Eukixan jaikixa
Hau esakeriau askotan esaten dau nere amak. Eta esaten daben bakoitxian, bardiña gehitzen dau: "hau esakeriau askotan esaten zeban amamak". Katia ez da eten oingoz. Ez deila oin hautsi!
Jaikixa zer dan esan dot aurreko mezuan. Erderaz, "gracia, salero". Ibilkera eta jokaera estilosua.
Eukixan jaikixa, beraz, "eukitziak", diruak emoten daben harrotasun puntua da. Azkarregi aberastu diran batzuek eukitzen daben harrokerixia; erakutsi biharra. Gaztelaniaz "vanidad del nuevo rico" edo antzerako zeozer litzake. "Snob" berbia be ez dago urrin.
Eibarko euskararen esakerak liburuan be agertzen da. Hauxe diño:
» EUKIXAN JAIKI (Iz.)
"Dirua dutelako-edo, euren burua besteen gainetik ikusten dutenengatik esaten da".
Jaiki / Jaikixa (Iz.)
Holaxen dakar Toribiok beran lexikoian:
» JAIKI (Iz.) garbo; gracia; salero.
Ikusizu zelako jaikixa daroian zure alabiak.
Urtxakurrak eta igaberak
Gaur egun ez da ixa igaberarik (Lutra lutra) geratzen Euskal Herri osuan. Europa hegoalde osuan be larregirik ez. Badirudi aspaldiko kontua dala igaberen hau, otsua edo hartza desagertu ziranekua, baina ezta hurrik emon bez: orain dala urte gutxira arte Eibar inguruko erreka guztietan bizi ziran.
Ego errekatik aspaldi desagertu ziran, jakina. Eibar erdi-erdixan ezin bizi hainbeste jende eta zikiñegaz. Toribio Etxebarriak diñuana egixa bada (eta beran naturzaletasuna haundixa da), 1890 inguruan hil zan Eibarko azkenengo igaberia edo urtxakurra. Halaxe diño beran Lexikoian
Gu gaztiak ginala hill eben Errebaleko zubipian gure errekako azkenengo igaberia.
Eibar erdittik bialdu zittuenian, inguruko erreketan ezkutau ziran: Zaturixon, Iburrerekan, Eitzagan, Agiñagan... Gezurra badirudi be, 1960 ingurura arte igaberak bizi izan ziran gure artian. Eta inguruko herrixetan be antzera.
Igaberia ala urtxakurra?
Igaberia berbia Toribiok dauka batuta bere hiztegixan, eta inguruko herrixetan be batu izan da hiztegixetan (Arrasaten, Markiñan, Oñatin...). Mogelek be (Peru Abarka-n) "Igarabija" dakar.
Gaur egunian erabiltzen dan berba bakarra "ur-txakur" da, bai Eibarren eta bai inguruko herrixetan be. Holaxe batu dogu Eibarren, Elgetan, Soraluzen, Debagoienian, Markina aldian, eta abar.
Eibarko peskarixen artian ezaguna
Eibar inguruko peskari eta kazarixeri galdetuta, gehixenak ezagutu izan dabe urtxakurra gure inguruan. Baitta sarri ikusi be. Adibiderako, hamentxe Eibarko Hiztegi Etnografikorako jasotako testigantza batzuk:
Azkenengoz Saturixon ikusi najuan ur-txakurra. Eta ez dittuk horrenbeste urte izango bez. Hogei-hogetamar urte? Hortxe, gitxi gorabehera. Lehenago beste toki batzuetan be bai: Aginan, eta Eitzagan... Zaunka moduan eitten juek. Bai, gabian, eta horretxegaittik izena.
(Juan Manuel Jaio)
Hau ur-txakurra dok. Azkena hortxe Saturixo errekan ikusi najuan. Oin hogei bat urte. Umiak eta dana eitten zittuen hor. Ikusitta nagok ni umiak hilda! Bai! Nobera peskan, eta hor! ur-txakurra hilda.
(Roberto Isasi, Cayon).
Haurdunaldiarekin eta ume jaioberriekin zerikusia duen hiztegia
Haurdunaldixakin eta ume txikixekin zerikusixa dauken dozenaka berba erabiltzen dira Eibarren. Atzo, buruari bueltaka, eta dozena erditxo bat etorri jatazen burura; batzuk etxian entzundakuak, beste batzuk Toribion Lexikoian edo Hiztegi Etnografikuan agertzen diranak.
Berba berezi xamarrak. Berba estandarrak baino, lagunarteko hizkerakuak. Horixe da gaur egungo euskeriak daukan zulo haundixenetako bat, lagunarteko hizkeria, berbeta berua, adierazkorra.
Hamentxe batzuk; beste mordua be badagoz:
>> Hankagorrixa: ume jaixobarrixa, egun gitxi daukazena. Inoiz konturatu zarie ume jaixobarrixak zelako hanka gorritxuak eukitzen dittuen? Hola da, bai.
>> Mantetako umia Ume txikixa, mantetakua, egun-aste batzuk besterik ez dittuana.
>> Bete haurdun geratu. Beteta: haurdun egon
>> Hartubarri: ointsuan haurdun geratu dan andria. "Hartubarri dago".
>> Zilletik egin zesarea bittartez jaixotzia, zilletik, izan be.
>> Erroibia mastitisa (edo mamitisa). Gaur egun oindiokan basarrixetan asko erabiltzen da berba hau, baina ganauakin.
2005. urteko "Juan San Martin beka"
Eibarko Udalak, Udako Euskal Unibertsitatearen laguntzarekin, euskarazko ikerketa sustatzeko eta Juan San Martin eibartar euskalari eta ikertzailea omentzeko, bere izena daraman ikerketa-beka atera zuen duela 4 urte.
Beka hori urtero kaleratzen da, baina ikerketa esparrua aldatuz. Aurtengoan Zuzenbidea eta Filosofia izango dira aztergai.
Aurtengo beka-deialdiaren inguruko informazio guztia gaurko Gipuzkoako aldizkarian
Dena dela, eskaerak eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea irailan zabalduko da. Aurkeztu nahi duenak hilabete batzuk itxaron behar. Tokiko Gobernu Batzarrak 2005-03-18an 2005eko Juan San Martin Beka lehiaketaren oinarriak onartu zituen.
Helburua:
Eibarko Udalak, Udako Euskal Unibertsitatearen laguntzarekin, euskarazko ikerketa sustatzeko eta Juan San Martin eibartar euskalari eta ikertzailea omentzeko, bere izena daraman ikerketa-bekarako deialdia egiten du.
Bekaren ezaugarriak:
Ikerketa esparrua: Zuzenbidea eta Filosofia.
Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz burutuko dira.
Bekaren iraupena gehienez 12 hilabetekoa izango da, beka esleitzen den egunetik hasita.
Ikerketa-lanak jatorrizkoa eta argitaratu gabea izan behar du.
Eskatzaileak:
Beka norbanakoek nahiz horretarako osatutako lantaldeek jaso ahal izango dute. Bigarren kasu horretan, ikerlanaren zuzendari arduradun bat izendatu beharko da.
Beka jaso ahal izateko ezinbestekoa da diplomatua, maila horretako tituloduna edo goi mailako tituluduna izatea. Taldeen kasuan, gutxienez erdiak bete beharko du baldintza hori.
Eskatzaileak bere euskarako gaitasuna frogatu beharko du EGA edo baliokide den titulu edo diploma bidez. Lantaldeen kasuan berdin, partaide guztiek frogatu beharko dute aipatutako gaitasuna.
Eskaera aurkezpena:
Eskaerak eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea 2005-09-05etik 2005-10-14ra arte egongo da zabalik, biak barne.
Argibideak eta agiriak eskuratzeko modua:
Erakundea: Eibarko Udala.
Saila: Herritarren Zerbitzurako Bulegoa (PEGORA).
Helbidea: Untzaga Plaza 1.
Herria eta posta-kodea: Eibar 20600.
Telefonoa: 943.708.400.
Telekopia: 943.708.416.
Jendea hartzeko orduak:
Irailaren 8rarte: 9:00-13:30.
Irailaren 9tik 30era:
Astelehenetik ostigunera: 09:00-13:30, arratsaldeetan: 17:00-20.00.
Ostiral edo barikuetan: 09:00-13:30.
Urria:
Astelehenetik ostegunera: Goizez 09:00-14:00. arratsaldez: 17:00-20:00.
Ostiral edo barikuetan: 09:00-14:00.
Eibar, 2005eko martxoaren 16a.Iñaki Arriola López, Alkatea.
Argiñeta, Elorrio
Aulestiko kontuak kontatzen hasi nitzan lehengo egunian, eta Argiñeta etorri jatan burura.
Argiñeta Elorrixon dago. Orain dala pare bat asteburu izan giñan bertan. Domeka arratsaldia, iluntabarra, egualdi politta, bakar-bakarrik... eta Argiñetak Erdi Arora eruan ginttuan.
San Adrian ermitta politta erdi-erdixan, beran inguruan 20 bat haritz eder, eta tartian, ermitta pare-parian, harrizko 20 hilobi eta bost hilarri. Hilobixak X. mende ingurukuak ei dira, bisigodo kristiñauenak. Batzuetan inskripziño batzuk be irakorri leikez.
Ingurukua baldin bazara, eta arratsalde baten jakinezta zer egin baldin bazare, juan Argiñetara. Politta da.
Argiñetara heltzeko, Elorrixora juan, eta Elgetarako igoera hasieran, ezkerretara sartu. Bidegurutze horretatik kilometro batera dago Argiñeta.
Hauteskundeak indartsu Eibarren
Aurtengo hauteskunde kanpainia nahiko makala dala esango neuke. ETB ikustia besterik ez da bihar: lehenengo albistia Wojtyla, bigarrena Rainiero, eta hirugarrena hauteskundiak. Madrilgo komunikabidiak be ez dabiz aurrekuetan bezin sutsu eta zalapartalari.
Baina Eibarren asko animatu da kanpaiñia azkenengo egunetan.
Atzo arratsaldian Ibarretxe Eibarren. Kontrarixuan etxian, esan leike. Euskal Herriko Casa del Pueblo haundixenaren parian ipini zeben furgonetia, Untzaga plazan, eta globoz bete zittuen inguru guztiak.
Hitzaldixa Untzaga zineman izan zan. Kanpuan ez zan jende larregirik ikusten, baina telebisiñuan ikusten zan zinia jendez gaiñezka egon zala.
Sartu aurretik, Ibarretxek pasiotxo bat emon zeban, eta laztanak a-tuti-ple. Ridikulo samarra iruditzen jata politikuak umieri laztanak emoten ikustia. Baina hauteskundiak hauteskude!
Erregaloz beteta etxera
Politikuen erregaluak jasotzia nahi badozu, onena umia eukitzia da. Bezperan, harañegun, sozialistak larrosa bat emon zetsen Maddiri; atzo arratsaldian PNVkuak karameluak; eta goixian, PPkuak, Euskaltelen globo bat.
Gaur beste osteratxo bat egingo dot, ia bateron batek afaittara gonbidatzen gaittuan.
Ez, Katixa, oindiño Ferrero Rocherik ez, baina datorren hauteskundietan, larri ibili.
Gaur Patxi Lopez
Eta gaur arratsaldian (eguena), Patxi Lehendakari egongo da gure artian. Miguel Buen eta Alberto Perez Rubalcaba lagun dittuala, hitzaldixa egingo dau Portalean. Arratsaldeko 19.30etan.
Eta Maria San Gil? Ba ez dakit. Etorriko ete da? Gustauko jatan. Laztan pare bat emoteko.
Andaparaburu, Aulesti
Domekan Lea-Artibai inguruan ibili giñan, pasiuan. Leku politta da inguru guzti hori, eta sarri juaten gara.
Lagun batzuk esan zeskuen Aulestin badagola leku polit bat, eta bertara juateko. Erreka onduan, ondo zainduta, eta umiekin egoteko aproposa.
Juan giñan, bai, eta merezi zeban. Parketxo bat besterik ez da, erreka albuan, baina ederto ipinitta. Domekan gaiñera, egualdi zoragarrixa egin zeban, eta jende gitxi; oso gustora ibili giñan.
Andaparaburu jako izena. Kunbua dago bertan, presia, eta andaparia (eta anteparia). Hortitxik izena.
Udan errekan bainatzeko aukeria be ba ei dago. Ura garbixa dagola esan zeskuen. Ikusiko dogu animatzen garan.
Han gendela eulitxori baltz bat be ikusi neban (Ficedula hypoleuca). Pase denboran nahiko ugarixa da, baina azken urtiotan ez dot ikusi izan.
Sasoi honetan, eta hain lasai, gitxiago. Andaparaburun gendela, hantxe ibili zan gure aldamenian, errekako egur baten gaiñetik ehizan. Euli bila. Zelan ez.
Malax
Arratsaldian, etxeruzkuan, Munittibartik etorri biharrian, Santa Eufemia ingurutik etorri giñan, mendiz. Aulestia eta Markina bittartian Malax auzua dago, eta inguru hori be ederra da.
Ikusi bidetik bertatik etara genduan erretratua. Malaxeko ermittia, eta atzian, Santa Eufemia ingurua.
Ibarguengo garaixa
Eta etxeruzkuan, Eibarrera heldu aurretik, Ibarguengo garaixan albotik pasau giñan. Ez, ez da Galizia, Markina da. Naparruan normalaguak dira garaixak, Pirinio inguruan gehixenbat, baina gure aldian be egon izan dira.
Nik dakidala, Eibar inguruan bi bakarrik geratzen dira tente: Bergarako Agarre, eta Markinako Ibarguen. Bixak ondo zainduta eta ederrak. Iurretan be badago beste bat, ETBrako sarrera onduan.
Ibarguengua ez badozue ezagutzen, merezi dau. Eibartik juanda, Agiñatik Markiñarako bidian dago. Bide baztarrian, Barinagatik bertan.
Goierriko euskara batzeko hainbat asmo
Azken urteotan izugarri ugaritu dira herri hizkerak, euskalkiak eta ahozko ondarea batzeko lanak. Orain dela 20 urte zorakeria eta antinaturala zena, modan jarri da, eta orain urtero kaleratzen diran hemengo edo hango euskara jasotzen duten lanak. Poztekoa ere bada.
Bizkaian asko, Nafarroan ere ugari, Iparraldean eta Gipuzkoan gutxixeago. Gipuzkoako sartalde honetan bai, jakina (Eibar-Bergara-Leintz inguruan), baina alderdi giputzean askoz gutxiago.
Goierri, baina, Gipuzkoako gainontzeko eskualdeen aurretik dago kontu horietan. Aspaldi jaso zuten Ataungo euskara, Zegama aldekoa ere bai, eta azken urteotan lan dexente egin eta kaleratu dira. Onena, nire ustez, Zaldibiako euskara jasotzen duena (Karmele Etxabek eta Larraitz Garmendiak egindako lana). Xabier Lasak Zumarraga-Urretxukoa batu du azken urteotan, eta aurten bertan kaleratu du liburua (liburu sakon eta ona, gainera). Ordiziko euskara biltzen duen liburua ere duela hilabete gutxi kaleratu zen. Eta Beasaingo udalak bertako euskara eta ahozko ondarea jasotzeko beka bat kaleratu du. Ormaiztegikoa batzea falta.
Guzti horiekin, esango nuke Goierriko hizkera oso ondo jasota geratu dela. Herri txikietako euskara jasotzea gehiago kostako da (Gaintza, Gabiria, Arama...), baina ez dut uste inguruko herrietako hizkeratik asko aldenduko denik.
Zorionak, bada, Goierritarrei, euren hizkera eta tradizioa biltzen eta euskaldun guztioi zabaltzen egindako ahaleginagatik.
Euskera/Euskera kartel elebidun ridikuloei ez!
Ridikuloak iruditu zaizkit beti erakunde publiko askotan egoten diren kartel elebidun zentzunbako batzuk. Hainbat udaletxetara sartu, eta peoran bertan: letra handi-handitan:
- Kultura/Cultura
- Biblioteka/Biblioteca
- Euskera/Euskera
Ridikuloa.
Orain dela egun gutxi Eibarko anbulatoriora joan behar izan dut. Orkatila makal darabilt azkenaldian eta traumatologoarengana.
Denbora dexente egin behar izan nuen zain, eta kartel guztiak irakurtzeko astia izan nuen. Gehienak euskara hutsez zeuden; gaztelaniazko itzulpenik ez: Traumatologia, Kardiologia, Elektrokardiograma, Audiometria, Urologia...
Gustora irten nintzen. Euskararen aldeko diskriminazio minimo horrekin gustora.
Zelako gutxirekin pozten garen batzuetan. Ai ene.
Eta orkatila? Orkatila txarto. "No voy a decir que seas viejo, pero es normal ya que tengas achaques". Rehabilitazioa zenbait hiletan, eta udarako bizitza normala egiteko moduan egongo naizela. Hori bai: kirola betirako ahaztu behar.