiak, 6.700 hektarea guztira. 1992. urteaz geroztik Parke Naturala da, eta Ramsar (hezegune babestua), Zepa (hegaztientzat gune garrantzitsua) eta GKL (Garrantzi Komunitarioko Lekua) ere bada. Haurrekin hegaztiak ikustera joateko oso aproposa, ondo antolatua eta behatoki egokiekin. Bestela ere, naturaz gozatzeko leku ederra.
  • Bidegorri sare gero eta hobea inguruan (batez ere Santoña-Noja-Isla inguruan).
  • Joyel-eko itsasadarra (Islan) edo Ajo-koa zoragarriak dira, Islako kala txikiak barne. Marea behean dagoenean joatea komeni da, hobeto ikusi eta itsasoan barneratzeko.
  • Hondartza ikusgarriak, batez ere Isla inguruan. Udan lepo, baina gainontzean erabat gomendagarri, La Arena, adibidez.
  • Ondare etnografikoa, Joyel-en dauden errota eta marea-etxea, adibidez, edo Arnueron dagoen “memoriaren behatokia”, Trasmierako Ekoparkearen barruan.

Azken urteotako urbanizazio gehiegizkoak sekulako triskantzak egin ditu han ere (Noja da horren lekuko nagusia, baina Islan bertan ere hainbat adibide aurkituko dituzu), baina Euskal Herrian ere asko dakigu horretaz. Hala ere, tarteka begi bat itxi, eta jatorrizko edertasuna oraindik ikusgai izango dugu.

Hortaz, eguna edo asteburua igarotzeko leku ederra, Trasmiera eskualdea. Eta aspertzen bazara, beti duzu aukera Santoñara joan eta Carrero Blancoren (eta Frankismoaren) omenez dagoen monumentoa bisitatzeko.

kulpagarrixa
kulpagarrixa dio:
2012/04/16 01:43

Ez dot nik ukatuko toki ederrak dagozanik. Baleike nik sorte txarra izan, baina Santoñara juan eta, bilau barik, Carrero Blancori egindako monumentua topau. Santander kapitalera juan eta plaza nagusian Frankoren estatuta zaldigainian hantxe bertan (barritxu erretiratua uste). Aditzen dot handik Euskal Herrira etorri eta kejatzeko motiborik izan, baina lehenago eurena zaindu egin biharko eben.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz