Aparkaleku publikoak: euskara bistaratzeko gune egokiak
Euskararen normalizazioa lortzeko eta gure hizkuntza eguneroko bizimoduan arazorik gabe erabiltzeko lan asko egin daitezke. Horietako batzuk sakonak izango dira; asko erakundeek egin beharrekoak; beste batzuk hiztunon esku egongo dira; edo zenbaitetan gizartearen alderdi asko inplikatu beharko dira. Baina badira oso erraz egin daitezkeenak. Erabakia hartu eta egin, besterik ez da behar. Esate baterako parking publikoetan egin daitekeena.
Beti ernegatu nau aparkaleku publikoetako makinetara iritsi (sarreran zein ordainketan) eta gaztelaniaz aurkitzeak. Euskaraz nahi badituzu, beti lan extra bat (batzuetan aukera hori ere ez). Euskara bigarren hizkuntza, ingelesaren edo alemanaren pareko. Eta beti pentsatu izan dut gune egokiak direla euskara sustatzeko eta gure hizkuntzari bisibilitate handiagoa emateko. Izan ere:
- Aparkalekuetan jende ugari biltzen da
- Makinek ikurrak dituzte eta ia edozein hizkuntzatan uler daitezke
- Beti antzekoak izanik, erdi-ulertuta edo ia irakurri gabe ere erabili daitezke.
Esan bezala, normalean gaztelania dute lehenetsita eta euskaldunoi eskatzen zaigu esfortzua. Esate baterako Donostiako ospitalean ikusi dudan hau (kasu honetan, makina kanpoko argibideak ere gaztelania hutsean):
Zergatik ez horrelakoetan euskara lehenetsi? Ez da erraza eta merkea? Ez litzateke, bere txikitasunean, eraginkorra izango? Ba, horixe: udal eta erakundeak, hasi lanean.
Eibarren hala dugu, esate baterako. 10 puxtarri!
Euskarazko hiztegia Kindle irakurgailuentzat, probatzen
Duela egun gutxi albiste izan dira Elhuyar eta bere hiztegiak. Hala ere, esango nuke, webgune berriak eta hiztegien edizio berriek erdi-ezkutuan utzi dutela niretzat interesgarriena izan dena: Kindle-rako hiztegi elebiduna ere kaleratu dute. Euskarak zuen hutsune handi bat betetzera datorren baliabide garrantzitsua.
Liburu-irakurgailu elektronikoak hizpide izan ditut orain gutxi. Papera nahiago dudala aitortu nuen aurrekoan, baina ebook-en garrantzia eta erosotasuna baztertu barik. Eta, aurrekoan aipatu ez banuen ere, irakurgailu elektronikoen abantailarik handiena hiztegiena da. Liburu bat irakurtzen ari zaren bitartean, ti-ta zure zalantzak argitu ahal izatea.
Aspaldi nenbilen euskarazko hiztegi baten bila; hiztegi zalea naizelako, eta liburu elektronikoen irakurketari "plus" handi bat ematen diotelako. Alperrik. Ez zegoen ezer. Azkenean, Elhuyarren hau heldu den arte; eta berehala jaitsi eta probatu dut.
Erraza da. Euren webgunean erosi behar da, 4 euroren truke, eta zure Kindle irakurgailura gehitu. Gailuak automatikoki identifikatuko du eta hiztegien atalera gehituko. Kindle-a ez da gai euskara identifikatzeko (7 hizkuntzatarako bakarrik dago konfiguratuta), baina horrek ez du eraginik izango, normalen, irakurlearengan. Liburu bat euskaraz badago, defektuz Elhuyarren hori aktibatuko da (beste hizkuntza txikiren baten hiztegia gehitu ez baduzu, behintzat).
Liburuek kode egokirik ez
Hortik aurrera sortzen den arazotxoa: irakurgailuan ditugun liburuek ere "euskara" hizkuntza-kodea izan behar dute euren metadatuetan (bestela, gailuak ez daki zer hiztegi ireki behar duen, euskarazkoa edo beste zein); eta orain arte ikusi dudanaren arabera, euskarazko liburu askok (nire kasuan ia guztiek) "español" edo "english" kodea dute (nire irakurgailuko ia denak Susan erositakoak edo Armiarmatik jaitsitakoak dira). Nik neuk ez badut nahi barik zeozer egin, esango nuke horrela banatzen dituztela argitaletxetik. Ondorioz, liburu horiekin ezingo dugu erabili zuzenean Elhuyar hiztegia (ezta beste edozein hiztegi ere). Hau ez da bakarrik euskarazkoen arazoa: gaztelaniazko batzuk ere gaizki kodetuta daudela konturatu naiz, ingelesezkoak bailiran.
Zer egin? Calibre edo antzeko programaren baten bitartez liburuei hizkuntza-kodea aldatu ordenagailuan, "euskara" ezarri, eta irakurgailura berriro igo. Eta orduan bai, orduan etekin osoa atera ahal izango diogu gure irakurgailuari.
Elhuyarrek kaleratu duen baliabide berriak baditu pare bat "hutsune" txiki (kindle irakurgailuetan bakarrik dabilela; eta euskara-gaztelania dela). Hala ere, esango nuke urrats handia dela irakurleontzat eta gure hizkuntzarentzat, oro har. Behar-beharrezko genuen zerbait zen.
Beste puxtarri bat liburu elektronikoen alde! Mekatxis...!
Eibarko Orbea kiroldegia eta spa
Aspaldiko partez Orbea kiroldegiko span egon naiz. Gustura, lasai, ia-ia bakarrik. Eibartarrontzat luxua da horrelako instalazio bat izatea etxe ondoan eta prezio egokian.
Ez da handiegia, baina nik behar dudanerako nahikoa dauka: sauna finlandiarra, turkoa, putzu hotza, dozena bat txorrot eta jakuzzi... Niretako nahikoa (gehienbat saunazalea naiz ni). Gainera, munduko sparik lasaienetakoa izango da; noan bakoitzean ia bakarrik egoten naiz (adi! ez joan domeketan!). Luxu ikaragarria!
Baditu, gainera, beste puntu oso on batzuk, asko apreziatzen ditudanak:
- Prezio egokia du; bazkideentzat, behintzat. Ezagutzen ditudan spa guztiak baino merkeagoa (bazkide bonoarekin 10 euro; bestela 20 euro inguru)
- Ez da txapelik behar, hori lasaitasuna! (gora Ogrosabel)
- Ordu mugarik ez dizute jartzen, eta hori ezinbestekoa da sauna lasaigarria hartzeko, ordulariari etengabe begira ibili barik (sekula ez dut ulertu spa batean ordutegi jakin bat presaka bete behar hori).
Hori dela eta, ni neu gusturago joaten naiz Orbeara, inguruko beste batzuetara baino. Gogoratu gainera: hidroterapia osasuna da (tira, hori nik orain esatea... baina bai).
Orbeaneko Kiroldegia
Spa ez ezik, oro har, Orbeaneko kiroldegia oso ondo dago, goitik behera. Honezkero 3-4 urte inguru izango ditu. Eibarko Udalak diru mordoxka ipini behar izango zuen, baina merezi izan zuela esango nuke. Hasteko Ipuruako masifikazioa samurtu zuen eta (Orbea ere masifikatzen da tarteka, baina tira); gainera, 'behetarroi' instalazio txukuna eskaini zigun etxetik gertu.
Egia da txikia dena, eta horregatik jaso ditu kritikarik gehienak. Txikitxoa da igerilekua, txikitxoa gimnasio eta ikastaroetarako aretoa, txikitxoak aldagelak eta spa. Baina txikiak bezain egoki, lasai eta goxoak ere badira.
Gu geu, behintzat, poz-pozik gaude.
"Plomo en los bolsillos" (Izagirre, 2012): Tourraren 110 urteak pasioz kontatuak
Plomo en los bolsillos (Izagirre, 2012) irakurri berri dut. Zoragarri pasatu dut! Tourraren historia laburbiltzen du Ander Izagirre kazetari eta karrerista ohiak, modu atsegin eta apasionatuan. 110 urte hauetan izan diren istorio nabarmenenak jaso ditu: batzuk dramatikoak, asko barregarriak, guztiak epikoak.
Lehen urteetako "zoroen" ibilerak ezagutuko ditugu, Octave Lapizeren garraixiak entzungo, gure aurreko izen mitikoen gora-beherak biziko (Coppi, Bartali, Gimondi, Anquetil, Poulidor, Koblet, Kübler, Tarangu...); gaztaroko txapetan itsatsitako Hinault, Zoetemelk eta Van Impe berpiztuko, eta azken 25 urte gorabeheratsuen errepasoa egingo. Guztia ere, Tourmaleteko eta Aubisqueko haize-boladek orrazten gaituzten bitartean.
Euskarri digitalean irakurri dut, hemen erosita.
Tarteka, loturarik gabeko anekdotario hutsaren itxura hartzen du, baina hala ere, gozagarria zeharo. Pasioz eta mirespenez idatzitako liburua; txirrindularitza miresten dugunok pasioz irakurriko duguna.
Marranta eta mafrundia; hotzeria, katarroa eta burutik beherakoa
Udazken hasierako eguraldi aldaketa zakarrekin, hemen dira berriz eztul, muki, eztarriko min, karkaxa, dindirri eta buruko minak. Hotzeria, alegia. Izen-saltsa ere bai, euskaraz (hotzeria, marranta, burutik beherakoa...) zein gaztelaniaz (catarro, constipado, resfriado...); izen asko ditugulako, funtsean gaixotasun berbera dena izendatzeko. Gutxienez 6 hauek:
- marranta (tradizio zabalekoa, gehienbat Iparraldean)
- burutik beherakoa (Hegoaldean, oro har, erabili izan dena)
- mafrundia (Iparraldeko mailegua, gaskoitik hartua)
- katarroa (Hegoaldean, gaztelaniatik hartua)
- erramazkoa (Bizkaiko inguru batzuetan erabilia, itxuraz hau ere mailegua)
- hotzeria, tradizio gutxikoa, baina gaur egun erabat hedatu dena
Izenak izen, guztiek ere gaixotasun berbera adierazten dute. Errinobirus generoko birusek sortzen duten gaixotasun infekzioso arina izan ohi da. Eritasun arrunta eta, batez ere, eguraldi hotzarekin agertzen dena (eta eguraldi aldaketekin). Goiko arnasbideak kaltetzen ditu, sudurra eta eztarria, eta guztiok ezagutzen ditugun sintomak dakartza: mukiak, doministikuak, eztarriko mina,... Ondoeza, azken batean.
Berez sendatzen da 6-10 egunetara. Bitartean, zaindu!
Osakidetzako harrera guneak, izebergaren punta zorrotza
Euskararen normalizazioak 80ko hamarkada hasieran eman zituen bere lehenengo urratsak. Esango nuke, gainera, nahiko urrats sendoak eman dituela hainbat esparrutan eta euskararen egoerak aurrera egin duela, oro har, orain dela 35-40 urtekoarekin alderatuta. Zulo beltzak ere baditu, ordea, eta horien artean nabarmenena Osakidetza da (justizia edo Ertzaintza ere aipa ditzakegu, ziurrenik, ezta?).
Adibideak nahi adina izan daitezke. Hortxe daude, esate baterako, pediatra erdaldunen adibideak, herri txiki erabat euskaldunetara bidalitako sendagile erdaldun elebakarrak, eta abar. Garbi dago: 30 urteren ostean, Osakidetza oso urrun dago euskaldun izatetik. Oraindik ere hortxe gabiltza, 'mediku onak' vs. 'mediku euskaldunak' eztabaidarekin, edo sendagile mutuak aldarrikatzen.
Baina esango nuke Osakidetza euskalduntzeko porrotaren paradigmaren muturra harrera guneetan dagoela. Nola liteke, 30 urteren ostean, telefonoa hartzen edo sarreretan harrera egiten jartzen dituzten langileak, oraindik erdaldun hutsak izatea? Ez dago ulertzerik! Ez dihardugu anestesista edo administrarien profil linguistikoaz (eta horietaz ere jardun beharko genuke); 'kaixo' esaten (ez) diguten horietaz baizik. Zer herri klase gara 30 urteren buruan oinarri-oinarrizko euskarazko agurra ere lortzen ez duena? 'Kaixo, egun on' horren ordez, 'mejor en erdera' ofizialtzen duena?
Izebergaren punta zorrotza besterik ez da, baina aldi berean porrot handi baten erakusle. Administrazioaren porrota eta herritarrona, bere eskubideak aldarrikatzeko eta babesteko gauza ez den komunitate gaixoarena.
Irakurle taldearen ikasturte berria, hasteko prest
Aurtengo udaberrian hasi zuen bere ibilbidea Eibarko liburutegiko irakurle taldeak (irakurle taldea? irakurketa taldea? irakurle kluba?... adostu beharko dugu egunen batean...). Lehenago gaztelaniaz egiten zenaren parean, euskarazkoa ere hasi ziren antolatzen, Idazleen Elkartearekin elkarlanean. Lau saio izan genituen urte hasieran, Canoren Twistekin hasita, betiere idazlearen parte-hartzearekin. Hilero elkartu ginen 10-12 lagunontzat, gozagarria izan zen oso.
Zorionez, aurten ere jarraipena izan du ekimenak. Oraingoan, gainera, ...eta kitto! euskara elkartearekin batera (...eta kittok ere bazeukan bere irakurle-taldea Antxon Narbaizaren gidaritzapean) eta Antxon bera izango dugu aurrerantzean irakurle-taldeko moderatzaile.
Hilean saio bat izango da, liburutegian bertan, hileko lehenengo martitzenean. Oraingoz 3 saio aurkeztu dituzte (urrian, azaroan eta abenduan), baina beste 4 ere izango ei dira udaberrian. Aurreneko saioa urriaren 8an izango da eta Kirmen Uriberen Mussche (Susa, 2012) izango dugu mintzagai.
Izen-ematea irekita dago eta doan da. Hilero irakurri beharreko liburua liburutegiak berak lagatzen die irakurleei. Animatu, benetan merezi du eta (hasteko, Iban Zalduak irakurle taldeen inguruan idatzitako oinarrizko dekalogo modukoa irakurri dezakezu).
Gaztelaniazkoa eta haurrena ere bai
Euskarazko taldearekin batera, gaztelaniazkoa eta haurrena (haur eta gurasoena) ere aurkeztu dituzte eta horietan izena emateko epea ere ireki da.
Animo!
Zenbait dokumental interesgarri
Azken asteotan astia aurkitu dut ezohiko gauzak egiteko; besteak beste, "gordeta" nituen zenbait dokumental ikusteko. Han eta hemen entzun izan ditudan izenburuak izan dira, gehienbat Twitter bidez jasotako gomendioak, eta nire egitekoen ToDo-zerrendan aspaldi apuntatuta nituenak. Horien arteko batzuk aipatu nahiko nituzke, interesgarriak iruditu zaizkidalako. Gai aldetik (eta baita kalitate aldetik ere) alde handia dute euren artean, baina nik neuk gustura ikusi ditut guztiak. Hauexek dira: Alberto Bolaño, el último maldito (2010), A memoria da lingua (2010), Violeta se fue a los cielos (2011), En busca del primer europeo (2011), Salda badago (2001), La força de babel (2013), Informe Robinson, la pelota vasca (2013) eta Guk (2012), besteak beste.
Alberto Bolaño, el último maldito (RTVE, 2010)
RTVEko Imprescindibles saioko atala. Saio horrek beste hainbat ere baditu, maila onekoak (esate baterako, Vázquez Montalbán eta Juán Marsé idazleenak ere ikusi ditut, gustura), baina Bolañoren hau iruditu zait borobilena. Mito bihurtu den idazle txiletarraren bizitza eta lana ezagutzeko oso aproposa, pues, pinche cabrón!
A memoria da lingua (As Candongas do Quirombo, 2010)
Galizieraren historia soziolinguistikoa laburbiltzen duen dokumental interesgarria, As Candongas do Quirombo kolektiboak egindakoa. Historia hurbilaz ez ezik, orainaz (eta are geroaz) ere mintzo da, bihotzetik. Euskal Herriko egoerarekin dituen alde eta antzekotasunak ere azaleratuko zaizkigu euskal hiztunoi, eta zenbait oinarri soziolinguistiko ere ondo-ondo plazaratzen ditu. Baliabide gutxirekin ere oso gauza interesgarriak egin daitezkeela frogatzen du, gehienbat maitasun handiarekin eginez gero. Hainbat gauza ulertzeko primerakoa.
Violeta se fue a los cielos (Andrés Wood, 2011)
Violeta Parra artista txiletarrari buruzko filma (ez da, beraz, dokumentala, baina tira). Polita, askotan hunkigarria, zenbaitsutan latza. Bakarrik gaztetako kanposantuko eszena laburra ikustearren merezi du. Sarean ez dago osorik, baina jaisteko aukera dago. Hemen trailerra.
En busca del primer europeo (Turkana Films, 2011)
Azkenaldian erabat engantxatuta nago giza eboluzioaren gaiarekin eta Atapuercako aztarnategiekin (kontu honek beste post bat ekarriko du, ziurrenik). Sarean hainbat bideo daude gaiaren inguruan. Hau ez da onena eta sakonena, beharbada, baina esango nuke oso egokia dela "hasteko", oinarrizko kontzeptu eta datuak jasotzeko. Gainera, mundu mailako aditurik handienetakoaren eskutik, Eudald Carbonell. Urrunago joan nahi duenak, hemen ditu beste zenbait (bat, bi, hiru, lau eta bost).
Salda badago (Orio Produkzioak, 2001)
Eriz Zapirainek zuzenduta, 80ko hamarkadako euskal rock mugimenduaren errepasoa da Salda badago. Garai hartan gazte ginenok adurra dariola ikusiko dugu; ondorengo belaunaldikoek are gehiago ;-). RTVEk ere badu antzeko bat (Aquellas movidas: rock radical vasco), Roberto Mosoren gidaritzarekin eta Fermin Etxegoienen gidoiarekin, baina Oriokoen hau hobea iruditu zait. Eta honekin batera, ezin ahaztu Zapirainek berak gero egindako beste lan bat: Zai, zoi, bele. Lehenago ere blog honetan aipatu izan dudana eta biziki gomendatzen dudana.
La força de Babel (TV3, 2013)
Eleaniztasunaren aldeko aldarrikapena, hizkuntza bat baino gehiago jakiteak dituen abantailak azpimarratuz, hainbat alderditik (kognitiboak, laboralak, akademikoak...). Axalekoa, baina interesgarria (errefortzurako, besterik ez bada ere). Hona hemen albistea eta bideoa osorik.
Informe Robinson - La pelota vasca (C+, 2013)
Espainiako merkatura begira egindako dokumentala da, noski, euskaldunontzat gai "ezagunegia", baina bakarrik Gallastegi eta Atanillo berbetan ikustearren, merezi du. Zati batzuk zirraragarriak dira. Blog honetan grabazioaren inguruko ohar eta azalpen batzuk.
Guk (Villalta, 2012)
Argentinako euskaldunen inguruko dokumentala da Guk; Euskal Herritik joandakoen ingurukoa eta, batez ere, bertan jaio eta hazitako ondorengoena. Deserriaz, kulturaz, hizkuntzaz, iruditegi kolektiboaz, politikaz,... Nola bizi da euskaldun izatea, Euskal Herritik 11.000 km-tara? Zerk biltzen ditu Argentinako euskaldunak? Erritmo aldetik mantsoegia, beharbada, baina interesgarria. Are gehiago, lekukoen artean senide bat izanik, protagonisten artean Maritxu Aranberri eibartarra (1912-2010) dagoelako, amaren lehengusina. Opari ordainezina (eta eskerrik asko, Nuria, dokumentala Maritxuri eskaintzearren).
Guk, nosotros. from GUK on Vimeo.
Beste batzuk
Beste dokumental batzuk ere ikusi ditut azkenaldian. Esate baterako, Arrhash ikusi dut asteburu honetan bertan. Interesgarria, baina maila apalekoa iruditu zait, alderdi gehienetatik. Corsino "gerrako umearena" ere bai; ez dago txarto. Edo Palestina, hesien zirrikitutik, aspaldikoxea (2006) baina egunerokotasun handikoa palestinarren egoera gordin lotsagarria gogora ekartzeko. Eta Bolivia zutik, indigenek Hego Ameriketan izan duten diskriminazioaz eta Evo Moralesen etorrerak piztutako ilusioaz. Gehiago? Argiaren Multimedia atalean makinatxo bat daude, asko eta asko interesgarriak (Debekatuta dago oroitzea, adibidez); edo aski ezagunak diren eta azken hilabeteetan zehar (ber)ikusi ditudanak eta benetan gomendagarriak (denon ahotan ibili arren, beharbada oraindik egongo da ikusi ez dituenik): Bertsolari filma (Altuna, 2011), Amerikanuak (Reig eta Bilbao, 2009) eta Gazta zati bat (Maia, 2012). Batez ere lehenengo biak; benetan onak, estetika eta produkzio bikain bezain bereziarekin.
"Ganar a cualquier precio" (Hamilton & Coyle, 2013)
Liburu brutala da Tyler Hamilton txirrindulari ohiak idatzitakoa. Daniel Coyle kazetariarekin batera idatzita, liburuaren izenburu osoak argi utziko digu zer kontatzen duen: Ganar a cualquier precio: La historia oculta del dopaje en el ciclismo (Hamilton, Coyle; 2013). Azken 20 urteotako txirrindularitzaren kronika bikaina iruditu zait.
Egia esateko, lehenengo orrialdeetan bai-ez ibili nintzen. Hamiltonek bere burua zuritzeko idatzitako alegato itxura hartu nion hasieran (gogoan izan Hamilton dopatu egin zela, harrapatu egin zutela, onartu egin zuela eta txirrindularitza utzi zuela), baina ez, liburu ona da, oilo-ipurdia ipintzen duena.
Liburuak, gutxi gorabehera, 1992-2012 bitarteko 20 urteak aztertzen ditu. Bi protagonista nagusirekin: Tyler Hamilton bera eta Lance Armstrong. Nola hasi ziren lehenengo lasterketetan, oraindik gazte-gazte zirela; Motorola taldearen sorrera eta talde "amerikano" bat sortzeko interesak; Tourra korritzeko ametsa izatetik Tourra irabaztera egindako bidea; lasterketak, entrenamenduak,... eta dopina. Dopin sistematiko eta ondo antolatutakoa.
Tartean, garai hartako txirrindularitzako unerik eta karreristarik ezagunenak: Pantani, Ulrich, Rijs, Heras... eta, era beran, Ferrari doktorea, Eufemiano Fuentes, Manolo Sainz, Bruynell... Azken batean, azken 20 urteotako txirrindularitzaren kronika, barrutik kontatua, eta modu erakargarri bezain pertsonalean (guztia lehenengo pertsonan, Hamiltonen bizipenetatik abiatuz). Ezin dugu ahaztu, Hamilton bera txirrindulari handia izan zela, hainbat taldetan ibilitakoa eta ibilbide luzekoa (klasikoak irabazi zituen, itzuli handietan ere garaipenak, eta abar).
Eta garai horren erdigunean, dopina. Liburua ez da bakarrik dopinaz, baina izenburutik hasita, hortxe dago mamua orrialde guztietan; dopina eta Lance Armstrong, amerikarren "tramaren" bihotzean, eta dopina sistematizatzeko prozesuan giltzarrietako bat. (liburuaren azkenengo zatia harrapataka bezala dago idatzita; behin liburua erdi-bukatuta zutela aitortu zuelako Armstrongek bera ere dopatu egin zela). Aipatzen diren kontu guztien artean, lehendik ere buruan nerabilen kontu bat: Estatu Batuetako txirrindulari gehienek (edo guztiek) onartu dute dopatu egin zirela (Armstrong, Hamilton, Hincapie, Landis, Leipheimer...); Ipar Europako batzuek ere bai (Rijs berak); baina Europa hegoaldean inortxok ere ez (salbuespenen batekin), eta zerrenda ondo luzea da. Kontzientzia kontua; kultura kontua. Bai, Euskal Herria ere hegoaldean dago.
Liburua ez da dopinaz bakarrik, ordea. Izan ere, txirrindularitzak berezko duen zailtasunaz mintzatzen da, neurri batean, liburua: entrenamendu amaigabeak, konpetentzia, azpijokoak, marka eta babesleen interesak,... baina baita ere talde-lana, sakrifizioa, norbere burua gainditzeko esfortzua, laguntasuna... Azken batean, hau kirol hau hain gogor (eta aldi berean erakargarri) egiten duten faktoreak, txirrindulariak eta lasterketak mitiko bihurtzeraino.
Esango nuke liburua interesgarri egin dakiokeela ia edozein irakurleri. Hori bai, zaletua bazara, orduan gozatua hartuko duzu. Eta gozatuarekin batera, pena, amorrua, nostalgia...
Horrelakoak ziren abuztuko oporretarako irteerak 1965ean
Gaur abuztuak 14, opor hasiera askorentzat. Baina gogoratzen dituzue orain dela urte batzuetako abuztuak? Egun batetik bestera, herriak hustu egiten ziren: denda guztiak itxita, tabernaren bat salbu, eta etxe guztiak hutsik, jaitsitako pertsianak lekuko. Ezin ezta egunkaria erosi ere. Basamortua, irailera arte (Eibarren, askotan, Arrate Egunera arte). Gaur egun lan-baldintzak eta gizarte-ohiturak asko aldatu dira, baina guk geuk ere ezagutu ditugu duela gutxira arte herri huts horiek. "Abuztuko Oporrak", horrela, hizki larriz.
Abuztuko oporren lekukotasun adierazgarrienetako bat Eibar Industrial (1966) dokumentalean aurkituko dugu (zelako sortea dugun eibartarrok pelikula historiko hau dugulako!). 1965. urte inguruan grabatutako irudiak. Eibarrera lanera etorritako milaka lagun, galiziar, gaztelar, kantabriar... autobusak hartu eta euren herrirako bidea hartzen; Untzaga eta Txantxazelai autobusez lepo. Exodoa; herrirako itzulera.
Argazki oraindik eta ederragoak ere badaude, baina ez ditut sarean aurkitu, orain egun batzuk txiokatutako hau besterik ez. Ea lortzen ditudan!