Joño, argia joan egin da! Baina... Nora?
Energia gero eta garestiagoa da. Normala gero, energia-kontsumoa hazi eta energia-iturriak ugaltzen ez direneino. Aspalditxoko kontua: eskaria gehitu eta eskaintza murriztuz gero, prezioa beti gora.
Merkatu-prezioari dagokion neurrian hau egia izanda ere, ez da erabat egia gaur egungo gizarteak gero eta gehiago balioesten duenik energia. Egungo belaunaldiak aldatu egin du arbasoen ulertzeko modua, behar bada ez duelako uste energia inoiz falta edo ordaindu behar izango denik.
Gurean, umetan, pitxerra eskuan hartu eta egunero atera izaten ginen kalera ur bila. Aldatzeko zein Ardantzako iturrietara. Eta ez gero pentsa bateko zein besteko ura berdina zenik. Amatiñoko aittita zenak nahiago izaten zuen Aldatzekoa, baina guk Ardantzakora joateko joera izaten genuen, jende gutxiago eta ur-zurrusta joriagoa zuelako. Baina aittittak igarri egiten zigun.
Guk bagenekien argia “joan-etorriko” kontua zena. Batzuetan joan egiten zen eta gero, halakoren batean, berriro etorri. Horregatik eta horretarako izaten genituen beti kandelak etxean. Orain hogeitamarren bat urte bat-batean argia amatatu eta, esan nuen: Joño, argia joan egin da! Eta semeak, harrituta, galdetu: Nora? Ez dut uste nire ilobek esperientzia hori sekula bizi izan dutenik oraindik.
"Kortaberri" ikazkina. Bergara, 1974
Guk umetan bagenekien zer zen ikatza, egurra eta egur-ikatza. Legarreko ikazkinak etxerik etxe zabaldu izaten zituen zakukadaka, eta ikatz hura erretzen ikusi izaten genuen sukalde “ekonomikoan”. Ondotxo genekien ikazkinari esker prestatzen zizkigula amak otorduak, eta sutondo barrenetik pasatzen zen hodi harengatik berotzen zela bai dutxako hura eta baita hankak berotzeko izarapean jartzen zen botilakoa ere.
Balkoiko gerizpean egon ohi zen 'despensa' freskua edo zaldi-gurdian banatu izaten ziren izotz-puskak ere ez dira aspaldikoak. 1950eko hamarkadako neska-mutiko guztiek gogoratu ditzakete ahaleginik gabe.
Orduan ez genekien zer arraio zen “energia”, baina energia-motarik gehienak begi bistan genituen eta izenez bereizteko gauza ginen. Gainera, ondotxo genekien bakoitzak bere kostua zuena, argi-kontularia, ur-kobratzailea, ikazkina nahiz izozkilea atera etorri izaten ziren-eta diru eskaka. Orduan ez zen doakorik ezer, iturriko ura edo izan ezik, baina hartarako iturrira joan behar zen.
Orain, ostera, energia ezkutuan dator etxeraino eta bankuz egindako ordaina ikustezina da.
Aldatzeko itturrixa aittatu dozunez, Aldatzeko zer itturri? Nik neuk bi ezagutu nittuan; ez dakit zuen gazte denporan bakarra egongo ete zan. Bata goixan, Aldatzeko kolejixo onduan, trikuharri itxurako estalpe baten barruan. Bestia Aldatzeko kale hasieran, trenbidia pasau eta barrenian, txatarrerixa onduan.