Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Euskarazko hiztegia Kindle irakurgailuentzat, probatzen

Euskarazko hiztegia Kindle irakurgailuentzat, probatzen

Asier Sarasua 2013/10/16 18:40
Azkenean badugu hiztegi bat gure irakurgailu elektronikoentzat. Elhuyarrek aurkeztu du aste honetan. Probatu dut eta pozik nago.

Duela egun gutxi albiste izan dira Elhuyar eta bere hiztegiak. Hala ere, esango nuke, webgune berriak eta hiztegien edizio berriek erdi-ezkutuan utzi dutela niretzat interesgarriena izan dena: Kindle-rako hiztegi elebiduna ere kaleratu dute. Euskarak zuen hutsune handi bat betetzera datorren baliabide garrantzitsua.

Liburu-irakurgailu elektronikoak hizpide izan ditut orain gutxi. Papera nahiago dudala aitortu nuen aurrekoan, baina ebook-en garrantzia eta erosotasuna baztertu barik. Eta, aurrekoan aipatu ez banuen ere, irakurgailu elektronikoen abantailarik handiena hiztegiena da. Liburu bat irakurtzen ari zaren bitartean, ti-ta zure zalantzak argitu ahal izatea.

Aspaldi nenbilen euskarazko hiztegi baten bila; hiztegi zalea naizelako, eta liburu elektronikoen irakurketari "plus" handi bat ematen diotelako. Alperrik. Ez zegoen ezer. Azkenean, Elhuyarren hau heldu den arte; eta berehala jaitsi eta probatu dut.

Erraza da. Euren webgunean erosi behar da, 4 euroren truke, eta zure Kindle irakurgailura gehitu. Gailuak automatikoki identifikatuko du eta hiztegien atalera gehituko. Kindle-a ez da gai euskara identifikatzeko (7 hizkuntzatarako bakarrik dago konfiguratuta), baina horrek ez du eraginik izango, normalen, irakurlearengan. Liburu bat euskaraz badago, defektuz Elhuyarren hori aktibatuko da (beste hizkuntza txikiren baten hiztegia gehitu ez baduzu, behintzat).

Elhuyar hiztegia Kindle irakurgailuan

Liburuek kode egokirik ez

Hortik aurrera sortzen den arazotxoa: irakurgailuan ditugun liburuek ere "euskara" hizkuntza-kodea izan behar dute euren metadatuetan (bestela, gailuak ez daki zer hiztegi ireki behar duen, euskarazkoa edo beste zein); eta orain arte ikusi dudanaren arabera, euskarazko liburu askok (nire kasuan ia guztiek) "español" edo "english" kodea dute (nire irakurgailuko ia denak Susan erositakoak edo Armiarmatik jaitsitakoak dira). Nik neuk ez badut nahi barik zeozer egin, esango nuke horrela banatzen dituztela argitaletxetik. Ondorioz, liburu horiekin ezingo dugu erabili zuzenean Elhuyar hiztegia (ezta beste edozein hiztegi ere). Hau ez da bakarrik euskarazkoen arazoa: gaztelaniazko batzuk ere gaizki kodetuta daudela konturatu naiz, ingelesezkoak bailiran.

Zer egin? Calibre edo antzeko programaren baten bitartez liburuei hizkuntza-kodea aldatu ordenagailuan, "euskara" ezarri, eta irakurgailura berriro igo. Eta orduan bai, orduan etekin osoa atera ahal izango diogu gure irakurgailuari.

Elhuyarrek kaleratu duen baliabide berriak baditu pare bat "hutsune" txiki (kindle irakurgailuetan bakarrik dabilela; eta euskara-gaztelania dela). Hala ere, esango nuke urrats handia dela irakurleontzat eta gure hizkuntzarentzat, oro har. Behar-beharrezko genuen zerbait zen.

Beste puxtarri bat liburu elektronikoen alde! Mekatxis...!

Elhuyar hiztegia Kindle irakurgailuan

Klara Ceberio
Klara Ceberio dio:
2013/10/17 20:03
Eskerrik asko zure hitzengatik, Asier! Erabiltzaileek dituzten beharrei erantzuten ari garela jakitea pozgarria da guretzat.

Hitz batzuk gehituko nituzke zuk aipatutako bi “hutsune” horien inguruan. Kindle irakurgailurako hiztegia bi noranzkoetan (euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara) dago eskuragarri gure dendan, baina noranzko bakoitza aparte saltzen da. Horren arrazoia liburu elektronikoen ezaugarrietan dago, zuk ondo azaldu duzun moduan, hiztegiek liburua idatzita dagoen hizkuntza hartzen baitute oinarritzat bilaketak egiteko.

Formatuari dagokionez, egia da, oraingoz hiztegia Kindle irakurgailuetarako bakarrik egokitu dugu, lehen azterketa batean irakurgailu erabiliena zela ondorioztatu genuelako. Hala ere, ez dugu beste irakurgailuetarako garapena baztertzen eta aukerak aztertzen ari gara.

Mila esker berriro ere, horrelako iruzkinek gure jardunean aurrera egiteko animoak ematen baitizkigute.

Klara Ceberio (Elhuyar Hiztegiak eta Corpusak azpiunitateko arduraduna)
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2013/10/17 22:31
Eskerrik asko zuri, Klara, gehienbat emandako argibideengatik. Hiztegien hizkuntzei dagokienez, esan nahi nuena da, euskara-euskara hiztegi bat falta zaigula, munduko hizkuntza "normal" guztiek duten moduan. Ea noiz ikusten dugun Euskaltzaindiaren hiztegia gailu hauetan erabilgarri, edo Zehazki hiztegia (zein besteren bat). Helduko da eguna. Urratsez urrats! Ondo segi.
asier
asier dio:
2013/10/18 08:45
Susa argitaletxetik argitu digute kontua. Arazoa liburu zahar batzuetan zegoen (nire gailuan nituen gehien-gehienak zaharrak ziren). Liburu berriak ondo kodetuta daude, eta zaharretako batzuetan zegoen arazoa ere konpondu dute.

Hala ere, kasu puntual honetatik kanpo, erabiltzaileok izan dezakegun arazoetako bat da hizkuntza-kodearena, handik edo hemendik jasotako liburuekin (euskarazko zein erdarazko liburu izan). Zure gailuko hiztegia ez badabil libururen batekin, ziurrenik hizkuntza-kodearen arazoa izango da. Goian esan bezala: ireki liburua ordenagailuan Calibrerekin (edo antzekoren batekin), sartu metadatuetara, ezarri dagokion hizkuntza (eu, es, fr, en,...), eta liburua berriz gehitu irakurgailura.
Eneko
Eneko dio:
2015/03/11 22:07
Eskerrik asko!
Zure argibideei esker hiztegia oso erraz instalatu dut nire ebookean.
Ondo segi,
:-)
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz