Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / "Zazpi etxe Frantzian", B. Atxaga (Pamiela, 2009)

"Zazpi etxe Frantzian", B. Atxaga (Pamiela, 2009)

Asier Sarasua 2012/01/19 09:09
Kongo, 1903. urtea. Kolonialismoaren eta zapalkuntzaren inguruko eleberria; gizakiaren basakeriaren inguruko gogoeta, umore beltzez zipriztindua. Atxagaren azken eleberria, aurreko guztietatik zeharo desberdina. Gustatu zait.

Zazpi etxe Frantzian
Bernardo Atxaga
Pamiela, 2009

XX. mende hasieran, Leopold II Erregeak gobernatzen duen Belgikak bere menpe dauka Afrikako zati handi bat, Kongo belgikarra. Oihan erdian, lekurik urrunenean, Yangambiko koartela dago, edozein lekutik urruti dagoen parajea. Bertako soldaduak inguruko basoetako kautxua ustiatzeaz eta errebeldeak kontrolatzeaz arduratzen dira. Yangambin elkartuko dira dozena bat pertsonaje izugarri, abentura-gogoak, patuak eta, batez ere, diru-goseak haraino eramanda. Euren helburuak betetzeko metodorik ankerrenak erabiliko dituzte bertako biztanleak zapaltzeko; eta baita gainontzeko ofizialak gainditzeko ere. Yangambiko oihanak itogarri bihurtu dira bertako twa etniako biztanleentzako, baina ilun suertatuko dira, era berean, zapaltzaileentzat ere.

Kongon gertatutako basakeria da liburu honen muina. Belgikar gudalostearen zapalkuntza eta jarrera. Umore beltzari egindako keinutxo batzuekin. Eta gizakia bere alderdirik ankerrenean aurkeztuz.

Horixe da Atxagaren azken liburuaren argumentu nagusia. Orain arte idatzi dituen lan guztietatik urrundu da idazlea. Argumentu eta gai aldetik ez ezik, baita kontakizuna harilkatzeko orduan ere. Izan ere, liburuak oso antolaketa lineala eta zuzena du, alderdi guztietatik begiratuta (kronologian, traman, testuaren egituran...), Atxagaren ohiko egitura eta kontatzeko moldetik erabat urruti.

Zazpi etxe Frantzian honek ez du, beraz, inolako zerikusirik bere aurreko eleberriarekin, Soinujolearen semea (Pamiela, 2003). Soinujolearen semea liburuan trama korapilatsua genuen, pertsonaia asko eta kokaleku ezberdinetan, denbora-jauzi handi eta ugariak, pausa deskriptiboak, disgresioak, gertakizunen enfoke desberdinak… Kasu honetan guztiz kontrakoa da liburua: bere ohiko estiloarekin hautsiz, sintesira eta kontaketa trinkora jo du. Gauzak hornidurarik gabe aurkezten ditu, biluzik, eta umore beltza darabil bere asmoak gauzatzeko. Ez dago denuntzia zuzenik, ez dago negarrik; aipamen apal zeharkako batzuk besterik ez, umore beltzez tindatuta. Kontakizunaren eta narratzailearen artean distantzia jarriz. Pertsonaia zoragarri landu batzuei ahotsa emanez; beraiei baino gehiago, beraien ekintzei. Ankerkeria bere izaera natural eta egunerokoan islatuz, eguneroko eta natural sentitzen duten pertsonaien ekintzetan.

Pertsonaiak primerakoak dira. Esate baterako, Lalande Biran, kapitain poeta, postuko kazikea. Astean behin nerabe beltz bat desloratzen duena; iruzurgile ere badabilena negozio publikoen itzalean. Edo Van Thiegel tenientea, garai batean soldadu ona eta argia izandakoa baina gainbehera doana alkoholismoaren labarretan. Mozkorra, jokalaria, diruzalea, anker gupidagabea… Kongon gertatutako sarraski eta basakerien irudia. Eta, nola ez, Chrysostome Liège, pertsonaia misteriotsua. Liburuko gainerako pertsonaia gehienen kontrapuntua (ez du edaten, ez da andrezalea, ez da istiluetan sartzen...), baina liburuak aurrera egin ahal ikusiko dugu oso gutxi duela heroitik, besteak bezain hotz eta odolgabea dela. Eurekin batera beste dozena erdi pertsonaje aurkeztuko dizkigu Atxagak: twa tribuko Livo, Richardson ofizial zaharra, Donatien, kapitainaren nahi guztiak betetzeko prest dagoen subfizial gangailu eta baldarra,...

Kongon gertatutakoa

Liburuan kontatzen diren gertakizunak erabat asmatuak dira, baina gertakizunen kokapena, bai denboran, bai espazioan, erabat errealak dira. Liburuak daukan barren historikoa benetakoa da. Benetakoa eta izugarria. Izan ere, Kongo Belgikarra Leopoldo II Erregearen esku geratu zen XIX. mende amaieran, eta han gertatutakoak (10.000.000 gizon-emakume erahil zituzten) parekotasun gutxi izan dute gizakiaren historian zehar.

Zibilizazioaren izenean, baina europarren patrikak betetzeko, milioika ume, gizon eta emakume garbitu zituzten, beste horrenbeste mutilatu eta bortxatu, euren herrietatik atera, esklabizatu eta belgikarren mesedetarako erabili, animaliak bailiran. Kautxua lortzeko, gehienbat, baina baita kaoba, teka, mineralak, marfila eta beste horrenbeste gai preziatu, Afrika aldean horren ugariak zirenak.

Liburu honen muina, azken batean, ez da abentura bat kontatzea, gizakiaren ankerkeria eta diru-gosea salatzea baizik; libera batzuen truke zer nolako barrabaskeria egin daitezkeen (egin izan diren) salatzea.

Atxagaren hitzak hartu ditzakegu argibide gisa, argitaletxeari esandakoaren bidez: "Gustatuko litzaidakeena da irakurlea joan dadila liburuan aurrera, abenturetan murgilduta, baina, bat batean bira dezala orria atzera eta pentsatu: zer esan du hemen?".

Ondorioak ateratzea, errealitatea antzematea, irakurlearen esku lagatzen du oso-osorik. Eta ateratzen dugun ondorioak ez gaitu leku onean uzten, liburuan kontatutakoak ez baitira garai historiko baten edo pertsonaia jakin batzuen aurkako salaketa, gizateria osoaren botere-gosearen, diru-egarriaren, basakeriaren eta etika faltaren adierazle baizik. Horrelakoxeak gara; untzi horretako kide gara guztiok.

Erreferentzia eta iruzkin gehiago:




etiketak: liburuak
Kongo edo Marruekos, Belgika edo Espainia
Kongo edo Marruekos, Belgika edo Espainia dio:
2012/01/22 02:32

Atxaga liburu honetan egon zen berba egitten Filologia Fakultatean. Liburuan ideia bere aittak (edo aittitak?) Marruekoseko gerraz kontatzen zetsena zan. Atxagak Kongon eta belgekin kokatu dau historia, baina igual Marruekos eta espainiarrekin pentsatzen. Baina bere erosle gehixenak baleike Espainian egotea eta komeni ez espainolen krudelkeriaz idaztea, ez behinik behin zuzen.

manue
manue dio:
2017/12/18 08:33
hau ez da merezi duen laburpena
ANO nimo
ANO nimo dio:
2017/12/18 08:34
konatu gehiago liburuari buruz laburpen dexente bat mezedez
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz